Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-12 -- 2027.zenb

Joseba Azkarraga

Zera zioen Atxagak (Berria, 2005eko abenduaren 18an): "Ez daukat zalantzarik, Euskal Herri osoa hiritartzea nahi nuke, hori gertatu ezean ez delako leku interesgarririk izango. Eta horrek egiten nau, beharbada, desarrollista... Horrek kostu bat izango duela? Dudarik ez. Baina ni beti izan naiz autobien aldekoa, Y grekoaren aldekoa, eta oso garrantzi handikoa iruditu zait Baionatik Bilbora ordubetean joatea... Norbaitek esango balit urtxintxa mota bat galduko dela ez dakit zer muinoaren gailurrean, esango nuke, 'barkatu, baina urtxintxa joan dadila beste baso batera'".

Ez dut Atxaga hizpide hartu gura. Berba horien hondoko pentsamoldeak eragin didanari heldu gura nioke. Eta, hasteko, barruak diost ederra dela denboraren lagun izatea, norbere garaia aldeko sentitzea, eta historiak dakarren olatuan gustura surfeatzea. Ederra, denboraren joana eta honek dakartzan aldaketak erremin eta beldur barik bizitzea; haserrea, nostalgia, malenkonia edo ondoeza bizileku egonkor bihurtu barik.

Eta barruak diost guk modernook naturari sekretu asko atera dizkiogula Ilustrazioaren espiritu tekniko-zientifikoa lagun. Beldurraren kontrako borroka izan dela hori, naturaren mende egoteari uzteko askapen aldarria. Hasieran askatzailea izan zena baina, suntsitzaile bilakatu zela gero, eta harrotasuna harrokeri: gu gara unibertsoaren zentroa, munduaren zilborra, guri zerbitzatzeko daude natura eta gainerako bizidunak.

Modernitatearen subjektu harroak matrailako latzak nozitu ditu. Kopernikok esan zion ez dela unibertsoaren zentroa. Darwinek «tximinoen ondorengo genetiko» kalifikazioaz umiliatu zuen. Freudek izaki kontziente-autonomo gisa destronatu zuen, inkontzientearen putzu beltza erakutsi zion.

Gauzak horrela, urtxintxei beste norabait joan daitezela agintzeari badario antigoalekoa den zerbait. Pentsamendu paradigma hori XIX. mendetik gertuago ote dagoen XXI.etik baino; edo XXI. mendeak behar lukeenetik baino. Eta barruak diost jarrera antropozentriko horri badariola, baita ere, gizaki mendebaldarrak oraindik bere-berea duen umiltasun falta.

Galeanok zioen Jainkoari hamaikagarren agindua ahaztu zitzaiola, naturari zor zaion errespetua, alegia. Leonardo Boff, Askapenaren Teologiako brasildar bizar zuria, lotsa barik mintzo da duela bostehun urte ezarri eta gaur munduaren luze-zabalean hedatzen ari den zibilizazio-patroiaren joera suntsitzaileaz. Homizida eta etnozida izan ostean, gizakia ekozida eta biozida ager daitekeela dio. Suizida, gaineratuko nioke diagnostikoaren latzari: inteligentzia modernoa, biziraupenaren aldeko mekanismo ebolutiboa ote?

Bai, apokaliptiko samarra diagnostikoa. Aro guztiek izan ohi duten profetismo lakrimogenoaren ukitua topatuko dio baten batek. Kosta egiten zaigu ikustea ez dugula ohiko aro historikoa bizi, gizakiok geure eskuetan metatutako botereak ez duela parekorik historian, existentziaren baldintzak aldatzeko ahalmen behin betikoa dugula gaur. XX. mendearen bigarren erdialdean autosuntsipenaren printzipioa ezarri eta gizadiarentzat aro berria hasi dela. Gaur globala dela mehatxua eta, norabide honetan tematuz gero, mehatxu horren adinako ardura kolektiboa garatu ezik, terminala ere izan daitekeela.

Boff Euskal Herrian izan genuen azaro aldera. Euskal mendietatik eginiko txango batean laburbildu ei zuen bere ikuspegia: "Inurrien, txitxarren eta txorien izenean, Euskal Herriaren independentzia deklaratzen dut!". Hunkituta omen zegoen naturaren ederrarekin. Beste bizidunak erabaki subjektu bihurtu zituen.

Atxaga eta Boff, bi adierazpen. Hondoan, bi paradigma, etorkizunerako bi ipar, bi praxi-ildo. Antropozentrismoa -gu, nagusi bakarrak- edo ekozentrismoa -gizadia naturaren destinoarekin bat-. Bien artean bada alderik. Etorkizun itxaropentsua izan ala ez, hori ote den aldea.

Joseba Barriola


Jaurlaritzak onartu du Osakidetza Euskalduntzeko Plana eta erakunde horretako langileengandik plana aurrera eramateko inplikazioa eskatzen du. Intentzio onez egindako plan horri ezin diot babesik eman, gaizki egina iruditzen zaidalako, eta ezinbestez ondorio kaltegarriak ekarriko dituelako. Nire ahalegin mugatua kalte horiek arindu eta deuseztatzera zuzenduko da.

Egin dudan lehenengo gauza egitasmoa aztertzea izan da eta honen berri eman nahi dut, labur bada ere, ARGIAk eskaini didan orrialde honetan. Azaltzen ditudan ideiekiko interesa norbaitengan piztuko balitz, prest nengoke horiei buruz solastatzeko, eztabaidatzeko, sakontzeko, osatzeko.

Osakidetza Euskalduntzeko Plana, Osakidetza martxan jarri eta 20 urte pasa eta gero onartu da. Zer balantze egin 20 urte hauetaz? Ez da horretaz hitz bat bera ere esaten. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza isilik. Hutsune hau erantzukizun-ezaren lehen agerpena da. Diru eskandalagarri eskas erabili da ikastaro batzuk ordaintzeko, baina hizkuntza politikatik ezer ez. Eta horren faltan, espainol hizkuntzaren aldeko inertzia administratiboak 20 eta piko urteetan bete-betean funtzionatu du: profesional gazte askoren eskaerari uko eginez, beraien motibazioa ahuldu egin da; eta inertzia horren eraginez euskara guztiz baztertua izan da, zentro askotan inexistente bihurtu arte.

Osakidetza Euskalduntzeko Plana, egitura jakin batzuetan lanean diharduten pertsona jakin batzuen euskalduntzea da. Eta nola liteke plan bat diseinatzea plana aurrera eraman behar omen duten pertsonen egoera aztertu gabe? Zein da Osakidetzako langile edo profesionalen euskararekiko eta gaztelerarekiko eta hemen ezagutzen ari garen beste hizkuntzekiko motibazioa, ezagutza eta erabilera? Eta hau ezagutu gabe zer plan klase egin daiteke? Ez al da halabeharrez arrazionaltasunik gabeko plana? Eta honek erakusten du, nire ustez, zer den erantzukizun-ezaren printzipioaren aplikazio antologikoa.

Eta zer da Plana bera? Funtsean perfil 1 eta 2ren ezarpena. Eta zer da hori funtsean? Plana ezagutzan zentratua dago; ezagutza eskasean; eta ezagutza hori mehatxupean -perfila gainditu edo bestela lan-egoerak okerragora egingo dizu edota lanpostua bera ezingo duzu eskuratu- eraman nahi da aurrera. Mehatxua arintzeko, 45 urtetik gorakoak ezarpenetik libre gelditzen dira. Adimen maltzur batek diseinatua izango balitz, ez nintzateke harrituko. Baina euskaltzaletasunez eta borondate onez horrelakoa asmatzea eta lege bihurtzea!

Ezagutza garatze aldetik Plana eskasa da. 1. eta 2. perfilak, ez dira nahikotasun-mailara iristen erabilerara jauzia egiteko. Baina ondorio larrienak motibazioan eragiten dira: sektore handi bat motibatua sentitzetik kanpo gelditzen da -perfila ez dutenen kopurua-; sektore bat -perfila duena- urduritasun edota beldurraren motibazioan erortzeko arriskuan dago -eta badaude jadanik horrelako adibideak-; azken sektore bat (45 urtetik gorakoak) perfilaren ezarpenetik libre gelditzen dira eta horrekin euskararekiko erantzukizun-ezaren jarrerari irekitzen zaio atea. Planaren edukia positiboa da, bada, erantzukizun-ezaren hirugarren azalpen argigarria da.

Erantzukizun-ezaren diskurtsoak pozoitzen du euskararen aldeko ahalegina. Ondorio garrantzitsuak ditu: lehena, euskararekiko erantzukizun eskasa erakutsi duen jendea eta erakundeak bihurtzen dira planaren erabakitzaileak eta ardatz nagusia; bere burua behartu gabe menpeko jendeari obligazioaren-mehatxuaren legea ezartzen diete; urgentzia osoa duen euskara eta beste hizkuntzen arteko berdintasunaren aplikazioa gerorako luzatzen da, orain beharrezko dena gerorako amets helezina bihurtuz.

Plan honetan ikusten dut nik, Sanchez Carrion Txepetxek aipatzen zuen desastrearen trilogia hura: plana inkontzientea da -ez dakite zer ondorio ekarriko dituen-; inkoherentea da -aldarrikapenak eta planak norabide diferentekoak dira-; inkonpetentea da -nahikoa da jarritako adibideekin-.

Gotzon Barandiaran

Mondragon Unibertsitateko irakasle batek esan zigun eurenean ikasten dutenen %84ak urte baten buruan lana aurkitzen duela eta ez zigun harrokeriaz esan, datuetan oinarrituta baitzen. Eta nahiz eta jakin dakigun gure herrian datuak puzteko zein datuen norberaren kolkorako irakurketak egiteko gaitasun itzela duguna, ez ginen harritu. Ez ginen harritu Espainiako erregeak berak oniritzia eman baitzigun duela ez hainbeste Deba ibaia agurtzen duten bi aldeetako ekonomia, Espainiako osasuntsuena eta langabezia-tasa txikienekoa dela gogoratzeko urteurrenean. Hori guzti hori kontuan izanik inguru hartako diru-fabriketarako beharginak prestatzen dituzten ikastegietako ikasketa-eskaintzei erreparatzea bururatu zitzaigun.

Eta konturatu ginen giza edo, lexikoaren erabilera ez sexista erabiltzen ikasi guran, jende-zientziak ikasten oso denbora gutxi ematen dutela. Eta konturatu ginen jende-zientzietan literatura zer izan litekeen hausnartzeko ez dutela teknologia berrietan oinarritutako makinarik asmatu, literaturari ez lioketela kalitatezko ezta "L" ziurtagiria oparituko.

Hasiberriek aukera gutxi. Eta orduan irakurtzen dugu editoreak, argitaletxeak, liburuzainak eta idazleak kexu direla euskaldunek ez dutelako irakurtzen edo argitaratzen den literatura entretenimendurako baino ez dela, edo honako idazlearen literatura "arina" dela edo horrakoarena "astuna". Orduan, irakurtzeak zer balio duen galdetzen diogu elkarri, zertarako irakurri behar dugun. Eta batek dio akaso prozesua bera ez dugula ulertzen, akaso irakurtzea beste batek idatzitakoari hitzez hitz jarraitzeari deritzogula, akaso ez dugula irakurlearen parte-hartze zuzena beharrezkotzat jotzen eta gogoan hartzen idatzita dagoenari geronek ematen diogula esanahia, irakurleok, irakurtzen dugun testuinguru eta sasoian. Beste bat ados dago eta eransten du ostantzean ez genukeela esango, berbarako, liburu jakin bat behin baino gehiagotan irakurrita beti aurrez antzeman ez dugun zerbaitek bereganatu digula arreta, ostantzean literatura zenbakiekin egingo genukeela. Asko dakienak erantzuten du hobeto bizitzeko irakurri behar dugula, informazioa iragazten laguntzen digula, aukeratzen jakiteko beharrezkoa dela, jendartearen harremanak gozatzeko baliagarria dela eta, batez ere, ez garena zein ez duguna amesteko bideak zabaltzen dizkigula. Orduan, ondorioak ateratzen adituak bukatu du gogoeta aginduz: "Irakurtzen umetan eta gaztetan ikasi behar da helduaroan izaki arrazionalak izango bagara. Irakurriz ikasten dugu idazten eta hitz egiten. Baina denbora eskaini behar zaio eta egun denborari ez zaio dirua besterik eskaintzen. Urgentzia hobesten dugu, ez dugu beharrezkoa denetik bereizi, beharrezkoa pentsatzen ikastea baita, jakitea nork esaten digun zer, noiz, zergatik eta zertarako. Urgentzia kontsumo gizartearen pandemia da, urduritasunak bizi gaitu eta abiadurak aurrea hartu digu eta ez dator ekialdeko herri pobretuetatik. XIX mendetan irakurtzeari emandako garrantzia mende bakar batean irentsi dute zinemak zein telebistak. Irudiak. Zein izan zen irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan zuen telebistako produktorea?".

Gogoetaren aitzindariak Mondragon Unibertsitateko ikasle ohiak euren makinetan irudikatu ditu, lau errelebotan lanean, zortzi ordu eta gehiagotan, lanetik irten ostean inkesta ofizialak erantzuten eta demokratikoki estatistikatzen EAEko gazteen hiru kezka nagusiak materialak direla erantzuten; jakin gura luketela zelan dauden pisuak Obaban.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan