Hiru dira taldean: Ines Osinaga (ahotsa, trikitia, panderoa), Iñaki Bengoa (sekuentziak) eta Tadeos (sekuentziak). Gaztea izan arren, 23 urte besterik ez ditu Ines Osinagak, urte dezente darama musika munduan, trikiti giroan lehenik, Ines eta Naiara bikotea osatuz, eta Ekon taldearekin geroago. Iñaki Bengoak eta Tadeosek, berriz, bost disko dituzte kalean Bad f-Line talde elektronikoarekin. Horrez gain, gaur egun Osinaga abeslariak proiektu berri hau beste rock talde batekin tartekatzen du, Isa Revolution bandarekin hain zuzen ere. Shot estudioan hartu gaituzte Osinagak eta Bengoak larunbat goiz izoztuan. Tadeos etxean gelditu da, gaixorik.
Arrasatearrek herrian bertan grabatu dute lan berria, Iñaki Bengoa taldeko partaidearen Shot estudioan hain zuzen ere. Lan egiteko modua Bad f-Line-en parekoa izan bada ere, hizkuntzaren aldetik ikusi dute Bengoa eta Tadeosek alde nabarmenena. Izan ere, Gosek euskaraz abesten du. Bad f-Line-ek gazteleraz karrikaratu ditu bere lan guztiak.
Hirukote gipuzkoarrak Bad f-Line bandaren kanta baten titulua aukeratu du taldea bataiatzeko. "Gustuko genuen izena, Bad f-Line-en euskaraz abesten genuen kanta bakarra zen eta asko gustatzen zitzaigunez Ines konbentzitzea bakarrik falta zen. Gainera, interpretazio ezberdinak izan ditzakeen izena da, ez genion buelta gehiegirik eman", dio Iñaki Bengoak.
Trikitia jo trikitilari izan gabe
Hirukote arrasatearrak orain arte gutxi edo batere uztartu ez diren instrumentuak biltzen ditu bere estraineko lanean: trikitixa, panderoa eta instrumentu elektronikoak. Osinagak eta Bengoak aspaldidanik zuten trikitia eta sekuentziak nahasteko gogoa. Bestalde, orain arte ez dute proiektua aurrera ateratzeko betarik izan. Dena den, Goseren asmoa ez da trikitiaren ohiko musika estiloa elektronikarekin uztartzea izan. Printzipioz horrelako instrumentu herrikoiak estilo aldetik dituen mugei aurre egin eta zerbait berritzailea erdiestea baizik. "Gure nahia trikitia trikitilari izan gabe jotzea zen", diosku Bengoak. Alegia, trikitia instrumentu bezala erabili eta beste esparru batzuetara eraman. Euskal tradizioaren presentzia Renato eta Bye Bye Maurizia bezalako kantetan nabari da. Gainontzeko kantetan, berriz, trikitixak melodia lasaiak marrazten ditu tangorantz eta eskusoinu frantseserantz gerturatuz. "Ez ditugu oso gustuko trikitixa tradizionalaren birtuosismoa eta txapelketen mundua; gitarra soloak dirudite", azaltzen du Bengoak. Osinagaren aburuz, norberak jotzen duen instrumentuak ez du gero jorratuko duen estiloa zertan markatu. Hala eta guztiz ere, ez dago dudarik zenbait instrumentu bere tradiziozko musikatik ateratzea aski zaila izaten dela. "Ez dut uste Maurizia pandero jole eta abeslaria eta Chemical Brothers entzun eta bi estiloak uztartzen duen jende asko dagoenik", diosku Bengoak. Bad f-Line-eko partaidearen ustez, ez da gehiegi esperimentatu trikitiarekin: "Bai, ordea, gaitarekin, adibidez hor dago Hevia, gaita midia asmatu da...". Osinagaren ustez, trikitia testuinguru tradizionaletik atera izan da, baina beste instrumentu batzuekin uztartuz, ez musika estilotik ateraz. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen aldizkarian hitz egin dute duela gutxi taldearen lehen lanaz. Berri ona da arrasatearrentzat: "Pozgarria izan da arin-arinak edota porrusaldak egin ez arren , Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak gutaz hitz egin izana. Ongi dago musika tradizionaleko medioek gure lana onartzea. Izan ere, trikitia egiten ez badugu ere, trikitiaz egindako disko bat kaleratu dugu".
Sexua baino gehiago
Kolaboratzaile anitz
![]() |
|
||||
2026 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa