Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-05 -- 2026.zenb

Katixa Garate


Txotxongiloen Nazioarteko Zentroa bidean

Ondo bidez, udazkenean hasiko dira Tolosan Txotxongiloen Nazioarteko Zentroaren eraikuntza lanak. Justizia jauregi zaharraren eraikinean kokatuko da eta 6 milioi euroko aurrekontua izango du. Txotxongilo ikuskizunak Titirijai jaialdiaren baitan baino ez dira ikusten ia Gipuzkoako herrian eta, Zentroaren bidez, urtean zehar programazio egonkorra eskaini nahi dute. Horrez gain, bi erakusketa areto izango ditu: txotxongiloen historiaren gaineko erakusketa egonkorra izango da batean eta behin-behinekoak bestean. Dokumentazio funtsa jasoko du, ikastaroak eskainiko ditu eta txotxongilo taldeekin koprodukzioak egitea du asmo. Eraikinak txotxongilo emanaldiez gain, bestelako ekintza kulturalak jasoko ditu.


Metak diskoetxeak ateak itxi ditu

Urtarrilaren 31n amaitu zuen Metak diskoetxeak bere jarduna. 2001eko udaberrian Esan Ozenki diskoetxeari lekukoa hartu zion Metak-ek, autogestioa eta independentzia ardatz hartuta haren lan egiteko eredua bere eginez. Bost urtetan 73 disko eta DVD plazaratu ditu, azkena Negu Gorriak taldearen ibilbidea jasotzen duen Negu Gorriak 1990-2001 DVDa. Musikari preziatuen lanak argitaratu ditu bost urteotan argitaletxeaak: Ruper Ordorika, Xabier Montoia, Fermin Muguruza, Kuraia, Anari... Ez dira garai onenak sektorearentzat. Diskoetxeko arduradunek Metaboletinaren bidez eman dute itxieraren berri: «Salmentek urtez urte behera egin dute, nabarmen. Honek kinka zailean ipini izan gaitu ia ekoizpen bakoitzarekin, eta azkenean joera hori gailendu eta benetan hondoratu aurretik lehorreratu beharrean ikusi gara». Metaken katalogoa eta Esan Ozenkirena zena Elkarrek banatuko ditu aurrerantzean.


Euskal galeria gutxiago Arcon

Madrilgo Arte Garaikideko Nazioarteko Azokak 25. aldiz zabalduko ditu ateak hilaren 9an. Otsailaren 13a arte, Arcok mundu osoko 3.000 artista inguru bilduko ditu, baina aurtengoan austriarrei arreta berezia ipiniz, herrialde hau baita ekitaldiko gonbidatua. Urtero bezala, hainbat euskal galeriek ere gonbidapena jaso dute, bostek hain zuzen, aurreko urtetan baino gutxiagok: Bilboko Colon XVI, Vanguardia eta Windsor Kulturgintza, Donostiako Dieciséis eta Iruñeko Moises Perez Albeniz. Rosina Gomez-Baeza Arcoren zuzendariaren iritziz, kopurua gutxitzearen arrazoia azokaren "nazioarteko izaeran" dago.


Donostiako Jazzaldia, bertakoagoa....

Apurka ugarituz joan dira azken urteotan Donostiako Jazzaldian parte hartu duten bertako eta inguruko taldeak. 2005ean hamar tokiko taldek parte hartu zuten jaialdian eta kopuru berdina lortu nahi dute uztailaren 21etik 26ra burutuko den 41. Jazzaldian ere. Horretarako 45 talderen proposamenak jaso eta 15 aukeratu dituzte urtarrilaren amaieratik maiatzeraino Altxerri, Branka eta Forum FNACen jo dezaten. Publikoarentzat doan izango diren kontzertuotan Jazzaldiko Batzorde Antolatzaileko kideek programazioan sartuko diren hamar taldeak aukeratuko dituzte hamabost horien artetik.


Liburutegiek izandako aldaketa aztertu du ALDEEk

Asko aldatu dira liburutegiak. Haietan dagoeneko ez daude liburuak bakarrik, geroz eta euskarri gehiago (CD-ROM, DVD, datu baseak...) jasotzen dituzte eta horrek ere aldaketak ekarri dizkie liburuzain eta dokumentalistei. Interneten zabalkundeak liburutegietan kontsulta gutxiago izatea ere ekarri du. Aldaketa horiexek jaso ditu Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkarteak (ALDEE) egin berri duen azterketan. Profesionalak kexu dira egiten dituzten lan kualifikatuak ez direlako euren soldatetan islatzen. Esaterako, administrazio liburuzain postuetarako eskola graduatua baino ez dela eskatzen diote eta apenas baloratzen diren Bibliotekonomia diplomatura eta Dokumentazio lizentziatura. Bestetik, etengabe formatzeko beharra ageri da azterketan, teknologia berrien eraginez.



Solasaldiak ostegunetan Amikuzen

Urtero bezala, hitzaldi sorta oparoa izango da Amikuzeko Xokoan, otsaileko ostegun oro: Otsail ostegunak. Manex gogoan animazio taldeak antolatu ditu Zabalik elkartearen babespean eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzaz. Otsailaren 2an Laida Etxemendi Palestinan izandako bizipenez mintzatuko da Palestinan Elkartasunez hitzaldian. Lucien Etxezaharretak Zer balio du euskarazko literaturak? galderari erantzungo dio otsailaren 9an. Otsailaren 16an Iñaki Caminok hartuko du lekukoa eta Baxenabarreko eskuaraz hitz egingo du. Amaitzeko, Alizia Stürtzek Euskal kultura, neoliberalismoa eta inpendentzia hitzaldia eskainiko du otsailaren 23an.


Operaz gehiago jakiteko

Jendea operara zaletzeko asmoz, opera emanaldiak eskainiko ditu DVD formatuan Donostiako Orfeoiak bere egoitzan, hirugarren urtez. Gaztelaniazko azpitituluak izango dituzte proiekzioek. Aurtengoan Wolfgang Amadeus Mozarten opera batzuk entzun eta ikusi ahal izango dira programan, hura jaio zela 250 urte direnean. Hona eskainiko dituzten operetako batzuk: Zaide (otsailak 23), Idomeneo (martxoak 9), Las bodas de Figaro (apirilak 27), Don Giovanni (maiatzak 11) eta Cosi Fan Tutte (maiatzak 25). Proiekzioen aurretik Carlos Benito operazaleak obraren gaineko sarrera egingo du.


Soziedad Alkoholika epai dezake Auzitegi Nazionalak. Fiskalaren eta AVTren eskariz abiatu zituen Auzitegiak SAren aurkako eginbideak, taldearen kantuek »terrorismo goresten« zutela arrazoituta. Grande-Marlaska epaileak eginbideak prozedura laburtu bihurtu ditu eta eta ahozko epaiketa eskatzeko edo prozedura bertan behera uzteko eskatu die fiskalari eta AVTri.

Alberto Iglesias musikari donostiarra Erresuma Batuko BAFTA saria eskuratzeko hautagaia da, Fernando Meirellesen The Constant Gardener pelikularako egindako musikagatik. Saria otsailaren 19an banatuko dute Londresen.

Andima Ibiñagabeitia euskal literaturaren sustatzailea jaio zela ehun urte bete dira aurten. Kolonbian, Venezuelan eta Parisen bizi izan zen. Hainbat argitalpenetan kolaboratu zuen (Euzko Gogoa, Euzko Deya, Alderdi...) eta Irrintzi aldizkaria sortu zuen, hainbat itzulpen (Virgilio, Lukrezio...) egitearekin batera. Euskara ikasteko metodo bat ere osatu zuen. Euskaltzaindak maiatzaren 26an omenduko du bere jaioterrian, Elantxoben.

Xabier Egaña (Getxo, 1943) artistak Ikuspegiak ikuskerak bildumako lanak paratu ditu Donostiako Ekain galerian. Otsailaren 28a bitarte ikusi ahal izango dira Donostiako paisaiak berrinterpretatzen dituzten margo eta eskulturak.

Miriam Ocariz moda diseinatzaile bilbotarrak erakusketa zabaldu du Tenerifeko Santa Cruzeko Arte Garaikide Aretoan. Bertan Ocarizen lan prozesua agertu nahi izan dute, estudioan zehar ibilbide bat proposatuz. Ideiatik ibiltokirainon kolekzio bakoitzaren diskurtsoa eta anekdotak ezagutu ahal izango dira otsailaren 26ra arte.


Ramon Agirrek adierazpenok egin zizkion Nabarrari: «Esaten da euskal antzerkirako ikuslerik ez dagoela, pentsa, bertsolaritzak euskararen ezagutza askoz handiagoa eskatzen du eta, hala ere, ze jendetza erakartzen duen. Niretzat eredugarria da bertsolariena. (...) Euskal kulturaren itsasontzian lemazain dira bertsolariak».

Pantxoa Etxegoinek Berriari esanak: «Nire gaur egungo kezka da euskal kultura hobeki ezagutaraztea eta maitaraztea; lehenik euskaldunei, alde horretatik ere bada lan, eta ondotik, parean dugun jende berri eta zabal horri. Bestela, zer? Euskal kultura bakarrik euskaldunentzat?».

Anariren hitz hauek jaso zituen Euskonews & Mediak: «Zer da kantautorea? Akustika bat, protesta kantuak edo bestela maitasun kantuak... argi dago ezetz, ni ez. Nik ez daukat ezer kantautore izenaren kontra, baina erabiltzen dena baino era zabalagoan erabilita (...) Nik mordoa protestatzen dut letretan, batez ere azken disko honetan. Protesta-kanta ez, haserrealdi-kanta dela uste dut».

Filgi Claverie Deian: «Dantza denborapasa bat balitz bezala hartzen da eta ez artea balitz moduan. Antzerkilariek edo zinemaren mundukoek eraiki dute mundu ekonomiko bat euren artearentzat. Horiek badakite oso ondo hitza hartzen, berba erabiltzen (...) Dantzarientzat errazagoa da gorputzarekin berba egitea. Eszenatokian ondo konpontzen dira, baina elkarrizketak egiten, adibidez, ez dira moldatzen. Dantzaren munduan zama hori daramagu, hots, ez dakigu gure interesak defendatzen, lobby bat eraikitzen».

hemeroteka

2025. zenbakia | 2006-01-29
2024. zenbakia | 2006-01-22

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan