Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-02-05 -- 2026.zenb

Eusko Jaurlaritzak Kontseilu Politikoa jarri du abian bake prozesuaren inguruan Jaurlaritzako hirukoak ahots bakarra izan dezan... eta baita Jaurlaritzaren ustez izan beharreko gidaritza eta protagonismoa izan dezan. PSE eta Batasuna kritiko agertu dira, lehena bigarrena baino gehiago, baina prozesu korapilotsu hau bultzatzeko edozein ekimen gutxienez interesgarria dela esan liteke. Bitartean, urtebete bete da Madrilek Ibarretxe plana Espainiako Kongresuan eztabaidatzeari uko egin ziola. Kataluniakoa Estatutu proposamen berria, aldiz, bere azken txanpan sartuko da Kongresuan, katalanen pragmatismoaren ikur nagusi gisa, baina katalanek beraien legebiltzarrean onartutakotik oso urruti. PSOEren jarrera ikusita, Euskal Herriko bake prozesua erabaki ahalmenean zentratu nahi duten indarren kezka argia da Kataluniakoaren ondoren, eta aurten bertan abian jarri nahi den alderdien mahaiaren oinarrizko edukia ere bai. Bitartean, ETAren jarduerak aspaldiko partez pertsona bat zauritu du, arinki bada ere..

Onintza Irureta / Mikel Garcia


Argia Sariak urtarrileko azken ostiraletik kendu eta udaberri aldean antolatzeko batek baino gehiagok aholkatu zigun Txitxardin Beltxa jatetxean. 2005eko sari banaketa egunean elurraren erruz hainbat gonbidatu bidean geratu zen, eta aurten ere, bateren bati beste hainbeste gertatu zaio, ia-ia saridunen bat ere etorri gabe geratu zen... Elurrak elur, ehundik gora lagun bildu ginen Argia Sarien 17. edizioan. Sabelari inbidia emateko adina mokoka egin ondoren, jatetxeko epelean bildu ginen denok eta ARGIAko Esti Paradak egindako ongietorriaren ostean, bazkari bikaina dastatu genuen.

Postrearekin heldu ziren sariak eta, sariak baino lehen, Xabier Letona ARGIAko zuzendariaren hitzak. Besteren artean, Del Olmo jauna izan zuen gogoan, egun hartan bertan eta bezperan, Madrilen, Egunkaria auzikoen auziperatzeak aurrera egin behar zuen ala ez aztertzekoak baitziren. Elkartasuna adierazi zien Egunkaria auziak ukitutako guztiei eta bereziki auzipetuei. Elkartasuna adierazi zien baita ere, 18/98 auzian diren guztiei.

Ondoren, zuzendariak sariei eman zien bide. Aurten, Anton Mendizabalek egindako sei sariak banatu ditu ARGIAk. Bi urte jarraian Publizitate saria hutsik geratu bada ere, aurten Bertsozale Elkarteak jaso du Txapelketa Nagusia lau haizetara zabaltzen asmatu duelako. Prentsakoa Fermin Etxegoienek eraman du Berrian telebistaz idatzitako kritikengatik. Irratikoa berriz, Euskadi Irratiko Maite Artola esatariak. Telebistako saria EITBko Postdatak jaso du eta Sareko Argia saria berriz, gaztesarea.net web guneak. Bost ataletako sariez gain merezimenduzkoa ere bai: Hik Hasi irakaskuntza proiektuarentzat.

Sariak banatuta, argazkilari eta kazetariak lanean hasi baino lehen, ARGIAko zuzendariak eskerrak eman zizkien Txitxardin Beltxara hurbildutako euskal kultura eta komunikazioko adiskideei, erakunde publikoetako ordezkariei eta gizarte ekimenetako arduradunei. Kafea hartzeko tenorean, zuzendariak guztiei gonbitea luzatu zien menuarekin batera zetorren abestiaren letrari musika jartzeko. Hala, kanpoan elur malutatxoak erortzen ari ziren bitartean, Goizian argi hastian abestia kantatzeari ekin zioten gonbidatu askok.

Daniel Udalaitz

Martxoaren 6tik 12ra burutuko da Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Centren Makina Erremintaren 24. Bienala, Euskal Herrian egiten den feriarik garrantzikoena eta Europako handietan hirugarrena dena. Espainiaren kasuan, sektoreko enpresen %90 gure herrialdean daude. Feria munduko erakusleihoa izango da, eta planetako arlo produktibo garrantzizkoenetako milaka profesionalen etorrera espero da. Sektore horrek, izatez oso esportatzailea eta euskal ekonomiarentzat arras ardurakoa denak, esportazioak zertxobait ugarituta itxi du 2005eko ekitaldia.
guztia irakurri

Iragan abenduaren bukaeran Ibarretxe lehendakariaren lidergoa gogor akuilatu zuen Joseba Egibarrek prentsara zabaldutako artikulu batean. Joan den igandean berriz aritu zen gaiaz, Berria-n argitaratutako elkarrizketa batean. Bere ustez, lehendakariak iragan legealdian ekindako lana berak bukatu beharko luke, eta beraz, datorren legealdian ere bera litzateke EAJren hautagairik egokiena. EAJn bertan norbaitek bestelako hautagaitzarik bultzatuko balu, Egibar bera bederen aurrez aurre izango luke. Ibarretxe lehendakariak, bere aldetik, legealdi honi ekin zionean, hau bakea eta normalizazioaren legealdia izango zela iragarri zuen, eta helburu hauek bete ezean karguari utziko ziola iradoki zuen. Jakina, zer dagoen bideratua eta zer ez baloratzea oso interpretatiboa izan liteke. Bestetik, politika jarraitzen duten herritarren galdera izan liteke ea zertara datorren Egibarrek Ibarretxe lehendakariaren lidergoa horrenbeste defendatu beharra. Eta horrek zerikusirik izan ote dezake EAJn azken bi urteetan izan diren barne tentsioekin? Eta EAJren zuzendaritzak berri duen norabide berriarekin?

Mikel Asurmendi

Elkarrizketa eskatu genionean «ni jokoz kanpo nago» erantzun zigun. Politikatik kanpo, nahita edo behartuta dagoen itaunduz hasi gara berbetan: «Tira, daukadan adinarekin zaila zait politikatik kanpo guztiz aritzea. Jaurlaritzan zazpi urtez aritu nintzen EAko ordezkari eta sailburu. Ostean -aldaketak izatea oso egokia iruditzen zait- alderdiaren esanetara jarri nintzen eta hauxe eskatu ere: prest nago bigarren lerroan lan egiteko, baina nirekin ariko direnek -baita ni ere, aukera eskaintzen didatenekin- gustura aritzea nahi nuke. Hori betetzen ari da, beraz, pozik».

Justizia eta Gizarte Segurantza sailean aholkulari ari da, hiru esparruetan bereziki: Garapen iraunkorrarekin lotutako gaietan, ingurumenaren kudeaketan. Enpresaren esparruan, euren ardura sozial korporatiboetan. Eta nazioarteko harremanetan.

Iraganeko bere jarduera politikoaz galdezka segitu dugu elkarrizketa, azkenik, ingurumenaz eta garapen iraunkorraz bere ikuspegiak biltzeko.

Behin baino gehiagotan ezkerreko eta abertzale azaldu zara, ezker abertzalearen erabilpen esklusiboa kritikatu duzu inoiz ere. Alta, EAJko kide izan zinen. Metamorfosi politiko bitxia zurea.
Nork bere metamorfosiaren azalpenak eman ohi ditu, nik nireak. EAJn aproba gisa sartu nintzen, orduan -egun bezala- sozialdemokrazian sinesten nuen, Europako alderdi sozialdemokraten ideia politikoetan, eta abertzalea nintzen, baina gauza bat garbi neukan: indarkeria erabiltzea ez zela zilegia helburu politikoak lortzeko. EAJ izan nuen aukera garbi bakarra orduan.


EAko azken Kongresuaren ondoren alderdiko Martin Aranburuk «batek baino gehiagok hanka sartu du» esan zuen. Zu zinen haietako bat.
Egia da, jende askok ez zuen nire jarrera ulertu, baina ez naiz damutzen. Nire heziketaren araberako hitzak erabiliz, «nahiago dut infernura joan gaizki jokatu dudalako, linboan gelditzea baino». Onartzen dut gauza askotan asmatu ez izana eta EAko 2002ko Kongresuan ez nuen asmatuko. Batetik, ikuspegi ezberdinek osatutako alderdi bizia behar dugula nioen, eta aldi berean, ezker bateratu baten aldeko jarrerari eutsi nion. Kongresuaren emaitza edonola izanda ere, alderdiaren zuzendaritzari nire babesa eskainiko nion eta azken bi urteetan zintzo jokatu dudalakoan nago. Egun ez nago alderdiko ezein ildotan, ezkerreko abertzaletasunaren esparruko alderdien lankidetza bultzatzearen aldekoa naiz, esparru horretan birsortze moduko bat eman beharko litzatekeela uste dut. Baina, esan bezala, indarkeriaren erabiltzea da oztopo nagusia gaur egun ere.

EAJren inguruan eta Hitzarmen Demokratikoan ari direnak ikusten ditugu EAn. Zuk zeuk nola ikusten duzu EA?
Ondo. Adibidez, Batasunaren BECeko ekitaldiaren inguruan EAk hartutako erabakiekin bat egiten dut. Ez dut EAko zuzendaritzarekin harreman esturik, baina Batasunaren gorabeheretan EAren jokabideak oso egokiak iruditu zaizkit, areago, ildo horretan sakontzearen aldekoa naiz. Baina, zoritxarrez, desio dugun alderdi abertzaleen arteko erantzun bateratua ez zen BECn eman. Batasuna, EA, Aralar, AB, LAB edo ELAko kideak izan ziren, besteak beste, baina erantzun bateratua beste gauza bat da. Eta hori da une honetan behar duguna.

Debekua dela medio, Batasunak eskaini zezakeen zerbait galdu ote da?
Batzarra burutu izan balu Batasunak zer ekarriko lukeen ez dakit, ezta orain ekarpen berririk egiteko asmoa duen ere. Baina logikak agintzen duenez, eta Anoetako Proposamenak dioen arabera, «gatazka kaletik mahai batera ekarri behar bada», Batasunekoek kontsekuenteak izan behar dute, hau da, bide politikoen aldeko jarrerari eutsi beharko liokete. Nik egin egingo dutela sinesten dut, baina noiz?

Aberri Egunerako agian?
Ez dakit noizko. Piztiei, inguratuta daudenean, triskantza egin aurretik, irtenbide bat eman behar zaie, eta Batasunari ere irtenbidea eman beharko litzaioke. Aldeak alde, metafora gisa ulertuta, batzuek nahiago dute triskantza eragitea irtenbidea ematea baino, PPk adibidez. PSOEren jarrera ez da PPrena, Zapaterok keinu batzuk egin ditu. Orain ETArena falta da.


Rodolfo Aresek ARGIAn esan berri duenez, Batasunak ez du Anoetako Proposamenean esandakoa bete.
Nire ikuspegitik, Batasunak Anoetako Proposamenaren ostean modu positiboan egin du aurrera. Sozialistek publikoki hau edo beste esanda ere, euren artean zerbait dagoela dirudi. Batasunak edota sozialistek ukatuko dute, baina azpitik edo zeharka harreman batzuk badaudela esango nuke. Bien bitartean, zoritxarrez, ez sozialistak eta Batasunak bakarrik, gainerako eragile guztiek ere, denek pentsatzen dute lehenengo urratsa besteek eman behar dutela. Jarrera hori mantentzen den bitartean, urtetan zehar izan garen tokian gelditzeko arriskua dago. Baina, era berean, egungo egoera ez da inorentzako ona, beraz, denok arriskatzeko ausardia pixka bat izan behar dugu eta urratsak ematen hasi.

Zuk, besteak beste, ETAren erabakiaren beharra azpimarratu duzu.
ETA eragilea da, bere erantzukizuna ukaezina da eta bere ekarpena egin beharko du gaur ez bada, bihar. PPren eta PSOEren kargudunen aurka ez zuela joko erabaki zuen bezala, ETAk su-etenaren erabakia hartu behar luke orain. Horrek PSOEren jarreran are gehiago eragingo luke -baita PPrengan ere-. PSOEren aldetik bake prozesua ez da hasiko ETAk indarkeria utzi arte, beraz, ETAk urrats erabakigarri hori hartu behar du Batasuna eta PSOE hitzetatik ekintzetara pasatzeko.

Kataluniako Estatutua hizpide: PSOEk CiUrekin akordioa lortu du, ERC galtzaile gisa agertu da ordea.
Nik Katalunian eman den akordioa espero nuen nolabait, lortzen ari den modu honetan edo bestean, alegia. Izan ere, akordioa lortu ezean, garaile bakarra PP izango zelako eta gainerakoak galtzaile. Egia da, PSOEk eta Zapaterok ez dute kontu gehiegirik izan ERC alderdiarekin, Kataluniako Gobernuan dagoen alderdi kidea izaki gainera. PSOEk CiUri protagonismo gehiegi eman diolakoan nago, baina agian hori CiU akordioaren barruan izateko modu bakarra da. Jakina, horrek arriskuan jarri du ERCren jarrera eta Gobernuan partaidetza. CiUrekin akordioa lortzeaz gainera, ERCk akordioa babestea espero dut, guztiz gustukoa izan ez arren.

Zer irakurketa egingo zenuke, oro har, Katalunian eta Euskal Herrian bizitzen ari garen une politikoaz?
Erabat ezberdina da han eta hemengo egoera. Hemen erronka handiagoa daukagu, bere egunean Euskal Herrian -EAEn hobe esanda, gure errealitatea konplexua baita- EAEko Estatutua Herri Batasunaren partaidetzarik gabe akordatu zen. Gaur egun berriz, alderdi denak elkartu beharko lirateke marko juridiko-politiko berriaren inguruan.

Demagun alderdiak akordiora hurbilduz doazela. PP bilduko duen akordiorik ikusten duzu?
Ez. Baina ezaguna da orain 30 urte APk Konstituzioarekiko izan zuen jarrera, baita Gernikako Estatutuarekikoa ere, kontrakoa alegia. Gero Konstituzioa eta Estatutua bere egin dituzte, haiek agertzen dira defendatzaile amorratuenak. Hori kontraesan itzela da. Berriz ere, PP Kataluniako Estatutu berriaren aurka azaldu da, baina urte batzuk barru baietza emango diote. Eta EAEn ere urte batzuk barru aldeko jarrera hartuko du PPk.

Trantsizio garaian Francok den-dena lotuta utzi omen zuen, eta orain ere antza, Gobernutik pasa ondoren, PPk ondo lotuta dauka ia-ia dena.
Egia da, Gobernuan izan zenean PPk erabat lotuta izan zuen alderdi sozialista. PSOEk ez zuen ausardiarik izan PPk bultzatu zituen politiketatik aldentzeko. Gaur egun, Euskal Herriko gai askotan PPk Estatuko hainbat boteretan, justizian adibidez, eragin itzela du. Hartara, Zapaterok bi erronka zituen legegintzaldi honetan: Kataluniakoa bideratuta dauka nolabait, konponbidean. Berau bideratu ostean Euskal Herriko auziari helduko diolakoan nago.

Zapatero eta PSOE auziari ekiteko moduan ikusten dituzu, beraz.
Nahiz eta PPk eraso gogorrak jo, eta une kritikoak bizi, Zapaterok jarrera baikorrak agertu ditu. Zapatero euskal gatazkari irtenbide bat emateko prest agertu da behin baino gehiagotan. Orain hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea iritsi zaio. Aurten izan beharko du, datorren urtean Udal eta Foru hauteskundeak izango baitira. Euskal Herriko auzia konponbidean ezartzen badu, 2008ko hauteskunde orokorrak irabazteko aukera gehiago izango du. Zapaterok aukera gehiago du karguan berritzeko auziari irtenbidea ematen badio, ematen ez badio baino. Zapaterori konfiantzazko botoa eman behar zaiola pentsatzen dut.

Kataluniako Estatutu berriaren helburua finantzazioan zegoela onartzen zuten berau bultzatu eta adostu zuten PSC, ERC, ICV eta CiUk. Kataluniaren nazio izaeraren helburua ere funtsezkoa zen haientzat. Orain arteko negoziazioaren ondorioz, bietan egin dute porrot oinarrizko planteamendu politikoetan. Finantzazioan bi eduki funtsezko biltzen du Legebiltzarrean onartutako Estatutu berriak: bat, Zerga Agentzia katalana; bi, Estatuarekiko aldebiko harremana finantza eta ekonomi gaietan. CiU-PSOE negoziazioaren ondorioz, Zerga Agentzia katalanik ez da, eta oraingoz Generalitatak eta Espainiako Gobernuak partekatuko dute datozen bi urteetan Zerga Agentzia. Aldebikotasunik ere ez da lortu. Nazioari dagokionez, artikulatutik ezabatu eta hitzaurrean eman zaion idazkerak -Kataluniako Legebiltzarrak Katalunia nazioa dela dioela-, funtsean Espainiak nazio izaera hori arbuiatzen duela adierazten du. Politikariek eramandako negoziazioa izan da Estatutuarena, gizarte mailako bultzadarik ez da izan, eta ERCk ordaindu du emaitza. Oso posizio gaitzean geratu da eta ERCk eta CiUk adostutakoaren arbuioa bukaeraraino eramaten badu, Generalitatean mantentzeko agertutako borondatea gauzaezina izango da seguruenik. Ikusteko dagoena da katalan herritar abertzaleek zer dioten egoera berriaz eta CiUren jokaldiaz, baina argi dagoena da epe laburrean bederen katalan abertzaleen arteko elkarlanak ez duela etorkizunik.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan