Daniel Udalaitz
CEIT akronimoa Centro de Estudios e Investigaciones Técnicas de Guipúzcoa erakundeari dagokio. 1982an sortu zuten irabazasmorik gabeko ikerketa-zentro gisa, eta egiteko nagusi hau du: enpresekin kontratatutako ikerketa aplikatuko lanak eta garapen industrialekoak aurrera ateratzea. CEITen zertarakoa da industriari zerbitzuak ematea, arlo industrialeko lehiakortasuna hobetze aldera, eta, horretarako, ikerketako proiektuen garapena eta doktoregoko ikasleen sistema produktibora bideratutako formazioa baliatzen ditu. Fundatu zutenetik, ikerketa aplikatura dedikatu da bereziki, dela industriak kontratatuta, dela administrazio autonomikoek, erregionalak, estatalak edo europarrak finantzatuta. Gaur egun, hiru departamentu dauzka: materialak, mekanika aplikatua eta elektronika eta komunikazioa; eta, horrez gainera, I+G arloko bi unitate: mikroelektrizitatekoa eta ingurumeneko ingeniaritzakoa. Harreman handia dauka Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Goi Eskolarekin, eta hainbat proiektu gauzatzen dituzte elkarrekin. Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan dauka egoitza, eta 130 bat lagun enplegatzen ditu.
Espainiako Gizarte Segurantzak Gara-ren aurka daraman gurutzaldian -Egin-en 4,6 milioi euroko zorra Gara-ri bizkarreratzea- garaipen txiki bat jaso du Gara-k: Auzitegi Nazionaleko Administrazio Gaietarako 4. Epaitegiak Gara-ren alde atera da. Oraingoz esan beharko da, auzi luze honetan, Auzitegi Nazionalak forma akatsak ikusten baititu Gizarte Segurantzaren eskaeran. Larriena, ordea, auziaren mamia, airean da oraindik eta, beraz, baita Gara-ren arriskua ere.
Eibar Kirol Elkarteak euskara-plana jarri du abian Foru Aldundiak lagunduta
Eibar Kirol Elkarteak hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin euskararen erabilera normalizatzeko, bai barne funtzionamenduan zein kanpokoan. Foru Aldundiak laguntza ekonomikoa eta teknikoa eskainiko dio. Euskara normalizatzeko plana berariaz prestatu dute Eibar Kirol Elkartearentzat eta plana prestatzen Eibarko ...eta Kitto euskara elkartea aritu da. Lau urteko plana diseinatu dute eta dagoeneko hainbat neurri hartuak dituzte, hala nola, partidetako megafonia bidezko mezuak elebitan egiten dira, Ipurua Futbol Zelaiko errotulazio nagusia elebitan dago eta Jaime Barriuso elkarteko presidentea euskara gaitasuna hobetzeko trebakuntza saioak jasotzen ari da. 2006an goi mailako jokalariak, behe mailako entrenatzaileak eta administrazioko langileak arituko dira euskara ikasten. Lehen taldeko hamar jokalarik adierazi dute euskara ikastaroetan izena emango dutela.
Aisa harrera ikastaroetan 325 ikasle aritu dira euskara ikasten
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailen elkarlanaren bidez, sortu zen duela bi urte Aisa egitasmoa. Euskal Autonomia Erkidegoko etorkinentzat euskara ikasteko ikastaroak eskaintzen ditu programa horrek. Iaz, 54 herrialdetako 325 etorkin aritu ziren euskara ikasten. Ikasleen batez besteko adina 33 urtekoa izan da eta hirutik bi emakumeak ziren. 325 ikasle horietatik 214 Amerikatik etorritakoak ziren; 53 kolonbiar, 34 boliviar, 28 argentinar eta 22 ekuatoriar. Magrebeko ikasleak 28 izan dira eta Errumaniakoak ziren 14 ikasle. EAEko 21 udalerritan 32 ikastaro eskaini ziren iaz Aisa programaren bidez.
Bizkaiko Herri Izendegia onartu du Euskaltzaindiak
Bizkaiko Herri Izendegia 1979. urteaz geroztik egina zuen Euskaltzaindiak, baina ez zuen arau mailarik, proposamena zen. Gainera, 2006. urtea bitartean herriak sortu dira Bizkaian eta horiek ere jaso ditu Euskaltzaindiak izendegi berrian. Arau maila dute Zuberoako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Gipuzkoako herri izendegiek eta orain Bizkaikoak. Euskaltzaindiaren nahia da gutxi gorabehera urtebete barrurako Nafarroako eta Arabako herri izenak ere araututa izatea.
Euskarazko Wikipedia 5.000 artikuluetara iritsi da
Interneten sortutako entziklopedia askeak (edonork sar ditzake artikuluak) 5.000 artikulu ditu dagoeneko. Duela urte batzuk sortu bazen ere, euskarazko bertsioak 2004. urtean hartu zuen indarra eta orain, 200 bat hizkuntzetan egindako Wikipedietatik 50. tokian dago gutxi gorabehera. Lehenengo postuan dago ingelesez egindako wikipedia eta 930.000 artikulu ditu. Euskarazko bertsioa elikatzen 350 bat lankide ari dira eta sarean euskaraz dagoen entziklopediarik handiena da.