Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-05 -- 2026.zenb

Santiago Leone

Alegoria batez hasiko dut gaurko artikulua: egunen batean, ziur nago gizakia Saturnora iritsiko dela. Izan ere, nik, egun hori ailegatu bitartean, erabakita daukat non kokatu beharko den Saturnoko hiriburua, eta bertako urbanizazio batzuen planoak ere prest ditut dagoeneko. Egia da oraingoz Saturnora eraman gaitzakeen koheterik ez dagoela, baina baten batek sortuko du inoiz. Niri ere aparailu hori eratzen laguntzea gustatuko litzaidake, baina oso lanpeturik nabil orain etorkizuneko hirigintzan. Hala ere, ez dut zalantzarik batere Saturnora joateko gauza izanen garela hemendik gutxira. Egunen batean. Goiz, oso goiz. Bihar apika. -Honaino alegoria-.

Bihar. Hitz honek oihartzun handia izan eta izaten du ingelesez popular culture deitzen den horretan, hau da, gaurko hedabideetan zabaltzen den kulturan -zineman, musikan, komikietan...-. Errate baterako, The long tomorrow du izena Moebiusen komiki batek, eta A better tomorrow da John Wook zuzenduriko trilogia baten titulua. Eta iduri du bi tituluon artean mugitzen garela hemen Euskal Herrian, bigarrena baita, A better tomorrow alegia, guztiok edo gehienok nahi genukeena Euskal Herriarendako; baina, momentuz, gauzak dauden bezala egonda, zilegi da pentsatzea luze kostatuko zaiola etortzea lortu nahi dugun biharko horri. The long tomorrow da gure-gurea dena.

Edonola ere, hau da, "luzea" denean ere, biharkoak xarma berezia du. Erran nahi baita, bihar etorkizunean egonik, etorkizuna bera baino hurbilago sentitzen dugula. Gure itxaropenak biharko ustez epel eta goxo batean kokatzea gehiago gustatu ohi zaigu, etorkizun abstraktu batean baino. Ez da harritzekoa, hortaz, biharkoaren arrakasta popular cultureko produktuetan.

Gurean ere biharkoaren indarraz eta xarmaz ohartu denik badela sinesteko froga argiak ditugu eskura. Adibidez, Arnaldo Otegiren elkarrizketa-liburuaren izenburua ikusi bertzerik ez dago: Bihar, Euskal Herria. Edo liburuaren azalean politikariaren beraren irudia: berdez inguraturik, poeten locus amoenus delakoan, hor dago Otegi Euskal Herriarekin ametsetan murgildurik, begiak etorkizun hurbilekoan, biharkoan, galduak dituelarik... Biharkoaz gozatzeko, alta, iduri luke gaurkoa arbuiatu beharra dagoela: zeren kariaz departamenduak aldarrikatu, zertarako koalizioak prestatu, zergatik akordioak lortu? Eskura ditugun tresnekin zer egin dezakegun zertarako galdetu, tresna subiranoak bagenitu zer egin genezakeen hain ongi dakigunean? Zergatik hauteskundeez arduratu, gure helburua -askoz nobleagoa, zalantzarik gabe- hitza herriari ematea denean? Benetako lirika, egiazkoa poesia biharkoan datza. Gaurkoarekin prosa baino ez da egiten ahal, hitsa ez ezik alderdikoia ere baden prosa gainera, gure poeta ameslarien ustetan.

Amestu egin behar da etorkizunarekin, eta biharkorako prestatu. Baina, popular culture aipatuz hasi naizenez, musikalak hain boladan dauden honetan ez da beharbada guztiz lekuz kanpo izanen hona Annie-ren kanta baten hitzak ekartzea: "Tomorrow, tomorrow, you're always a day away". Beti egun bat dugu eskas biharrera iristeko. Bihar, Euskal Herria. Arras ongi, ados. Baina gaur, gustuko izan edo ez, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ditugu: Euskal Herria helburu, horiek ditugu abiapuntu. Euskaldunon hiriburua non kokatu erabaki aitzin, balizko hiriburu horretako biztanleak euskal proiektura erakartzeaz arduratu beharko genuke, bertzeak bertze, aspaldi soberan dauden jarrerak baztertuz. Bide egin baino lehen, politikaren bidezidorretan lokatzez zikindu behar da. Bertzenaz, inoiz erdietsiko dugun planeta bateko hirigintzan arituko ginateke, Saturno Jerusalema eraikitzen.

Iņaki Murua


Pentsatzeko astirik gabe, lubakitik lubakira; lagunak eta etsaiak bereizteko betarik hartu ezinik, denak etsai direla dion bidetik jo eta kito! Arnasa konturatu gabe hartuz, ordu jakinetan, ohikoetan janez eta asteburutan edanez, aurrera goaz denboran, ez beste ezertan. Ez dugu astirik hartzen edo hartu nahi hausnarketarako.

Bankuek eusten diete maitaleen urrumara eztiei eta soin umelei; berrogeita hamar urte amaiezinezkotan bankuek hipotekatuko dituzten maitale horiei. Eta geroxeago, herentziaz hipotekatuko dituzten seme alaba gazteei. Bankuak beti banku!

Abiada bizian goaz, joaz. Bizian abiada, abiada bizian. Bizia bizi, biziegi agian.

Idazleari eta politikariari galdeketa patroi bera egiten diote kazetariek. Hiru kazetari idazle bakarrari tiroka, galderaka. Baina, kazetariak badaki idazlea sortzaile dela, astia eman behar zaiola gauzak ekartzeko, mintzoak barruko mintzoari tira eginez sortzen ari baita elkarrizketa berria, mundu berria. Sekula ordura arte errepikatu ez diren irudiez jantzia. Jantziek soilik uler dezaketen munduaren irudia.

Politikoak, aldiz, hiru kazetari tiroka nahi ditu bere aurrean, galdera galderaren gainean; gauza askori erantzun dien sentsazioa piztu nahi du eta amaieran: hau al zen dena? Ba ez da hain luzea izan!, esanez amaitutzat emango du. Betikoa.

Haurtzarotik ohitu gara horrelaxe. Jostailuak geuk egingo genituela, nola eta zerekin eginā hori guztia pentsatzen eta ondorena amesten hasi ohi ginen. Amaitzerako geurea zen jostailua, maite genuen, harro sentiarazten gintuen gure obrak. Orain, ordea, Olentzerok dakarzkigu jostailuak, sailean. Gehitxo, ongi ezagutu eta gozatzeko, ze gero Erregeetan -atzera narras beti ibiltzen da norbait familian-, beste sail bat iritsiko zaigu eta berehala eskolara. Han geratuko dira jostailuak hautsaren lagun, hauts eginda. Horrela ezin da maitatu ezer eta maitatzen ere ikasi egiten da, edukitzen ohitu bezala.

Azaleko bizitza, azaleko harremanak izaten ikasten dugu eta ohitzen gara ume umetatik, bankuekin izan ezik. Beno, bankuekin ereā larrua jotzea bera azal kontua da. Azala azalaren kontra -edo alde-. Gazteak azalkerian?, helduak azal zaharrak botatzen. Jo ta ke helarazi arte! Edukiz baino kopuruz neurtzen da: nik astean lautan; nik hastean beti, oraingoz!

Lehen maitasun itsua sinatzen zen heriotzak banandu arteko, Jainkoaren izenean. Orain zientzialariek -egungo jainkoek- asmatu berri omen dute dibortzioaren kontrako pilula, desioa eta maitasuna bereizteko astirik gabe bizi garenontzat. Desioa bizi den arte bizi da bikotea edo hirukotea edoā beraz, elika dezagun desioa, esan dute eta egin. Maitasuna ez baitu edozeinek benetan ezagutzen, ezta zientzialariek ere. Laster egutegian markatuko dugu noiz egin dugun azkena larrutan eta tarte handia badago pilula hartu behar dugula argi egongo da. Ez al da tokatuko erremedio horri ere alergia dionik bestelaāeta auskalo zenbat pilula hartu behar dugun: hegazti gripearen aurkakoa, antikontzeptiboa, gosea apaltzekoa, zelulitisarenaā

Lurrari eta bizitzari sustraituta ginduzkan gure baitako zuhaitza zaindu eta mimatzea ahazten ari zaigu edo ez dugu ikasi: urtero inausi, alferrik jaten ari diren adarrak ebaki eta San Joan sutara bota; benetako azala estaltzen dioten goroldioak kendu eta indarrak xahutzen dizkion mihura sortak errotik ebaki, orain ez baitago mihura haziaz elikatuko den karrastarrorik.

Ez dugu astirik gure benetako gu aurkitu, ikertu eta goxatzeko, elikatzeko, sendatzeko. Bere ihesi gabiltza eginahaletan. Bere muttur bat azaltzen zaigun bakoitzean biziari abiada handituz erantzuten diogu. Sentimenduak itto eta kitto. Nortasuna sendotzeko aukera guztiei leihoak itxi.

Horrelako bizitza? Ezta pentsaure!

hemeroteka

2024. zenbakia | 2006-01-22
2023. zenbakia | 2006-01-15
2022. zenbakia | 2006-01-08
2021. zenbakia | 2005-12-25
2020. zenbakia | 2005-12-18
2019. zenbakia | 2005-12-11
2018. zenbakia | 2005-12-04
2015. zenbakia | 2005-11-13
2014. zenbakia | 2005-11-06
2013. zenbakia | 2005-10-30

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan