Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-05 -- 2026.zenb

Onintza Irureta

Helduok lo-orduz kanpo denbora gehien lanean pasatzen dugu. Irakaskuntzan, iritziak iritzi, 25 urtean aurrerapauso handiak eman dira. Irakaskuntzan egindako ahaleginek ostiko ederra jasotzen dute lan mundura heldutakoan. Datu bat besterik ez da, baina esparru sozioekonomikoan euskarak duen indar urria azaltzeko esanguratsua: Euskal Autonomia Erkidegoan, 15 langiletik gorako 6.221 enpresa daude eta horietarik %2k du abian euskararen erabilera-planen bat. Horiez gain, enpresa batzu-batzuek euskararen aldeko neurriak hartu dituzte eta gutxi batzuek sorreratik funtzionatu dute euskaraz.

Esparru sozioekonomikoan euskarak bizi duen egoerari buruz azalpen gehiago eman baino lehen, erreportaje honetan zein lan esparrutaz ariko garen azaltzea komeni zaigu. Lan munduan era guztietako enpresak, ikastetxeak, fundazioak, elkarteak sartzen dira. Erreportajean administrazioa eta eskola albo batera utziko ditugu eta esparru sozioekonomikoaz arituko gara, bi multzo horietan sartzen ez diren enpresetaz, alegia. Esparru hau da handiena.

Alor sozioekonomikoan euskarak duen presentzia datu zehatzekin adieraztea ez da batere erraza, baina egoeraren adierazle interesgarria da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabilera-planak abian jartzeko diru-laguntzak lortzeko egiten dituen deialdi publikoak (Iparraldeko eta Nafarroako Foru Erkidegoko administrazioek ez dute inolako planik. Hala ere, EAEko euskara-planak diseinatzen aritzen diren aholkularitzak Nafarroako enpresa batzuekin ari dira lanean). Esate baterako, 2005eko deialdiari erantzunez diru-laguntza jaso zuten enpresak 119 izan ziren. Lehen esan dugu 15 langiletik gorako 6.221 enpresa daudela EAEn. Euskara-planak eta bestelako proiektuak txertatu dituzten enpresek badituzte ezaugarri zehatz batzuk. Nabarmena da ekonomia sozialaren edo kooperatiben pisu erlatiboa. Edozein izaerako enpresak kontuan hartuta, euskara-planen bat dutenak enpresen %2 dira. Plana duten horien artean herenak kooperatiba izaera du. Kooperatiben munduan gune garrantzitsua da Debagoiena. Bada, Debagoiena da plan gehien dituen eskualdea, hiru hiriburuei aurrea hartuta. Bestalde, euskara-planak enpresa handi eta ertainetan aplikatu dira gehienbat, nahiz eta EAEko enpresa gehienak txikiak diren.


1991ko proiektu pilotua

Enpresetan euskaraz bizitzeko oraindik urrats asko eta asko eman behar dira, baina 2006ko egoera aurreko urteetako ahaleginen ondorioa da. Egindako proba guztiak ez ziren izan egokiak, baina bidea eginez ikasi dute esparru honetan eragiten dutenek. 70eko hamarkadan eman ziren lehen urratsak: euskara eskolak ziren oinarri. Elhuyar Kultur Elkartea (orain Elhuyar Aholkularitza) izan zen aitzindaria 1980ko urteetan laneko euskara irakasten, hau da, euskara eskola arruntak baino euskara espezifikoa irakasten hasi ziren. Ahaleginak ahalegin, lan metodologia sendorik ez zegoen eta gainera, euskara ikasteak edo zekitenek hobetzeak ez zuen erabilera bermatu. Eskola horiek bere hartan ez zuten balio helburuak betetzeko: enpresan euskaraz bizitzea. 80ko hamarkadan baita ere, krisi ekonomikoa etorri zen, eta enpresek bazuten dirua non gastatu euskaran baino. Krisi ekonomikoa, metodo egoki falta, egoera soziopolitikoa... hainbat faktore tarteko urte luzez bere horretan segi zuen lan munduak. 90eko hamarkadan ordea, bultzada kualitatiboa gertatu zen, metodologia lantzea lortu zelako. Proba pilotua Elay enpresan (Antzuola) aplikatu zuten. Elhuyar Kultur Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuten 1991. urtean eta 1992 eta 1997. urteen artean industria arloko lehenengo proiektu pilotua abian jarri zuten. Proiektu honek erakutsi zuen euskararen erabilera areagotzen zela eta gainera, hizkuntza politikaren prozedurak enpresaren kudeaketaren osagai bihurtzen zirela. Elay enpresaren segidakoak izan ziren Arrasateko Ikerlan (Jaurlaritzaren laguntzaz aritu zena), Beasaingo CAF (Elhuyarren bidez) eta Loiuko Arlan (Artez-en laguntzaz). Proiektu horiek garatuta, aldaketa kuantitatiboa zein kualitatiboa nabarmena izan da (ikus infograma). 1996an lau enpresa ari baziren erabilera-planetan murgilduta, 1998an 24 enpresa ziren. 1996an, ez zen ezerezetik sortu Debagoienan Emun lana euskalduntzeko kooperatiba.


Lan mundua euskalduntzeko enpresak

Euskara eguneroko lanean txertatzeko enpresek aholkularitzei laguntza eta aholkua eskatzen diete gehienetan. Euskararen erabilera lan munduan bultzatzeko planak prestatzen aritzen diren bi enpresa garrantzitsu dira Elhuyar Aholkularitza (Usurbil eta Durango) eta Emun (Arrasate eta Andoain). Badira gehiago ere noski, hala nola, Artez, Ahize-AEK eta Siadeco. Elhuyar Kultur Elkartea lau-bost langilerekin hasi zen lan munduan muturra sartzen duela hogei bat urte. 210 inguru proiektu landu ditu (euskara-planak eta bestelakoak) eta 27 bat langile ditu planak aurrera eramateko. Hiru erronka nagusi azpimarratu dizkigu Elhuyar Aholkularitzako Agurtzane Loidik. Lehena, euskararen erabilera gehiago bultzatzea; bigarrena, enpresak euskararen balioaz jabetzea eta hirugarrena, euskara-plana bukatutakoan (hiru edo bost urtekoak izaten dira enpresaren tamainaren arabera), euskararen gaia enpresa bera bakarrik kudeatzeko kapaz izatea lortzea.

Emun 1996an sortu zen eta 60 inguru langileko lan taldeak erabilera normalizatzeko, gaur egun, abian diren planen erdien ardura teknikoa du. Enpresa zehatzetan landu beharreko erronka nagusiak erabilera eta motibazioa direla dio Juan Luis Arexolaleibak. Egoera orokorrean hartuta berriz, Arexolaleibak azpimarratu du kooperatibak ez diren enpresa motetan eragin behar dela eta enpresa txikiagoetara jo behar dela, orain arte enpresa handi eta ertainetan jarri baitira abian euskara-planak. Bestalde, Debagoienan, kooperatiben altzoan, hartu zuenez indarra enpresen euskalduntzeak Gipuzkoan daude planak dituzten enpresa asko. Bizkaian ere indarra hartzen hasi da eta Araban eta Nafarroan ale solte batzuk baino ez daude.


Eika, 600 langileko enpresa

Bizkaiko Lea Artibai eskualdeko Etxebarria herrira hurbildu gara Eika Kooperatiba Elkartea euskalduntze prozesua nola ari den gauzatzen ikusteko. Ainara Aldazabalek egin digu ongietorria, Eikan lanean ari den Emun aholkularitzako teknikariak. Luze eta zabal aritu gara berriketan, 600 langileko enpresa euskalduntzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Ondoren, bulegoetatik ekoizpen gunera hurbildu gara eta han ikusi ditugu langileak gure etxeko labeentzako erresistentziak eta bitrozeramiketako foku irradiatzaileak egiten. Makina eta aparailu artean hasi dira agertzen errotuluak, gehienak euskaraz eta batzuk elebitan. Halako batean Hiztegia jartzen duen koadernoa aurkitu dugu makina baten hormatik zintzilik. Bertan sortutako euskara-gaztelania/gaztelania-euskara hiztegiak 1.900 hitz ditu. Hor ageri dira hagaxka, zurruntasuna, arrabola eta iragazkia. Langileak zerbait idatzi behar duenean hiztegia begiratu besterik ez du eta idazkiren bat ulertzeko gaitasunik ez badu euskaraz baino ez dagoelako, hiztegia alboan du. Paperean eta baita intraneten ere. Bitrozeramika eta hiztegi artean Italiatik ekarritako makina bat ikusi dugu. Pantaila bi hizkuntzetan dago: italieraz (matxuratzen bada langile italiarrak uler dezan) eta euskaraz. Haren alboan ari da lanean Gorosti. Halaxe esan digu berak: "Italieraz ez dakigu eta euskaraz erabili behar. Horixe da onena, euskaraz eta kito. Badira beste bi makina pantailek euskarazko zein gaztelaniazko aukera dutenak eta euskaraz dakitenek ere, ohituraz, gaztelaniazkora jotzen dute". Irantzuri ere egin diogu bisita. Berak eta Ainarak harro erakutsi digute mantentze-lanak gestionatzeko duten euskarazko programa informatikoa. Enpresako martxa guztia kontrolatzen dute programa horren bidez eta makinek matxurak, atzerapenak edo dena-delakoak dituztenean langileek oharrak sartzen dituzte. Ohar horiek erakutsi dizkigu Irantzuk eta ia denak euskaraz daude. Pentsatu segundo batez foku irradiatzaileak egiteko makina baten matxura euskaraz eta idatziz azaltzeko, alfabetatu gabeko langilea nola molda daitekeen... Bada elkar ulertzen dute.

Eika enpresa 2000. urtean hasi zen euskara-plana ezartzen Emunen eskutik eta oraingo egoera hausnartu ondoren, Kontseiluak banatzen duen Guk zerbitzua eta lana euskaraz ziurtagiria lortzea izango dela helburua erabaki dute. Ainarak dioenez errazena egin dute eta hemendik aurrerakoa izango da zailena. Adibide bat jarri digu: Eikako 600 langiletik %83 euskal hiztuna da eta enpresa barneko ahozko erabilera informala %53koa. Erabilera formala are eta baxuagoa. Ahozko erabilera areagotzea da helburuetako bat, baina badituzte gehiago, esate baterako, euskararen instituzionalizazioa. Hau da, enpresako zenbait kideren borondatean oinarritutako gaia enpresako beste edozein gai izatera heltzea. Euskara batzordean esaterako, kontseilu errektoreko eta kontseilu sozialeko ordezkari bana, enpresako bi sailetako langile bana eta hiru zuzendari (gerentea, pertsonaleko zuzendaria eta kalitateko zuzendaria eta era berean lehendakaria eta euskara-planaren koordinatzailea dena) daude.

600 langileko enpresak helburua nolanahikoa jarri ez badu ere horretan segiko du urratsez urrats eta enpresa euskalduntzea ahalegin nekagarriegia izan ez dadin, ekainaren 16an Euskararen Eguna ospatuko dute azken bi urteetan egin duten bezala. Oraingoan Lealde eta Fagor Arrasate enpresak ere gonbidatu dituzte, bakarrik baino elkarren babesean euskararen bidea samurragoa delakoan.


Tolosako Panelfisa enpresari bisita

Torlojuak egiten dituzten Tolosako enpresan 77 langile inguru ari dira lanean. 2000. urtean hasi ziren euskara-plana ezartzen Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz. Lau urte eta gero bakarrik jarraitzea erabaki zuen enpresak euskalduntze prozesuan eta orduz geroztik Elhuyarri urteko ikuskaritza baino ez dio eskatzen. Eneritz Arkauzek eman digu enpresako berri, euskara alorraren koordinatzaileak.

2000. urtean hizkuntza paisaia (errotulazioak-eta) erabat gaztelaniaz zuten eta baita idatzizko guztia ere. Ehunka errotulu euskaratu dituzte eta baita idatziak euskaraz edo bi hizkuntzetan jarri ere. Langile gehienak inguruko herrietakoak dira, euskal hiztunak, eta Eneritzek dioenez, dakitenek euskaraz egiten dute. Duela urte batzuk langile asko hasi ziren euskara eskolak ematen, baina Eneritzek aitortu digu oso garestia zela. Orain, irizpideak jarrita dituzte euskara eskolak nork jaso erabakitzeko. Lanpostu giltzarriak deitutakoak dituzte eta lanpostu hori dutenek euskara jakitea nahi du enpresak. Langile horiek dira euskara eskolak jasotzen segitzen duten bakarrak. Batzuk ikasten dute eta beste batzuek ez. Ikasten ez dutenekin zeregin handirik ez dute, baina jende berria kontratatzeko irizpidea ezarri dute: bi curriculum antzeko badituzte euskaraduna hartuko dute eta ez badaki eta lanpostu giltzarria izango badu, kontratuan ezarria izango du lanean ari den bitartean, enpresaren kontura ikasi beharko duela euskara.

Eneritzek dio diru-laguntza gutxiegi jasotzen dutela eta euskara eskolak garestiak baziren, programa informatikoak ez dira atzean geratzen. Bestalde, euskara batzordeko kide izateak ere lana eta denbora eskatzen duela aitortu du eta kide horien denbora hori ere nolabait ordaindu beharko litzatekeela uste du. Euskalduntzeko iniziatiba enpresako kontseilu sozialak (langileen ordezkariek) hartu zuen, baina Eneritzek azpimarratu digu orain euskara batzordean kontseilu sozialak eta zuzendaritzak hartzen dutela parte eta hasiera-hasieratik zuzendaritzak bultzada eman diola euskarari.

Ziurtagiria izatearen garrantziaz galdetu diogu eta Panelfisak ez duela ezertarako behar adierazi digu ia bezero guztiak atzerrikoak direlako. Euskara ez dute nahi kanpora begira jarduteko, eguneroko lanean, torlojuak egiterakoan ere, euskaraz aritzeko baizik.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan