Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-05 -- 2026.zenb

2005ean makina erreminta errekuperatu egin da

Daniel Udalaitz

Martxoaren 6tik 12ra burutuko da Barakaldoko BEC Bilbao Exhibition Centren Makina Erremintaren 24. Bienala, Euskal Herrian egiten den feriarik garrantzikoena eta Europako handietan hirugarrena dena. Espainiaren kasuan, sektoreko enpresen %90 gure herrialdean daude. Feria munduko erakusleihoa izango da, eta planetako arlo produktibo garrantzizkoenetako milaka profesionalen etorrera espero da. Sektore horrek, izatez oso esportatzailea eta euskal ekonomiarentzat arras ardurakoa denak, esportazioak zertxobait ugarituta itxi du 2005eko ekitaldia.


Erakustazoken Nazioarteko Bilboko Feria berriak hartuko du Makina Erremintaren 24. Bienala, hau da BEC Bilbao Exhibition Centre ponte-izenez bataiatu duten behialako Altos Hornos de Vizcaya enpresaren Ansioko lur-sailetan goratu duten zentroak. Nazioarteko feria hori bi urtez behin egiten da Bizkaian, eta, aurtengoa martxoaren 6tik 12ra bitartean izango denez gero, usadiozko egunak bereganatuko ditu berriro. Munduko agertokia izango da sektorearentzat, zeinek Euskal Herrian baitauzka Espainiako Estatuko enpresa gehienak. Txosten hau bukatzen ari ginenerako, nazioarteko 1.400 enpresa baino gehiago zeuden ferian inskribatuak: 610 stand hartzen dituzte guztira, herrialde bakoitzeko onena eta modernoena erakusgai izateko.

Azken bi urteekin alderatuta sektoreak 2005ean izan duen errekuperazioaren erdian burutuko da bienala. Azken orduko datu global ofizialen arabera, makina erremintaren ekoizpenak %11,8 egin zuen gora 2005ean eta ondorioz 918 milioi eurotan kokatu zen. Eskabide berrien kaptazioa %7 inguru igo zen. Esportazioak %19,9 handitu ziren, barne merkatuko salmentak %3,3ko hazkunde apala izan zuten bitartean. Aurrerago jaso ditugun datuak 2005eko lehen zortzi hilabeteei dagozkie.


Kanpora proiektatzeko plataforma

Bienalak Bizkaiko feria-leku moderno horretako sei pabilioi nagusiak hartuko ditu, eta honela banatuko dira erakustokiak: 1. pabilioian, arrankeko makinak ipiniko dituzte; 2. pabilioian, arrankeko makinak eta metrologia; 3. pabilioian, CAD, CAM, CAE eta arrankeko makinak; 4. pabilioian, makina erremintentzako osagarriak eta erremintak; 5. pabilioian, deformazioaren bidezko makinak, laserraren bidezko ebakia eta markaketa; 6. pabilioian, automatizazioa, hidraulika, manipulazioa eta robotika, pneumatika, soldadura eta beste makina batzuk.

Esan bezala, kanpora proiektatzeko plataforma eta aurrerapen teknologiko handienen erakustokia da nazioarteko feria hori, eta anitz sektore produktiboetako profesionalak hartzen ditu. Hona hemen nabarmentzekoak diren sektore batzuk: automozioko fabrikazioa, automobilaren lagungarriak, burdinbideetako materiala, makinak eta ekipamendu mekanikoa, makinak eta material elektrikoa, trokelgintza, erreminten fabrikazioa, etxetresna elektrikoak eta mekanizazioko eta galdaragintzako tailerra.


Sektore arras esportatzailea

Makina erremintaren sektorea oso esportatzailea da, eta funtsezkoa euskal ekonomiaren barruan: krisi gogorra egokitu zaio azkeneko hamarkadan, eta horretatik ehunka enpleguren galera eta enpresa-kontzentrazio handiagoa segitu da. Egungo egunean, munduko merkatuan tartea egiteko, etengabe aritu beharra dauka lehian beste herrialde batzuekin, hala nola Txinarekin, Taiwanekin, Japonekin, Korearekin, Alemaniarekin, Suitzarekin eta Erresuma Batuarekin. Azken urteetako datu ofizialen arabera, bere lekuari eusten ari zaio. 2005. urteko ekitaldiari buruzko datu ofizialak argitara eman ez diren arren, jakina da, ez ofizialki, aurreko ekitaldikoak baino hobeak izan daitezkeela, zeren 2004ko emaitza gainditu egin baita esportazioan -sektore horretako kapitulu funtsezkoenean-.

Hala dirudi behintzat AFM erakundeak eta Aduanen eta Zerga Berezien Departamentuak 2005eko ekitaldiko lehen zortzi hilabeteei buruz kaleratu dituzten datu ofizialen arabera. Aldi horretan, 283,5 milioi euro esportatu ziren, eta 14,1ekoa izan zen urtetik urterako hazkundea. Kilogramoko batez besteko prezioak, berriz, %5,7ko igoera izan zuen, 8,7tik 9,2ra heldu baitzen. Bezeroetan, honako herrialde hauek izan ziren nagusi: Alemania (46 milioi euro, guztiaren %16,2), Frantzia (32,8 eta %11,6), Italia (23,7 eta %8,4) eta Mexiko (22,8 eta %8). Inportazioek 294,3 milioi euroko zenbatekoa egin zuten: 2004an baino %6 gehiago. Kilogramoko prezioa, aldiz, %10,4 beheratu zen (11,5 eurotik 10,3 eurora). Hornitzaileen rankinga honela geratu zen: Italia (74,4 milioi euro, guztiaren %25,3), Alemania (69,7 eta %23,7), Japon (32,7 eta %11,1) eta Suitza (22,7 eta %7,7).

Beste adierazle bat ere -eskabideen kaptazioa- positiboa izan da. Espainiako Estatuko makina erreminten fabrikatzaileen eskabideen kaptazioa Italiakoena baino altuxeagoa izan da 2005eko ekitaldian. AFMren urtarriletik urrira bitarteko datuek %3,5eko goratzea erakusten dute kaptazioan: antzeko bilakaera izan da arrankean eta deformazioan; barruko merkatuko eskabideetan, aldiz, beheratze txiki bat gertatu da.


Nazioarteko testuingurua da kezka

Kontuak kontu, nazioarteko testuingurua kezka nabarmena da sektoreko arduradunentzat, ondoz ondoko gorabehera hauek tarteko: Asiaren ernetze industriala -Txinarena bereziki-, euroaren balio altua dolarrari buruz, inflazioaren diferentziala Europako herrialdeei buruz eta lehengaien garestitzea. Hori guztia kontuan izanda, 2005-2010 Plan Estrategikoa landu dute, enpresen konpetibitate-galera gerarazten saiatzeko hainbat neurri markatzeko. Neurrien artean agertzen da, besteak beste, taldeak sortuz edo kooperazio puntualen bidez enpresen tamaina handitzeko beharra, azken jomuga delarik prezioetan edo logistikan abantaila handiagoak izatea.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan