Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-02-05 -- 2026.zenb

18/98 eta talante berria

Patxi Azparren

Aznar Madrilgo Gobernuko burua izan den urteetan Espainiako Estatuaren inboluzioa jasan behar izan genuen. 1936ko gerraren irabazleen oinordekoak izanik; Aznarrek eta PPk garai haietako hainbat jokabide berreskuratu nahi izan zuten. Azores Uharteetako lagunekin bat, PPkoek, XXI. mendeko totalitarismo berrien lehendabiziko saiakera egin zuten. Totalitarismo mota berri hauek, tresna berriez, betiko helburuak lortu nahi dituzte, hots, pentsaeraren uniformizazioa, botere militarraren berrindartzea, erabateko kontrol sozio-ekonomikoa, botereen banaketarekin amaitzea...

Euskal Herriari dagokionez, jarduera honetan zenbait kazetari eta epaile megalomanoen laguntza ukan zuten. Izan ere, estrategia berean Estatuaren hiru botereak eta laugarren boterea, prentsa, eta euren atal guztien eszenografia koordinatu zituzten helburu jakin batekin: euskal abertzaletasunaren eta euskal disidentzia osoaren kriminalizazioa.

Tsunami horretan bi egunkari itxi, dozenaka elkarte ikertu, eraso eta ehunka euskal herritar espetxetik pasarazi gintuzten. Euskal Herriko eragile sozio-politikoak berriz, ez ginen herri-estrategia bat adosteko gai izan eta gehienek ez zuten erasoaren neurria eta xedea ulertu nahi izan. Bakoitza bere surf-oholaren gainean tsunamiaren olatuen gainetik bere burua salbatzen saiatu zen. Beste batzuk aldiz, ohi bezala, kaian geratu ziren besteen arrantza prezio onean saltzeko zain.

Aznarren agintea bukatu da, hala ere, bere aroan landatutako sasiak jarraitzen du eta, besteak beste, sumario guztien erroa den 18/98 sumarioa epaiketa hasi da, askok sinetsi nahi ez bazuten ere.

Moncloara gobernu berria iritsi da. Talante berria omen dabil bazter horietatik. Hala eta guztiz ere, aurreko agintaldian erabakitako hainbat bidegabekeria indarrean dago, PSOEk ez baitu egin keinurik txikiena bertan behera gera zitezen.

Ez daukat zalantzarik, Zapatero eta Aznar zeharo desberdinak dira. Aznarrek etekin politikoak lortzeko giza sarraskiak erabiltzeko eragozpenik ez zeukan. Garaipen politiko, militarra eta "espirituala" eskuratu eta aurkeztu nahi zuen-eta. Zapaterok, berriz, bestelako dominak zintzilikatu behar ditu agintean jarraitzeko.

Baina beldur naiz Euskal Herrian zenbait sektoretan erabateko aldaketa eman dela sinetsi nahi dutela eta horrek Espainiako Auzitegi Nazionalean burutzen ari diren epaiketetan isla izan duelakoan nago. Ez baita orain arte egoerak eskatzen duen moduko erantzunik eman. Benetan iragana atzean uzteko asmoa balute, dagoeneko ehunka lagunen giza eskubideak zapaltzen dituzten sumarioek artxibaturik egon beharko lukete. Tamalez, PSOEk ere, epaitegiak gatazka politikoan erabiltzearen aldeko hautua egin du, PPren ondare preziatua bailitzan.

Ez dut kontrakorik esango, nik ere Zapateroren agintaldiak gatazkaren adierazpen bortitz orori bukaera emateko izan behar duela uste dut. Bortxarik gabeko joko-zelaia behar dugu, batzuen eta besteen giza-eskubideak errespeta daitezen, herri honek aurrera egin ahal izan dezan. Baina honek ez du dena bideratuta dagoela edota bidegabekeriak bukatu direla esan nahi.

Madrilen epaitzen ari diren herrikideek, onik eta aske ateratzeko, gu guztion laguntza beharko dute: laguntza ekonomikoa, soziala eta afektiboa. Eta euskal herritarron nazio, kultur, zibil eta politiko eskubideak behingoz bermaturik gera daitezen gure marko juridiko-politiko burujabea osatu beharko dugu.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan