Espainiako Konstituzioa egin zutenek, sableen beldur baitziren, sablearen gainean eraiki zuten Espainiari bakea ekarriko omen zion etxea. Eta inolako eztabaidarik gabe sartu omen zuten zortzigarren artikulua.
Imanol Murua Uriak horri buruzko Jordi Solé Turaren memorietako pasadizo bat dakar bere blogean:
"Jordi Sole Turak bere memoriatan idatzi omen zuen (Una Historia Optimista. Memorias) Espainiako Konstituzioaren ditxosozko 8. artikulua, hitzez hitz, izenik gabeko gutunazal itxi batean iritsi zitzaiela Konstituzioa proiektua idazten ari ziren zazpi ponenteei. Militarren enkarguak egin ohi zituenak eraman zien. Denak isildu, eta halaxe onartu omen zen artikulua -badaezpada ere, liburua ez dudala eskuratu eta entzutez ari naizela aitortuko dizuet, irakurri duen inork kontakizuna baieztatuko didan esperantzan-. Sole Turarekin batera Konstituzioa idatzi zuten beste sei ponenteetako inork ez omen du honen bertsioa gezurtatu".
Niri, berriz, beste liburu bateko pasartea etorri zitzaidan gogora Mena jeneralak ahoa zabaldu eta sable hotsak irten zitzaizkionean espainiartasunaren zintzurretik. Hala kontatzen du Ronald Frasek-ek bere Blood of Spain (Odol-sarraskia Espainian) liburuan Espainiako gerra zibilean gertatu omen zen anekdota bitxi bat:
CNTekoak eta komunistak arma kargamentu baten jabetza eztabaidatzen ari dira: "Kargamentu osoa emango diat, baldin komunista egiten bahaiz", dio komunisten buruak. "Nahiago hil, komunista baino", anarkisten ordezkariak. Eztabaidak ez du amaiera izateko trazarik, baina halako batean telefonoa hoska hasi da. Koronel zenetistak hartu du. Beste aldekoak eman dion albisteak latza behar du izan, aurpegiko koloreak mudatzen ari baitzaizkio, gero eta estuagoak ditu hortzak. Deia amaitutakoan, ukabilkada bat eman du mahai gainean: "Etsaiek armen almazen osoa harrapatu ditek gu eztabaidan ari ginen bitartean!".
Batzuk eta besteak Kataluniako Estatutuaren inguruko eztabaida askotan antzuekin entretenituta zebiltzan bitartean, esperantzen almazen osoa galtzeko beldurra piztu du Mena jeneralak. Bitartean, mahaiaren alde bateko eta besteko negoziatzaileek ez dute itxura galtzen, karta onak dituztela erakusten saiatzen ari dira. Batzuei eta besteei ez ahal zaie, behintzat, Sagastak esaten zuena gertatuko:
"Joan, bagoazak. Ez zekiat norantz, baina edozein tokitara goazelarik ere, seguru nagok bidea galduko dugula".
Tirano
"Tiranok hegazkineko eskailerak igo zituen; orkestra militar bat herri hartako himno nazionala jotzen ari zen: jeneralak, ministroak eta bankeroak, malkoak begietan, Tirano agurtzen ari ziren.
Tiranok azkeneko aldiz begiratu zien jeneral, ministro eta bankariei. Urrutirago, aireportuaren inguruko zelaietan tiroak, oihuak, milaka hildako; atzean, oihana, seguru asko hildako gehiagorekin. Tiranok ere malkoak zituen begietan, bere aberriari zenbat eman zion eta zein gutxi eskertu zioten negar eginez.
Musika amaitu zenean, Tiranok azkeneko aldiz hitz egin nahi izan zien bere jarraitzaileei. Hanka-puntetan jarri, ahotsa loditu, eta bota zuen:
-Ahal duenak, salba dezala larrua!- eta Tiranok hegazkineko eskailerak korrika igo, hegazkinean sartu eta atea itxi zuen bere atzean".
Baina Mena jeneralarena ikusita, hona René Avilés-en ipuin laburraren bukaerak iradokitzen didan mendekuzko bariazio xumea:
"Musika amaitu zenean, Tiranok azkeneko aldiz hitz egin nahi izan zien bere jarraitzaileei. Hanka-puntetan jarri, ahotsa loditu, eta bota zuen:
-Ahal duenak, salba dezala larrua!- eta Tiranok hegazkineko eskailerak korrika igo, eta pauso bat eman zuen hegazkinean sartzeko. Ordurako, ordea, hegazkina aspaldi joana zen.
Senez eta berez
Ezerezaren kontra
Zentsuraz
Eta horren aurrean, gu. Geure baitara bilduta, geure buruari eragiten diogun zentsura. Kritika desagerrarazten duen zentsura hori. Etxeko itoginak ez seinalatzeko konpromiso isilpeko hori, nahiz eta bustitzen ari garen...
Beleen usoak harrapatzeko amarrua da zentsura, Juvenalek esana. Denok geure baitan bizi dugun belearen eta usoaren arteko lehian usoa nahi genuke garaile. Idaztea bera ere talaia horretatik begira daiteke: zentsurarekin jokatzen dugun lehiatzat. Geure buruak zentsuratzen ditugu honako esaldi honek inor mindu ez dezan, horko baieztapenak arazoak ekarriko dizkidalako, hango irudiarekin lagunen bat galduko nukeelako... Denok gara geure buruen zentsore, denok bridatzen dugu buruan genuenaren mingainerainoko bidea...
Ai, pentsamenduak kristalezkoak bagenitu, maite gaituztenek eta gorroto digutenek gardentasun osoz ikusiko balituzte ditugun zalantzak! Gure kezkak eta miseriak biluzik ageriko balira!
Letrak eta zifrak
Adiskide, letren hizkuntza eta zifren hizkuntza ez datozkizu sekula bat. Areago: zifren hizkuntzak letren hizkuntzan dauden pitzadura, kontraesan, hutsune eta gezurrak sala liezazkizuke. Letrak oso inportanteak direla diozu, baina gin-toniketan gastatzen dituzu sosak. "Euskara bihotzean baina erdara ezpainetan" darabilen gizarte batean bizi baitzara, zifren hizkuntza utilitaristak salatzen zaitu zure bizitzaren zirkin guztietatik. Gustatu egiten zaizu esatea letren hizkuntza gero eta eraginkorragoa praktikatu eta huraxe eraman nahi zenukeela bazter guztietara, baina zenbakien hizkuntza hotzaren ezetza gailentzen zaie urtero zure aurrekontuei.
Hargatik atzo eta haatik gaur, letren hizkuntza etereoa zifren hizkuntza zehatzaren mende jartzen baituzu beti, zure patrika eta zure praktika berdintzen segituko duzu: ez dute letra ziztrin batzuen aldea besterik.
Paris-Dakar
Ipurdia dolarrekin garbitzen hastea falta zaigu.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa