Astekaria

 Ihesi 

Ihesi: Zizurkil (Gipuzkoa), historiaren zelaia

Estitxu Eizagirre

Estitxu Eizagirre


2025. alea
2006-01-29
alde 0    kontra 0

N-1 errepidea hartuko dugu eta Villabonarantz aterata, Villabonara iritsi aurreko errotondan Asteasurantz hartuko dugu. Zizurkil Behera iritsi baino lehen, eskuinera Zizurkil Goikorako bidea dugu, GI3282 errepidea alegia. Berehala gara Pedro Mari Otaño plazan. Autoa han aparkatu eta merezi du herriari begiratu bat emateak. San Millan elizako egurrezko ataria aterpe ezin hobea eta frontoi originala da. Bere ezkerraldera San Millan jauregia dugu. Eta Teodoro Hernandorena bertsozalearen kalean barrena, udaletxera iritsiko gara, erabaki gogorretarako dema-plaza aurrean duela.

Berriz plazara jo dugu gaurko itzuliari ekiteko. Zarateko ibilbidea deituriko PR-Gi117 da egingo duguna, beraz, bide osoan marka txuri-horiak izango ditugu gidari. 12 kilometro eta erdiko luzera eta 275 metroko desnibela duen bidea 4 orduan egingo dugu. Asfaltoa maiz zanpatuko dugu, beraz, lehorraldian joanez gero merezi du oinetako arinak eramatea.

Zarate bidean gora bentaraino

Eliza atzetik, Abeletxe jatetxerantz doan bidea hartuko dugu. Jatetxerako bidegurutzean gora jarraituko dugu, bideari eutsiz. Bertatik bailararen ikuspegi ezin hobea dugu. Zabaldu eta gozatu begiak. Bideak Azkarate baserrira ikusgarrira eramango gaitu, eta pista bukatu denez, harri txintxar bideari ekingo diogu.

Pinu artean goaz Erramu Haitzaren magalean. Iturria pasa eta arranoa buru gainean bueltaka dugula, Zarateko Bentarako igoerari eutsi diogu. Bidegurutzean ezkerrera hartuko dugu, markek agindugako eran, eskuinera porlan pista eta Olentzoetxeberri baserria utziz.

Trikuharrira

Zarateko Benta jo eta atariko bankuan eseri gara, lehertu beharrean. Aurrean duen 1.153 kiloko probarriari beste egunen batean heldu beharko diogu. Zarateko Haitza-ri (487 metro) ere desafio ederrak bota bai, baina ez dugu zapalduko.

Koloreak bere onera etortzean eskuineko mendi bidea hartuko dugu, marka txuri-gorriak dituena. Igo izanaz poztuko gara, paisaia ikusita: Getariako herria, eta itsasotan igeri arratoia ageri dira-eta!

Ataka igaro eta zelaia zeharkatu ostean, beste ataka pasako dugu, ixtea ahaztu gabe. Berehala pistara irtengo gara, Zarateko Bentara igotzerakoan eskuinera utzi dugun pista horretara alegia, baina goragoko puntura. Zizurkilerako 7,5 kilometro falta zaizkigula gogoraraziko digu bide seinaleak, eta berriro marka txuri-horiei jarraituko diegu. Hainbat bidegurutzeren ondoren, Zarateko Benta izeneko lepora iritsita, bidearen ezkerrera ongi seinalaturik trikuharriari egingo diogu bisita.

Basapota atsedenlekua

Jada malda behera goaz, harri kozkorrek trabatzen diguten lur gorritan. Adunako lurretan sartuta, Basapotako atsedenlekura iritsiko gara. Mahaiak eta soildutako zuhaitzen abaroak are atseginago egingo digu hamaiketakoa.

Utzitako bideari eutsiz, maldan behera bidegurutzera iritsiko gara. Bideseinaleak markatzen digunez, eskuinera hartuko dugu, ezkerreko bideak Aduna herrira eramango gintuzke-eta.

Maldan behera, marka txuri-horiei jarraiki eta hainbat bidegurutzeren ondoren, Pagoa baserrira iritsiko gara. Berehala Antsibar erreka zeharkatuko dugu zubitxo bati esker eta Saizar eta Iraola baserrietara igoko gara. Handik San Mikel baselizara aterako gara, GI-3281 errepidera. Errepidean gora berriro iritsiko gara Zizurkilgo Pedro Mari Otaño plazara.

Etxerakoan, Villabonaranzko bidegurutzera iritsi baino lehentxeago, Beibategi sagardotegiaren ondoan duzue Errekalde baserria, Pedro Mari Otañoren jaiotetxea.

Pedro Mari Otaño


Pedro Mari Otaño Barriola Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen 1857ko hilbeltzaren 26an. 1891n Donostian ezkondu eta bertan jarri zen bizitzen. 1895ean idatzi zuen Zerbait liburua da bertsolari batek bizi zela argitaratutako lehenengoa. Hirutan joan zen Argentinara eta panpan artzain eta Buenos Airesen euskara irakasle aritu zen. Herriminaren minez, bertsootan hezurrak Euskal Herrian uzteko nahia adierazi bazuen ere, 1910eko lorailaren 5ean Argentinako Santa Fe probintziako Rosario hirian hil zen.



1) Euskal-Erriko lur maite artan

jaio nintzan baserriyan,

itzal aundiko intxaur arbol bat

dago gure atariyan;

aren ondotik iretan da noiznai

maldako gaztañariyan,

edo sagarrik onenak jaten

luberriko sagastiyan,

arbol tartian bizitu nintzan

gazte denbora guztiyan.



2) Denak utzi ta etorri nintzan,

lur au ikusi nai nuan!

Aritz tantaiak, pago lerdenak

nola ez izan goguan!

Oraiñ artzantzan Ameriketan

arrantxo baten onduan,

eguna pasa larrian eta

jiratzen naizen orduan,

nere begiyak gozatzen dira

aldameneko ombuan.



3) Ainbesteraño tristetutzen naiz

eremu zabal oietan,

arbolak, mendi eta errekak

falta diran zelaietan,

non etorri ta eseritzean

ombutzar onen zañetan,

edo igo ta osto tartian

bere adar bikañetan,

ene, amatxo! nik nola esan

zenbat gozatutzen detan!



4) Txabol ondoko ombu laztana,

maitatzen zaitut gogotik,

eta biyotza erdibitzen zait

joatian zure ondotik

nere burura ekartzen dezun

oroimen gozuagatik

zure itxura ikusi nai det,

ez dizut eskatzen frutik

ni emen bizi naizen artian,

arren, egon zaite zutik!



5) Nere lagunik maitatuena,

ombu laztana, zu zera,

argatik nator zure kolkora

ni malkuak isurtzera,

iduriturik naramazula

atariko intxaurpera...

Beti izango zaitut goguan,

bañan joan nai det ostera

Euskal-lurreko arbolpe artan

nere ezurrak uztera.



Bertsook 1900. urtean Buenos Airesko La Vasconia aldizkariaren 234 zenbakian argitaratu ziren lehenik.


San Millan: Ahaide Nagusien leinua eta bere eliza


San Millan Ahaide Nagusien leinua zen, Erdi Aroko gizartean hainbat pribilegio zituena. Ahaide Nagusiak babesa ematen zien bere menpekoei, hainbat zerbitzuren ordainetan. Leinu hau Oinaz zein Ganboatarren alde aritu zen, garaiaren arabera. Eta litekeena da Nafarroako mugan eskainitako zerbitzuengatik Gaztelako errege-erreginek eliza sari eman izana.



Horrela, San Millango elizaren eta familiaren artean harreman zuzena egon zen: eliza eta San Millango orube-etxea elkarrengandik oso hurbil daude eta eliza eraikitzeko dirua jarri zuten etxeko nagusiek. Gainera nagusiek elizaren jurisdikzio espiritualaren barruan zeuden baserrietako hamarrenak jasotzeko eskubidea zuten eta elizako nagusiak eurak zirenez, erretore kargua eurek aukeratzen zuten: Familiako urrutiko kideak eta harreman zuzena zeukatenak jartzen zituzten erretore, herriko erlijio-buru nagusia San Millandarren estrategiekin bat etortzea ziurtatuz.



Elizaren izena bera ere bitxia da, Gipuzkoako lau parrokia bakarrik eskaini baizaizkio San Millani. Eta eliza honek izan zuen garrantziaren erakusle da, bere izena hartu zuela 1350. urtean korriedoak ûalegia, eliza-zerga ordaintzeko bat egindako eliza multzoakû, Sanctus Milianus, alegia. Korriedo honetan ondoko herriak sartzen ziren: Anoeta, Hernialde, Irura, Amasa-Villabona, Alkiza, Larraul, Asteasu, Aduna, Sorabilla, Andoain, Urnieta, Astigarraga eta Zizurkil.


XVI. mendean hasi zen Ahaide Nagusien boterea ahultzen: Zizurkil herriko komunitateak etengabeko liskarrak izan zituen leinu honekin, eta pixkanaka komunitateak gero eta indar handiagoa hartuko zuen, leinuek ordura arteko pribilegioak galduko dituzten bitartean. Hona liskarrerako motibo izan zirenak: Elizako apaiza aukeratzeko eskubidea; San Millandarrek komunalak ziren lurrak saldu nahi izatea; Hilobiak hustu izana ere leporatu zieten, eta Ahaide Nagusiek eliza bere lurretan eraikia zela eta bere baimenik gabe ezingo zitzaiola inori han lur eman erantzun zuten. Edo 1601eko herriko festetan herritarrak plazan dantzan ari zirela, San Millandarrek musikarien instrumentuak hautsi zituzten, plaza hura eurena zela esanez, eta dantza egiteko baimena eskatu behar zitzaiela exigituz. Baina herritarrekiko liskarrekin batera, ondasunen banaketak familian sortu zuen liskarrak ahuldu zuen familia.



Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2024
 
azala2023

2025 zenbakia.
2006ko urtarrilaren 29a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan

Ale berean...

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia