Adin jakin bateko emakumeentzat da Ninafar, menopausia dutenentzako. Bizitzako garai horretan eta obulutegietan hormona ekoizpenaren maila jaisten denean, emakumearen bagina lehortzen da eta mukosa galtzen hasten da. Odola beste organo batzuetara joaten da. Ninafarrek baginako zirkulazioa suspertzen du. Ninafar produktu naturala da, l-arginina daramana. Elikadura-osagarri bat, azken batean.
Aurkeztu zenetik ia urte erdi pasatu den arren, oraindik ez da horren ezaguna sexologoen artean. Hirusta Kolektiboko Kotte Susperregik, adibidez, entzun gabe zeukan. "Viagra femeninoa" bazela entzunda zeukan, baina Ninafarren berririk ez orain gutxi arte. "Hainbat emakumeren iritzia jaso dut Interneten eta denak oso pozik daude. Badu alde positiboa. Hainbat emakumeri beraien bizitza sexuala pixka bat aktibatzen laguntzen badie ondo dago", diosku berak. Hala ere, beste aukera bat ere badago bere ustez: "Beharbada daukagun heziketa hau aldatzea. Askotan harremanak di-dakoak izaten dira. Ez digute erakusten horretan denbora hartu behar denik. Bakoitzaren borroka da. Denbora hartu behar da. Lasai hartu behar da. Hala balitz ez viagra, ez Ninafar eta ez ezer. Ez genuke ezer beharko." Agurtzane Ormatza Bakioko sexologoaren esanetan hodi zabaltzaileak edo basodilatadoreak lehenago ere egon dira merkatuan. Hori bai, beste izen baten azpian eta belar dendetan, ez farmazietan.
Eszitazioa izan zein desioa izan, orain artean emakumearen erantzun sexuala ez da askorik aztertu. Lehenengo azterketa 50eko hamarkada inguruan egin zuten Master eta Jonshon estatubatuarrek. Sexologoak ziren biak, terapeutak. Ikuspegi biologikotik egin zuten azterketa. Ormatzak kontatzen duenez, "jendea txortan eta masturbatzen jarri zuten". Helburua benetan euren erantzun sexuala zein zen jakitea zen, "edo hobeto esanda, euren erantzun orgasmikoa. Psikologia edo sexologia aldetik ez zen horrenbeste aztertu". Gizonezkoen erantzun sexuala eta emakumezkoena bereizi zituzten bi sexologoek. Hori baino lehenago ez zen ezer egin. Lehenago normala zen emakumeak plazerrik ez sentitzea. Azterketa horien ostean emakumea orgasmikoa ez, multiorgasmikoa zela ondorioztatu zuten. Gizonezko erantzun sexuala gehiago aztertu izan da, hala ere. Baina zergatik? "Gizarte matxistaren beste ondorio bat" da Susperregiren iritziz. Ormatzaren esanetan ez da hori bakarrik: "Emakumeen erantzuna askoz ere konplexuagoa delako. Gizonezkoena aztertzea eta bideratzea errazagoa denez... ".
70eko hamarkada inguruan Helen Singer Kaplan izeneko sexologoak batez ere emakumeen erantzun sexuala aztertu zuen. Hor beste aldagai batzuk ere agertu ziren. Desioa aipatu zuen Kaplanek eszitazioaren aurretik. Ormatzaren ustez "desioa denongan da oso inportantea, baina emakumeengan ardatza da edo ardatzetako bat". Harrezkero gutxi egin da. Ordukoak dirau orain ere.
Aipatutako azterketak ikusi eta beste proposamen bat dakar Ormatzak. Kiribil edo bukle erotikoa deitzen diote beraiek eta ez erantzun sexuala. Kiribil horretan lau aldagai aipatzen dituzte: "Desioa, eszitazioa, gogobetetzea eta ebaluazioa. Hori ez da momentu jakin batean hasten. Desioa edozein momentutan joan daiteke. Era berean, denbora osoan gabiltza ebaluatzen edo neurtzen". Biografia sexuala ere oso garrantzitsua da Ormatzaren ustez, baina zer sartzen da biografia sexual horretan? "Sexuduna naizen heinean nola neska egin naizen edo mutila, zelan garatzen den gure sexualitatea, biografia erotikoa eta sozializazio sexuala". Bere esanetan horrek denak dakar momentu horretan pertsona horrekin modu batean edo bestean egotea. Gainera, kontuan hartu behar dugu "besteak ere motxila hori daramala bizkarrean".
Gizonezkoen parametrotan
Gizonezkoen erantzun sexuala eta emakumezkoena desberdindu zituzten Master eta Jonshonek. Oraindik ere ezberdintasun hori egiten da, baina zein alde dago bada bien artean? "Beste kultura batzuetan gizona ere multiorgasmikoa dela esaten dute" dio Susperregik. "Hemen sinesgaitza egiten zaigu". Egindako azterketen arabera, gizonek denbora bat behar dute eiakulatu ostean beste erekzio bat edukitzeko. Emakumeak, berriz, eszitazio prosezuaren gorenean luzaroan egon daitezke eta orgasmo asko eduki. Multiorgasmikoak dira horregatik. "Batzuek orgasmo æmaskulinoagoakÆ izaten ditugu eta beste batzuek txikiagoak" diosku Ormatzak, "baina hainbat eta behin baino gehiagotan. Hori gure potentziala da". Orain arteko azterketek diotenaren arabera hori, baina Susperregiren iritziz, ez du zertan horrela izan. Orgasmiko edo multiorgasmiko izateaz gain, beste ezberdintasun bat ere aipatzen da: "Emakumeon kasuan edozein momentutan, orgasmoa heltzen denean ere, blokeatu ahal da. Gizonen kasuan tarte bat dago, saihestuezinezko tartea deitzen dena. Tarte horretara arte eszitazioarekin jolastu daiteke (galdu, gehitu...), baina behin horra helduta ez dago bueltatzerik. Orgasmoa erantzun bat da eta eiakulazioa beste bat. Gertatzen da hemen bat egiten dutela. Beste leku batzuetan ez da hori gertatzen", esan digu Ormatzak.
Antisorgailuak emakumeentzako
Esan dugu lehen emakumearen erantzun sexuala ez dela gehiegi aztertu. Antisorgailuen kasuan emakumeentzako hainbat metodo sortu dira ordea eta etengabe sortzen dira berriak. Gizonezkoen kasuan kondoia baino ez da existitzen. Kuriosoa da hori Susperregirentzat. "Emakumea gizonaren zerbitzura dago. Ereduaren beste ondorio bat da. Emakume askok esaten dute koitoan ez dutela beste egoera batzutan beste gozatzen, orgasmorik ere ez da izaten askotan. Antisorgailuak ez zeudenean beharbada emakumeak ezetza esan ziezaiokeen harreman koitalari, haurdun gelditzeko beldurra zela eta. Baina gero antisorgailuak asmatu zituzten eta emakumeak ez zeukan aitzakiarik. Hor ere tranpa txiki bat dago. Horiek dira emakumearen ardurak gizonak larrua gehiago jo ahal izateko. Hori da oso azpitik dihoan mezua. Sakonki aztertuta egia askorekin topatuko ginateke. Oso ondo muntatuta dago dena azken finean". Ormatzak sexismoaren atzean diru kontuak ikusten ditu. "Enpresa farmakologikoak oso inteligenteak dira, sexistak izateaz aparte. Eurek badakite eszitazio, eiakulazio eta orgasmo prozesua gizonezkoengan askoz ere errazagoa dela. Ikerkuntza labur batekin emaitzak lortu daitezkeela eta saltzea oso erraza dela. Gizonezkoentzat gainera oso garrantzitsua da erekzioaren kontua. Beraz, oso erosle onak dira. Antisorgailuen kasuan, errazagoa da obulazioa kontrolatzea. Eta nor arduratuko da haurdun ez geratzeko? Emakumea".
Ez dugu aurreratu
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa