Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2006-01-29 -- 2025.zenb

Jakoba Errekondo


Arkeologo urpekari kanadarrek "San Juan" galeoi edo nao euskalduna topatu zuten Ternua iparraldeko Labradorko Red Bay badian. XVI. mendean urtero seiehunen bat lagun eta hamabost bat ontzi euskaldun inguratzen ziren haruntza bakailaoa eta balea arrantzatzera. Bakailaotarako ontziak 120 tona ingurukoak ziren, baleetarako galeoiak olio barrikak garraiatzeko handixeagoak, "San Juan"a, adibidez, 700 tonakoa. Urpean topatutako ontzi hau ekaitz batek hondoratu zuen 1565ean eta kroskoa ia oso-osorik aurkitu zuten barruan berrehunen bat bale-olio barrika, itsas nabigaziorako instrumentuak, pitxar, ganibeta, arpoi eta abar. zituela. Altxorra galanta! Ontzia 10 metro eskaseko sakoneran zen eta urpeko arkeologiaren historian lehen aldiz piezaka-piezaka zegoenean neurtu eta kanpora ateratzea erabaki zuten. Urpekariek 14.000 ordu eman zituzten lan horretan, ura 3º C-tan zenez propio lan horretarako ur beroz betetzen zituzten neopreno-jantzi bereziak asmatu zituzten. 1978an hasi ziren eta emaitza aurten argitara emango omen dute. Lan osoa argitara eman aurretik ikerlariak topatu dutenaren berri zabaltzen hasi dira, han eta hemen. Hango planoekin galeoiaren bizkar edo kubiertan zen baleak arrantzatzeko ontziaren erreplika edo klon bat egina du eta beste bat burutzen ari da Pasaian Albaola elkartea.

XVI. mendeko galeoi honek euskaldunon beste mito bat ere hautsi du: ontzi hauen etxea edo egitura haritz hutsezkoa zela beti. Galeoi honen etxearen oinarria den gila pagozkoa dela ziur diote, non eta Kanadan, alazankoa! Ontzi osoaren bizkarrezurra den gila zurruna baino malgua izatea egokiagoa izan eta gila beti urpean dagoenez neure iritzia argia da: busti-lehorrean aldatuz dabilenerako ez baina beti urpean diren egituretarako (zubi, kai, palafitoà) zurik onena pagoa da, pagoa egur malgua da eta osoko gila-gai zuzena izango den zuhaitza haritza baino pagoa topatzea errazagoa denez: pagoa eskuera eta merke zuten ontzioletan egur hau erabiliko zuten gilatarako.

Geroztik Urdaibain topatu eta berritu berria da orain arte Kantauri aldean eskuratu den ontzi zaharrena: "Pecio de Urbieta", XV. mendekoa. Desmitorako, gila pagozkoa du.

Galesko Newporten urpean aurkitu berri duten XV. mendeko ontzia (oraindik koka edo karabela den ez da argitu) gaskoina, portugaldarraà nongoa den asmatu ezinik dabiltzan hori, euskalduna dela dema egingo nuke! Pagozko gila baitu.

Jabier Agirre


Gurea bezalako gizartean, gizonak gehien erasaten dituzten gaixotasun larrien ranking-ean, prostatako minbiziak hartzen du bigarren lekua, biriketakoaren atzetik. Hala ere, gaur egun prebentzio eta atzemate goiztiarra eta tratamendu-aukera desberdinak tresna eraginkorrak dira 50 urtetik gorako gizonen artean egunetik egunera prebalentzia-indize altuagoak dituen gaitzari aurre egiteko.

Prostata gizonezkoaren guruin bat da, maskuriaren azpian eta ondestearen aurrean dagoena. Bera da eiakulazioa edo isurketa bitartean semena garraiatzen duen isurkaria jariatzen duen guruina. Eta, zoritxarrez, gizonaren puntu ahulenetakoa bilakatu da, adinarekin minbizia nahiko maiz agertzen baita prostatan.

Horregatik, prostatako aldizkako azterketak ia ezinbesteko bihurtu dira 50 urtetik gorako gizonarentzat. Azterketa horietan leku nabarmena du ondestea ukitzeak, proba horren bitartez urologoak -edo minbizi-kontuetan aditua den onkologoak- informazio oso baliagarria lortuko baitu. Beste funtsezko proba odol-analisi batean prostataren antigeno espezifikoa -PSA deitua- neurtzea da, antigeno hori altu samar egoten baita minbizi-kasuetan -antigeno maila altua, aitzitik, ez da beti minbizi-kasuen adierazgarri-. Beraz, ez larritu garaia baino lehen. Diagnostikatzeko zailagoak diren kasuetan, prostatako biopsia egiten da, ondestean zeharreko ekografia baliatuz.

Modu batera nahiz bestera, minbizia hasierako estadioetan diagnostikatu edo atzematen denean -T1 eta T2 faseetan, hain zuzen ere-, sendatzeko modukoa da eta hori oso kontuan hartzeko datua da. Gaur egun, aldizkako azterketetan oinarritutako segimenduari esker, prostatako kartzinomen %90 metastasiak eman aurreko faseetan diagnostikatzen dira, eta tratamenduak arrakasta izaten du.

Joxerra Aizpurua


Maien historia argiago

Harrian landutako emakume maiaren irudirik zaharrena topatu berri du Calgary Unibertsitateko Kathryn Reese-Taylor arkeologoak zuzendutako taldeak. Aurkikuntza honen arabera, maien historian emakumeek, hainbat garaitan bederen, garrantzi handia izan zuten. Aurkikuntza Guatemalako Tikalen iparraldean dagoen Naachtun aztarnategian egin da eta K.o. IV. mendekoa dela uste da.

Ez dakite irudikatutako emakumea pertsona arrunta edota jainkosa zen, baina landutako irudiaren estiloa erabat ezezaguna zen orain arte. Orain arte hieroglifikoetan topatutako aipamenetan emakumeak beti baten baten emazte edota alaba gisa azaltzen ziren, beraz, orain topatutako irudia aldaketa handia da emakumezkoen trataeran.


Gizakiaren eragina munduko mapan

Munduko populazioa handitu ahala, nekazariek gero eta lur gehiago ereiten dute. Hazkunde honen gaurko argazkian munduko lurraren herena nekazaritzarako erabiltzen dela ikus daiteke, Wisconsin-Madison Unibertsitateko ikerlari-taldeak berriki adierazitakoaren arabera.

Talde honetako ikerlari Navin Ramankutty-k galdera honetan laburtzen du bere kezka: nola jarrai dezakegu janaria ekoizten nekazaritza-lurretatik, deforestazioa, poluzioa eta lurraren higadura ekidinez?

Ikerlariek munduan zehar nekazariek erabilitako ongarriak, landutako uztak eta lortutako etekinak arakatu dute. Halaber, oraingo hainbat joera berri arakatu dituzte; hala nola, Argentinan eta Brasilen gero eta baso gehiago botatzen ari dira soia landu ahal izateko eta soia horren kontsumitzaile nagusia Txina da. Hau arazoaren globalizazioaren adibide bat baino ez da.

Dena den, ikerketa horren emaitza nagusia nazioarteko elkarlana bultzatu beharra da; hain zuzen ere, datu-banku erraldoia antolatu nahi da eta bertako datuak elikatzea zientzialari, ekologista edota datu interesgarriak dituen pertsona ororen esku egongo litzateke. Horrela, datu globalak edukita agian soluzio globalak hartzerik izango da.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan