Katixa Garate
Jazza eta bluesa gehiago entzungo da Bizkaian
Udako Gasteiz, Baiona, Getxo eta Donostiako jazzaldietatik kanpo, ez da aukera askorik izaten jazz doinuak entzuteko. Badaude musika estilo hauei arreta eskaintzen dioten areto eta taberna batzuk eta noizean behin izaten da haietan blues eta jazza entzuteko parada. Baina gutxi dira halakoak. Eskaintza hori osatzera dator sortu berri den Jazz-Blues zirkuitua. Hilero emanaldi bana eskainiko du zirkuituak Basaurin, Leioan eta Zornotzan, urritik apirilera. Hiru herrietako udalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Errabal-Jazz kultur elkarteak sortu dute ekimena eta egitasmoa zabalik dagoela adierazi dute, herri gehiagok parte hartzeko aukera dutela. Bertako nahiz kanpoko musikariak ariko dira zuzenean. Otsailean The Graham Foster Triok emango du kontzertua eta martxoan Bilboko Four Friends taldeak.
Arriaga, gazteegi hil zen jenioa
20 urte egiteko egun batzuk falta zitzaizkionean hil zen Juan Crisostomo Arriaga Bilboko konpositorea. Agian horregatik, ahaztua izan da denbora askoan. Tuberkulosiak hain gazte eraman bazuen ere, txikitatik musikarako trebetasun handia azaldu zuen. Hilaren 27an beteko dira 200 urte konpositorea jaio zela. Bilboko Udalak, beste hainbat erakunderekin elkarlanean, Arriaga bizirik ekimena antolatu du. Horren baitan Udalak musikagilearen lan osoen azterketa eta edizio kritikoa kaleratuko du. Ekitaldiak eta kontzertuak datorren astean bertan hasiko dira. Baina urteurrena urte osoan zehar ospatuko da. Ekainean esaterako, Arriagari eskainiko zaio Musikaren Europako Eguna. Eta urte amaieran Arriagaren materialen erakusketa eta Arriaga eta XIX. Mendeko Bilbo jardunaldiak egingo dira.
Kalitatezko telebista 19 urtez
Telebistak dituen gabeziak nolabait arintzeko xedearekin sortu zen 1987an FIPA Ikus-entzunezko Filmen Nazioarteko Jaialdia. 19. edizioa astearte honetan hasi eta hilaren 29an, igandean, amaituko da Miarritzen. Hain zuzen, aurten herri honetan egiten hasi zirenetik hamar urte igaro direla ospatzen dute. Guztira 36 herritatik ekarritako 104 saio lehiatuko dira sei kategoriatan. Aurten gainera, fikziozko sail ofizialean Zeru Horiek, Aizpea Goenagak Bernardo Atxagaren lanean oinarrituta egindako euskarazko filma estreinatuko da hilaren 27an Gare du Midin. Lehiaketaz kanpo FIPAk beste hainbat ekitaldi ere eskaintzen ditu: besteak beste, FIPATEL ikus-entzunezko profesionalei bideratutako azoka, Jean -Claude Carriére gidoilari eta idazleari omenaldia eta emanaldi bereziak.
Bertsoz ahozkotasuna lantzeko
Euskaraz jolasteko eta bertsotan ikasteko materiala apailatu du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak: Bertsoz. 8 eta 14 urte bitarteko ikasleentzat prestatu dute, bertsoak eta doinuak lantzeko. Liburua izango dute batetik ikasleek eta bideoak bestetik, bertsolaritza bere testuinguru naturalean jaso dezaten. Bideoak grabatzeko, saio batzuk antolatu dituzte propio. 140 bertsolarik hartu dute parte saiootan, gazte nahiz heldu. Egileek aipatu dutenez, astean ordubetez Bertsoz materiala landuz gero, bertsotan ikasiko dute ikasleek. Halaber, eskoletako ikasleentzako ez ezik, euskaltegietako eta bertso eskoletako ikasleentzako aproposa dela adierazi dute.
Tindaya egingarria dela diote teknikariek
1996an aurkeztu zuen Tindaya proiektua Eduardo Txillidak. Fuerteventura irlako (Kanariar irlak) Tindaya mendi sakratua hustu eta Tolerantziari monumentua egitekoa. 1998an proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuen Kanarietako Gobernuak eta 2001ean bideragarritasun plana eskatu zion Estudios Guadiana enpresari. Oraintsu bukatu dute teknikariek ikerketa eta monumentua egingarria dela esan dute, froga geofisikoak eta zundaketak egin ostean. Aurreikusi dutenez, uda aurretik aurkeztuko dute egitasmoa eta, Kanarietako Gobernuak onartuz gero, 2007an hasi litezke lanak.
Emakumeak dantzan eta bakarrik
Urtarrilaren 28an eta 29an Emakumeak eszenatokian bakarrik zikloa egingo dute Bilboko La Fundición aretoan. Bertan emakume dantzarien bakarlanak aurkeztuko dituzte. Kanariar irletako Natalia Medinak, Andaluziako Paloma Díazek eta Euskal Herriko Blanca Arrietak parte hartuko dute. Arrietak Tximeleta efektua lana estreinatuko du.
Michael Hanekeren filmak Arte Eder museoan
Michael Haneke zinemagile alemanaren filmek ez dute mezurik, hausnarketa sustatzea dute helburu. Horixe dio behintzat Hanekek berak. Ez du zinema komertziala gogoko eta bere ustez zinema mota horrek gutxi du adierazpen artistikotik. Eta «arteak errealitateari aurre egin behar dio», diosku. Europako zinemagile onena izendatu dute aurten Haneke. Bilboko Arte Eder museoko zinematekan, haren filmak proiektatuko dituzte otsailaren 16ra arte. Besteak beste, Variation, Fraulein, Funny Games, La Pianiste eta zinema aretoetan estreinatzear den Caché.
Taun Taun Bergarako txotxongilo taldeak ikuskizun berria apailatu du: Batuta. Musika klasikoko obrak dira familiei zuzendutako lan honen ardatza. Taldekideek aipatu dutenez, bizitzaren metafora da obra.
Josetxo Anitua(Cancer Moon) eta Atom Rhumbak kontzertua eskaini zuten elkarrekin iazko maiatzean Bilboko Kafe Antzokian, Ruta 66 aldizkariaren 20. urteurrena zela-eta. Kontzertu bakarra eskaini zuten eta huraxe diskoan plazaratu du orain Noizpop diskoetxeak, edizio mugatuan. Beste taldeen bertsioak ageri dira diskoan, argazkiz eta Josetxo Anituak idatzitako testuez lagunduta.
Judas Arrieta artista hondarribitarrak erakusketa paratu du Pekingo (Txina) Imagine galerian. Ekialdeko popa eta mangaren ikonografia uztartzen dira Arrietaren akriliko, argazki nahiz bideoetan.
Fran Lasuen musikariak, Ignacio Gabilondo ikus-entzunezko sortzaileak eta José Javier Lacalle margolariak Hidrozone arte instalazioa aurkeztuko dute hilaren 26an Lisboako Unibertsitatean (Portugal). Uraren poesiaz egiten dute hausnarketa instalazioan eta ondasun hori zaintzeko deia egiten dute.
Beatriz Zabalondo programa bikoiztuen egokitzailea Berrian: «Telebista euskaraz inolako arazorik gabe ikusten dute haurrek, baina 12-13 urte betetzen dituztenean eten bat dago. Gazteek ez baitute eurentzat moduko programarik aurkitzen euskarazko telebistan, eta horrek gaztelaniazko produktuak ikustera bultzatzen ditu gazteak (...) Jendea telebista gaztelaniaz ikustera ohituz gero, ondoren kosta egiten da bestelako produktuak euskaraz kontsumitzea; esaterako, zinema».
Pier Paul Berzaitzek Diario Vascori esanak: «Egungo abeslariek zein musikariek disko bat kaleratzen dute, eta ondoren hori aurkezten hasten dira zuzenean. Ni zaharragoa naiz, eta lehen guztiz kontrakoa egiten zen: abestiak kontzertuetan aurkeztu eta gero pilatzen zenituen diskoan. Abestiak kantaldietan errotu ostean grabatzea iruditzen zait egokiena. Eta nire lan egiteko modua halaxe izan da azken bost urte hauetan ere».
Unai Elorriagak adierazpenok egin zizkion Berriari: «(Profesionalizazioak) alderdi onak eta txarrak ditu, baina luxua da goizean altxatu eta idaztera dedikatzeko aukera izatea, ordurik onenak idazteari emateko (...) Gauza txarretako bat bakardadea da. Lankideak ondoan izateak lasaitasuna ematen dizu unerik zailenetan. Bakarrik zaudenean, buruari bueltak ematen dizkiozu, eta gehiago eskatzen diozu zeure buruari. Baina azken batean exigentziarako ona da hori».