Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-01-29 -- 2025.zenb

Mikel Garcia

90eko hamarkada erdialdean, hainbat musika zalek Euskal Herriko prentsa idatzian musikaren arloan zegoen hutsunea betetzeko beharra ikusi zuten. Euskara eta gaztelera uztartzen zituen El Tubo musika aldizkaria desagertua zen eta euskara hutsezko argitalpena kaleratzea otu zitzaien. Hala, Imanol eta Joni Ubedak bultzatuta eta Esan Ozenki zigiluaren laguntzarekin, 1996ko ekainean Entzun! aldizkaria jaio zen. Lehen zenbakiko azalerako Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelen argazkia aukeratu zuten. Esan beharra dago euskaraz idatzitako lehengo musika argitalpena izateaz gain, aldizkari osoa kolorez kaleratu zuen lehena izan zela baita ere.

Erronka garrantzitsua zuten aurrean eta hastapenak ez ziren errazak izan, baina pixkanaka beren ibilbidea egiten joan ziren. 90eko hamarkadan zehar formatuak, edukiek eta salneurriak aldaketak jasan zituzten eta Ubeda anaiek Aritz Sound Systemi pasa zioten zuzendaritzaren lekukoa, arazo ekonomikoen erruz 2002an bihilabetekariaren argitaratzea eten behar izan zuten arte. Hilabete gutxira, ordea, Eragin komunikazio enpresaren babesean eta Xabier Sagardiaren ardurapean aldizkaria kaleratzeari ekin zioten berriz ere.

«Aldizkaria hartu genuenean, hilabete ugari zeramatzan atera gabe eta arazo ekonomiko asko zituen -dio Sagardiak-. Irakurleak oso sakabanatuta zeuden eta egoera nahiko txarra zen. Gure lehenbiziko helburua proiektua sendotzea izan zen; filosofia bera mantenduz, baina sendotzea eta berritzea, bai edukien aldetik, baita diseinu aldetik ere». Ondorioz, ordutik salmentetan gorako joera izan da nagusi eta egoera egonkortzea lortu dute.

Egonkortasun horretan Eraginen baitan egoteak zerikusi handia duela aitortu digu aldizkariko koordinatzaileak. Eraginek beste hainbat aldizkari -The Balde, tartean- argitaratzen ditu eta web guneak diseinatzen ditu. Lan horiei esker eta diru laguntzen, publizitatearen eta harpidetzen laguntzarekin, Entzun!ek bizirauteko adina baliabide ditu. Horrelako azpiegiturarik gabe, aldizkaria mantentzea oso zaila litzatekeela uste du Sagardiak, «52 orriko argitalpena kalitate oneko paperarekin eta dena kolorez kaleratzea oso garestia» baita. Aldizkariak 2.000 eta 2.500 arteko tirada du eta harpidetza diru iturri garrantzitsua da. Salmenta zuzena baino arrakastatsuagoa da eta duela hiru urte bihilabetekaria berriz kaleratzen hasi zirenetik asko hazi da. Harpidetza gehienak Internet bidez egiten dituzte.

Salmenta guneei dagokienez, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabara ongi iristen dira, baina Bizkaian sartzeko arazo gehiago dituzte. Ipar Euskal Herrian ere oso leku gutxitan daude salgai. Banaketa sistema berezia dutela kontatu digu Sagardiak. Entzun! saldu nahi duen taberna, denda edo guneak bost ale erosten dizkie. Trukean, publizitate modulua ipintzen diote aldizkarian eta gainera salmentekin irabazten duenarekin geratzen da, aldizkariak ez baitu hortik ezer jasotzen.

Antolamendu aldetik, kolaboratzaile sarea dute Euskal Herri osoan eta Sagardiak eta kolaboratzaileek gaiak elkar proposatzen dituzte. «Guri, adibidez, asko gustatzen zaigu musika beltza -azaldu digu koordinatzaileak-, Jamaikako reggaea, ska eta horrelakoetatik hasita Estatu Batuetako souleraino. Musika beltza orain entzuten ditugun beste hainbaten oinarria da eta egungo musiken jatorria ezagutzea garrantzitsua iruditzen zaigu». Euskal Herrira datozen atzerriko taldeak elkarrizketatzen ere saiatzen dira, baina euskal musika da edukien funtsa. «Gure gustuek eragin dezakete, baina aurreiritzirik gabe jokatzen ahalegintzen gara. Talde batek diskoa ateratzen badu eta oso gustuko ez izan arren disko duina bada, horri buruz idatziko dugu».

Azken finean, Sagardiak dio irizpide nagusia kalitatea dela eta taldeak edo diskoak duen musika kalitatearen arabera aukeratzen dituztela gaiak. Hortaz gain, jaio zenetik aldizkariak duen filosofia mantentzen dute edukietan. Batetik, euskal musikaren eszena -oro har herri-musikaren esparru zabala hartuta, estilo jakinetara mugatu gabe- bultzatzea eta horren bozgorailu izatea. Bestetik, Euskal Herritik at interesgarriak iruditzen zaizkien musika estiloak jasotzea. Halaber, musika independentearen eremuan zentratzea da Entzun!en beste oinarrietako bat, «modetatik eta multinazionaletatik at». «Gure ustez -gaineratu du Sagardiak- egun musika interesgarriena industria handietatik at egiten da, eremu undergroundean, autogestioan, diskoetxe txikietan... Hor sormena libreagoa da eta edozein estilo dela ere, gauzarik erakargarrienak bertan sortu dira».

Gainera, euskal eszena independentea aldizkariaren ardatz nagusia izateak gainontzeko aldizkari espezializatuetatik bereizten ditu. «Gure argitalpena bertokoagoa da, euskal musikan sinesten dugulako eta berau sustatu nahi dugulako». Erdarazko musika argitalpenek estatuko edo atzerriko taldeei leku gehiago eskaintzen diete eta gainera erdaraz idatziak daudela azpimarratu du Sagardiak.

Baina Euskal Herriko musikak nahikoa eduki ematen al du? Koordinatzailearen esanetan, eskaintza izugarria dago. «Denetarik dago, noski, erdipurdiko lanak eta oso lan onak, baina oro har kalitate oneko eskaintza dagoela uste dut. Talde askok sormen eta imajinazio handia dute eta kontzertuetan nabari da; euskal musika osasuntsu dago». Euskal musikaren industrian, ordea, ez da hala: «Hor bai, arazo asko daude, diskoak ez dira saltzen eta asko eta asko estu eta larri dabiltza». Sagardiaren iritziz, euskaraz egindako musikak prestigioa galdu du eta «erdal publikoa 80ko hamarkadatik hona asko aldendu da euskaraz abestutako musikatik, faktore asko direla medio». Horregatik, prestigio hori berreskuratzea eta batez ere aurreiritziak baztertzea garrantzitsua da, «estilo eta esparru guztietan talde on asko dagoelako».


Promozioa helburu

Aipatutako talde on horiek azaleratzen hamar urte bete dituela ospatzeko, aurten DJ saioren bat eta kontzerturen bat antolatzeko asmoa du Entzun!ek, baina etorkizunera begira erronka berriak dituzte jada. Proiektua nahiko sendotua dagoela ikusita, irakurle gehiago lortzea dute orain helburu nagusia. «Aldizkariak eskatu ahala, behar berriak sortuz eta edukiak edo diseinua aldatuz joanen gara, orain arte bezala, baina promozioa da gure erronka berria». Izan ere, Sagardiak aitortu du oraindik badagoela aldizkaria existitzen dela ere ez dakienik. «Gu oso txikiak gara eta web gunea izan arren edo Durangon urtero egon arren, gazte askok ez du gure berri edo oso gutxi ezagutzen gaitu; hori da gure sentsazioa».

Egitasmoen artean, aipatzekoa da baita ere Entzun!ek atera berri duen euskal bideoklipen bigarren DVDa. Lehena 2004an egin zuten, 18 euskal talderen bideoklipak bilduz eta izan zuen harrera ona ikusita, bigarrena kaleratu dute orain. Bertan, 19 bideoklip sartu dituzte. Maiztasunari dagokionez, erronka baino, nahia izango litzateke bihilabetekaria hilabetekari bihurtzea. Erredakzioari gustatuko litzaioke, askotan ez baitute gaiak jorratzeko nahi adina lekurik, baina horretarako beharrezkoak liratekeen baldintzak kontuan hartuz, ezinezkoa dela argi du Sagardiak, «zientzia-fikzioa» dela.

Web orriaren egunetik egunerako hobekuntza, ordea, egingarriagoa da. www.entzun.com helbide elektronikoa egunero berritzen dute eta oso pozik daude egunero duten sarrera kopuruarekin. Gune dinamikoa egin nahi izan dute, aldizkariko edukiez eta bestelako informazio anitzez hornitua. Etorkizunean entzun ahal izateko moduan ipini nahi dute, baina ez da erraza, musikarien eta ekoizleen eskubideak kudeatzen dituen SGAE Espainiako elkartearekin negoziatu behar baita. Beraz, oraingoz lehentasuna beste eremu batzuei ematen diete. Esaterako, interesgarria da maketak.com izeneko atalean web guneak eskaintzen duen zerbitzua. Talde hasiberriek hiru abesti eta beraien biografia sar dezakete, edonork deskargatu ahal izateko. «Talde berriak ezagutarazteko tresna aproposa da -dio Sagardiak- eta gainera guk ez dugu eskua sartzen, taldeak zuzenean formularioa betetzen du eta bere biografia eta maketak automatikoki sareratzen dira».

Hain zuzen ere, mota horretako egitasmo independenteen bultzada izaten jarraitu nahi du Entzun!ek. Jaio zeneko filosofia berari jarraiki, kamikaze batzuei esker sortu zen aldizkariak argi utzi du beste hamar urte betetzeko sasoian dagoela.

Pilar Iparragirre

Oroimenak aukeratu egiten duela, eta aukeratzen duenetik, arriskutsua edo behintzat ez oso fidagarria bihurtzen dela gogoratzen digu Igerabidek. Beraz, garai hura nola bizi izan zuen eta orduko egoerak bere barruan utzitako arrastoaren arabera interpretatuko ditu irakurle bakoitzak eleberrian kontatzen direnak. Eta bistan da, ondoko elkarrizketan Juan Kruzek erantzuten dituen galderak ere, elkarrizketaren egileak nobelari buruz egindako irakurketa pertsonalaren haritik doaz.


Ezer baino lehen, bi olerkiren aipuak agertzen dituzu. Haietako bat Imanolek abestutako Mikel Arregiren poema bati dagokio...
«Zuek, hil zineten,/ atomo huts, hauts bihurtu zineten...», bai. Nobelaren gaia laburbiltzen duen poema da, garai bateko zenbait mugimendu, ilusio, portaera desagertzearen inguruko liburua baita, eta Frankismoaren azken urteetako eta Trantsizioaren hasierako zenbait jenderen oroitzapenaren hautsak apur bat biziarazteko ahalegin bat.

Hain zuzen ere, gogoratzen dituzun pertsonetatik bat Imanol kantaria bera da.
Haren presentzia nahiko marjinala da nobelan, pertsonaia gisa, baina Adelak -pertsonaia nagusiak- sinbolizatzen duen pertsonaia Imanolen oso haritik doa, eta hor lotzen dira biak. Azken batean, errealitatearekin egiten diren lotura xume labur horien lekuko bat da.

Bigarren aipua, berriz, Gabriel Arestik egin eta Oskorrik abestu izan zuen «Adela gorria/ Adela gurea» harena da.
«Adela, gure arabar lorea»rena, bai. Izan ere, nik agertzen ditudan protagonistetako bat haren oihartzun bat da. Maistra komunista. Gabriel Arestiren Adela ikastola batean ibilitako andereñoa zen, bere ideia komunistengatik Arrasateko ikastolatik bidali egin zutena. Nire Adela, berriz, eskola publikoan dago, eta han egiten du bere iraultza lana. Dena den, bien artean nik uste dut badagoela loturarik, zeren azken batean garai hartan ikastoletan hasi zen askatasunaren pedagogiaren mugimendua. Gogoratzen naiz nola nik askatasunaren pedagogiaren lehenengo berriak Herri Gaztedin izan nituen, eta gero Amara Berri ikastolan (Donostia), han eman zirelako ikastaro batzuk pedagogia berri eta askatzaile horien haritik. Baina bazegoen beste giro bat ere: eskola publikoan, erregimenaren bortxa guztia; eta ikastoletan, ideologia aldetik asko kontrolatzen zuen alde bat.

Kontserbadoreak, esan nahi duzu?
Oso-oso kontserbadoreak, Elizarekin erabat lotuak zeudenak, eta horiek, jakina, komunismoaren edo horrelako ideia aurrerakoien aurka zeuden, eta halako jendea bota egiten zuten.

Nobelan zehar aipatzen dituzun porrot egindako amets iraultzaileen artean askatasunaren pedagogiarena dago. Zergatik gertatu ote da porrot zehatz hori, kontuan izanik gaur egun ere orduko pertsona askok jarraitzen dutela ikastoletan zein eskoletan irakasle?
Gogoeta hori nobelan nolabait libre uzten da, ez da ixten. Nik neuk uste dut mugimendu hark zeuzkan alde onak pedagogiaren ikuspegi teknokratiko eta didaktizistak ito dituela. Eta oinarrian mugimendu hark ahulezia handiak zituelako baita ere. Mugimendu oso idealista, erromantiko samarra zen...

Amets iraultzaileen porrotaren arrazoiak ere nahiko lauso ageri dira. Borroka armatuari egozten al diozu zerorrek porrot horren arrazoietako bat?
Borroka armatuari buruz nobelan egiten diren gogoetak bizipen pertsonaletik eta etikatik begiratuak dira, eta ez estrategia politiko edo historikoetatik. Azterketa bizipenezkoa da, nola bizitzen duten batek eta bestek, eta hor jada ikusten dira jarrera bat baino gehiago. Narratzaile gazteak ere zalantza handiak ditu. Adelak dauka jarrerarik argiena eta tinkoena, eta narratzailea den mutila bizia errespetatzen eta etika zorrotz bat mantentzen hezi nahi du. Horrela tratatzen da borroka armatuaren eta borroka politikoaren kontu hori. Nik neuk, nobelaren kanpotik begiratuta, uste dut iraultza proletarioaren porrotaren arrazoiak ezin direla begiratu testuinguru txiki batean, munduko testuingurutik baizik. Eta ikusi egin behar da ere egin ziren iraultza proletarioak zenbateraino izan ziren iraultza eta zenbateraino ez ziren diktadura bihurtu, burokratizatu... Hau da, zenbateraino ez zen usteldu hura guztia.

Nobelako narratzaile gazteak badirudi hobesten dituela abertzale munduak espainolistatzat jotzen zituen taldeak -PC, ORT, OIC-, eta ez ezker abertzalea, astapotroz osatua ikusten duelako-edo...
Adelak eragin handia du berarengan, eta Adela PCkoa da. Bestalde, bere inguruan dabilen jendea dago -bailaran-eta, garai hartan batez ere ORT zen nagusi, gero beste batzuk ere bai-, eta inguru horrek ere eragina du bere ikuspegian. Ezker abertzalea nolabait ezkutuago bezala agertzen da egoera horretan, baina badu presentzia indartsua, Joxe Mariren kasuan. Gertatzen dena da Joxe Mari, gero, inguru horrekin kritiko bihurtzen dela. Joxe Mari eta Ana, emaztea.

Guardia Zibilek bahitu zutena. Amparo Arangoaren omenez sartutako pasartea al da hori?
Ez, armatua da, besterik gabe. Hainbeste aldiz gertatutako zerbait denez, horren ispilu. Gero, Joxe Arregiren kasua ere agertzen da. Beraz, narratzaileak badu inguru bat, hor kokatua dago, baina ez da definitzen erabat, oso gaztea delako eta argitu nahian dabilelako. Bere sinpatiak, dena den, oso garbiak dira, kasu horretan batik bat Adelarenak. Baina ez du garbi ulertuko ere Adela bera zergatik den PCkoa, aita galbidera eraman zioten berberen alderdikoa. Kontraesan horretan dago. Eta Joxe Mari ere bai: ezker abertzale mundukoa da, baina une batean hiltzearen kontu hori ez du onartzen. Marro berak ere mundu horretakoa dirudi, baina gero ez dakigu txibatoa den edo zer den... Pertsonaia horiek kontraesanean bizi dira. Ematen du Adela salbatzen dela hortik, oso tinkoa delako, baina bukaeran hark ere porrot egiten du.

Adela emakume askatzailea da, eta jakina, sexu aldetik ere bai. Nobelan, halere, badirudi sexu askatasun horri egozten zaiola bere porrot pertsonalaren arrazoia.
Je, je, je...! Nik ez diot zuzenean egozten Adelaren askatasun se3ualari bere porrotaren kontua, baina askatasun hori kudeatzeko moduari bai, agian. Azkenean bera noiz lasaitzen da pixka bat? Apaiz batekin elkartzen denean.

Hortaz, bikote tinko bat izan balu libratuko zen drogaren mundutik?
Agian ez, zeren berdin erori diren bikote tinkoko makina bat kasu ezagutu ditugu. Hori baino gehiago, gure inguruan ezagutu ditugun jokabideen erakuste bat da.

Zer alde dago narratzaile gaztearen eta Juan Kruz Igerabide nerabearen artean?
Horren eta nire artean badago loturarik, baina Adelaren eta nire artean ere bai, eta Marroren eta nire artean ere badago. Guztiak dira nire proiekzio batzuk. Marro nire itzalaren proiekzioa litzateke, eta narratzailea nire kontzientziaren zati bat izan daiteke, argitu nahian dabilena. Baina ni ez nintzen horrelakoa. Errealitatean, gazte hori baino askoz ere definituagoa nengoen ni; garai hartan Herri Gaztedin ibili nintzen, eta gero hartu nituen jarrerak ere ez ziren hain zalantzakorrak izan.

Zeri erantzuten dio helduentzako nobela hau idazteak?
Barne-hustuketa bati, ez inori kontuak eskatzeko -ezta neure buruari ere-, baizik eta esperientziei hitzak jartzeko, ohartzen den kontzientzia hori zabaltzeko, gehiago ulertu nahirik. Eta lehendik nekarren gogoetari jarraipena eman nahi izan diot ere; poesia eta aforismoak egin ditudanean gogoeta hari bat landu dut, eta nobelan ere gogoeta horrekin segitu egiten dut. Idazle unibertsalek egindako gogoeten barruan sartu nahi bat da nirea. Eszeptizismo bizitzazale bat. Ezin ditut gauzak bete-betean sinetsi, hala ere haiei buruz gogoeta egiten dut jarrera eszeptikotik, baina horrek ez dit bizitzan sinestea kentzen.

Frankismoaren azken urteak bizi izandako jendeak erraz ulertuko du Hauts bihurtu zineten, haren mamiarekin ados egon ala ez. Eta egungo gaztediak, ulertuko al du?
Pertsonaia batzuen bizipenekin konektatzen duten heinean, bai. Garai hura ez dute ulertuko nobela honen bidez, ez da hori asmoa; baina agian jakin-mina piztuko zaie, eta galdezka hasiko dira: horrelako esperientzia gogorrak izan zenituzten? Eta galdezka hasten denak gaur egun dauzkagun erantzun estuak baino pixka bat zabalagoak bilatzen hasteko aukera badu behintzat. Nobelak duen akuilua hori da. Ez garai horren interpretazio bat eskaintzea, galdezka hasteko akuilatzea baizik. Eta pertsonaia batzuekin identifikazio bat, edo halako inarroste bat lortzen baldin bada, bada, beno...

Berriro ametsa berpiztu daiteke?
Ametsak ziklikoki berpiztu egiten dira. Kontua da esnatzea, eta ez ametsetan segitzea.

Pilar Iparragirre

Zer sentitu duzu Denbora aleak poesia liburua argitaratzean?
Poema liburu bat argitaratzea gauza benetan pozgarria da. Beste liburuek ere poza ematen dute, baina nik poema liburu bat ateratzen denean poz berezia sentitzen dut. Ez dakit zergatik den, baina nik neuk uste dut poesia, nolabait, bizitzaren esentzia dela. Gero eta argiago daukat.

Zer dela eta?
Niretzat poesia erlijio hutsa da, eta hori horrela den neurrian poema bakoitza errezo bat da, eta ez dago gizartean poeta batek baino gehiago errezatzen duen pertsonarik. Nik uste dut poeta batek poesian nolabaiteko salbamena aurkitu nahi duela, behintzat nire betiko gogoa horixe izan da, salbamen hori aurkitzea. Maria Zambranok dio esan ezin direnaz idatzi egiten dela, eta nik benetan horixe sentitzen dut, eta sekula inori esango ez nizkiokeen gauzak poesian idatzi egiten ditut.

Poesiak horretarako balio al dizu?
Jakina. Azkenean uste dut poesiak neu idazten nauela, neuri ateratzen dizkit tripak eta sentimenduak, eta ez aldrebes. Horregatik da hain berezia eta sakona. Uste dut nire sentimenduak, kezkak, minak, gauza pertsonal guztiak adierazteko ez dagoela baliabide hoberik. Liburuan zer diodan? Dagoeneko 43 urte bete ditut, eta liburua heldutasun baten adierazgarri da nolabait. Bizitza den bidaia honetan -ez dakit zirkularra den edo joan-etorrikoa-, niri iruditzen zait joan egin naizela eta inora iritsi gabe banatorrela bueltan, eta horri buruzko hausnarketa da.

Pilar Iparragirre


Loiolarik ez balitz
Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi
Uztarria
286 orrialde 8 euro


Azkoitia eta Azpeitiko idazle uzta

Etxeko literaturaren oinatzak bildu nahi zituzten Iñigo Aranbarrik eta Jose Luis Otamendik, baina baita nola, zergatik, zerk eta nork bultzatuta idatzi izan ziren horiek. Eta Azpeitia eta Azkoitiko literaturaren historia soziala egitera prestatu ziren, hangoek idatzi izan dutena eta hangoaz idatzia izan dena agertuz Loiolarik ez balitz liburuan. Mendeetako kultur ahalegin baten kontakizuna da. Loiolak, inguruko bizimodua ez ezik, hango kultura ere goitik behera baldintzatu duela diote egileek; itzal beltzeko irentzaile orain, horrexegatik ernegarri hurrengoan izan dela. Trento ondorengo giro hertsiak itotako bailara izan omen da eurena, jauntxoen aristokrazia trinko batek luzaroan albain motzean lotutakoa, baina halere literatur altxor oparoa mamitu duena.

XXIII. Salbatore Mitxelena literatur lehiaketa
Batzuen artean
Zarauzko Udala
192 orrialde

Txikienek irabazitako literatur lehiaketako lanak

Urtero bezala Zarauzko Udalak kaleratu du Salbatore Mitxelena literatur lehiaketako azken ekitaldian irabazle suertatu ziren idazle gaztetxoen ipuinak eta olerkiak biltzen dituen liburua. 2004an, mailaketa aldatu egin zuten, txikienek ere saria lortzeko aukera izan zezaten. Hona hemen ipuinetan lehendabiziko saria eskuratutako lanak. 8 urteko Ander Buenetxearen Baleen istorioa; 9 urteko Bittor Aldabaldetrekuren Zorritxo bidaiaria; B mailako Julen Ucinen Handik hona; C mailako Iñigo Arinen Ilargiaren azpian; 14 urteko Garazi Eizagirreren Noiz arte? eta E mailako Garazi Urretabizkaiaren 500 metro. Poesian, berriz, Telmo Azkue, Zuriñe Irastorza, Aitor Etxeberria eta Alain Mendizabalen olerkiak izan ziren txapeldun.

The Clash. Punk, rockÆnÆroll & reggae matxinada
Paddy Rekalde
Paper Hotsak
78 orrialde 10 euro


The Clash talde punkaren borroka

Mikrofonoak eta bafleak erabil daitezkeela matxinadarako deia zabaltzeko ohartarazten du Paddy Rekaldek The Clash musika taldearen nondik norakoak eta kaleratu zituen diskoen berri ematen duen lanean, euren hainbat letra euskaratuak eskainiz batera. Zer giro sozioekonomikoan sortu zen 70eko hamarkadan Londresen punk mugimendua eta The Clash bera ere azaldu, eta punk mugimendua errotu eta bide berriak ûpunky-reggae-rockÆnÆroll party huraû jorratzea lortu zuen taldearen bereizgarriak aipatu ditu Paddy Rekaldek. Azpimarratu du The Clashekoek argi zeukatela borroka guztiek iturri beretik edaten dutela, sama zapaltzen dizun bota hori jabe bakarrarena dela, eta honi gitarren erasoa zuzen dakiokeela edozein eszenatokitatik, testu sendo eta dantzan jarriko zaituen doinua lagun.

Jakin
Batzuen artean
Jakin
114 orrialde 9,10 euro

Iazko euskalkultura hizpide

Jakin aldizkariaren azken zenbakian iazko euskal kulturaz zenbait idazlek esateko duena azaltzen dute. Horretarako, Alberto Barandiaranen, Mikel Bujandaren, Pantxoa Etchegoinen, Tere Irastortzaren, Xabier Mendiguren Bereziarturen, Xabier Mendiguren Elizegiren, Allande Sokarrosen, Andres Urrutiaren eta Iñaki Zabaleta Urkiolaren ekarmenak bildu dituzte. Bestalde, Beatriz Zabalondok euskal gazteek Euskal Telebistarekin daukaten harremanari buruz egindako azterketaren emaitzak laburbildu ditu, eta Ignazio Aiestaranek duela bi urte betiko joan zitzaigun Jacques Derrida (1930-2004) pentsalaria dakar gogora. Globalizazio garaiaren ikur bihurtu zen filosofo frantses honek baztertu, etorkin, herrigabe eta agiri gabekoentzako adiskidetasunaren eta abegiaren politika aldarrikatu zuen.

Poema argitaragabeak
Bitoriano Gandiaga
Arantzazu, Elkar, Labayru
175 x 4 orrialde 50 euro

Bitoriano Gandiagaren poemen lau liburuki

Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien laguntzaz plazaratua izan da Bitoriano Gandiagaren poema argitaragabeez osatutako lau liburukien kaxa. Gaika sailkatua dago. Biziminez izenburukoan, bizitza, denbora eta heriotzaren gainekoak agertzen dira. Izadiminezen egunaren atalak, urtaroak eta naturaren elementuei buruz poetak zioena. Euskalminez-en berriz, Euskal Herriak eta euskarak sortzen zizkioten kezkak. Eta Jainkominezen Bitoriano Gandiagak aitortutako bizikizun eta arazo erlijiosoak. Liburuki hauetako bakoitza aditu batek prestatu du: Biziminez Sebastian García Trujillok; Izadiminez Iñaki Sarriugartek; Euskalminez Paulo Agirrebaltzategik, eta Jainkominez Patxi Ezkiagak.

Karmel
Batzuen artean
Euskal Herriko Karmeldarrak
238 orrialde

36ko Gerratik 70 urtera, Aita Rafaelek utzitako lekukotza

Urteko harpidetza 12 eurotan duen Karmel aldizkariaren azken zenbakiak bataio izena Jose Sotero Urionaguena Garro eta erlijio izena Aita Rafael San Jose izan zituen gizonak Larreako priore bezala, gerra garaian, bizi izandakoaz idatzirik utzi zuen lekukotza eskaintzen du: Gerra zibila eta Larreako karmeldarrak izenburuko eskuizkribua. Bide batez, 36ko Gerraren ondorioz Larrea, Begoña, Langraitz eta Karmonako espetxeetan egon behar izan zuen karmeldar honen biografia ere ageri da bertan.

Denbora aleak
Karlos Linazasoro
Pamiela
58 orrialde 11,50 euro

Karlos Linazasororen azken poema liburua

Erraietan egosiriko poemaz osatu du Karlos Linazasorok Denbora alea, Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratu duen bere azken olerki bilduma. Denborari buruzko hausnarketa eskaintzen du poeta tolosarrak, bizitzak orain arte zer eman dion eta baita zer kendu dion ere agertzen baitu zintzoki. Poetaren irudiz, batzuetan denbora aleka pasatzen da, tantaka-tantaka, eta beste batzuetan, berriz, denboraleak izaten dira norberaren bizitzan, uholdeak eta garai txarrak. Bistan da, bigarrenak gertatzen direnean, une horiek lehenbailehen desagertzeko gogoz lehertzen egon ohi gara guztiok, bai eta Karlos Linazasoro ere. Dena den, egun berriari sarraila irekitzeko eskatzen digu poetak, oinazea beti bezpera balitz bezala argi bakarrari musuka ekiteko Beti da orain hiltzeko, gogoratuko du gero, eta ahanztura behar duela bizitzeko. Nolanahi ere, ez du karitaterik nahi, ez beste bizi bat, eskupekoa. Bakardade jendetsuan bizi dela dio, eta nekaturik dagoela arbola jainkotuen altzoan. Nire gauzekin bakarrik nahi dut egon gaur aldarrikatuko du batean, nahiz eta ez dakien zergatik izan behar duen gaur: bihar ere hementxe izango bainaiz/ nire gauzekin, nire logabeziarekin,/ nire tristura atzerritarra-rekin.


© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan