Aitor Zabaleta
Ezkondua, 17 eta 14 urteko bi semeren aita, eta 44 urte zituen. 1981eko urriaren 23ko eguerdian, kafea hartzen zegoen Iriondo tabernan, egunero egiten zuen bezala. Bat-batean pistoladun bat sartu eta tiro egin zion. Horrelaxe hil zuten Jaime Arrese, 1974tik 1977ra Elgoibarko alkate izandakoa.
Komando Autonomo Antikapitalistek hartu zuten bere gain atentatua eta 25 urte geroago, Elgoibarko Ezker Abertzaleak azalpena eman du: herriak aukeratu ez zuen alkate "frankista" eta "faxista" izan zen Arrese.
Ez zaie gustatu hilketaren urteurrenean Barren herri astekariak argitaratutako erreportajea, eta interpretazio "errebisionisten" arriskua ikusita, esplikazio partikularra eman dute astekarira bidalitako gutun batean, garai haiek bizi ez zituztenei bereziki zuzendua, behar bezalako ikuspegi historikoa izan dezaten.
Badirudi norbait erantzule sentitzen dela, eta burua zuritze aldera azalpenak eman beharra daukala. Horrela, gerra itxurako komunikatua idatzi dute, Arreseri ez ezik, Barreneko kazetariei ere egurra emanez erreportaje "errebisionista" egiteagatik. Alkate izandakoa gogoratzea ere deseroso egiten zaie batzuei, eta gezurrak eta irainak bota dituzte bere kontra. Mezularia ere errudun, gustuko ez duten gaia aukeratzeagatik eta ikusi nahi ez duten errealitatea begien bistan ipintzeagatik, Arrese estimu handikoa zela, alegia.
Ezjakintasunak edo, hobeto esanda, itsukeriak, huts eginarazi die bete-betean. Arrese Elgoibarko alkate izan zen garaian, Jose Luis Elkoro Ezker Abertzaleko militante historikoa alkate zen Bergaran, eta Imanol Murua, Zarautzen, bi adibide ipintzearren.
Frankismoan alkate izateak ez zuen esan nahi derrigorrez diktadurarekin bat etortzea. Alkate abertzaleak eta demokraziaren aldekoak ere izan ziren, bai hemen eta bai Espainian. Tonto samar sentitzen naiz esplikaziook ematen, baina eman behar, zoritxarrez.
Alkate "frankista" eta "faxista" izan zela diote, eta nik, nahiz eta orduan umea izan, ondo gogoratzen dut hilketak herrian sortu zuen atsekabea. Pertsona maitatua eta errespetatua izan zen Arrese, euskararen, euskal kulturaren eta ikastolen defendatzailea. UCDkoa zen (Unión de Centro Democrático), horixe bere kulpa, eta Komando Autonomo Antikapitalistek heriotzera kondenatu zuten.
Jarrera prepotentea alde batera laga eta mundu itxitik aterako balira eta galdetuko balute kalean, azkar konturatuko lirateke ze mingarriak diren berba horiek, ze kalte egiten duten eta ze urruti dauden gehienon sentimenduetatik. Familiak eta lagunek izan duten sufrimendua gutxi ez, eta 25 urte joan eta gero, berriz kondenatu dute Arrese. Ondo ezagutzen dut familia, sekula ez diet gorrotozko hitzik entzun, eta niri hori beti egin zait deigarri. 25 urteren buruan, zigorra berriz ere beraientzat. Batzuen krudelkeria beldurtzeko modukoa da.
Gutunak Ezker Abertzalearen sinadura dauka, nahiz eta abertzale eta ezkertiar asko bat ez etorri, eta lotsa sentitu dute, eta haserrea ere bai seguruenik. Baina beste batzuetan bezala, alderdi gehienetan gertatzen den antzera, isilpean gelditu dira esan beharrekoak, sinesgarritasunaren eta osasunaren kaltetan.
Maiuskulaz idatzitako historiaz gain, badira milaka historia txiki, gatazka politikoaren harian gehiago edo gutxiago guztiok edo ia denok bizi izan ditugunak. Denok sufritu dugu, denok sentitu gintezke biktima. Baina aurrera egin nahi izanez gero, elkar ulertu eta konpontzeko prest bagaude, horrelako jokaera bihozgabeak soberan daude. Kalean ez ezik, gatazka bihotz barru-barruan badago, adiskidetzea ez da posible. Bakea hitzak desarmatzea eskatzen du. Armak isilduta ere, berbekin min galanta egin daiteke, eta Arresetarrei egin diete, eta gupidarik gabe gainera. Horrela gaizki gabiltza. Beti bezala.
Mikel Arana
Urte baten azken eta lehen egunek oso aproposak dirudite pasatakoaren inguruan balantzea egin eta etorriko denari buruz igarpen edo asmakizunak egiteko. Hurrengo urteko nondik norakoak igartzea ordea, euskal politikagintzari dagokionez, normalean ez da gauza erraza izaten eta aurten are gutxiago. Edozein igarpen edo analisi egiten hasi aurretik hiru egitate edo errealitatek urtea kolore batekoa edo bestekoa pintatuko dutela kontuan izan behar dugu. Kronologia erabiliz, elementu neutrala bezala hiru errealitate hauek sailkatzeko, lehen une garrantzitsua, Batasunak Barakaldon burutu behar zuen Kongresua izango da.
Mota guztietako zurrumurruak entzun izan dira Kongresu horretan gertatu zitekeenaren inguruan, nahiz eta argi dagoen gauza bakarra Batasunak bere mahai nazionala berraukeratu behar zuela zen. Momentuz, Entzutegi Nazionalak ekitaldia debekatzeko hartu duen erabakia, bake eta normalkuntza prozesurako oztopo bezala baino ezin da ulertu.
Gezurra dirudi teorian behintzat oso ondo zebilen normalkuntza eta bake prozesua horrelako erabakien menpe okertu ahal izatea. Argi dago, guzti honen azpian Alderdien Legea dagoela eta berau baliogabetzen ez den bitartean egoera normaltzea oso zaila izango dela, eta erabakia, hau soil-soilik, Zapateroren gobernuari dagokio.
Hemendik aurrera ordea dena Batasunaren esku dago, berak erabaki beharko du debeku honen aurrean probokazioan erortzen den edo heldutasunez jokatzen duen. Batasunak erabaki beharko du, eta modu zehatzago batean esatearren, bere Mahai Nazional berriak gatazka gainditzeko zein pauso emateko prest dagoen.
Anoetako Adierazpena publiko egin izan zenetik urtebete igaro da. Zentzuduna dirudi beraz pentsatzea Batasunak Donostian emandako pausoa gainditu eta urrutirago joango dela modu publikoan edo isilpean, ETAri behingoz, behin-betiko su eten bat eskatuz. Hau baita ezker abertzaleari gatazka gainditzearen alde emateko falta zaion pauso nagusia. Erabaki hau hartu edo ez hartzeko unean ordea, segur aski, garrantzi handia izango du aipaturiko hiruetatik bigarren errealitateak, Entzutegi Nazionalean burutzen ari den 18/98 makro-sumarioak, alegia. Ulergarria da ezker abertzalearen baitan prozesu honek min egitea, justizian eta demokrazian sinesten dugun guztioi min egiten digun bezala.
Bakoitzak modu partikularrean izan ditzakeen erantzukizunak alde batera utzita, ez dut uste inork zalantzak izan ditzakeenik epaiketa horren funtsa edo muina politikoa dela, Alderdi Popularraren eta Garzon epailearen estrategiaren fruiturik nabariena alegia. Prozesamenduzko akatsak, batere zentzurik gabeko erabakiak, auto istripuak, itzulpen negargarriak eta abar luze bat, inolaz ere eusten ez den epaiketa batean ikusi ditugu.
Batasunak erabakigarriak izan daitezkeen pausoak eman eta berauek barne mailan "saltzea" horrelako panoramarekin zaila dela diotenek arrazoi izan dezakete beraz. Batasunaren Kongresuaren emaitza bezala, epaiketarena ezagutzeko ere zain egon beharko dugu.
Azkenik, hirugarren funtsezko errealitate bezala, Kataluniako Estatutuaren eztabaidaren prozesua dugu. Kasu honetan garrantzizkoena ez da hainbeste, adibidez, finantzaketaren inguruan negoziazioaren emaitza, baizik eta Estatua Erkidego baten legebiltzarraren %90aren erabakia onartzeko prest dagoen edo ez.
Modu batean edo bestean, Zapateroren gobernuak eztabaida honetan hartzen duen jokabideak, etorkizunean etor daitezkeen estatutuen erreformen emaitzak aurreratuko baititu. Nahiz eta azkenean Kataluniako hiritargoak Espainiako Gobernua eta alderdi politiko kataluniarrek lortutako balizko akordioa onartu, azken hitza beraiena baita, proposatutako estatutua Kataluniako legebiltzarrak onartu zuenetik oso urruti baldin badago, iragan urteko otsailean gertatu zen bezala, erkidegoen subiranotasuna guztiz ahulduta geratuko da eta herriek erabakitzeko daukaten eskubidea ukatuta.
Hiru errealitate hauek izango dira beraz hurrengo urteko panorama politikoa erabakiko dutenak, Gobernuak eta ETAk mugimendurik egiten ez badute behintzat. Egoerak egoera, oso itxaropentsu egoteko arrazoirik ez dagoela dirudi. Ikusiko dugu gauzek nola egiten duten aurrera, baina oraindik hasi gabe zegoen bake eta normalkuntza prozesua inoiz hasiko denaren zalantzak izateak, gutxienez, ulergarria dirudi.
Josemari Velez De Mendizabal
Beti entzun dugu diruak ez dakiela patriotismoaz. Ziurtasuna nora dirua hara. Halaxe izan da diru mugimendu handien historia eta baita txikiena ere, gutariko bakoitzak inork baino hobeto baitaki zer egin duen bere aurrezkiekin. Burtsaren bitartez Telefonican egokituriko sos apurrak edota Costa del Soleko hainbeste metro karratu zementu eta adreilutan inbertiturikoak ideia nano baina zehatz bat ematen digu diruaren -eta gure- patriotismo ekonomikoaz. Horrela izan da betidanik eta ez dago bueltarik.
Hor ari gara gu denok hitz berri batekin ahoan: deslokalizazioa. Kasu askotan bezala, hitzaren erabilpenaren hedapena azkarragoa jazo da hitzaren beraren adierazpena ofizialki finkatzea baino, izan ere -eta Euskaltzaindiaren zein espainiar hizkuntzako hiztegiei nagokie- deslokalizazio ahotsa ez dago oraindik jasota. Baina, guztiok ezagutzen dugun moduan, berbaren esan gurak badu konnotazio txar bat eta funtsean diruaren beldurra agertzen da lehen lerroan. Errealitatea, ordea, gordina da: dirua, zapiaren antzera, eguzkiak seinalatutako bazter egokietara biltzen da, abiadura handiz.
Azken hilabeteotan -urte pare bat, agian?- patriotismo ekonomikoaz hitz egiten ari zaigu. Estatuek nolabaiteko blindajea ezarri nahi diete euren ekonomiaren sostenguko enpresarik enblematikoenei eta nork bere kalkuluak egin ditu, neurriak ekarriko dizkion kostu eta abantailei buruz. Eta igarotzen ari da globalizazioaren defentsa irekitik ekoizpenaren barne mekanismoen defentsa numantiarrera. Nola ulertzen da hori, ez bada egiten liberalismoaren leize zuloetatik? Europa bete-betean dago sartuta fenomeno berri honen zurrunbiloan eta aldeko haizeak betiko joan ez ote diren beldur dagoela esango nuke.
Patriotismo ekonomikoak indartsuek egin dezakete, noski. Eta patriotismoa aldarrikatzeko orduan estatubatuarrak dira aitzindariak, euren garroak mundu guztian zehar barreiatuta badituzte ere. Bushek aspaldi esan zuen: "Kontsumoak abertzaleagoak egiten gaitu". Jakina, AEBetako Nazio Produktu Gordinaren bi herena kontsumo pribatuan oinarritzen da. Baina, "Kontuz. Ni ez ukitu!" hotz baten bitartez edozein apetari aurre egiten diote Osaba Samen mendekoek, ez dakidan nongo legeari helduz.
Europak ere itzalak ikusi dizkio bere garapeneko modeloari eta aurreneko erreakzioak -gutxiago espero ezin zitekeen moduan- aberatsenetatik etorri da. Alemania, Frantzia, Italia... aztoratuta daude, mendebaldar zibilizazio kontsumo zalean erroturiko ekoizpen kateak hautsi egingo ote zaizkien izuak jota. Beldur diote -diogu- balio erantsiaren prozesuko erabakiak hartzeko gunea eskuetatik joango ote zaigun, urrutiratu, horrek adieraz lezakeen -dezakeen- inbertsio murrizketa eta enplegu galerarekin. Ondorioa, bistan da, pobrezia dugu. Edozein umek bere lehen jokoetatik dakiena deskubritzen ari bide gara orain heldu itsuok: lau jokalariren artean zazpi kanika badira eta batek bost baditu, gutxienez beste batek ez du kanikarik edukiko. Eta bost dituenak markatzen du, gehienetan, jokoaren erritmoa, beti bere aldera.
"Blinda ditzagun gure negozioak" esaten ari da Europan, euren interesak defendatzearren estatu desberdinek europarbatasunkidearen kontrako erasoak diseinatzen dituzten bitartean. Aspaldiko kontua da estatu pobreek aberatsengandik jasaten duten nekazal eta industria protekzionismoa. Galde diezaiotela Marokori! Edota Argentinari! Orain estatuak, autarkia erdoilduaren eredua oroitarazten digutelarik, euren negozioen inguruko pezoiak edo hesiak eraikitzen ari dira. Epe laburrean irabaziak ekarriko dizkiete politiko demagogoei -politikoak gizarte zibilak hautatzen dituela gogoratzea ez datorkigu gaizki- baina ertain zein epe luzean patriotismo ekonomikoak mundu pobre eta mundu aberatsaren arteko distantzia areagotuko du. Hori bai, aberatsek euren estatusari helduko diote, dagokien aberria zein den bost axola dielarik. Marxek zioenez, abertzale burgesek euren irabaziak aberriko parien bizkar pilatzen dituzte. Aberriaren mugak mundu osora hedatzen direnean, pariei zer datorkien asmatzea ez da ariketa zaila.