Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2006-01-29 -- 2025.zenb



Patxi Altuna euskaltzaina hil da

Urtarrilaren 20an hil zen Patxi Altuna azpeitiar euskaltzain osoa Loiolan (Azpeitia), 78 urte zituela. Bizitza osoa igaro du ikasten eta irakasten. 1963an esaterako, jesuitari eman zitzaion Hizkuntza Eskolan Euskal Hizkuntzako ikasketak antolatzeko ardura. 1976an Deustuko Unibertsitatean irakasle hasi zen Euskal Filologiako lizentziatura sortu zenean eta erretiroa hartu arte jarraitu zuen. 2001ean, jubilatuta, Loiolako Artxibo Historikoaren arduradun izendatu zuten. 1965ean izendatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle eta 1981ean euskaltzain oso.
Patxi Altunaren tokia norbaitek bete beharko du Euskaltzaindian, baina Juan Mari Lekuonaren tokia ere betetzeko dago oraindik. Xabier Kintana, Ana Toledo eta Jose Luis Lizundiak Bernardo Atxaga proposatu dute Lekuonaren ordezko. Proposamena egin dutenen ustez, hizkuntzalari eta ikertzaile nahikoa bada akademian eta Atxaga hautagai proposatu dute Euskaltzaindian idazleei toki gehiago egiteko eta nazioartean proiekzioa duelako.


Euskara elkarteak eta hedabideak Nafarroako Gobernuari kontu eske

Urtarrilaren 18an egin zuten agerraldia Nafarroako 21 erakundek. Nafarroako Gobernuari egotzi zioten euskararen alde egiten duen gauza bakarra diru-laguntzak banatzea izatea. Gainera, banaketa hori murritzegia izaten dela eta berandu heltzen dela salatu zuten. 21 erakundeek azpimarratu zuten prest zeudela egoera aztertu eta irtenbidea Nafarroako Gobernuarekin batera aurkitzen ahalegintzeko.
Urtarrilaren 18an egin zuten agerraldia 21 eragileek eta 18tik 21era, Parisen, Expolangues hizkuntza gutxituen azoka izan zen. Bada, Nafarroako Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzak proposatu zuen 2007ko ekitaldian Espainia herrialde gonbidatua izatea eta gaztelania azokako ohorezko gonbidatua izatea.


Oinarrizko Hiztegi Juridikoa

Deustuko Unibertsitateak Euskaltzaindiaren laguntzaz argitaratu du Oinarrizko Hiztegi Juridikoa. Andres Urrutiak, Ester Urrutiak, Cesar Gallastegik eta Arantza Etxebarriak egin dute lana. Hiztegia erabili.com web gunean osorik eskura daiteke.


Lamien Urrezko Orrazia Patxi Larrainzar eskolako gurasoentzat

Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkarteak urtero saritzen du euskararen alde egin duen pertsona edo erakunderen bat. 2005eko Lamien Urrezko Orrazia Patxi Larrainzar eskolako gurasoek jasoko dute, haurrek euskaraz ikasteko eskubidearen defentsa duina eta jarraitua egiteagatik. Euskararen kontra aritzen denak ere izaten du bere «saria». 2005ekoa, duela bi hilabete inguru, Iruñean ateak ireki dituen El Corte Inglesek jasoko du. Irekierako publizitate kanpaina osoa gaztelania hutsean egin zuen eta orain ere euskarak ez du lekurik saltokian.

Daniel Udalaitz

Robotiker zentro teknologikoa irabazasmorik gabeko fundazio pribatua da, informazioaren eta telekomunikazioen teknologietan espezializatua eta, berrikuntza teknologikoaren bitartez, gizartearen garapen jasangarrian laguntzea helburu duena. Zamudioko egoitza zentralaz gainera, beste bi unitate teknologiko dauzka: bata Madrilen eta bestea Txilen (Robotiker-Chile). Tecnalia korporazio teknologikoan integratua dago.
1985ean fundatu zuten, eta hainbat sari eskuratu ditu dagoeneko: garrantzitsuena 2002an, zilarrezko Q-a jaso baitzuen. Lehenengo zentro teknologikoa izan zen aitormen hori lortzen gestioko eszelentziagatik. Gaur egun, 150 lagun inguruko plantilla dauka. Robotiker I+G+B (Ikerketa+Garapena+Berrikuntza) hirukoaren kontratupeko hornitzaile integrala da: gama handia dauka zerbitzuetan eta produktuetan, eta zaintzatik eta prospektibatik oinarri teknologikoko enpresen sorrera bitarteko jarduna hartzen du. Enpresekin kolaboratzeko anitz modu horien artean, I+G proiektuak garatzekoek eta aholkularitza teknologikoari buruzkoek hartzen dute gaina.


Aurreikusitakoa baino baldarrago agertu dira Ermuko Forokoak Iruñean egindako ekitaldiarekin. Eta jende oso gutxi joan zitzaien Iruñean Espainiako batasunaren alde egindako ekitaldira. Abilezia apur bat erakutsiz, askoz gehiagok ere egin zezakeen bat Nafarroan ekitaldiarekin. Baina ez, Nafarroako eskuinak egiten duen legez, foruaren interpretazio interesatu baina inteligentea egiteko gai ere ez dira Ermuko Forokoak. Azkenean ez dira gai izan Nafarroako foruen aurka esandakoak argitzeko. Nafarroa hautatu zuten, baina Nafarroako errealitatea oso gutxi ezagutzen dutela erakutsiz.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan