![]() | Estitxu Eizagirre2006-01-22 |
A-8 autopistaz Baionako irteeraraino joan, handik Hazparnera jo eta berehala iritsiko gara Donamartirira. Isturitze eta Otsozelaiako harpeak etengabe seinalatzen dituzte errepideko hesiek. Jarraitu horiei.
Kotxea herriko plaza ondoko aparkalekuan utzi eta Bil Etxearen parean, bi ibilbideren berri ematen digun afixa dugu. Bata Eltzarruze mendira doa (6 kilometroko itzulia da, 2 ordukoa) eta bestea, berriz, Bordaldera (11 kilometroko itzulia, 3 ordukoa). Guk hirugarren bat egingo dugu, Aborrote mendira igoz, 2 ordukoa. Egun berean ibilbide bat baino gehiago egin nahi izanez gero, ondoko mapan markatu dizkizuegu hiru ibilbideak.
Ezker paretarik gabeko frontoia izango dugu abiapuntu. Thierry Arizmendi atzelariaren zenbat kolpe jasoko zituen horma gajoak! Frontoi paretik ezkerrera doan bidea hartuko dugu, Borda Zelai aldera doana. Malda behera lehunean goaz, Eltzarruze mendia aurrez aurre dugula.
Ehiztariak azeri dabiltza
Argoitzia
Aborrote
Errepidera irtengo da gure bidea eta ezker izkinatik kaxkoraino igoko gara. Lasai, ez da kotxe gehiegi pasatzen eta. Kaxkoan eskuinera eginez, Bordaberria eta Garatekoborda pasa -bi etxeok osorik aloka daitezke- eta Aborrote gainetik Arberoa bailara osoaren ikuspegi paregabea izango dugu. Beste aldera begiratuta, Pirinioak elurtuta ageri zaizkigu.
Berriro jaitsiko gara, bide beretik, errepidera.
Zeharka-zeharka berriro herrira
Maldatxoa igota Poxoluzelai auzunera sartuko gara, eta bukaeran, XV. mendeko beste etxe bat dugu ikusgai: Bidartia, 1435ekoa.
Berehala agertuko zaigu herriaren beste aurpegia: Elizatzea, hilerria bista duela. Herri sarreran, afixak hiribildua markatzen du ondoko auzo baterantz, izan ere, garai batean han egon zen Donamartiriko eliza eta zentroa.
Bazkaldu eta gazta egiten ikustera goaz Agerriara.
Agerria baserrira agertu gara iluntzeko 19:00etan, eta ardi gazta nola egiten duten erakutsi digute.
Latxa arrazako 200 buru ingururi jaten eman diegu lehenengo. Belar ondua ematen dietela ikusi dugu eta ez dutela ezer transgenikorik erabiltzen azpimarratu digute. Ondoren jezteko gelara sartu dituzte ardiak eta jezteko makinen berri izan dugu: 200 ardi ordubetean jezten ditu makinak! Ardi bakoitzaren errapeari 3 minutuz tiratzen dio.
Esnea bilduta, oztu egiten dute hiru egunez iraun dezan. Esnea ez pasteurizatzea da gazta honen ezaugarrietako bat, gustu hobea ematen baitio. Puntako tresneriak berotzen du esnea, eta gatzagia nahasita gogortutako esnea ebakitzen du lehenik, eta gazura kentzen dio ondoren. Gaztanbera hori zulodun moldeetan sartu, eta beste makina batek prentsatzen ditu moldeok, gaztaren forma eman eta kendu beharreko gazura dena kentzeko. Gazura inguruko txerriei ematen diete, koiperik gabe hazteko ezin hobea baita.
Azkenik, gazta lehortzeko gelara pasata, astean behin buelta ematen diete, alde denetatik berdin egin dadin. Egun osoko lana eskatzen dio pertsona bati gazta denei buelta emateak! Gazurarekin ematen diote kolore zuria gaztei, ez dituzte ketzen.
Zuzeneko salmentaren alde egiten dute Agerriakoek, ez dute gazta supermerkatuetara eramaten. Eta egiterako, gazta denak salduak dituzte! Martxoan joan beharko du bila jaki biribil hau etxeratu nahi duenak. Gaztarekin batera, inguruan ekoitzitako produktuak ere salgai dituzte: kanpoan hazitako euskal txerriarekin egindako patea eta saltxitxoiak bizitu digu gaurko afaria.
- Agerria baserria: Gazta nola egiten duten ikusgai egunero, eta bertako produktu ekologikoen denda. Telefonoa: (0033) 559294539. E-posta: ferme.agerria@wanadoo.fr.
- Otsozelai eta Isturitzeko kobak: Europako hegoaldeko santutegi paleolitiko garrantzitsuenetakoa. Animalien margoak eta estalaktita-estalagmitak ikusgai. Martxotik azarora daude zabalik kobak eta bisita gidatuak eskaintzen dituzte, aurrez eskatuta. Helduen sarrerak 6,5 euro balio du eta 14 urtez beherakoenak 3,2 euro.
Kontaktua: (0033) 559296472 edo (0033) 559470706. E-posta: cromagnon@grottes-isturitz.com.
Ordutegia:
Martxoa-apirila-maiatza-urria eta azaroan: 14:00etatik 17:00etara.
Ekaina eta irailean: 11:00etatik 12:00etara eta 14:00etatik 17:00etara.
Uztaila eta abuztuan: 10:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 18:00etara.
- Rokafort gaztelua: Isturitze eta Otsozelai koben muinoan dago. Bere lehen aipamena 1249koa da eta bere funtzioa Nafarroako Erresumako muga zaintzea eta Baionara zihoan bidea kontrolatzea zen. Informazio historikoa: www.hiru.com/historia/gazteluak.
- Ostatuak: Etxe osoa alokairuan hartzeko, www.gites64.com helbidean dituzu denak.