Ihesi: Donamartiri (Nafarroa Beherea), bordaz borda
Estitxu Eizagirre
A-8 autopistaz Baionako irteeraraino joan, handik Hazparnera jo eta berehala iritsiko gara Donamartirira. Isturitze eta Otsozelaiako harpeak etengabe seinalatzen dituzte errepideko hesiek. Jarraitu horiei.
Kotxea herriko plaza ondoko aparkalekuan utzi eta Bil Etxearen parean, bi ibilbideren berri ematen digun afixa dugu. Bata Eltzarruze mendira doa (6 kilometroko itzulia da, 2 ordukoa) eta bestea, berriz, Bordaldera (11 kilometroko itzulia, 3 ordukoa). Guk hirugarren bat egingo dugu, Aborrote mendira igoz, 2 ordukoa. Egun berean ibilbide bat baino gehiago egin nahi izanez gero, ondoko mapan markatu dizkizuegu hiru ibilbideak.
Ezker paretarik gabeko frontoia izango dugu abiapuntu. Thierry Arizmendi atzelariaren zenbat kolpe jasoko zituen horma gajoak! Frontoi paretik ezkerrera doan bidea hartuko dugu, Borda Zelai aldera doana. Malda behera lehunean goaz, Eltzarruze mendia aurrez aurre dugula.
Ehiztariak azeri dabiltza
Lehen bidegurutzera iritsitakoan, 29. ibilbidea markatzen duen txartela ikusiko dugu. Bide hori doa Eltzarruzera. Guk hori utzi eta ezkerrekoa hartuko dugu.
Heriotzaren bidegurutzea hartzera behartu duten azeri eder batekin egin dugu topo. Bide ertzean datza gajoa. Ehiztarien tiroa jaso du, baina bere arrastoa galdua dute, nonbait.
Argoitzia
Gaurko ibilaldiaren malda gogorrenari ekin diogu. Arnasa estutzen hasi zaigunerako, zorionekoak gu, Argoitzia etxearekin egin dugu topo. Auzoan lehenago etxe hori bakarrik omen zen, eta goizian argi hastian, bere leiho hegiak hartzen omen zituen herriko lehen printzak. 1340-1350 urte bitartean egindako etxea da, eta bertako senideak ezkontzen zireneko seinalea dute harri landuek. Etxeko andre Argitxuk abegikor hartu gaitu, rikarta eta oportoarekin likidoak berreskura ditzagun. XVIII. mendetik honako etxearen jabetzaren dokumentuak gordetzen dituzte, eta baita 1869ko ekonomika eta sutondoa ere. Bertakoak agurtu eta etxeparetik doan bideari berriro eutsiz, malda gora jarraitu dugu.
Aborrote
Antzarrak hazten dituen etxaldea nabarmentzen da, dena lokatz utzi dute eta. Antzar taldea ondoko belazean dago, artaldea bailitzan, baina guk foiegras koadrila bat baizik ez dugu ikusten, hamaiketakoaren ordua gainean da eta.
Errepidera irtengo da gure bidea eta ezker izkinatik kaxkoraino igoko gara. Lasai, ez da kotxe gehiegi pasatzen eta. Kaxkoan eskuinera eginez, Bordaberria eta Garatekoborda pasa -bi etxeok osorik aloka daitezke- eta Aborrote gainetik Arberoa bailara osoaren ikuspegi paregabea izango dugu. Beste aldera begiratuta, Pirinioak elurtuta ageri zaizkigu.
Berriro jaitsiko gara, bide beretik, errepidera.
Zeharka-zeharka berriro herrira
Daramagun bidearen pare parean, errepidearekin gurutzea eginez, ĞArberoako ibarrağ kartelak markatzen duen bidea hartuko dugu. Arbildura muinoari bira emanaz goaz, eta hainbat borda pasatuko ditugu bidean. Marka horiak jarraituko ditugu aurrerantzean.
Malda behera gustura goaz eta hurrengo bidegurutzean beherako bidea jarraituko dugu, ezkerrera borda eta etxe bat utziz. Bide bazterretan, mendiak zukututako urak jarriko digu soinu banda.
Maldatxoa igota Poxoluzelai auzunera sartuko gara, eta bukaeran, XV. mendeko beste etxe bat dugu ikusgai: Bidartia, 1435ekoa.
Berehala agertuko zaigu herriaren beste aurpegia: Elizatzea, hilerria bista duela. Herri sarreran, afixak hiribildua markatzen du ondoko auzo baterantz, izan ere, garai batean han egon zen Donamartiriko eliza eta zentroa.
Bazkaldu eta gazta egiten ikustera goaz Agerriara.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.