![]() | Urko Apaolaza2006-01-22 |
XIX. mendea izan zen merkatal globalizazioaren mendea, itsasontziek izugarrizko aurrerapenak egin zituzten teknologian eta lurreko garraio bideetan berriz, trenbideek etorkizun oparoa erakusten zuten. Momentu hartan Londres zen mundu mailako merkataritzaren zilborra, sare handi baten korapiloa eta giltzarria. Urte mugituak dudarik gabe, bai politika eta baita mundu mailako merkataritzan ere. Gauzak horrela, bideak mozteko eta errazteko proiektuak behin eta berriro aztertu zituzten eta hortik sortu ziren munduko kanal ospetsuenak, Suezekoa lehenengo eta Panamakoa gero.
Panamako trenbidea, txinatarren hilobi
1854ko urtarrilean beste txinatar multzo bat garraiatu zuten Panamara, mila langile inguru. Ez zen gozoa izan txinatar hauek jasan zutena. Bi ontzitan eraman zituzten Cantonetik milaka miliatara zegoen herrialde tropikalera: Sea Witch eta Bella Vascongada. Lehenak ez du aurkezpenik behar, Amerikako Estatu Batuek mende hartan izandako ontzi azkarrena da Sea Witch, Txinatik New Yorkera 75 egunetan iritsi zen eta Amerika osoari bira emateko 100 egun besterik ez zituen behar izan. Clipper famatu honek -garai hartan sortutako belaontzi mota azkarra da Clipperra-, 907 tona zituen eta 1846an itsasoratu zuten Manhattan-en. Hamar urte egin zituen ur gainean, Habanatik gertu zegoela arrezife baten kontra jo zuen arte. Tripulazioa, bidaiariak eta kargamentua bapore batek erreskatatu zituen. Gaur egun, Amerikako Estatu Batuetan talde bat ari da lanean, Sea Witchen maketa bat eramateko Shangaien 2010ean egingo den Munduko Expora, eta bide batez, Clipper ontzien museoa sortzeko.
Sea Wichen eta baita Bella Vascongadan garraiatu zituzten txinatarrak, benetako infernua pasa zuten ontzi horien sotoetan, asko hil ziren bidean, gosea eta gaixotasunak pasa eta gero. Txinatarren trafikoa esklabo beltzen trafikoarekin alderatu daiteke. XIX. mende erdian hasi ziren txinatarrak Amerikara eramaten, Peru eta Kubara batik bat; Kubako lehen txinatarrak Londresen bizi zen euskaldun familia batek eramanda iritsi ziren, Zulueta familiak. Txinak arazo latza zuen bere lurraldean Ingalaterrak opioa sartu zuenetik; gainera, agintean zeuden mantxuen errepresiotik ihesi milaka txinatarrek alde egin zuten, Amerikara bidean zihoazen ontzietako sotoetan sartuta, esklabo. 1854an Panamara bizirik iritsi ziren mila txinatar horiek trenbidean lanean hasi orduko harrapatu zituzten malaria, min horia eta horrelako gaitz tropikalak, eta asko hil ziren. Beste askok beren buruaz beste egin zuten konpainiak opioa kendu zienean, eta bizirik geratu zirenak Jamaikatik ekarritako beltzen truke aldatu zituzten. Horrela bukatu zuten: gehienek hilda eta gutxi batzuek kaleetan eskale.
Kalkulatzen da Panamako trenbidea egiteko 12.000 lagun hil zirela, horietatik asko txinatarrak. Mende erdi geroago gauza berbera pasa zen, kanala egiterakoan, orduan ere txinatarrak erabili zituzten lanerako eta askok beren arbasoak bezala bukatu zuten. Panama txinatarren hilobi handi bat da.
Bella Vascongada: Manilara Indikoan zehar
Bella Vascongadak, merkataritzarako gaiak eramateaz gain, posta lanak ere egiten zituen. Urte korapilatsuak ziren itsas garraioarentzat, baporeak belaontziekin lehiatzen ziren, zein azkarrago izan. Borroka hartan baporeak atera ziren garaile, batez ere Suez-eko kanala ireki zutenean, 1869an. Bella Vascongada bezalako belaontziek denbora gehiegi galtzen zuten Suezeko bidetik, Itsaso Gorriko haizeak ez baitzien mesederik egiten; horren ordez, Buena Esperanza lurmuturreraino joan behar izaten ziren. Hala ere, belaontziek ozeanoak zeharkatzen jarraitu zuten urte askoan, generoa eta posta eramaten.
Gutxi gorabehera lau hilabeteko bidaia izaten zen Manilaraino. Bella Vascongadaren bidaia bat nola zen ezagutzeko dokumentu bitxia geratu zaigu historiarako. Eduardo Gutierrez de Cabiedesek idatzitako egutegi bat da eta bertan azaltzen dira Manilara itsasontzi honetan egindako bidaiaren nondik norakoak. Gure bidaiariak kontatzen duenez, oso ondo tratatu zuten bertan, jateko asko eta zerbitzari indioak ere bazituzten.Belaontzi azkarra omen zen Bella Vascongada, beste itsasontziek ezin zioten aurre hartu eta haizea popatik zutenean 11 milia egiten omen zituzten ordu betean (20 km orduko). Lehenengo Kanariak pasa zituzten, gero Cabo Verde eta azkenik Buena Esperanza lurmuturra. Narratzaileak dioenez, Afrikako punta hartan hotz egiten zuen eta ekaitz arriskutsuak pasa behar izan zituzten, marinelak estu ibili ziren belak biltzeko. Ontzi gainean denetarik egiten zuten ez aspertzeko, egun batean orkestra bat ere antolatu zuten denen gozamenerako. Baina iskanbila faltarik ez zuten izan, marinelen ganberan borroka bat izan zen behin eta euretako bat zigortu egin zuten, kainoi bati lotu buruz behera eta 200 aldiz jo zuten gizajoa soka batekin. 1850eko uztailaren 5ean hasi zuten bidaia Cadizen eta urriaren 29an iritsi ziren Manilara.
Barojaren fragata nobelatua
Agian, Barojaren itsas sormenean zerikusia izan du Berako Itzean gordetzen den Bella Vascongadaren litografiak; agian pintura horrek imajinazio eta abentura puntua piztu zion Pio Barojari. Litografia horretan belaontzi bat azaltzen da olatu artean, ekaitzari aurre eginez, Rodrigo isla ondoan. Diego Gonzalez de Salcedaren obra da eta Bella Vascongada irudikatzen du, Justo Goņi kapitainaren agindupean. Horretaz gain Manilatik ekarritako txinatar oroigarriak ere gordetzen dira Itzean. Horiek guztiak goņitarren etxean zeuden hasiera batean, Donostian. Bertan bizi zen Cesarea Goņi, familiako izeba neska zaharra. Nortasun handiko emakumea zen eta Pio Barojak bere eleberrian irudikatu zuen, Doņa Celestina izenarekin. Ezin da ukatu barojatarren lanak itsasoarekin izan zuen lotura, Caro Barojaren ikerketak irakurri edo Ricardo Barojaren pinturak ikustea besterik ez dago horretarako.
Ziur aski, belaontzi azkarrak denen begiratuak jasoko zituen Cadizeko portuko barradera artean sartutakoan. Batzuentzat merkataritza indartsu baten zorioneko sinboloa zen; baina beste batzuentzat, Panaman geratu ziren mila txinatar horiek kasu, errealitate bihurtu zen amesgaizto baten egur eta oihalezko mamua.