Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-01-22 -- 2024.zenb

PSOEk saltzen duen arabera, Kataluniako Estatutuaren eztabaida oso aurreratua dago eta ahalik eta lasterren itxiko dira akordio nagusiak. Finantzazioarena litzateke konpontzeke dagoen azken gai sendoa eta CiU ei da horretan amore ematen ez duena, beti ere PSOEren eta PSCren iturrietan irakurrita ondorioztatu daitekeenez. PSOEk presa du akordio orokor bat iragarri ahal izateko, eta azken kontu txikiagoak konponduko lirateke Espainiako Kongresuko batzordean. ERCk eta Iniciativak nahiago dute erritmo geldoagoa, baina emaitza hobea emango lukeena. CiU da finantzazioaren gaian ez duela etsiko adierazten ari dena, baina bide horren helmuga Estatutua Kataluniako Legebiltzarrera itzultzea eskatzea litzateke. Puntu honetara iritsita, pentsa liteke denak aurrera jarraituko duela, ez baitirudi CiU bera bakarrik hori egitera ausartuko litzatekeenik. Vilaweb agerkari digitaleko zuzendari Vicent Partalen esanetan, Estatutu berriaren itzulera eskatu beharko balitz, hori CiUk eta ERCk batera eskatuta egin beharko litzateke, bestela ez da gertatuko.

Legeak unean uneko interpretazioetan oinarritzen dira, botere banaketa duen sistema batean ikuspegi horretatik egiten dira, eta hori da sistema judizialaren funtzio nagusia, legeak interpretatu eta horren arabera, zerbait legezkoa den edo ez erabakitzea. Baina botere exekutiboa ere etengabe ari da legea interpretatzen: borondate politikoa deitzen da hori. Noski, lege bat nola dagoen egina funtsezkoa da berau malgutasunez interpretatu ahal izateko eta Alderdien Legeak ez du horretarako tarte handiegirik eskaintzen. Jose Luis Rodriguez Zapaterok, hala ere, Batasunaren ekitaldia gauzatzearen aldeko keinua luzatu du; PSEko Jose Antonio Pastorrek erdi iragarria zuen, baina bistan da ez dela gauza bera batak edo besteak esatea. Ekitaldia egiten bada, beraz, seinale ona, eta egiten ez bada, prozesuaren egoera pentsatu baino berdeago dagoenaren seinale. Bakoitzak bere bidea egin behar du, eta Batasunaren BECeko ekitaldia, legez kanpoko alderdi baten kongresuaz gain, hautu baten beharrezko antzezte ekitaldia ere bada.

Mikel Asurmendi


Okupazio mugimendu historikoen partaidea da, desobedientzia eta intsumisio bidean aritutakoa. Gipuzkoako zenbait herritan okupatzaile aritu ondoren, 1995ean, Iruñera iritsi zen Euskal Jairen okupazioan parte hartzeko. Hiriko etxeen okupatzaile izatetik mendiko herri abandonatuen okupatzaile izaterainoko bidea egin zuen. Solidarioek Itoitz urtegiaren eraikuntzako kableak moztu zituztenean Arizkuren herrian bizi zen. Egun Irati oihanaren inguruan bizi da, baldintzapeko askatasunean. Lurrari atxikia segitzen du, laborantza lanetan: «Ez naiz ekologista, laboraria baizik. Azkeneko hotzek ganbarako patatak izoztu dizkigute, arraioa!», diosku irribarretsu Iñakik.

Arizkunen bizi zela, Itoizko Koordinadorako Patxi Gorraiz eta Dani Unziti bizilagunak ezagutu zituen, besteak beste. Urtegiaren eraikuntzaren aurkako konpromisoa hartu zuen. 1996rako Koordinadorak legezko bide guztiak urratuak zituen urtegia geldiarazteko, baita Auzitegi Gorenak arrazoia eman ere. Hots, urtegia legearen aurka eraikitzen ari zela erakutsi zuten. Sistemak baina, hamaika jukutria erabiltzen du bere interesen alde egiteko: «Baiki. Hartara, Solidarioak osatu genuenok beste borroka bide bati ekin genion: ekintza zuzenari. Baina betiere, pertsonen aurka ekin gabe. Urtegiko kableak moztu baino lehen 20 ekintza burutu genituen jada».

Eraikuntzako lanabesen aurkako ekintza haien egileek beren burua erruztatu edo inkulpatu zuten, eta oraindik ere zigorra ordaintzen ari dira. Urtegiaren kableak moztu zituztenek ere euren burua entregatu zuten. Estatuko instituzioek baina gupidarik gabe egin du euren aurka. Honatx horren lekukotasuna.

Ia hamar urte joan dira sabotajetik. Zer da Solidarioak taldeko kideez?
Egileek ekintzak gure gain hartu genituen, baita beste herritar askok ere. Ni 2001ean harrapatu ninduten, eta Ibai Ederra hiru urte beranduago. Ibaik martxoan bi urte beteko ditu espetxean. Zigor bera jarri ziguten. Beste seiak bilaketa eta harrapaketa agindupean bizi dira, ihesari emanda. Jende askok ahaztua izango du, baina guk 1996an gure burua entregatu ondoren bi hilabete eman genuen espetxean. Herritarren mobilizazioari esker fidantzarik ordaindu gabe atera ginen. Gero epaituak izan ginen eta bakoitzari bost urteko zigorra ezarri ziguten. Ihes egin genuen. Legeak lege, ekintza harengatik ez genuen horrelako zigorraren arriskurik, baina epaileek Nafarroako Gobernuak urtegiko guardia eraso izanaren akusazioa ontzat eman zuten. Finean, burutu ez genuen delitu batengatik kondenatu gintuzten.

Hautu latza eta zaila iheslari bizitzea.
Euskal Herrian, zoritxarrez, iheslari samalda dago. Ni Hego Amerikan ibili nintzen ihesi eta harrituta geratu nintzen, motibo ezberdinengatik Espainiako «justiziarengatik» ihesi zebilen jende piloa topatu nuen, bizimodu finkorik gabe. Ni okupazioaren munduan aritutakoa naiz eta moldatu nintzen bizitza horretara -tira, gero ni harrapatu ninduten lehenengo, paradoxa (kar, kar, kar)- baina badaude lan finkoa izan dutenak, nominak, hipotekak edo konpromisoak dituztenak, etxea ordaintzen ari direnak, pentsa. Ihesari emanda bizitzea zaila da, beste mota bateko zigorra. Gure kasuan, ondo bidez, 12 urte ihesi pasa ondoren zigorra preskribitzen zaigu. Baina demagun, iheslaria 12 urte betetzear delarik harrapatzen badute, bost urteko zigorra bete beharko du. Psikologikoki hagitz gogorra da.

Zuk elkartasuna eskaini diozu kausa bati. Elkartasunik jaso al duzu zigorra betetzean?
Bai. Espetxean nintzela oso babestua sentitu nintzen, ez bakarrik Euskal Herriko pertsonen aldetik. Iruñeko espetxean egon nintzen bitartean 3.000 gutun baino gehiago jaso nituen: Euskal Herritik, Estatutik -eskerrik beroenak Zaragozako Torrero auzoko kolektibo errepublikazalearentzat-, Europatik eta beste kontinenteetatik ere bai. Presoak babesten dituzten hainbat kolektibo daude munduan, oraindik ere oilo-ipurdia jartzen zait.

Espetxean sartu aitzin Guardia Zibilaren esku izan zinen, baita tortura salatu ere.
Jakina, torturatua izan nintzen -izan ginen- eta ez bakarrik fisikoki, psikologikoki ere bai, eta ez ekintzaileok bakarrik. Sabotajea egin ondoren gure burua entregatu genuen eta Guardia Zibilak hedabideetako langileak albo batera eraman zituen eta tratu txarrak emateaz gain, euren materiala, milioiak balio zituena, hondatu zuten. Niri hankeko zainak eta esku bateko nerbioa puskatu zizkidaten, besoa hiru hilabetez zintzilik izan nuen sentsibilitaterik gabe, tinpano bat leherrarazi zidaten... Espetxean sartzean ispilu aurrean jarri eta nire -gure- burua ez genuen ezagutzen. Gure aurpegiak Unai Romanoren argazki zoritxarreko eta "ikusgarri"aren berdinak ziren.

Estatuak "terrorista»tzat hartu zaituzte.
Niri «terrorismo» hitza ez zait batere gustatzen. Niretzat borroka armatua gauza bat da, terrorismoa aldiz Estatuaren indarkeria da, hots, boterearen, kapitalismoaren eta instituzioen indarkeria da terrorismoa, finean eta funtsean desarrollismoa terrorismoa da. Egunero milaka pertsona gosez hiltzen dituen politika ekonomikoa ere terrorismoa da. Zergatik? Hargatik! Guk gure etxea defendatzeagatik -ama lurra defendatzeko eskubidea dugu, ezta?- egin duguna ez da terrorismoa, haatik, «terrorismoa»ren aurka ezarritako legeak eta zigorrak aplikatu dizkigute.

Euskal gatazka delakoa tarteko izanda, gogorrago jokatu dute zuekin, alegia.
Bai. Nafarroako Gobernuari oso ondo atera zaio gurea, den-dena nahastu du. Solidarioak kolektiboan ideologia ezberdineko jendea aritu gara, baina ideia oso garbi batez: gure borroka urtegiaren eta Nafarroaren ubidearen aurkakoa da, inposizioaren aurkakoa. Gobernuak "desinformaziorako hedabideak" ondo baino hobeto erabili ditu. «Kale borrokako komandoak» ginela aditzera emateraino.


Ordainduak ez duela merezi pentsatu al duzu inoiz? Kostua handiegia dela, hots.
Borrokak badu bere kostua, jakina. Norberak ez du neurtzen zigor batek nola eragingo duen bere baitan. Niretzat, esaterako, kostua emozionala izan da. Espetxetik noiz aterako zaren ez jakiteak kiskali egiten zaitu. Nik, legez, bi urte bete ondoren libre izan behar nuen, ederki izorratu naute baina. Espetxeko zaintzak tortura psikologikoa lantzen du, beti duda-mudan zaitu, euren legeak ere ez dituzte betetzen. Euren legeen arabera, egin genuenarengatik ez ginen zigortuak izan behar, baina engainu eta amarruen bidez nahi dutena egiten dute. Zu euren legeetara "egokitzen" zara, eta hala ere, eurek higatzen zaituzte lur jotzeraino. Horrek, batetik, dezente xahutu nau, baina aberastu ere egin nau. Kontzientzia argitu zait, bizitakoak hainbat esparrutan ez nuen jakintza eman dit. Ez dizut esango nire bizitza berriz ere "arriskuan" jarriko nuenik, baina ez naiz ezertaz damutzen. Otsailean "libre" izango naiz eta borrokan jarraituko dut, borroka frente asko dago-eta.

Borrokak baina gorabeherak sorrarazten ditu. Zer dela-eta Koordinadora eta Solidarioak kolektiboen arteko moldatu ezina?
Adibide batez erantzungo dizut: 18/98 auziaren karietara hitzaldi batean parte hartu dut orain gutxi, eta bertan desobedientzia zibila gaia eztabaidatu genuen. Ni ez naiz pertsona herratsua edo aihertsua, baina, hara, izateko moduko motiboak baditut. Alegia, Estatuak ondo jakin du "gatazka" delakoa erabiltzen eta batzuk eta besteak elkarren aurka jartzen. Borroka berean ari bagara, ezin duzuna da zure aldean ari direnak kriminalizatu, hau da, besteak behatzez seinalatu eta esan: "Zuek betikoak zarete, terroristak zarete". Beaumont familiak Patxi Gorraizi burua ederki berotu dio eta hauxe esan ere bai: "Moztu harremanak solidarioekin, bestela Koordinadorak larrutik ordainduko du". Larrutik guk ordaindu dugu, bistan denez.

Argitu iezadazu hori gehixeago, arren.
Koordinadorak gurekiko izandako jarrerak gure kolektiboaren kriminalizazioa ekarri du. Ni FIES-III preso izendatu ninduten eta Koordinadorakoa ere modu beretsuan har zezaketen. Adibidez, Estatuak Zumalabe Fundazioarekin edo Desobedientzialariak kolektiboarekin egin duena egin zezakeen Koordinadorarekin. Ni espetxean nintzela Koordinadora publikoki deslotu zen Solidarioak taldearengandik. Ondo, normala da. Baina hori egin ondoren "horiek gaiztoak dira" esatea eta gu seinalatzea ez da zuzena. Horrek min ikaragarria egiten du. Nik Patxi Gorraizi eskutitzak bidali nizkion espetxetik, mesedez horrela ez jokatzeko eskatuz. Besteak beste, hauxe esan nion: «Ni zure autoan joan nintzen sabotajea egitera. Beraz, egindakoa egin ondoren, zu traidorea zara".

Horrela idatziko dut...
... badakit hitz hauek tirabira eta liskarrak sorrarazten dituztela, baina jendeak gertatua ezagutu behar du. Ibai Ederra preso dago, jende askok bilatua eta jazarria izaten segitzen du, sasitan dago borroka honegatik, kausa berarengatik. Hori esatea ez al da haizu eta zilegi?

Ainhoa Lendinez

Ines Pagolak Sabino Aranaren neologismoen inguruan egin zuen doktore tesia, eta geroztik, euskararen historian murgildurik bizi da. EHUko Euskal Filologia saileko irakaslea da egun. Aranaren neologismo batzuk funtzionatu egin dutela uste du Pagolak eta horrek baliagarri egin dituela. Baina zer da neologismo bat? Jarraipenik izan al du Aranak hasi zuen bideak? Pagolaren ustez garbizalekeria ez zen ezeren kontrako izateko sortu, abertzaletasunaren ondotiko izan zen. Hiztegian, morfologian eta joskeran purismoa ezarri nahi izan omen zuen Aranak, eta orobat Azkuek. Arana Goirik hizkuntzalaritzan zuen bagajea ez zen aberatsa, baina argia zen eta indar politiko handia zuen atzetik. Aranaren neologismoei zorrotz begiratu izan die beti kritikak, baina Inesen arabera, sortu zituen hitz asko bereziak eta gogorrak izanagatik, hitz asmatuak dira, eta asko egunero erabiltzen ditugu. Egun sortzen diren hitz asko ere ez daude ongi sortuak euskararen berezko legeen arabera. Aranak sorturiko hitzak gaizki daude sortuta gramatikaren ikuspegitik, baina nahiko modernoak dira. Ilunak eta motzak dira gehienetan, baina askotan gramatikaren arauei jarraiki sorturikoek baino arrakasta handiagoa izan dute. Horregatik egin du Pagolak Aranaren neologismoen alde.

Bizkaian eta Gipuzkoan arrakasta handia izan zuen Aranaren neologismogintzak. Iparraldean ez horrenbeste. Idazleengan eragin handia izan zuen, eta horrek bereizi egin zituen nabarmen herriak hitz egiten zuen euskara eta euskara jasoa, jende xeheak ez baitzuen euskara modu hori ulertzen. Idazle onenek Aranaren moldean idazten zuten eta askok muturrera eraman zuten euskara garbia lortzeko ahalegina, eta garbizalekerian erori ziren, gerra piztu zenerako.

Ibon Sarasolak Pagolaren lanaren hitzaurrean dioenez, Sabinok sorturiko edo berari egotziriko neologismo guztien berri ematen digu Ines Pagolak. Alde guztietatik aztertzen ditu hitzak: noiz eta nola sortu ziren, zer hiztegi eta testutan agertzen diren, aldeko eta kontrako zer iritzi jaso zituzten eta abar. Askotariko bibliografia eta lehen eskuko informazioa erabili ditu horretarako egileak.

Irakurle bat baino gehiago txundituta geratuko da hitzak sortzeko sabindarrek nolako bideak erabili zituzten ikustean. Baina sabindarren garbizaletasunaren pareko fenomenoa Europako hainbat herritan piztu zen. Eta ondoren, gerra aurreko garbizaletasuna gerra ondorengo abertzaletasunak ezabatu zuen. Euskara Batua ezartzeko hizkuntzan iraultza sortu behar zen, gerra aurreko "garbizalekeria" suntsitzeko.

Non abiatu zenuen neologismoak biltzeko lana?
Nik Aranaren lan guztiak hartu nituen, euskarazkoak eta gaztelaniazkoak. Ez nuen definitu neologismoa zer zen. Aranaren lanetan lehendabizikoz agertzen ziren hitzak atera nituen, hau da, ordura arte dokumentatu gabe zeudenak. Makina bat hitz banekien neologismoak zirela, nahiz eta lehenagotik dokumentatuta egon. Biztanle esaterako, Aranak jaso arren, Larramendiren hiztegian agertzen da lehenbiziko aldiz, berak asmatu zuen. Beraz, Aranak berak espresuki sorturikoez gain, neologismoak ez direnak ere hartu nituen.

Zein zen Arana Goiriren asmoa?
Bere asmoa ez zen hitz berriak egitea bakarrik. Arana Goirik gaztelaniazko eta oro har erdaretako hitz guztiak kendu nahi zituen eta horien lekuan euskaraz berriak egin. Hitz berriak neologismoak dira, hizkuntza askotan baina aldameneko hizkuntzetatik ekarritako hitzak ere neologismoak dira. Baina Aranaren lanean ez dago horrelako neologismorik. Gaztelaniazko hitzak kentzearen ondorioz sorturiko hitzak eta berriak, horiek baino ez daude. Euskadi, aberri, alderdi eta beste hainbat kontzeptu berri sortu zituen, eta ondorioz, kontzeptu horiek izendatzeko hitzak ere bai. Politikaren eremuan bereziki hitz asko inbentatu zituen.

Nola sortu zituen Aranak neologismoak?
Arana Goirik gaizki egin zituen hitzak, ez zituen inoiz euskararen legeak erabiltzen. Erroak asmatu egiten zituen, toponimiatik edo bere gogoeta etimologikoetatik ateratzen zituen. Ikurrin bezalako hitzak neologismoak dira. Baina dantzale eta beste hainbat gaizki eraturiko hitzak dira Aintza sortzeko esaterako, ain oinak toponimian "garaiera" esan nahi zuela azaldu zuen. Ondoren -tza atzizkia erantsi eta kito. Atzizkiak ere gogoaren arabera erabiltzen zituen. Orlegi eratzeko orri eta -legi atzizkia batu zituen, baina -legi atzizkirik ez da ia inon ageri. Hitzak laburtzeko joera ere bazuen. Gotzon izenak esaterako "aingeru ona" esan nahi du. Berak, ordea, honako paradigmarekin azaldu zuen hitza: gogo-huts-on. Ondoren huts hori arrazoi etimologiko harrigarriengatik -tz bihurtu zuen. Nahastu egiten zituen konposizio eta eratorpen lege fonetikoak, eta ez zuen testuingurua kontuan hartzen. Emaitza iluna da oso, baina arrakasta izan zuen bere garaian.

Garbizalekeria eta asmakeria sarri askotan aipatzen dira Aranaren neologismogintzaz ari garelarik. Zer irizten diozu horri?
Lehenik eta behin ez dugu ahaztu behar garai hartan Arana Goirik ikaragarrizko indarra izan zuela euskararen munduan. EAJ indarra hartzen hasi zen eta urte askoan eutsi zion. Aranaren neologismoek horregatik egin zuten aurrera, 20ko hamarkadatik 30ekora arte, gutxi gorabehera. Alderdiko diziplina nabari zen oinarrian, eta garbizalekeria joera handia zabaldu zen. Euzkadi hitza esaterako s-rekin idazten zuena kanporatu egiten zuten ia alderditik. Gainera, Aranaren hitzek aurrera egin zuten baina areago, beste milaka hitz haren moldera egin dira gero ere. Jende askok uste du urrutizkina Aranak sortu zuela baina ez da horrela. Aranak hainbat hitz asmatu zituen baina beste mila haren estilora daude eginak.

Aranaren hitzek biderik egin al dute gaur egunera arte? Nolakoa izan da bilakabidea?
Aranak sorturiko hitz gehienak galdu egin dira. Egun, oro har, beste modu batean sortzen dira hitzak, hizkuntza zibilizatu gehienetan bezala. Nazioarteko hitzak onartu eta berriak euskarak berak dituen konposizio eta eratorpen legeen arabera egiten dira. Batzuetan gorabeherak izaten dira, baina bateratze lan horretan dihardu hain zuzen euskararen erakunde gorenak, Euskaltzaindiak. Adierazkor proposatu eta gero adierazgarri hobetsi da, baina egun ez da txadon, agurtza eta ikurrin bezalako hitzik. Zer esan nahi dute Aranak sorturiko hitz horiek? Nondik sortu dira? Ez dakigu, oinarririk gabe asmatuak dira.

Aranaren neologismogintzak izan dezake berriro arrakastarik?
Inondik ere ez, nire ustez. Egun hitzak ez dira horrela egiten. Orduko erroek zer esan nahi zuten ez zekien inork, eta besterik gabe ikasi egiten zituzten. Estonieran antzeko zerbait gertatu zen lexikoa berritu zutenean. Aavik izeneko hizkuntzalari batek Aranaren antzera egin zituen hitz asko eta egun ere erabiltzen dituzte hitz horiek. Baina denak ere salbuespenak dira.

Zer ondorioztatu zenuen egindako azterketatik?
Lehenik eta behin, Arana oso kritikatua izan dela eta hark egindako lanaren alde onak oso gutxitan aipatu direla. Larramendik hitz asko sortu zituen bere Hiztegi Hirukoitzerako baina Lore Jokoen inguruan izan ezik ez zuten arrakasta handirik izan. Hori kontuan hartuta, Larramendiz geroztik hutsetik hitzak sortu zituen lehenengoa Arana Goiri izan zen. Bestetik, hitzak ondo edo gaizki sortuak izan, ezin ukatuzkoa da Aranaren estiloak ikaragarrizko arrakasta izan zuela garai batean. Gainera, hitzak sortzeko nahikoa modu modernoa zuen, hitz laburrak eta euskal doinukoak zirelako, belarritik erraz sartzen direnak, euskarazkoak balira bezala.

Michelle Bachelet izango da Txileko lehen lehendakaria eta Hego Amerikan gobernu buru izateko hautatzen den laugarrena. Ellen Johnson-Sirleaf, Liberiako lehendakari hautatu berria, izango da Afrikako estatu batean lehendakari izango den lehen emakumea. Bakoitza berean ezohiko mandatariak, baina esparru ideologikoari begira bederen Txilekoa ez da berria azken boladan: Evo Morales Bolivian, Kitchner Argentinan, Tabaré Vázquez Uruguain, Chavez, Castro, Lula... Ezkerra eta zentro-ezkerreko korronte berria agerikoa da Hego Amerikan. Urte gutxitan emaitza handiak eskatuko zaizkie, eta neurri batean edo bestean, aldaketa sakonak bultzatu beharko dituzte beren boto emaileen esperantza egarria asetzeko. Ezkerraren erreferentzia bihurtu dira mundu mailan, ez Hego Amerikan bakarrik. Erronka zail eta erraldoien aurrean, badute abantaila bat, oinarrizko osagaietan sarea osa dezaketela. Venezuelako petrolioan eta Kubako osasun eta hezkuntza sisteman oinarrituta, hori ari dira bultzatzen Chavez eta Castro.

Eusko Jaurlaritzatik hilaren bukaera edo otsailaren hasierarako iragarri dute gatazkaren konponbideari begira dagoen Kontseilu Politikoaren eraketa. PSEtik garrantzia kendu nahi zaio organo berriari: batetik, Ibarretxe lehendakariak EAJrekin ei dituen lidergo kontuetan kokatzen du kontseilua; bestetik, EAren eta EBren protagonismo nahian.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan