Xabier Portugal
Nafarroako Erkidegoaren Zaindariaren egunean, euskararen eguna ospatzen dugun horretan, hedabideek gure nazio hizkuntzaren aldeko aldarri, egitasmo eta hitzez bete zuten hainbat orri. "Hizkuntza ereduen sistema gainditzeko eskatu dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari" irakurri genuen lehen orrian. Bestalde, argitaratutako informazioaren arabera, Legebiltzarreko talde guztiek euskararen aldeko konpromisoa hartzen zuten, jarduera politikoan eta bereziki jendaurreko saioetan euskara "gero eta gehiago eta normaltasunez" erabiliko dutela zin eginez.
Egunkariek Ibarretxeren hitzak ere jaso zituzten, Lehendakariak euskararen aldeko eguna "basamortuan ur tanta bat ez dadila izan" eskatu baitzuen bezperako ekitaldi batean.
Informazio hauen guztien arabera, abenduko lehen larunbat hark beste egun askok baino hobea zirudien. Hala ere, txoko batean tinta beltzaren orbana azaltzen zen. Hitzetatik ekintzetara pasatzerakoan, asmo guztien bermeak hutsean gelditzen ziren berriro ere -non dago, esaterako, 1998an onartutako Kirolaren Legea garatzeko Gobernuak erakutsi beharko lukeen borondate politikoa? Nahikoa al da urtero, inozenteen egunean, Euskadiko Selekzioko jokalarien partida ikustea?-.
Lehendik ere euskarazko tokiko telebistak kezkati azaldu ziren lizentzien eta digitalizazioaren aurrean, baina egonezin horien abiapuntua abenduaren 3ko egunkarietan agertzen zen albistean aurkitu ahal izan genuen. TDTko (Televisión Digital Terrestre) lizentzia berrien banaketa arautzeko Jaurlaritzak kaleratu duen dekretuaren zirriborroan eskaintzaren esku uzten ditu euskara hutsezko telebistak, ez baitu lizentzia bakarren bat ere gorde euskara hutsean izan dadin.
Aurtengo lehen hilabete honetan Jaurlaritzak onartuko bide duen tokiko telebisten legearen zirriborroaren arabera, EAE hamabost barrutitan banatu da: Gasteiz eta Laudio Araban, Bilbo, Getxo, Barakaldo, Mungia, Durango eta Bermeo Bizkaian eta Donostia, Zarautz, Tolosa, Eibar, Arrasate, Beasain eta Irun Gipuzkoan; bakoitzean lau tokiko telebista aurreikusten dira, gehienez ere -guztira, hirurogei telebista kate izango lirateke-. Lau kate horietako bat publikoa izateko aukera dago, bailarako udalek kate hori nahi dutela adieraziko balute.
Gakoa, beti bezala, irizpideetan datza. Hedabide hauen eragina eta euskararen erabilpenarekiko TeleDonostik edo Localiak, esaterako, erakusten duten interes eza ikusirik, garbi dago ikus-entzunezkoen sektore hau estrategikoa dela euskararen berreskuratze planetan nahiz eskualdeek beren nortasuna behar bezala egituratu ahal izateko. Euskararen normalkuntzaren ikuspegitik legearen zirriborroak ez du barruti bakoitzeko lau kate horietatik batek ere euskara hutsez emititu behar duenik bermatzen. Jaurlaritzak, lizentziak banatzean, euskararen erabilpena lehenetsi baino ez luke egingo, "edo, kasuan-kasuan, ezarritako gutxienekoa gainditzen dutenen aldeko jarrera" erakutsiko luke. Udalek katearen bat beren gain hartuko balute programazioaren erdia euskaraz egin beharko lukete eta besteek tokian tokiko errealitate sozio-linguistikoaren arabera. Adibidez, euskal hiztunak %25 baino gutxiago diren bailaretan programazioaren laurdenak euskaraz izan beharko du eta hamar urte barru %50 hartu beharko luke.
Kate pribatuek ere, gutxienez, euskal hiztunen ehunekoaren arabera antolatu beharko dute beren programazioa. Edukien aldetik, gutxienez lau orduko berezko programazioa bete egin beharko dute, eta emisioen %10 soilik eskaini ahal izango diete euskal ikus-entzunezko ekoizpenei.
Euskal Herria eta Kataluniako egoerak ezin konparatuzkoak badira ere, haiek jarritako portzentajeek eta epeek gure erabakien eredua izan beharko lukete, berdinak ez badira ere. Gure artean, berriz, inongo bermerik ez badago eta ausardi handiagoa erakusten ez badugu, hemendik hamar urtera gure arrangurek alferrik joko dute murruen kontra.
Ile urdina orrazten hasi garenok aspaldi ikasi genuen zerua asmo onez harriztatua dagoela.
Pello Apezetxea
Zerbait badelakoa gure zentzumenak baieztatzen digu. Ikusteak, entzuteak, ukitzeak, sentitzeak adierazten digu zerbaiten edo norbaiten izana. Gure zentzumenek nolabait somatzen ez dutena, guretzat ez da. Fedeko errealitateak alde batera utzita, horrela gauzatzen da gizakiaren ikuspegia. Ikuspegi hau ahalik eta osoena izan dadin, bere zentzumenak ahalik eta egokien zaintzen eta erabiltzen saiatzen da jendea.
Bada, ordea, bertze jendeak errealitateaz ez jabetzea nahi duena, zenbaiten komenientziagatik, noski. Bitxia da Nafarroan Olentzerorekin gertatutakoa: Iruñeko karriketan ibiltzeagatik, sosa ordaindu beharra Udalari. Ahal bada Olentzerorik karrikan ez agertzeko, oztopo bat. Auzo batzuek ordaindu badute ere, bertzeek ukatu egin dute. Baina baita udaltzainengandik laguntza hartu beharrean, traba eta debekuak jasan ere. Eta ikusteko dago, dena horretan geldituko den, zigorren bat gaineratuko ez ote dieten. Eta, zer da ba Olentzeroren ibilaldia, herri tradizioko pertsonaia arrunt baten gogoratzea, besta giroan eta haurren gozamenerako? Tradizio hori, ordea, euskal herrietako kulturan kokatzen da, eta, ahal bada, euskal kultura propiorik ez dela erakutsi nahi da. Badena ez dela.
Areson egin dutena ere aski argia bilakatu da horretarako argudio. Olentzeroren iduri bera desagerrarazi. Ez doaz bide okerretik, hemengo errealitatea aldatu nahi dutenak. Ez bada egiten, ez bada ikusten, ez bada kontatzen, ez da tradiziorik. Eta bertze ohitura batzuk hartzen dira, arrotzak, baina urteekin bertakoak bailiran erabiltzen direnak. Bazena ez da. Nik bezala, bertze hainbatek bizi izanen dute Francoren denborakoa: oraindik telebistarik ez, lehenengo irrati aparailua etxean sartu, eta diktadurako informazio traketsa, alde batetik, eta musika espainola ordu guztietan. Zer gertatu zen? Anitz jende musika espainol zale porrokatu bihurtu zen. Euskal kantuak, euskal antzerkiak, euskal literatur lanak ez ziren inon somatzen, gordekako elkartze batzuetan ez bazen. Eta ez entzutetik, ez irakurtzetik ezezagutza borobilean bizitu ginen urtetan. Euskarazko dena zokoratua, bazen baina ez zen.
Joan berri den urtean Europatik erran dute, Nafarroan ez dagoela behar bezala errespetatua euskara. Nafar gobernuak, berriz, berehala zera erran du, Europako txostenak haren jokaera onesten duela. Euskararen hainbat erabilera publiko eta ofizial ez betetzeaz gain, debekuak eta laguntza murrizketak hedatzen ari da. Baina, zer nahi duzu, euskararen alde ari omen dira, euskararen onerako erabakitzat jotzen dituzte. Egiatan, ordea, badena desagerrarazteko eginahalean ari dira. Horregatik ebidentea ere ukatu.
Urte honetan, Xabierko Frantziskoren 500. urteurrena dela eta, hari buruzko ekitaldi ugari antolatzen ari dira. Frantziskoren haurtzaroan hasi zen, hain zuzen, Nafarroako konkista, gaztelarren eskutik. Frantziskoren familia orduko jende handietakoa izateaz gain, bere aitak Nafarroako Erregeondoko kargu handienetakoaren ardura zuen. Anaiek, berriz, konkistak iraun zuen urteetan, Nafarroaren aldeko bataila garrantzitsuenetan nabarmen hartu zuten parte. Xabierko gaztelua, bizilekuz gaineko gaztelu zen zati guztia suntsitu egin zuten Gaztelako agintariek.
Frantziskoz hitz egitean, eta bere bizitza kontatzean, familia hainbertze astindu zuten gertaera horiek ez dira aipatu ere egiten. Bere haurtzaro eta gaztaroa zeruko goibel artean egin balu bezala aurkezten dute Frantziskoren bizitza. Gaztelua ikustera joaten denak ere, bertako gidariaren ahotik ez du argi handirik jasoko horietaz. Azken une honetan ez badute aldatu, behinik behin. Bazena, ez zen izan. Bazena ixildu. Badena ez dela.
Jose Angel Irigaray
Iparraldea, hitzetik hortzerat darabilgun kontzeptua, teoria. Praktika, berriz, hutsaren hurrengoa... hegoaldean, eta ez herri osotasunari «aiher» zaion jendeen artean soilik. Hegoaldeko gehiengo zabalarentzat -beren burua abertzaletzat daukaten asko barne- Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa -ia ezabatuak- ez dira merkatu eta, onenean, zenbait jai-ospakizunen lurraldea baino askoz gehiago (Herri Urrats, Pastorala, Maxkaradak...); ia atzerria, funtsean. Eta hala ez denean, maizegi, errealitatearen eremuan bainoago sinboloenean kokatuz hura.
Naski, menpeko egoeran nekez garatu ohi da bi aldeen arteko «nahikotasun» mailako herrigintzarik, eraginiko -eta lagunduriko- alienazioa, eskolatik unibertsitateraino, sozietate arlo guztietan barna, luze eta sakona da-eta. Baina haren azpitik ibiltzea, egonkortuta, ordezkapena (aski) gauzatua izanaren seinale, eta kausa-ondorioa, da. Halakoetan, alferrik dira aldarriak, bereziki higadura, ahulezia eta koherentzia-ezaz zeharkatuta daudenean. Hitzak baino haratago, «ikusten» eta «erakusten» den muga bakarra menperakuntzak eraginikoa baita, are halakorik ez dela diotenen artean.
Horiek hola, gutxi dira herria bere osotasunean hartuz oldozten diren ekimenak. Eta diren gutxiak, gutiz gehienetan, Iparraldean sortzen dira, nahiz demografia, kontzientzia eta ahalmena hain desorekatuak izan. Hegoaldean, joera nagusia agerian uzten duten salbuespenak ezik, ia behin ere ez; eta «Iparra» kontutan hartzen denean, aski «maizter» gisan izan ohi da.
MCCko Fagor Etxetresnak enpresak, adibidez, lantegi ttipi bat dauka Donibane Lohizunen. Fagorrek Elco Brandt frantses enpresa erosi du; «berrantolamenduan» Donibanekoa itxi asmo dute, Brandt-ek Paris ondoan daukan lantokiaren faboretan. Zenbait langile kalera bidean dira, beste zenbaiti, nahiz urte anitz bertan jardun izan, hara joateko eskaintza eginen omen diete, mila kilometrora! Eta Lapurdiko kostaldean batzuk Fagor ereduzko «euskal» enpresatzat zeukaten. Lotsa eta haserrea. Nahiz ekonomiaren helburua etekina dela jakin, nekez onar baitezakete halakorik. Frantses eta frantximentak ez dira isilik, naski, Hegoaldetik datorkeen «euskal garapena» salatzeko garaian.
Edota hegoaldeko aurrezki erakunde «herrikoi» zenbaiten kasua. Lapurdin bulego bat edo beste zabaltzean, zenbait hurreratu ziren langile izateko menturan, beste batzuk bezero izateko asmotan, harro. Errealitatean lan baldintzak «har ala utz» gisakoak dira, soldatak eskasak... Hemen ere amorru eta ahalkea ez dira falta.
Baina ekonomian ez bezala, seguru kultur arloan bestela direla kontuak.
Bada ez. Hemen ere Iparraldetik datoz elkarlanean jarduteko ideia eta garapen gehienak. Hegoaldean egituraturiko deus guti dagoen ballet arloan, konparazione, Biarritz Ballet taldea, mugaz gaindiko elkarlana helburu, Donostian gazteentzako egitura finko bat sortzen bermatu da. Hasia da jadanik bere fruituak ematen. Miarritzeko Théatre des Chiméres -erdaraz funzionatzen duen- taldearen Bertolt Brechten Kaukasiar kreazko berebila euskarazko ekimen gogoangarria, bestalde, Hegoaldeko antzezlari zenbait eta ekoizle-partaideren bat kontuan harturik ondu da. Emanaldien garaiotan, eta teoriaz Hegoaldeko zenbait erakundek «oniritzitakoa» bada ere, axolagabekeria da nagusi. Azkenik, legendetan oinarrituriko antzerki ekimen interesgarri bat ekoitzi du Euskal Kultur Erakundeak berriki: Batekmila. Hemen ere ideia eta bitartekoak Iparraldekoak, antzezlari gehienak Hegoaldekoak eta emanaldiei dagokienez berdintsu.
Aski adierazgarri. Ahalmen mugatu eta egitura eskasekin, herria osotasunean pentsatuta teoriaz legokiokeena baino gehiago sortzen da Iparraldean. Hegoalde ahalmentsuago eta ustez aise abertzaleagoan, berriz, teoriaz legokiokeena baino askoz ere gutxiago, ia deus ez.
Ifarra galduxe, Iparra galdua Hegoaldean?