Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-01-15 -- 2023.zenb

Elite ekonomiko-politikoak Davosen du hitzordua

Daniel Udalaitz


Enpresaburuen, politikoen eta akademikoen arteko 2.000 liderretik gora -erabakia mundu guztian duten liderrak- Davosen bilduko dira urtarrilaren amaieran. Alpeetako leku horretatik datorkio izena Davoseko Munduko Foro Ekonomikoari eta duela urte batzuk, foro kapitalista horixe izan zen Brasilgo Porto Alegren jaio zen Munduko Foro Sozialaren iturburu. Porto Alegrekoa Davosekoaren alternatiba sozial gisa eratu zen eta halaber, urtero antolatzen ditu ekintza alternatiboak ikuspegi antikapitalista eta solidariotik, munduko boterearen elite horren eraginari aurre egiteko.


Davos 2006ko gaiak

Davoseko Foroan ere, teorian bederen, munduko pobrezia eta hiesa bide dira gai kezkagarrienak. Horregatik-edo, arlo horretan izan dituen porrotak eta bete ez dituen promesak aitortzera ere iritsi da. Iazko foroak «Erabaki zailetan erantzukizuna bete» zuen leloa eta foroa kezkatuta zegoen politikoak eta enpresaburuak «pobreziaren, bakearen eta ingurumena babestearen gai globalei erantzuteko hitza» hausten ari daitezkeelako. Foroak Davosen landu zuen beste dokumentu batean, berriz, honako hau aitortzen du: «Munduari asko falta zaio oraindik helburu garrantzizkoenak lortzeko».

2005ean, 96 herrialdetako 2.250 lagunek parte hartu zuten; besteak beste, munduko 500 pertsona aberatsenak bertaratu ziren. Foroak, berez erantzukizunik ez balu bezala, ohartarazi zuen gobernuena dela erantzun beharra, nahiz eta «funtsezkoa izan enpresaburuek ekintza filantropikoak (!) hedatzea, munduko pobreziaren eta eritasunen kontra borrokatzeko».

90eko hamarkadaren bukaeran, Internet eta globalizazioa izan ziren gai nagusi. Hamarkada honetan -betiere Davoseko Foroa fundatu zuen Klaus Schwab-en arabera-, medikuntzako aurrerapenak eta haien gorabehera etikoekiko konexioak gailenduko dira, eta terrorismoaren kontua ere ez da desagertuko. Urtarrileko Davoseko Foroko aztergai posibleei dagokienez, Klaus Schwab fundatzaileak ideia batzuk azaldu zituen joan den irailean, baina oraindik ikusteko dago aurreratu zituen gaiak aztertuko direnentz. Klaus jaunak 2006ko urtarrileko bileraz galdetu ziotenean, honela erantzun zuen: «Nondik norako batzuk baditugu; esate baterako, Txinaren eta Indiaren hazkundea, munduaren gobernazioan gertatzen ari diren hutsuneak, oraintsuko NBEko Batzar Nagusian frogatu direnak; terrorismoa ere bai, jakina, eta abar».

Davoseko Foroaren fundatzailearen aburuz, humanitatearen arazo handiak ezin dira konpondu botere publikoen eta pribatuen arteko aliantzarik gabe, eta honela dio: «Estatu indartsua eta zerbitzu publikoak behar ditugu. Bide horretatik baino ez da erdiesten ekonomia irmoa. Zenbait arlotan, merkatuak ez du behar bezala funtzionatzen, eta hobe da era horretako eremuetan estatuek jardutea, betiere efikazia maximoa garantizatzen badute. Gaur egun, dena dela, botere publikoen eta pribatuen arteko aliantza da noraezekoa. Adibidez, ez gobernuek soilik, ez enpresek soilik, ez GKEek soilik konpon ditzakete osasuna bezalako arazo larriak».


Pobrezia eta hiesa hazten ari dira

Han-hemen egin diren munduko gailurrak gailur -Munduko Bankuarena, Munduko Merkataritzako Erakundearena, Nazio Batuen Erakundearena, G-7 taldearena...- bai pobrezia, bai hiesa, hazten doaz etengabe. Horixe erakusten dute datuek. 2005. urtean, 6.464,7 milioi biztanle izatera iritsi da mundua: herrialde aberatsek -Ipar Amerika, Japonia, Europa, Australia eta Zeelanda Berria- 1.211,3 milioi inguru hartzen dituzte. Garabideko herrialdeek -Afrika, Hego Amerika, Karibe eta Asia; Japonia, Melanesia, Mikronesia eta Polinesia kanpo- 5.235,5 milioi inguru eta herrialde pobreenek -garapen gutxiagoko herrialdeak, NBEaren arabera-, beste 759,4 milioi.

6.464 milioi biztanleen artetik 3.000 milioi lagun eguneko 2 dolar baino gutxiagorekin (1,66 euro) bizi dira, eta herrialde industrializatuek ez dute bideratzen agindutako laguntza -nazioko aberastasunaren %0,7-. Humanitatearen ia erdiak pairatzen duen pobrezia 2015erako erdira murriztea lortu ahal izateko, nahitaezkoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasunera eta osasun erreproduktibora (familiaren planifikazioa barne) heltzea. NBEaren arabera, minutu oro hiltzen da emakume bat munduan, eragotz daitezkeen amatasunaren ondoriozko kausengatik (525.000 bat urteko). Hiesaren birusa duten 40 milioi infektatuen erdia inguru dira emakumeak, zeren, egokitu zaien pobrezia, diskriminazioa eta biolentzia tarteko, berak dira ahulenak. NBE erakundearen datuekin jarraituz, aski da segidako konstatazio hau: 2003an, 5.000 milioi kondoi banatu zituzten herrialde pobreetan, baina, berez, 13.000 milioi dira beharrezko.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan