Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-01-15 -- 2023.zenb

Joseba Barandiaran

Nire irudiko, postalak zuriegiak izan ohi dira gibeleko aldetik. Eta ez erosi berritan bakarrik; idatzi berritan ere, sarri, oso zuriak izan ohi dira. "Asko gogoratzen naiz zurekin, toki hau polita da oso, primeran gabiltza, laster gara elkarrekin, etorri egin behar zenuen..." eta enparauak.

ARGIArako laugarren postal hau idaztera noala, ilbeltza ate joka izaki eta mendiak zuritu zaizkigunez, neguko postala beltzagoa idaztea deliberatu dut. Oso litekeena da, azken pare bat hilabetean, kanpoan den norbaiti zerbait idatzi dion euskaldunak, Barakaldoko BEC erakustokian izandako Bertsolari Txapelketaren finala aipatzea. Euforia pittin bat eta harrotasun dexentea piztu duena, besteak beste. Arrakasta ukaezina izan du Bertsozale Elkarteak, bakoitzari berea.

Baina bestalde, 13.008 pizti arraro areto bakarrean biltzeak ez du esan nahi pizti horiek arraroak ez direnik. Esan nahi baita, gure herrian beste hamaika gertaera, une, bilkura, jai eta pasadizo izan direla aurreko asteetan, euskaltzale batentzat, gehien gehienak, BECekoa baino tristeagoak.

Piztu telebista. Retegi BI eta Arretxe II. elkarren aurka. Eskuz, buruz buru, nor baino nor. Nafar euskaldun peto, umetan elebakarrak aitak, erdaldun peto seme pamplonesak. Erdaldun peto diot, egia esan, informazioa kontrastatu gabe eta horrek dakartzan arriskuekin. Baina Bilboko kale kantoietan bederen hori entzuten da -ez erdara bakarrik, bi pilotariak erdaldunak direla baizik-.

Iker eta Julen, izen ezin baskoagoak biak. Alzugarai eta Nagore bigarren abizenetan. Grafia euskalduna, beharrik! Baina ETB1en elkarrizketa egingo baliete, zer? Pilotariak pertsonaia publikoak direlako aukeratu ditut bi izen horiek. Ez gara inoren epaile eta inori kontuak eskatzera ere ez nator. Eta Foru ortuan bada, badakit, fruitu lerden eta ederrik. Adibidez, Lakasta eta Sotes, jatorrizko labelaren kasta ote?

Baina Sanz eta Pegenaute hizkuntza genozidatzat jotzen ditugunok, ezin ditzakegu hizkuntza arakiria egin eta egiten dutenak ahantzi. Bilboko kantoiek diotena egia bada, ingelesezko izenak ponpoxoago omen diren garaiotan, Retegui Two vs Arreche The Second ikusteko prestatzea hobe dugu. Eta barka inork postal honetan hitz koktel molotoff bat ikusten badu. Egia esan, ez dakit zein telebistak eman zuen partida, ez partida nola amaitu zen, ez dakit elkarrizketatu zituzten ere eta, egin bazuten, ez dakit -baina badut errezeloa- zein hizkuntzatan elkarrizketatu zituzten.

Euskal talibana naizela pentsatuko du askok. Baina niri hizkuntza arakiriak pena ematen dit, zer egingo diogu. Hori bai, ez dut inor infernuko zulora horregatik kondenatuko. Are gutxiago pertsonaia publikoa baina jarduera pribatuan badabil. Lehendik ere badago nahikoa bortizkeria bazterretan. Iker eta Juleni barkamenak aldez aurretik hau ulertzeko gai badira eta zorionak, nola ez, euren esku eragatik. Pelota(n) egiteko, jakina.

Dena den, urte berria iritsi zaigunez eta antzinako bekatu guztiak garbitze aldera, aitor dezadan, aspaldi batean Ordizian aipatutako Kilometroak jai batean, ahozko granada hau jaurti niola orduko Donostiako alkateari: "Albistur Albizturrera, euskara ikastera". Bistan da, geure hitz bidezko ekintzek ez dute arrakastarik. Nola izango dute baina, lingua arrarorum horretan jarduten badugu ? Derradan nire alde orduan adinez txikia nintzela eta, akaso, ameslariagoa ere bai.

Denborak ez du ordea edozer sendatzen: epaile jaun txit goren batek "juglar sabelotodo" bat ikusi zuen tokian, geuk artista bat ikusi uste genuen, hitzaren maixu eta ironiaren katedratiko. Hizkuntza betaurrekoen ironiak zer diren. Desertuko ispilukeriak.

Txoli Mateos

Bartzelonan, berriki, hiru gazte atxilotu dituzte andrazko eskale bat hil izana leporatuta; eta nola hil, gainera. Hasieran, 18 urteko gazte bik bortizki jipoitu zuten, baina eskaleak kutxazain batean babestea lortu zuen, bertako atea itxirik. Handik gutxira, berriz itzuli ziren, 16 urteko gazte bat amu bezala erabilita atea ireki ziezaien. Eta behin hori lortuta, su eman zioten andreari. Horrelaxe, bizirik erre zuten. Udal agintarien arabera, mutilak familia arruntekoak dira, klase ertainekoak. Gazteok, antza denez, errudun direla aitortu dute, baina jolastu baizik ez zutela nahi esan dute euren burua defendatu guran.

Tankera horretako albisteek ezinegona eragiten dute edonorengan. Animalia hutsak dira: horixe da burura datorkigun lehendabiziko ideia; eta ziztu bizian saiatzen gara gizateriaren eta ale bakan batzuen arteko mugak ezartzen. Esaten dutenez, alta, ankerkeria giza ezaugarria omen da; hots, animaliek biziraupena ziurtatzeko baino ez omen diote beste bati minik eragiten. Ez dakit egia den edo ez. Edozein modutan, aipatu albistea entzutean, barruko ahots txiki bat hasten zaigu berbaz, apur bat etsita, gizakiaren eta gizateriaren izenean han-hemenka egiten diren hainbat eta hainbat sakrifiziok, ametsek, proiektuk... merezi ote duten zalantzan ipintzen duena.

Azken batez, edozein zeregin kolektibo bati ekiten dionak gizakiari buruzko ikusmolde jakin bati eusten dio, nahiz eta batzuetan jabetu ere ez garen egiten horretaz. Ugariak dira ikusmoldeok, baina oinarrian denek dute honelako ideia: pertsonak badu halako izaera sakratu bat, beste edozeren gainetik dagoena. Esate baterako, sentiberatasun ekologikoa izugarri hazi da azken aldian, eta, horren ondorioz, naturari egindako eraso bakoitzak -berdin da parke bateko zuhaitzak edo Amazoniako baso erraldoi bat izan- egiazko tristezia sorrarazten du gugan. Baina edozein hondamendi ekologikok beste izari bat hartzen du tartean hildakorik egonez gero, zeren eta gizakia eta bere bizitza -eta ondorioz, bere heriotza- gauza guztien gainetik daudela uste baitugu. Bestela esanda, ekologistek ere ez dute maila berean jartzen astoaren desagerpena eta gizakiarena. Hori horrela, norbanakoaren duintasuna, askatasuna eta ongizatea jotzen ditugu balio gorentzat. Giza aberea abere guztiz berezi bezala ikustean bat egiten dute tradizio kristauak eta pentsamendu filosofiko nagusiak. Mendebaldeko gogoeta intelektualean ez ezik, gaur egun ondo sustraitua aurki dezakegu ikusmolde hori jende xehearen irudikapen eta egintzetan; horregatik esaten nuen gorago, batzuetan, sentipena inkontzientea izan daitekeela.

Hala ere, ondo sustraitua egoteak edota sakonki hausnartua izateak ez du saihesten ikuspegi okerra izatea, alde askotatik begiratuta. Zenbaitek uste du, horrela, alferrikakoa dela gure animaltasunari uko egin gura izate hori. Alferrikakoa ez ezik, patetikoa ere bada. Diotenez, antropozentrismoa alboratu ezinik gabiltza, orain mende batzuk gure planeta unibertsoaren erdigunea zela pentsatzen zutenak bezalaxe, harro-harro, itsu-itsuan. Eta ez dugu Darwin behar animaltasunaren katebegi bat baino ez garela jabetzeko; egunerokotasunari begiratu baino ez zaio egin behar, ordea. Mingarria da, apur bat fribolo jarrita, baina onartu beharra dago: gu ez gara filmearen protagonista; bilakaeraren zori hutsaren emaitza baizik. Akabo, beraz, duintasun guztiak. Edo ez?

Dudarik gabe, eztabaidaren ondorioetan dago gako nagusietako bat, ez baikaude intelektual batzuen arteko tira-bira teoriko huts baten aurrean. Animaliei dagokienez, uste dut ondorio zuzen -eta onuragarri- asko egon daitezkeela. Ni neu ezjakina naiz animaliek guk bezalaxe sentitzen eta arrazionalizatzen duten edo ez ebazteko, edo horretaz iritzi sustaturik emateko, baina nago eztabaida bera mesedegarria izan behar dela haien bizi baldintzak eta haiekin dugun jokabidea zuzentzeko. Milaka urtetako zorra kitatuko genuke horrela. Natura/kultura binomioaren arteko mugei buruzko gogoetaren ur sakonetan murgildu gabe, beraz, gora animaliak! oihuari ongi etorria eman beharko genioke herritar xumeok.

Baina zer gertatzen da gizakiok elkarri zor diogun jokabidearekin? Zenbait ekinbide kolektiboren jardunean, adibidez, inplikazio zuzen bat baino gehiago izan lezake. Burura datorkidan lehena feminismoa da, neurri handi batez, naturak ezarritako baldintzei uko etengabean eta horiek gainditzean oinarritu baita mugimendu hori. Nola edo hala, ekinbide kolektibo oro ukiturik gelditzen da eztabaida honekin. Hasiera batez, irudi lezake ekologismoa indartzeko mesedegarri izan litekeela antropozentrismoa alboratzea, baina, zergatik izan behar gara ekologista eboluzioaren zori hutsez baldin bagaude planetan? Zergatik sentituko ginateke gure ondorengo belaunaldiekin zorretan?

Hortaz, animaltasunaren errebindikazio erradikalak ekinbide morala ere indargabetu dezake. Agian horrela sentituko ziren kristauak Darwinek bere tesi ospetsuak azaleratu zituenean.

hemeroteka

2022. zenbakia | 2006-01-08
2020. zenbakia | 2005-12-18
2017. zenbakia | 2005-11-27
2016. zenbakia | 2005-11-20
2015. zenbakia | 2005-11-13
2013. zenbakia | 2005-10-30
2012. zenbakia | 2005-10-23
2011. zenbakia | 2005-10-16
2010. zenbakia | 2005-10-09
2009. zenbakia | 2005-10-02

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan