Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-01-15 -- 2023.zenb

Mayi Tolosa


Telebista piztu. Operación Triunfo. Azken edizioko azken gala. Sergio, irabazlea, taula gainean. Adin eta gizarte maila guztien gainetik, une horretan telebista aurrean ziren bi pertsonen artetik bat saio hau ikusten ari zen. Hori bai arrakasta! Non? Euskal Autonomia Erkidegoan... Sinestea kosta egiten da, baina Donostian egindako casting-era 762 pertsona aurkeztu ziren. Urduri. Fama, dirua eta diskoa. Hori guztia hiru hilabetean eskuratzeko aukera. Zein dago ilaran zain?

Ainara Ortegak ez du aurkeztu den inor ezagutzen. Berak jazz estiloko kantua ikasten du, Musikene goi mailako kontserbatorioan. Han eta hemen aritzen da abesten, hainbat proiektu musikaletan parte hartzen du eta aldian aldiko jai pribatuak girotuz ere lortzen du dirua. Bera bezala aritzen den asko ezagutzen du. Horietako inor ez da Operación Triunfoko castingetara aurkeztu, ezta nahi ere.

Goi mailako ikasketak egiten ari diren gehienek ez dute «operazio» horretan sinesten. Telebistarako prestatutako gidoia jarraitzen duen saio bat gehiago dela uste dute, fartsa. Bidea berandu hasi duenik badela onartzen dute, baina benetako abeslari izateko gutxieneko musika ezagupen batzuk ezinbesteko jotzen dituzte. Abestea, ahoa ireki eta kantuan hastea baino zerbait gehiago dela, alegia.


Karrera ala lasterketa?

Aipatutako gehienek umetan hasi zituzten solfeo ikasketak. Gurasoen eskutik joaten ziren eskoletara. Musika tresnaren bat jotzen ere ikasi zuten, baina beranduago ohartu ziren benetan maite zuten musika tresna, landu nahi zutena, gainean zutena zela, ahotsa.

Helen Rowson bi astean behin Bartzelonatik etortzen da Musikenera, ikasle hauekin horixe bera lantzera, ahotsa. Ahots teknikak irakasten dizkie. Hona etorri aurretik, David Bisbal, Chenoa eta beste lehiakideekin akademia famatuan hiru urtez aritu zen lan bera egiten.

Bi aldeetako ikasleak konparatzeko eskatuta, biek ere helburu antzekoa edo berbera dutela dio; guztien asmoa fama eta musikaren bidean aurrera egitea dela. Kontua da batari eta besteari zein garrantzia ematen dioten, argitu digu gero.

Musikene lanerako askoz ere aproposagoa ikusten badu ere, eta ikasleek egiten dituzten aurrerapausoak nabarmenagoak direla iruditzen bazaio ere, telebistako saioak musikaren panoraman bizitasun pixka bat sortzen duela onartzen du. Arrakasta benetako arrakasta izan ez arren eta makillaje eta arropek ahotsak baino garrantzia handiagoa dutela baietsi arren, horrelako saioak behar direla uste du. Batzuentzat benetako lorbidea izan daitekeela eta aukera badute aprobetxa dezaten gomendatzen du berak.


Bestearen epaitza

Ana Otxoa bilbotarrak kantu klasikoa ikasten du. Aurten amaituko ditu goi mailako ikasketak eta ez du uste etorkizunerako ate gehiegi zabaldu zaizkionik. Musika irakasle izateko ere ikasi zuen lehenago, baina horrez gain zerbait gehiago egitea gustatuko litzaioke. Operación Triunforen castingera aurkeztuko litzateke, baina soilik epaimahai horren aurrean nola sentituko litzatekeen jakitearren, bere ahots interpretazioak zer iritzi sortuko liekeen jakitearren. «Jakin nahikeria da», dio berak, «besterik ez». Gainera, lehiaketa horretako parte-hartzaileei txalogarria iruditzen zaion gaitasun bat ikusten die, dantza eta kantua bateratzeko ahalmena. Anari oso zaila iruditzen zaio biak aldi berean ongi egitea. Hala ere, mikrofonoak asko laguntzen diela dio bere alde, antzoki bat bere ahots soilarekin betetzeak akaso meritu gehiago duela iradokiz.

Telebista saioari gauza positiboak ikusten badizkio ere, bere ikaskideek bezala, segur da arrakasta eguneroko lanari esker lortuko duela eta ezinezkoa dela eurak urtetan egin duten lana hiru hilabetean barneratzea.


Arrakasta, norberaren esku

Izan baldin badira, gutxi dira zorte hori izaten dutenak. Ez orain, ez lehen. Amaia Zubiria kantariak oso argi ikusi du hori. Ez du uste gauzak orain lehen baino errazago direnik, ez eta zailago ere. Gazteak lanerako gogoz ikusten ditu, nahiz eta akaso zertxobait burgestu direla pentsatzen duen.

Amaiak uste du kantari izan nahi duenak, musika sentitzen duenak, artistaren bizitzari eusten diola eta ez duela aberasteko asmorik izaten. Egun, errazagoa iruditzen zaio bestelako ikasketekin uztartzea, baina une jakin batean zirt edo zart, bat edo bestea aukeratu behar izaten dela ikusi du. Arrakasta norberaren gogo, ahalmen eta lanaren araberakoa izaten dela iruditzen zaio.



Ama, kantatu zuk ere

Zubiria abeslari ezaguna dugu eta euskal kantu lehiaketetan epaimahaikide izan ohi da. Bere esanetan, adin jakin batera heldu arte, gizonezkoak baino gehiago dira lehiaketa hauetara aurkezten diren emakumezkoak, baina ama izatea erabakitzen dutenean edo beste erantzukizun batzuei aurre egin behar izaten dietenean, emakumeek agertokia alde batera uzten dute. «Non da Labrit?» galdetu omen zion norbaitek orain gutxi. «Ama izan da» pentsatu zuen berak. Eta halaxe izan da, jakin duenez. Horrek penatu egiten du eta egunen batean emakume bat haurdun bere tripa handiarekin agertokian kantari ikusteak poztuko lukeela dio. Ez omen du aitatasunagatik aretoak utzi dituen gizonik ezagutzen.

Zubiriak badaki lehia ez dela didaktikoa, baina euskarazko eta euskal kantagintzaren tradizioari eusteko modua iruditzen zaio lehiaketa hauek antolatzea. Nafarroako Kantuzaleen Elkarteko koordinatzaile Oskar Estangak ere hala uste du. Estangarentzat, epaile batzuen arabera on edo txar sentitzea norberaren konfiantza besteren eskuetan uztea da. Era berean, ordea, kantari izateko bidean direnei bultzada emateko oso modu ona da, bere aburuz.

Horrela ari da Maider Ansa aranoarra (Nafarroa) ezagun egiten. 19 urte ditu eta dagoeneko helduen arteko txapelketa bigarrenez irabazi berri du Nafarroan. Haurren artekoan, 11 urterekin aurkeztu zenetik, behin bakarrik geratu zen lehen saririk gabe. Euskal Herrikoan aurkeztu den aldi bakarrean ere, irabazle suertatu da.

Berriro ere zertarako aurkeztu behar duen galdetzen diotenean, horixe erantzuten du berak, aurkeztuko ez balitz eta berriz irabaziko ez balu, inork ez lukeela bere izenik gogoratuko. Sikiera urtean behin, Ansa ahizpen artean gazteena hortxe dabilela jakin dezagun aurkezten da.


Kalitatearen beste hainbat erakusleiho

Aldi berean, Ansa musika irakasle izateko ikasketak egiten ari da Iruñean eta uda garaian talde batekin aritzen da, herriz herri eta festaz festa. Kantu bazkari eta afarietan parte hartzea ere atsegin du eta horrelakoei esker, kantagintza berreskuratzen ari direla nabari du. Dibertsio gune izateaz gain, aukera horiek guztiak kantagintzarentzat ezinbestekoak diren leihoak iruditzen zaizkio.

Askok nahiko luke bere errepertorioa formatu borobilean bilduta ikustea, baina ez da hain erraza. Irratietan banatzeko moduko zerbait etxeko ordenagailuarekin ere egin liteke, beti ere kalitatearen kaltetan, baina CD formatuan eta saltzeko moduan egiteko, gutxienez 3.000 euro behar izaten dira. Zorte handia da etxera ate joka etortzea; ohikoena, ordea, patrikatik jarri behar izatea da eta horrek ere ez du arrakasta segurtatzen. Hori argi dute lehia horretan ari direnek eta beraientzat nahikoa arrakasta da luzean ala laburrean, diskoarekin ala gabe, plazan edo lagun artean, xume, goxo eta suabe entzuten den doinu polita; aurrean dagoena hunkitzea lortzen badu, bederen.

Pilar Iparragirre

Zer dago Mutuaren hitzak nobelaren atzean?
Bada, begira, nobela hau idazteko garaian beste langintza bat izan nuen, burua bete eta eskuak eta gerria apurtu zizkidana: etxea handitzeko lanak hartu genituen hiru hilabetez, eta horrek gremioekin jarri ninduen harremanetan; arkitekto, igeltsero, iturgin, zurgin eta bestelako guztiekin. Eta zinez esan dezaket etxea eraikitzeak eta eleberria idazteak badutela antzekotasunik.

Eta zein da antzekotasun hori?
Antzeko bizi izan ditut nik, behintzat, biak ala biak, eleberrigintza etxegintza baino nekezagoa eta luzeagoa gertatzen bada ere. Lehenik eta behin, nolako etxea egin nahi duzun behar da erabaki. Liburuarekin ere, berdin. Arkitekto lanbidean hain ohikoa diren marrazki eta zirriborro horiek egin behar izaten dira lehenbizi, buruan edo paper mutur batean. Helburua, jakina, irakurlea denbora batez gordetzeko moduko etxe bat eraikitzea da. Eta gainera, etxe horrek ezin du izan edonolakoa, Babes Ofizialeko mila aldiz errepikatu horietako bat. Gutxitan jarriko gara geure bizitzan zehar hainbesteko lanak egiten -eleberri bat idazten-, eta norberaren gustuko etxea eraiki nahi izaten da, nabari dadila nor den arkitektoa, baita han biziko dena -irakurlea- beste norbait izango bada ere.

Ildo nagusiak marraztu eta gero, zer dator?
Igeltsero lana etortzen da, eta horixe du arazorik handiena idazleak, nere kasuan behintzat; zeren normalean irudimenetik ondo samar ibili ohi bagara ere, adreilu bat, eta beste bat eta gero beste bat jarri behar izaten da gero orrialdeetan.

Nagore Irazustabarrena


«Benetako arkitektura eskultura da» zioen Constantin Brancusi eskultore errumaniarrak. 1926an Brancusik, itsasontzitik lehenengoz Manhattan ikusi zuenean, «nire tailerra da eta!» bota omen zuen, etxe orratz multzoak Parisko tailerrean zituen eskultura geometrikoak ekarri baitzizkion gogora.

Antzeko zerbait senti dezake Guggenheim museoko bisitariak. Bilboko kale tartetik haren perfila ikustean, eskultura erraldoia ikusiko du, Hans Arp edo Vladimir Tatlinen lan bat, baina eskala izugarrian egina. Beste adibide bat Woody Allenen azken filman ikusten da behin eta berriro: Match Point-eko protagonistak Norman Fosterrek Londresen eraikitako pepino itxurako eraikinean egiten du lan; urrutitik eskultura erraldoia da eta barrutik Swiss-Re aseguru etxearen egoitza.

Arkieskultura ez da berria

Egia da arkitektura eta eskulturaren arteko nahasketa honek azken hamarkadatan bultzada handia izan duela, baina horrek ez du esan nahi kontu berria denik. Egiptoko piramideak eskultura sinple eta espresiboak dira, eraikin funerarioen funtzioa betetzeaz gain; gotikoan arkitektura eskulturara hurbildu zen forma organikoen bila; barrokoan ere fatxadak eskultura legez landu ziren. Baina bi diziplinen arteko harremana XVIII. mendetik aurrera estutu zen bereziki eta Bilboko erakusketak ordutik gaurdainoko epea du aztergai. Etienne-Louise Boullék 1784an proiektatu zuen Newtonen zenotafio berritzailetik hasita, 60 artista eta 50 arkitektoren 180 lan inguru bildu dituzte. Bidaia berezi hau kronologikoki antolatua dago 10 ataletan.



Neoklasizismotik eskala apurtzeraino

Aurrekari historikoak jasotzen dituen sarreraren ondoren (208 aretoa), erakusketak neoklasizismoan egiten du lehen geldialdia (205 aretoa). Aipatutako Boulléren esfera hutsarekin hasten da atala, Malevichen bloke zuriekin amaitu. Berritzaileak izanagatik, Ilustrazioko obrek ordura arteko proportzioak mantendu zituzten.

Eskala apurketa da, hain zuzen, bigarren atalaren ardatza (205 eta 206 aretoak). Bertan Brancusi errumaniarraren tailera ikus daiteke, tarteka, eskulturen ordez, etxe orratzak ipiniz, New Yorkeko World Trade Center zena kasu, modu horretan bien arteko harremana garbiago ikusteko. Brancusik berak 50eko hamarkadan Zutabe Amaigabea izeneko bere eskultura Chicagon 122 metro luzeko etxe orratz bihurtzea proposatu zuen. Eskalaren proportzionaltasuna hautsi zen horrela, handik aurrera eskulturak zein arkitekturak ez zuen zertan gizakiaren neurrira egina izan.



Espazioaren konkista

Hurrengo bi atalek kubismoaren (206 aretoa) eta espresionismoaren (207) garaia hartzen dute, hots, 1910 eta 1930 bitarteko tartea. August Schmarsow historialariak 1900. urte inguruan zioen eskulturak gorputzak sortzen dituela eta arkitekturak, aldiz, espazioak. Hamar urte beranduago hautsi zen banaketa hori: Arkitekturak gero eta plastizitate handiagoa hartzen zuen bitartean, eskultura ordua arteko gorputz itxia desegin eta espaziora irekitzen hasi zen. Besteak beste, 1912an Archipenkok bere Emakumea oinez obrari zulo batzuk eginda lortu zuen hori. Arkitekturan Taut, Mendelsohn edo Steiner eskultura figuratibora gerturatu ziren euren eraikinei esker. Forma bigun eta organikoak sortu zituzten, Le Corbusier edo Mies Van de Rohek hasieran egin zituzten eraikin zorrotz eta geometrikoei kontrajarriz. Kontrako jarrera horiek orain arte iraun dute, baina eztabaida horri beste atal bat eskaini diote erakusketan.

Bosgarren atala Rudolf Steiner eta Ludwig Wittgenstein pentsalariei eskaini diete. Bi filosofo ezagunek egindako lan arkitektonikoen bidez «filosofia arkitektura bihurtua» zer den ikus daiteke.

209. aretoan 50eko eta 60ko hamarkadako lanak ipini dituzte. Arkitektura eskultura bilakatuta. Eskultura arkitektura bilakatuta izenburupean, 6. atal honetan bi generoak nahasteko mende hasierako joera are nabarmenago ikusten da. Le Corbusier geometriatik urrundu zeneko Villa Savoye edo Frank Lloyd Wrighten New Yorkeko Guggenheim Museoa dira arkitektura eskultorikoaren adibide. Eskulturan aldiz ez dago hain urrun joan beharrik, Chillida baitugu 60ko hamarkadan eskultura espazio arkitektoniko bihurtzea lortu zutenen artean adibide garbienetakoa.

Eskulturak hartzen du hurrengo atal osoa (203 aretoa). Alberto Giacomettik bultzatutako iraultzaren emaitzak daude ikusgai. Giacometti hartzen da instalazio artearen aitzindaritzat. Berak bultzatuta eskulturak monumentu huts izateari utzi zion, «erabilgarri» bilakatu zen eta hiriko espazioan integratu.



Paisaia zizelkatzen

70eko hamarkadan arkitektoek eskulturan egindako esperimentu abangoardistak baliatu eta etekin handia atera zieten -batzuen ustez eskultura literalki xurgatzeraino-. Horrela garatu ziren arkitektura minimalista eta paisajista, eta bi korronte hauetaz dihardu 8. atalak.

9. atalak ere badu zerikusirik paisaiarekin, azken hamarkadatan hirigintza hautsi duten obrak baititu hizpide. 60ko hamarkadatik aurrera funtzionalismotik urrundu eta mega-eskultura informalez osatutako hirigintza proiektu utopiko eta, tarteka, ez hain utopikoak burutu zituzten. 304 areto honetan pieza esanguratsuenetakoa Miquel Navarroren Harresi hiria da.



Box, blob eta kanibalismoa

Box eta blobaren arteko eztabaidak mende hasierako joeratan du oinarria, baina egun polemika hau gori-gori dago oraindik. Box arkitektura funtzionalista da eta kutxa angeluzuzena du oinarri. Blob arkitekturak berriz, forma organikoak bilatzen ditu eta egun teknologia berriekin, gero eta errazagoa da horrelakoak lortzea. Joera kontrajarrion adibide bana ipintzekotan, Greg Lynnen enbrioi itxurako etxeak ditugu batetik, erabateko blobak; beste muturrean Jean Nouvelen Monolitoa dago, eraikuntza kubiko hutsa.

Gainera, teknologia berriek blob arkitekturari eman dioten bultzadak beste eztabaida batera garamatza: garapen hori ikusita arkitektura korronte hori ez ote daitekeen eskulturaren jarraipentzat hartu. Hainbat eszeptikok dio, Rosalind Krauss arte teorikoak besteak beste, arkitektura eta eskulturaren arteko gaurko lotura «harreman arriskutsua» dela, arkitekturak xurgatu ez ezik «irentsi» egiten duela eskultura. Erakusketa honen tesia, ordea, bestelakoa da eta bisitariari kanibalismorik ez dagoela erakustea du xede: batak ez du bestea irensten, elkar elikatzen dute eta arkitektura eta eskulturaren arteko harremanak emankorra izaten jarraitzen du.

Pilar Iparragirre

Nomadak kantari doaz
Joxean Sagastizabal
Alberdania
134 orrialde 12,50 euro

Australiako aborigenen mundua

Australiako baztergabetasunean, ehizan eta bilketan larrugorririk bizi den aborigen tribu bateko ohiturak eta sinesmenak jasotzen duen eleberria sortu du Joxean Sagastizabalek Nomadak kantari doaz lanean. Jende bakezale hori, nolanahi ere, banatuta ei dago, sexu-aukerak direla eta. Emakume gizonzaleak daude, batetik; emakume emakumezaleak, bestetik; gizon emakumezaleak ere ez dira bertan falta -nola iraun, bestela?-, baina gizon gizonzaleak ere ez dira bertan gutxi. Joxean Sagastizabalek dioenez, «dunba» deitzen omen diote emakume gizonzaleek gizon emakumezaleekin jolasean ibiltzeko gogoa duten aldiari, eta hau gertatzen omen da, gutxi gorabehera, ilargiak hazi-txikitu hiru aldiz egindakoan, eta eskuetako hatzak adina egunean irauten du.

Historia General del Pais Vasco. Tomo III
Manex Goyhenetche
Ttarttalo
502 orrialde
29,90 euro

Manex Goyhenetchek euskal historiaz osatutako hirugarrena

Euskal Herriaren historiaz Manex Goyhenetche ikerlariak osatutako hirugarren eta azken liburukia dugu Historia General del País Vasco - A las puertas de la sociedad moderna. 2004ko maiatzaren 2an mendi istripu baten ondorioz utzi gintuen betirako unibertsitateko eta bigarren hezkuntzako Historia irakaslea eta ikerlari nekaezina izandako gizon honek. Euskal Herriaren historiako trilogia honek historiaurretik hasi eta XX. mende arteko garaia azaltzen du. Lehenengo liburukian, historiaurretik hasi eta Erdi Arorainokoak jaso zituen. Bigarrenean, Aro Modernoan eman zen garapen politiko-instituzionala. Eta azken honetan, Lehen Mundu Gerra arteko Aro Modernoko, Frantziako Iraultzako eta geroztiko sozio-ekonomia.

Animalia disekatuak
Iban Zaldua
Utriusque Vasconiae
108 orrialde 13 euro

Euskal literaturari begirada ironikoa

Ohiko duen zorroztasun eta ironiarekin idatzita daude Iban Zalduak Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik plazaratu duen Animalia disekatuak (Libeloak, panfletoak eta beste zenbait taxidermia-lan) liburuan jasotzen dituen idazlanak. Zalduak euskal literatura (are gehiago) mordoilotzeko ahaleginetan-edo dabilela aitortzen du, eta asko dira horretarako jorratzen dituen gaiak: euskal literatura vasca, bigarren trantsizioa eta euskal destapea, belaunaldi literarioen auzia, poesiaren egoera petrala, euskal idazle arrakastatsu bihurtzeko plan estrategikoa, literatur kritikaren gaixotasuna, (euskal) zutabegilearen dekalogoa, euskarazko kontsumo-literaturako liburuen (balizko) egileak ahaztu beharko ez lituzkeen hamaika aholku praktiko, Idazle Sekretuen Kofradiaren paperak, euskal literaturaren historiako etsamina...

Desio izeneko tranbia
Tennessee Williams
Elkar, Alberdania
276 orrialde 12,90 euro

T. Williamsen tranbia euskaraz

Xabier Payá Ruiz algortarrak euskaratu du Tennessee Williamsen antzezlanik ospetsuenetako hau, Desio izeneko tranbia. Bere garaian egundoko arrakasta izan zuen bai antzokietan eta baita zineman ere, batik bat Elia Kazanek zuzendu zuen bertsioan (Marlon Brando eta Vivien Leigh aktore nagusi zituela). Zahartzearen eta etorkizunaren beldurrez bere ahizparen etxera doan emakume batek bere koinatu zakarrarekin egingo du han topo. Hala ere, erakarpen ilun bat sortuko dio gizon hezigabe horrek iraganean eta ametsean babesten den emakume sentibera den Blanche DuBoisi. Horrela bada, liskarrak, desira sexual zapuztuak, egia-gezurra erlazioa, bakardadea... presente daude New Orleanseko auzo txiro bateko etxe batean garatzen den antzezlan honetan.

Jakin
Batzuen artean
Jakin
104 orrialde 9,10 euro

Euskara, kultura eta kultur politika gogoeta gai

Honako gai hauek jorratzen dituzte Jakin-en 150 zenbakian: Anjel Lertxundik Kultur Politikei buruzko Nazioarteko Biltzarrean aurkeztu zuen lana; bere ustez, euskalduntasuna aukera kultural, ekarpen intelektual eta bizipoz linguistiko gisa bizi liteke, baina unibertsaltasunari uko egin gabe. Pako Sudupek, berriz, euskal literatura eta idazleen ikertzaileen arteko autozentsura du bere lanean ardatz, Lauaxeta eta Andima Ibinagabeitiaren bizitzako zenbait pasarte polemiko aurkezten dituelarik. Horiez gain, Jenaro Garatek euskal kutxen fusioaren aurkako iritzia agertzen du. Eta Juan Bautista Bengoetxeak egungo gizartean eta kulturan teknozientziak duen eraginari buruzko gogoeta egiten du.

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua Edizioak
138 orrialde / 7 euro

2006. urtean astero ibilaldi bat egiteko 53 aukera eder

Burutapen polita izan dute Euskal Herria aldizkariko lagunek bere azken zenbakirako: 2006. urtean dauden asteak zenbatu eta bakoitzean ibilaldi bat egin ahal izateko adina proposamen eskaini irakurleei. Araba, Nafarroa, Iparraldea, Bizkaia eta Gipuzkoako bazter eta mendiak izan dituzte gogoan. Berdin Karrantza, Urbasa, Atharratze, Araia, Arrankudiaga, Donibane Garazi, Kuartango zein Abartzuza edo Otzaurte. Berrogeita hamairu proposamen zeharo ezberdin bildu dituzte, denera.

Mutuaren hitzak
Hasier Etxeberria
Susa
186 orrialde 13 euro

Daniel Arrutik aurre egin beharreko arazo berriak

Hasier Etxeberriak duela bi urte plazaratutako Eulien bazka genero beltzeko eleberriaren protagonista berbera du orain aurkeztu duen Mutuaren hitzak, Ertzaintzarentzat lan egin ohi duen Daniel Arruti entomologoa. Baina oraingo honetan bere lanetik urrun samar ibiliko da, ebakuntza larri batetik atera berria izanaren trauma gainditu nahian naturaren baretasunean murgiltzea erabakiko duelako. Nolanahi ere, Baztango lurretan aurkitu nahi duen zoriontasun horrek muzin egingo dio azkenerako. Batetik, aterpea eskaini dion adiskidea morfinaren mendean nola erortzen den ikustea egokitu zaiolako. Bestetik, Arizkunen egin duen lagunik onena, Senperena zaharra, bertako uretan itoa aurkituko dutelako, eta haren gorpua jiratu eta ikusiko duenak pertsona hori itoarazia izan dela susmatzera eramango duelako Daniel Arruti. Ez dira horietan amaituko entomologoarentzat arazoak, ordea; izan ere, ebakuntzaren ondorioz agur esatera deliberatu zen bere neska-laguna izandakoaren berriak jasoko ditu, eta ez berak aitortuak, bikotea gertutik ezagutzen duen morroi batek baizik. Eta berri horiek erantzukizunaren zama ekarriko diote Arrutiri, neska haurdun dagoela diotelako.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan