Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-01-15 -- 2023.zenb

Mikel Asurmendi


Gorka Espiau auzo multikultural batean bizi da. Amerikako Estatu Batuetan (AEB) betebeharreko formalismo guztiak bukatu berri dituela adierazi digu, baita pasadizo hau kontatu ere: «Bi hilabete baino gehiago eman genituen etxean telefono barik, eta normalean bi aste itxaron behar izaten da. Gizarte Segurantzaren zenbakirik gabe ezin baita ia ezer kontratatu».

Whashington hiriari buruzko ikuspegi orokorra eskaini digu segidan: «Oso ezberdina da hau guztia. Adibidez, osasun sistema izugarri deserosoa da. Enpresak ez badizu seguru on bat ematen, oso garestia den labirinto batean murgildu behar duzu, Europan oinarrizko diren premiak eta baldintzak lortzeko. Gure kasuan ere, bi hilabete baino gehiago itxaron behar izan dugu horrelakoak eskuratzeko. Munduko lehendabiziko potentzia omen den honetan ez dituzu horren ezberdintasun gordinak eta horrelako burokrazia arazoak espero. Alderdi baikorrak ere aurkitzen dituzu noski: Washingtonen jendea espero duzun baino askoz aurrerakoiagoa dela esango nuke. Gehiengoa demokrata da eta, adibidez, Irakeko gaiaz daukaten eztabaida benetakoa eta sakona da».

Familiarekin joan zen eta lagunak egin ditu halaber: «Umeek erraz egin dituzte lagun berriak. Bertan ezagun batzuk bagenituenez egokitzapena errazagoa egin zaigu. Euskaldun batzuekin ere harremanetan jarri ginen eta asko lagundu ziguten eguneroko betebeharretan. Noizean behin elkartzen gara eta izugarri ederra da Washingtonen umeak euskaraz jolasten ikustea».

USIPi dagokionez: espero al zenuen moduko erakundea aurkitu al duzu?

Europako irizpideetatik begiratuz gero, azalpen zaila du lan egiten dudan erakunde honek. AEBetako Kongresuak lan ildoak finkatzen eta finantzatzen dituen erakundea da-eta. Hori horrela izaki, bere menera dago. Alabaina, bere estatus independenteari eusteko gauza da. Zuzendaritza batzordean bi alderdi nagusien ordezkariak daude. Batzorde horretako kideak behin baino gehiagotan egin izan dituzte irakurketa kritikoak gobernuaren erabaki politikoen inguruan. Nahiz eta kasu gehienetan jarrera kritiko horiek pertsonek euren kabuz hartzen dituzten eta ez hainbeste zuzendaritza batzordearen izenean. Erakundeak edo Institutuak ofizialki ez du jarrerarik hartu, adibidez, Irakeko gerraren kasuan, zuzendaritza batzordean iritzi askotako kideak daudelako. Institutuko zenbait kidek, ordea, gerraren aurkako iritzia agertu ohi dute artikulu zein txostenetan.

Zer moduz zure betebeharretan?
Askatasun osoa daukat euskal gatazkaren inguruan idazteko, eta erraztasun guztiak ematen dizkidate gaiarekiko kezka duten nazioarteko erakunde zein gobernuetako agentziekin harremanetan jartzeko. Nire eguneroko jardueran bi elementu uztartzen ditut: alde batetik, Euskal Herriari buruzko lanak, eta bestetik, antzeko gatazkak bizi dituzten beste herrialdeetako egoeraren inguruan Institutuak antolatzen dituen ekimenetan dudan parte-hartzea. Hilabeteon Institutuak Palestinan eta Filipinasen egindako bitartekaritza lanak aztertuko ditu mintegi batean. Joan zen hilabetean, berriz, Bosniari buruzko konferentzian parte hartzeko aukera izan nuen. Bertan mintzatu ziren, besteak beste, Bosniako presidentea, Condoleezza Riceren hurrengoa eta Richard Holbrooke -Clintonen garaian goi-mailako kargua-. Irlandan AEBetako bitartekari izan zen George Mitchell eta Bushen lantaldean eragin gehien duen Newt Gringich ere, pasa berriak dira Institututik Nazio Batuen birmoldaketaren inguruan hitz egiteko.

Zer azpimarratuko zenuke horien artetik?
Bosniako kasua. Giza Eskubideen alde lan egiten duten erakundeek diotenez, AEBen zeregina ezinbestekoa izan zen sarraskia eten eta negoziazio politikoak errazteko unean. Dena dela, kontuan hartu behar dugu hau guztia Clintonen politikaren ondorioa dela. Nazio Batuen birmoldaketaren inguruko mintegian, jende esanguratsuak hartu zuen parte -Kongresuko bozeramalea eta errepublikazaleen 1994ko garaipenaren arduraduna izandako Newt Gringich eta George Mitchell senatore demokrata, esaterako- eta giroa erabat desberdina izan zen. Nazio Batuekiko oso kritiko agertu ziren eta oinarrizko afera guztietan bat etorri ziren. Beste gauza batzuk egiteko aukera ere ematen didate: Boisen egon naiz orain gutxi, hango sinposio batean parte hartu dut. Baina benetako lana urte berrirako idatziko dudan txosten berezian gauzatuko da. Gainera, denbora izanez gero, euskal arazoaz liburua argitaratzeko aukera eskaini didate.

Euskal diasporari buruzko gogoeta egin duzu berriki. Zer ekar dezake diasporarekin aritzeak gatazkaren ebazpenean?
Euskal diasporaren parte-hartzeak bake prozesua nazioartean sendotzen lagun dezake. Nazioarteko erakunde zein kanpoko gobernu gehiagok prozesuari buruzko gero eta informazio gehiago baldin badute, orduan eta zailagoa izango da eragile garrantzitsuenentzat prozesu horri uko egin edota jarrera ezkorrez ekitea, kasu horretan balizko prozesuaren porrotaren erantzule gisa agertuko lirateke-eta nazioartean.

Zuk puzzle baten gisara deskribatu duzu gatazkaren egoera. Zehaztu iezaguzu ikusmolde hori apur bat gehiago.
Normalean, bake prozesu bat egoera aldatuko duen oinarrizko faktore baten baldintzapean dagoela pentsatu ohi dugu. Batzuentzat, oinarrizko faktore hori ETAren su-etena da eta beste batzuek Gobernuaren aldetik kontzesioak eskatuko dituzte. Alabaina, nazioartean eman diren beste prozesu batzuei kasu egiten badiegu hauxe baieztatu dugu: arrakasta ziurtatzeko ezinbestekoa da faktore askoren uztarketa. Bake prozesu bat abian jartzeko egin beharreko lanek puzzle baten antza handia dute: pieza asko behar dugu eta batzuk aurkitzeko denbora gehiago behar izango dugu beste batzuk aurkitzeko baino. Azkenean baina, puzzlea osatzeko elementu guztiak beharrezkoak direla baieztatuko dugu. Alegia, puzzlea osatzeko beharko ditugun kontu batzuk bigarren mailakoak direla pentsa daiteke, alabaina, horiek gabe ezin izango dugu lana bukatutzat eman.

Institutuan nolako ikuspegia dute euskal gatazkaz, Irlandakoaren alboan?
Irlandako kasua lagungarri zaigu euskal gatazkan ematen diren jarrera nagusiak nazioartean azaltzeko orduan. Hauetako faktore batzuk oso antzekoak dira Irlandan eta Euskal Herrian, eta gatazkak kudeatzeko esparruan adituak direnek berehala antzematen dituzte. Modu horretan, bi errealitateetan aurkitzen diren antzekotasunak eta desberdintasunak azaldu ohi ditugu. Jeneralean, arreta gehiago eskaini ohi diote Irlandako prozesuari, AEBetako jende askok irlandartzat hartzen duelako bere burua. Gainera, Irlandako prozesuaz asko dakite, hedabideek asko eta ongi landu dute gai hau. Euskal arazoa nazioarteko agendan sartu nahi baldin badugu, Irlandako kasuak Euskal Herrikoarekin dituen antzekotasunek gauzak hobeto azaltzeko aukera emango digute eta aukera horiez baliatu egin behar dugu.

Zer garrantzia ematen diote Euskal Herriko gatazkari, nazioartekoen artean?
Eskasa. Nazioartean ez da ulertzen nola egon daitekeen indarkeria arazo bat, hain autogobernu maila handia dagoen lurralde batean. Gure kokapen geografikoak ez dauka interes estrategikorik nagusiak diren gobernu eta erakundeentzat. Alta, bake prozesu bat garatzen laguntzeko dagoen aukera ondo azaltzen baldin bada, eragile hauen prestutasuna oso bestelakoa da.

Orain gutxi arte Euskal Herria aipatzean lehen erreferentea ETA zen. Euskal Herriarekiko zer-nolako perzepzioa sumatu duzu zure inguruan? Bilakaera bat ematen ari al da?
Euskal Herriarekin lotzen diren erreferentzia nagusiak ETA eta indarkeria dira oraindik ere. Hala ere, informazio gehiago duten zenbait esparrutan badago Eusko Jaurlaritzaren berri, baita honek ETArekiko duen aurkako jarreraren berri ere. Zentzu horretan, nire lanaren helburu nagusienetako bat hain orokorra den erretratu horretan nabardurak eta bestelako argi-itzalak eranstea da.

Zenbaterainoko gogoa dago fenomeno bortitzen sorrera edo sustraiak ezagutzeko?
Hori da eztabaida honen mamia. Batzuen ustez, egoera hauek guztiak berdinak dira: ETA eta Al Quaedaren artean ez dago ezberdintasunik. Hori da Bush eta Aznarren taldeak bultzatzen duten pentsamolde berria. Baina, gehienontzat fenomeno bakoitzak ezaugarri bereziak ditu, eta bere sorrera, sustraiak eta eragileak aztertu behar dira sakonean, irtenbidea lortzeko. Bigarren perspektiba horretatik interesgarria da halaber, egoera hauek guztiek dituzten antzekotasunak aztertzea, baina ñabardura guztiak kontuan hartuz betiere.

Hemengo gatazka konpontzeko esperientziak eskaini lezakeenari buruz interesatuak al daude?
Bai. Gauza asko interesatzen zaie, eta horien arteko garrantzitsuenetako bi azpimarratuko nituzke: gizarte mugimenduen lanak izan duen eragina prozesu politikoan eta subiranotasunari buruzko gatazka bideratzeko formula berriak. Lehenbizikoari dagokionez, nola antolatu garen, eta zer motako kanpainak garatu diren aztertzen ari dira, besteak beste. Jakina, subiranotasunaren arloan gizarteari kontsulta egiteko formula adostuak interesatzen zaizkie.

Espainiako azken Gobernu aldaketak -PSOEk PP ordeztu izanak- aukera berririk zabaldu al du?
Madrilgo atentatuak Euskal Herriko gatazkaren izaera erabat aldatu zuen nazioarteko begien aurrean. Orain dela pare bat urte bazegoen informazio pixka bat eta interesa ere bai, baina egun haietan gertatu zenaren ondorioz, euskal arazoa gatazka garrantzitsuen agendan sartu zen. Horrek alde txar bat dauka: euskaldunak gero eta gehiago identifikatzen gaituzte biolentziarekin, baina aukerak ere sortu ditu. Esate baterako, gobernuek eta nazioarteko erakundeek irtenbide bat lortzeko beharraren pertzepzioa dute eta benetako bake prozesua abiatzen bada, nazioarteko komunitatearen laguntza jasotzeko esfortzuak errazagoak izango dira. Espainiako politikan, kasu, Zapateroren gobernuak hainbat estatutu erreformatzeko daukan aldez aurretiko jarrerak aukera zabaltzen du gure auzia bide normalizatu batean konpontzeko.

Udaldean, etxerako bueltan jada, zer ekarri nahiko zenuke lan honen bidez?
Lehenik eta behin, euskal gatazkari buruz hemen informazio eguneratua uztea gustatuko litzaidake. Euskal Herrira bueltatzerakoan, bake prozesuaren aldeko lagunen zerrenda luze bat eramateko asmoa daukat. Hasi berri dugun urte honetan, distentsioa eta elkarrizketa bidez, egoera berria sortzea lortzen badugu, orduan benetako lan politikoa hasiko da. Dudarik gabe, arazo handiak sortuko dira, eta leku guztietan bezala kanpoko laguntza behar izango dugu. Lehen aipatu dudan puzzlearen beste pieza garrantzitsu bat izan liteke.

Urtea hasi eta genero biolentziaren danbatekoa gogorra izan da. Begoña Bohoyoren hilketak eta kasuaren inguruan izandako gorabeherek -epaileak lehen une batean erasotzailea libre utzi izana, erasotua hiru egunez bahitua izana...- erreakzio andana sortu dute, halako beste kasu batzuetan baino gehiago. Urte hasieran eta datak ere agian eman dio berezitasuna, panpin edo kamioien arteko ohiko opari eta jolasen artean gertatu zelako. Eta erantzukizun zehatzak eskatu badira ere, arazoaren sustrai sakonek gaiak denbora beharko duela erakusten dute. Oraindik ere, gizonezko eta emakumezkoen irudiek jasaten duten trataera sexista da arazoaren sustraietako bat: Gabonetako garaia da gizon eta emakumeen rol banaketa hori nola lantzen eta bizi den ispilu argienetakoa. Horiek ere aldatzen ari dira apurka, baina eraso eta hilketek, moztu beharreko sustraiak non diren agertzen dute. Zigorra eta tratamendua beharrezkoa izango dira emakumezkoen hiltzaile eta erasotzaileekiko, baina arazoaren ezaugarriak ikusita, horiek prozesuaren bukaerako adierazleei aurre egiteko neurriak dira; prozesuaren aurreko faseetan behar adina egiten den da ondo aztertu beharrekoa.

Pilar Iparragirre


Garbi dago Koldo Zuazo euskara batuaren kontuak aspalditik kezkatzen duela. Euskara irakasle izan zen Bilbon 1974. urte inguruan. Garai hartan Bizkaiko hiriburuan oso modan zeuden Lapurdiko idazleak eta alfabetatzera joan zenean eredu hori sartu zioten buruan: Eibarko euskara txarra eta Lapurdiko XVII. mendeko euskara ona. Baina halako batean ohartu zen bere ikasleek ikasten zuten euskara ez zela batere komunikatiboa, Bilbon irakasten zuen euskarak ez zuela Arratiako, Txoriherriko edo Durangaldeko jendearekin komunikatzeko balio. Konturatu zen euskaldun berriekin bidegabeki jokatzen ari zirela, oso zaila zela eurentzako euskara ikastea, garestia ere bazela, eta gainera, ikasten zuten hori ezin zutela berehala praktikatu. Eta hasi zen pentsatzen euskara batu horrek, beharbada, malguagoa izan beharko zukeela... Eta horregatik ekin zion tesia egiteari, 1980an Bordelen ikasten eta irakasten ari zela. Orduan arduradun nagusia Jean Haritschelhar zen eta bera izan zen tesiaren zuzendaria, eta bera izan zuen alboan euskara batuari buruzko liburua Baionan aurkeztu zuenean.

Zure azken lanaren izenburua Euskara batua. Ezina ekinez egina da. Zer adierazi nahi izan duzu horrekin?
Oso berandu iritsi zaigu euskararen batasun hori. Alderatzen badugu euskararen inguruko hizkuntzekin, gaztelaniaren batasuna XIII. mendean gertatu zen; frantsesarena XVI. mendean, eta guk 1968 arte-edo itxaron behar izan dugu.

Lau mende. Denbora luzea...
Bai, luzeegia. Nire ustez, bi arrazoi nagusi daude horretarako: batetik, Euskal Herria eta euskaldunok zatituta egon garela, eta bakoitzak bere herrialdea eta bere euskalkia izan dituela gogoan, ikusi gabe euskara eta Euskal Herria bere osotasunean. Eta bestetik, euskara ez dela sekula izan hizkuntza ofiziala; guk ez dugu izan eskola bat euskaraz, ez eta Administrazio bat euskaraz, komunikabideak hasi zirenean ere euskara beranduago sartu zen, gure literatura txikia izan da eta, azken batean, euskarak bere alde izan dituen indarrak fraideak, apaizak, idazle gutxi batzuk eta bertsolariak izan dira.


Baina euskara batuaren kezka aspalditik zetorren, ez da hala?
Bai, XVI. mendean Leizarragak hartu zuen agindua Testamentu Berria euskaratzeko, eta bere zailtasun handienetakoa euskalkien ugaritasun hori izan zen. Berak aurkeztu zuen eredu bat batasuna egiteko, baina ingurukoek ez zuten onartu.

Jantziegia ez al zen Leizarragaren eredu hori?
Eguneroko jarduneko euskararekin loturarik gabea zen, eta horrexegatik utzi zuten alde batera. Harrezkero ere horrela ibili gara. Ahaleginak ugari egon dira, baina ez da lortu euskaldun guztiengana zabaltzea.

Nolanahi ere, Iparraldean XVI. eta XVII. mendeetan egon zen euskara batua egiteko saiakera nahiko sendoa.
Jada XVII. mendean izan zen hori. Eta Axular eta horiek egin zutena, batik bat, Lapurdiko kostaldean egiten zen euskara oinarritzat hartzea izan zen. Nire ustez eredu erabat zuzena zen, Lapurdi erdian dagoelako eta euskaldun guztientzako nahiko erraza delako hango euskara ulertzea. Gainera, garai hartan ekonomikoki goian zegoen, indartsua zen, bertako gizartea euskalduna zen, euskalduna izatearekin lotsatzen ez zena. Gero, ordea, Lapurdi ere beheraldi ekonomikoan sartu zen... Horren ondoren, XVIII. mendeaz geroztik, Gipuzkoan egon zen euskararen indarra, Gipuzkoako idazleentzat Lapurdiko XVII. mendeko euskara hura oso urrun gelditzen zenez, bertako eredua bultzatzen hasi ziren, gehienbat Beterrikoa, Donostia-Tolosa bitartean egiten zen euskara.

Euskara batua egiteko saiakerei garrantzia handia eman diezu zure lanean. Zergatik?
Beharrezkoa delako gure iragan hori ezagutzea. Baina gero oraingo euskara batuarekin sartu naiz. Berrogeita bat urte dira hori egiten hasi zenetik, eta uste dut badela garaia balantzeren bat egiteko.

Eta zer-nolako balantzea da zurea?
Positiboa. Batuari berari, alde txarrik ez diot ikusten; izatekotan, batu hori erabiltzeko moduari ikusten dizkiot alde txarrak: ea zuzen erabiltzen ote dugun, edo behar diren lekuetan erabiltzen dugun. Hori beste kontu bat da.

Beraz, batua bera egokitzat jotzen duzu?
Bai. Eta beraren sei onura aipatzen ditut liburuan: Bata da euskaldun guztiok batak besteari erraz ulertzen diogula batua jakinez. Bigarren ondorioa da, garai batean euskaraz hitz egin bai, baina gai jasoak, edo laneko gauzak edo horrelakoez jarduteko erdarara jotzen genuela, eta gaur egun euskara bera ere gaitua dagoela horretarako. Hirugarren onura, euskaldun berriak izan dira; euskaldun berriak beti egon izan dira, baina euskara batua dagoenetik ikaragarri hazi da euskaldun berrien kopurua. Laugarren onura euskaldun berriekin, ikastolekin eta gau-eskolekin lotuta dago eta da, gaur egun euskarak ez daukala mugarik; ikusten baditugu euskararen mapa zaharrak, beti txikituz zihoan eremua; gaur egun, ordea, kontrakoa gertatzen da, zabalduz doa euskararen eremua; euskaldunak aurkitzen dituzu Nafarroako Erriberan, Araba osoan, Gipuzkoan, Bizkaian, Erronkarin, Baionan eta baita Euskal Herritik kanpo ere.
Bosgarren onura da euskara batuari esker, euskarak berak ere prestigioa irabazi duela. Eta seigarrena da, gaur egun euskara ez dela baserritarren hizkuntza; esan nahi dut, euskara batua egin denetik gure arteko mugak ere baztertu-edo egin direla; gaur egun, erabakiak hartzeko orduan Hegoaldekook Iparraldekoa kontuan hartzen dugu eta alderdi hartakoek ere Hegoaldea kontuan hartzen dute.

Baliteke, baina Iparraldean ez da oraindik euskara baturik.
Badauka. Iparraldekoek ere, Hegoaldekoengana iritsi nahi dutenean, badakite euskara batua erabiltzen. Gertatzen dena da Iparralde barrurako beste eredu bat sortu dutela, berak deitzen dute Iparraldeko batua. Niri egokia iruditzen zait Irulegi Irrati batean edo euren arteko jardunetan, zeren gurea nahiko urrun gelditzen zaie. Kontuan hartu behar dugu guk gaztelaniatik hitz eta esapide mordoa hartzen ditugula. Beharbada zerbait hobetu egin dezakete, baina gauzak bere osotasunean ikusita uste dut Iparraldeko batu hori egokia dela.

Batua dela-eta, kaltetuena Zuberoa izan al da?
Bai. Eta Bizkaia. Baina kontuan izan behar dugu bi horiek Euskal Herriaren bazterretan daudenak direla, beraietan egiten dela euskararik bereziena, eta normala dela galtzaile nagusiak izatea. Baina nik uste dut haiek ere izan beharko luketela orain artekoa baino protagonismo handiagoa, batez ere Bizkaiak: han jende asko bizi da, euskarak badu indarra, eta nik uste dut bizkaitarrek eurek ere badaukatela hor erantzukizun handiagoa euskara batuaren barruan.

Zer dauka txar edo konpondu beharreko egungo euskara batuak?
Batua gizarteratzeko moduan ikusten ditut nik arazoak. Gaur egun asko hobeto dugu, baina duela urte batzuk euskara batu hori non-nahi sartzen genuen, edozein lagunartetan. Ez genituen bereizten eremu erdaldunak eta eremu euskaldunak. Ikastoletan edo gau-eskoletan berdin jokatu dugu Tuteran edo Azpeitian, eta hori ez zen zuzena. Eta eremu euskaldunen barruan ere ez da berdin Azpeitian edo Barkoxen edo Lekeition erabili behar dugun eredua. Orain arte ez dugu sentiberatasun hori izan. Orain hasi gara, eta pentsatzen dut lortuko dugula oreka.

Azpeitia eta Azkoitiaren artean dauden ezberdintasunak nabarmendu dituzu lanean.
Izan ere, batzuetan jendeak dio euskara batua artifiziala dela eta euskalkiak naturalak direla. Eta ez bat eta ez bestea ez dira zuzenak. Euskara batua ez da artifiziala, gehienbat Gipuzkoako euskaran dago oinarritua, beraz, oinarri naturala dauka. Eta beste alde batetik, esaten denean euskalkiak direla naturalak, ba, ez beti. Adibidez Azpeitia-Azkoitia herrien kasuan: elkarren ondoan daude eta euskaraz oso diferenteak dira; eta hori da eurek, nahita, bata bestearengandik bereiztearren, gure artean ohikoak diren ezinikusi edo lehia horiengatik, hizkuntzak urrundu dituztelako.

Orduan, zeintzuk dira euskara batuaren erronka nagusiak?
Azken urte hauetan pentsatu izan dugu euskara, batua dela, edo asko jota, euskara batua eta euskalkiak. Ez garelako ohartzen hizkuntza oso zabala dela. Badagoela hor lagunarteko euskara, eta lanbideetako argotak, haur hizkera... Hori guztia kontuan hartu behar dugu. Hizkuntza bere osotasunean sendotu behar dugu. Ez dugu ezer egiten batua indartuta eta beste guztiak bertan behera utzita. Hiztun arruntak hizkuntza eguneroko zereginetarako behar du.

Eta hori nola konpon daiteke?
Era askotara. Adibidez, zenbat arau ematen ari den bolada honetan! Ondo dago arauak ematea euskara batuaren alde, baina nik uste dut hiztunari askatasuna eman behar zaiola, ez dela hainbeste estutu behar arauekin. Orain hasi gara aipatzen hizkuntzarekin gozatu egin behar dela, eta hori da bidea. Nik uste dut hizkuntza komunikatzeko dela, alde batetik, eta gozatzeko ere bai, bestetik. Eta hainbeste arau eta neurrirekin pentsatzen dut gozamen hori lortzea oso zaila dela.

Gara egunkarian jakinarazi zuen bezala, bere militantzia politikoa eta tortura salaketekin ekin zion bere deklarazioari Xabier Alegriak, zigorrik handiena duen auziperatuak (51 urteko espetxe eskaera, besteak beste). Ekin erakundeko militanteen txanda dator oraingoan eta defentsako abokatuen ustez, epaimahaiari ez zaio horren samurra izango auziperatuei gai politikoez jardutea eragoztea, epaitzen den mamia bera ere guztiz politikoa delako.

Jende askok kalera ateratzeko zuen gogoa erakutsi zuen iragan larunbateko manifestazioak. Presoen eskubideak izan ohi dira sarri horretarako aukera, bai presoen eskubideen aldeko borrokagatik, eta baita ere edozelako irtenbide aukerak bera burua agertzen duenean, presoak eta bestelako errepresaliatuen egoera funtsezkoa delako. Batek daki azkenean irtenbide zentzuzkoak bere bidea egiten badu, presoen askatasunaren gaia nola garatuko den, baina ubideren bat eratu beharko da ur horrek bere bidea egin dezan. Zeren eta, nola salduko du Zapateroren Gobernuak gai hori Espainiako iritzi publikoaren aurrean? Azken boladan presoen inguruan mediatan ateratako gaietan bik garrantzi berezia hartu dute: batetik, Fernando Buesaren hilketagatik epaitu eta zigortu duten etakideari, buruzagi sozialistaren familiara hurbiltzeko gutxieneko distantzia jarri zaiola; bestetik, zenbait komunikabidetan -tartean El Pais edo La Clave astekaria- ETAren biktimekiko erantzukizun zibilaren gaia astintzen ari dira. Moda kontua ala klaberik ba ote gaiotan?

PPk ekin dio Batasunaren BECeko 21eko ekitaldiaren aurkako guduari. Honek seinale bat bihurtu du, jakina; zer esan nahi duen jakiteko datu gehiago ere behar da, baina Anoetakoa bezala, hau ere seinale bilakatuko da.

Daniel Udalaitz


Enpresaburuen, politikoen eta akademikoen arteko 2.000 liderretik gora -erabakia mundu guztian duten liderrak- Davosen bilduko dira urtarrilaren amaieran. Alpeetako leku horretatik datorkio izena Davoseko Munduko Foro Ekonomikoari eta duela urte batzuk, foro kapitalista horixe izan zen Brasilgo Porto Alegren jaio zen Munduko Foro Sozialaren iturburu. Porto Alegrekoa Davosekoaren alternatiba sozial gisa eratu zen eta halaber, urtero antolatzen ditu ekintza alternatiboak ikuspegi antikapitalista eta solidariotik, munduko boterearen elite horren eraginari aurre egiteko.


Davos 2006ko gaiak

Davoseko Foroan ere, teorian bederen, munduko pobrezia eta hiesa bide dira gai kezkagarrienak. Horregatik-edo, arlo horretan izan dituen porrotak eta bete ez dituen promesak aitortzera ere iritsi da. Iazko foroak «Erabaki zailetan erantzukizuna bete» zuen leloa eta foroa kezkatuta zegoen politikoak eta enpresaburuak «pobreziaren, bakearen eta ingurumena babestearen gai globalei erantzuteko hitza» hausten ari daitezkeelako. Foroak Davosen landu zuen beste dokumentu batean, berriz, honako hau aitortzen du: «Munduari asko falta zaio oraindik helburu garrantzizkoenak lortzeko».

2005ean, 96 herrialdetako 2.250 lagunek parte hartu zuten; besteak beste, munduko 500 pertsona aberatsenak bertaratu ziren. Foroak, berez erantzukizunik ez balu bezala, ohartarazi zuen gobernuena dela erantzun beharra, nahiz eta «funtsezkoa izan enpresaburuek ekintza filantropikoak (!) hedatzea, munduko pobreziaren eta eritasunen kontra borrokatzeko».

90eko hamarkadaren bukaeran, Internet eta globalizazioa izan ziren gai nagusi. Hamarkada honetan -betiere Davoseko Foroa fundatu zuen Klaus Schwab-en arabera-, medikuntzako aurrerapenak eta haien gorabehera etikoekiko konexioak gailenduko dira, eta terrorismoaren kontua ere ez da desagertuko. Urtarrileko Davoseko Foroko aztergai posibleei dagokienez, Klaus Schwab fundatzaileak ideia batzuk azaldu zituen joan den irailean, baina oraindik ikusteko dago aurreratu zituen gaiak aztertuko direnentz. Klaus jaunak 2006ko urtarrileko bileraz galdetu ziotenean, honela erantzun zuen: «Nondik norako batzuk baditugu; esate baterako, Txinaren eta Indiaren hazkundea, munduaren gobernazioan gertatzen ari diren hutsuneak, oraintsuko NBEko Batzar Nagusian frogatu direnak; terrorismoa ere bai, jakina, eta abar».

Davoseko Foroaren fundatzailearen aburuz, humanitatearen arazo handiak ezin dira konpondu botere publikoen eta pribatuen arteko aliantzarik gabe, eta honela dio: «Estatu indartsua eta zerbitzu publikoak behar ditugu. Bide horretatik baino ez da erdiesten ekonomia irmoa. Zenbait arlotan, merkatuak ez du behar bezala funtzionatzen, eta hobe da era horretako eremuetan estatuek jardutea, betiere efikazia maximoa garantizatzen badute. Gaur egun, dena dela, botere publikoen eta pribatuen arteko aliantza da noraezekoa. Adibidez, ez gobernuek soilik, ez enpresek soilik, ez GKEek soilik konpon ditzakete osasuna bezalako arazo larriak».


Pobrezia eta hiesa hazten ari dira

Han-hemen egin diren munduko gailurrak gailur -Munduko Bankuarena, Munduko Merkataritzako Erakundearena, Nazio Batuen Erakundearena, G-7 taldearena...- bai pobrezia, bai hiesa, hazten doaz etengabe. Horixe erakusten dute datuek. 2005. urtean, 6.464,7 milioi biztanle izatera iritsi da mundua: herrialde aberatsek -Ipar Amerika, Japonia, Europa, Australia eta Zeelanda Berria- 1.211,3 milioi inguru hartzen dituzte. Garabideko herrialdeek -Afrika, Hego Amerika, Karibe eta Asia; Japonia, Melanesia, Mikronesia eta Polinesia kanpo- 5.235,5 milioi inguru eta herrialde pobreenek -garapen gutxiagoko herrialdeak, NBEaren arabera-, beste 759,4 milioi.

6.464 milioi biztanleen artetik 3.000 milioi lagun eguneko 2 dolar baino gutxiagorekin (1,66 euro) bizi dira, eta herrialde industrializatuek ez dute bideratzen agindutako laguntza -nazioko aberastasunaren %0,7-. Humanitatearen ia erdiak pairatzen duen pobrezia 2015erako erdira murriztea lortu ahal izateko, nahitaezkoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasunera eta osasun erreproduktibora (familiaren planifikazioa barne) heltzea. NBEaren arabera, minutu oro hiltzen da emakume bat munduan, eragotz daitezkeen amatasunaren ondoriozko kausengatik (525.000 bat urteko). Hiesaren birusa duten 40 milioi infektatuen erdia inguru dira emakumeak, zeren, egokitu zaien pobrezia, diskriminazioa eta biolentzia tarteko, berak dira ahulenak. NBE erakundearen datuekin jarraituz, aski da segidako konstatazio hau: 2003an, 5.000 milioi kondoi banatu zituzten herrialde pobreetan, baina, berez, 13.000 milioi dira beharrezko.

Ez da oso sinesgarria Jose Mena jeneral espainiarrak egin duena gertakizun isolatua izatea. Bere pentsamoldea ondo sustraitua dago Espainian eta zeresanik ez armadan. Bere garapena izango zuen armada espainiarrak azken 30 urteotan, baina funtsean armada frankistak zituen balore bertsuetan oinarritzen da haientzat sakratuak diren kontuetan, besteak beste Espainiako lurraldearen osotasuna.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan