Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-01-15 -- 2023.zenb

Jose Luis Elorza

ETArentzat bai barnean eta baita bere inguruan urtetan sortzen joan diren erakunde guztientzat ere, zerbait badago kohesionatzen duena, bere jendea benetan berotzen duena: "aberria" da. ETA kideak euskal gudariak sentitzen dira, euskal independentziaren gudariak.

EAJ-PNV, Gernikako Estatutua jaio zenetik beti agintean egon den partidu bakarra, bere amets mitikoenetan independentziaren aldeko alderdia da. Inoiz ez du planteatu argi eta garbi independentzia bere hauteskunde programetan, jakin badakielako hori posible ez dela baina bere estrategi guztia amets mitiko horren menpe egon da.

ETAk eta bere inguru soziologiko eta mediatikoak urteak daramatza Espainiarekiko gorrotoa lantzen eta batzutan EITBko komunikabide publikoak kutsatu egiten dira estrategia honekin. Espainia izena bera, ia, ia, debekatuta dago euskal medioetan erabiltzea. Euskaraz mintzatzen den bati ateratzen bazaio esatea bera espainola dela, martzianoen modura begiratuko diote edo zuzenean etsai bezala. Espainia hitzarekin sinonimo gisa gehien erabiltzen diren hitzak hauek dira: Franco, errepresioa, diktadura, Entzutegi Nazionala, presoak, kartzelak, guardia zibilak... Batzuen aldetik esfortzu handiak egiten dira egunero Espainia hitza ezer positiboarekin ez lotzeko.

Independentziaren estrategian beste elementu klabea da euskal kultura ulertzea euskaraz eta euskararekin egiten den kultura bakarrik. Gu bezalako herria, %70k euskaraz hitz egiten ez duen herria, onartzea euskal kultura dela euskaraz egiten den kultura bakarrik, gure nortasun kulturalean ikaragarrizko anputazioa onartzea da.

Independentziaren estrategiak beste gaindi ezineko arazoak ditu. Suposatzen da egun batean Nafarroak Euskadirekin bat egingo duela erakunde politiko bakarrean. Inork ez du esaten noiz eta nola gauzatu behar denik hau eta bitartean nafarrek behin eta berriro esan dute ez dutela inongo interesik Euskadirekin erakunde politiko bateratua osatzeko. Ipar Euskadiko lurraldeei begiratzen badiegu interesa oraindik eskasagoa da. Oraindik ez dute lortu departamendua izatea eta ez diet ikusten nik Baionako eta Miarritzeko biztanleei ilusio handirik, Frantziarekin hautsi eta independentziaren aldeko proiektu batean sartzeko. Orain artekoak nahiko arrazoi ez badira, Frantziako eta Espainiako estatuek ez dute gogoz onartuko mendeetan bere lurraldea osatu duen zati bati uko egitea eta onartzea Euskadi edo Euskal Herria izeneko estatu berria sortu behar dela. Prozesua ez litzateke lagunkoia izango inolaz ere. Independentziaren aldeko prozesua martxan jarriz gero egunen batean, Frantzia eta Espainiaren kontra izan beharko litzateke, horrek dituen ondorio guztiekin.

Gauzak horrela egonda, bada ordua norbaitek esateko ozenki independentzia ez dela alternatiba bat Euskal Herriarentzat, independentziak ez duela etorkizunik baina ez esaten den moduan Frantziak eta Espainiak uzten ez dutelako, ez, euskaldun gehiengoak oso interes gutxi dugulako horrelako prozesu batean sartzeko eta are gutxiago geure bizitzak horrelako pelikula batean hipotekatzeko.

Hori horrela izanik, oso bitxia da euskal politikaren norabidea begiratzea perspektiba honetatik. Gernikako Estatutuaren emaitza? Frustrazioa, Ibarretxe Plana? Antzekoa..."Besterik ez badago..." eta horrela gertatuko da beste edozein proiektu politikorekin. Independentzia estrategiaren menpean gauden bitartean beste edozein akordio politikok frustrazioa besterik ez du ekarriko independentzia lortu arte. Printze ederrari itxaroten dauden pertsona horiek bezala, ez dute nahi harremanik beste inorekin benetako printzea azaldu arte. Baina urteak pasatzen joaten dira eta printzea ez da azaltzen eta bitartean bizitza agortzen joaten da. Euskal politikan azkeneko urteetako printze ederra independentziaren mamua izan da. Mamu horri segika ETAk 1.000 pertsonei, gutxi gora behera, bizitza kendu die urte hauetan, ETA kide ugarik ere galdu dute bizitza tartean. Euskal politika ere erabat hipotekatuta egon da eta dago oraindik independentzia estrategiaren mamupean. Ez al da iritsi ordua mamuak uxatzeko eta printze ederrei itxaroten egon beharrean, gure errealitate anitza onartzeko akats eta guzti, eta horrela, garen moduan esertzea mahai batean eta ahalegintxo bat egitea ea nola hobetu dezakegun gure gizarte euskaldun hau?

Iban Zaldua

Egoera eutsiezina da jada: urte gehiegi dira bisitarien kopurua jaisten ari dela eta ezin da gehiago erabili abenduko "zubiaren" kokapen desegokiaren aitzakia; kontsolidazioaren inguruko adierazpenek ez dute inor engainatzen jada. Durangoko Liburu eta Disko Azoka gainbeherara doa zuzen-zuzenean.

Ez dakit nork hitz egin die nire dohainaz, oso jende gutxik baitauka horren berri, baina kontua da Gerediaga Elkarteko eta Elkar megaenporioko ordezkari bana hurbildu direla nire bulegora, eta laguntza eskatu didatela. Nik, hasieran, ezetz esan diet, arriskutsua dela eta ez dudala halako gauzetarako erabiltzeko ohiturarik, baina eskaintza errefusaezin bat egin didate, eta onartzea beste erremediorik ez dut izan.

Alde egin dutenean, beraz, nire diban berezian etzan, argiak itzali, elektrodoak konektatu eta alfa fasean sartu naiz. Bidaia ez da bereziki zaila suertatu: urte gutxi egin ditut aurrera, hogeita bost besterik ez, eta ez dut neke berezirik sentitu Durangon azaltzean. Bete-betean asmatu dut aurreneko saioan: egunkari batean konfirmatu ahal izan dudan bezala, abenduaren zortzia da. Pabilioi aldera hurbildu naiz; eguraldia ona da, kasik beroa, eta zerua urdin dago. Jende gutxi dabil kaletik, baina goizegi dela pentsatu dut: denbora-jauziekin gertatu ohi den zerbait da, ezin ondo kalkulatu iritsiera-ordua. Baina erakustokia hutsik dago: ateak itxita, barruan standik ez, eta inguruetan agure bat baino ez, aulki gurpildun elektriko batean eserita. Hurbildu zait.

"Kaixo, Iban", esan dit xaharrak, "zure zain nengoen". Ez dut berehalakoan ezagutu. "Luis Fernandez naiz". Babo aurpegia jartzen jarraitu dut, antza, zera gehitzera behartuta sentitu delako: "Luistxo, motel, Luistxo Fernandez, Code & Syntax-ekoa!". Ahalik eta adeitsuen agurtu dut orduan, baina ez natzaio ea zer moduz dagoen galdetzera ausartu, badaezpada. Ea zer den nire zain egotearen kontu hura, hori izan da bota diodana. "Zer izango da ba: programaren bila etorri zara, ezta?". "Zein programa?", nik. "Durang-O-Matic-a, noski: Durangoko azokaren dekadentzia geraraziko duen asmakizuna. Duela hogei urte ezinezkoa zen halako zerbait garatzea, baina gure teknologiarekin...", eta hori esatearekin batera USB-lapitz horietako bat luzatu dit; hatzen artean ibili dut une batez. "Eta honekin Durangoko Azokaren arazoak konpondu dituzuela diozu?", eta pabilioia seinalatu dut esanguratsuki, "Ba ez dirudi oso eraginkorra izan denik".

"Ez zaitez inozoa izan", erantzun dit Luistxok, "Milaka jende metatzen zituzten euskal erromeria deseroso eta kitsch horiek erabat gaindituta daude jada, eta zure esku dago garai berria aurreratzea". Durang-O-Matic-a zertan datza galdetu diot orduan. "Durangoko Azokara noiznahi joateko aukera eskaintzen dizu, etxetik bertatik, edo Internet terminal bat daukan edozein puntutik; errealitate birtualeko kasko batzuk edukitzearekin nahikoa da". "Baina edonoiz sartzea badago, zer zentzu...?". "Tira, abenduko lehenengo egun hauetan mugimendu handiagoa dago Durang-O-Matic-en; badakizu, ohiturazale asko dago. Edonola ere, "zubiaren" amaieran egiten dena Gerediagakoen ohiko prentsaurrekoa da, urteko balantzea eskaintzeko. Eta, ziur egon, sistema erabili aurreko urteetakoa baino dezente positiboagoa izaten da".

Durang-O-Matic-aren gainontzeko abantailez mintzatu zait ondoren Luistxo. "Azokaren itxura bera aldatzea dago, esaterako: badaukagu egungo pabilioiaren erreprodukzio fidela, baina baita karparena ere, nostalgikoentzat, eta garai heroikoetako azoka zaharrarena, are nostalgikoagoentzat; orduko hotz-sentsazioa eta guzti paira dezake bezeroak, nahi izanez gero. Bisitariek nobedade guztiak erosteko aukera dute, oraingoak eta garai batekoak; hiruzpalau egun beranduago etxera helduko zaizkie postaz, erosotasun guztiekin, eta egileak berak izenpetuta. Sinaduraren unea, jakina, xehetasun guztiekin biziko ditu bezeroak, eta sinadurak eta eskaintzak, ahal den heinean, benetakoak izango dira". "Zer dela eta 'ahal den heinean'? Batzuek ez al dute firmatu nahi?". "Ez, ez: ez dago sinatzeari muzin egiten dion idazlerik; horrekin ez dago oztoporik. Arazoa zen idazlea hilik dagoen kasuetan". "Hilik?". "Bai, Durang-O-Matic-en posible da, nik zer dakit, Mirandek edo Lazarragak beraien liburuak sinatzea, besteak beste; sintetizatu ditugun irudiak perfektuak dira. Kasu horretan liburuarekin heltzen den sinadura faksimila da, noski, baina errealismo maila handikoa; eskaintzak erredaktatzeko euskal filologiako lizentziadun talde batek bildutako datu-base itzela erabiltzen dugu".

"Dena dela", egin diot arrapostu, "agian bisitariaren aldetik ez dago arazorik, erosoagoa da eta hori guztia, baina zer gertatzen da idazlearekin? Kontaktu zuzena publikoarekin, masa-bainuak, sinadura-eskaeraren emozioa... Hori guztia galtzen da, ezta, tramankulu honekin?". "Alderantziz: idazleak dira kontentuen daudenak. Ez dute zertan mugitu behar fisikoki, eta aukera dezakete noiz sartu eta baita zenbat eta zein motatako jendeak ere eskatuko dien sinadura, are garai bateko Bernardo Atxagarenak bezalako errenkada luzeak lortuz; guztiz birtualak, noski, baina nork nabarituko du diferentzia?".

Luistxok gauza gehiago azaldu nahi izan dizkit dispositiboaren inguruan, baina, Errauskine baten gisa, laster alde egin behar dut etorkizunetik -alfa faseak ez du luzaro irauten-, eta, ondorioz, USB-lapitza hartu eta, kasik agurtu gabe, desagertu naiz. Eta gure garaira itzuli naiz, Durangoko Azokaren gainbehera argi eta garbi ikusten den une honetara. Baina egoera horrek ez du luzaro iraungo, lagunak: konponbidea dakart hatzen artean.

Xabier Mendiguren Elizegi

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asmoa omen du eskolan erabiltzen diren ikasliburuak ikasleei doan emateko. Ze ondo, ezta? pentsatuko duzu. Bai baina ez. Gaiak koxka asko ditu, eta pare bat buelta ematea merezi du, hobe beharrezko astakeriarik erabaki baino lehen.

Orain arte plazaratu denez, hauxe omen da proposatzen den plana: eskolak berak erosiko ditu liburuak, haurrari emango dizkio gero maileguan, eta haur horrek, urte osoan erabili ondoren, ikastetxeari itzuliko dizkio liburu horiek, hurrengo ikasturtean beste neska-mutil bati utzi diezazkioten. Liburuek, hartara, dozenerdi bat urteko bizitza izango lukete, eta familiek batere gasturik ez. Hortaz, denok pozik?

Sistema horren oso antzekoa erabiltzen genuen gure auzoan txikiak ginela, orain dela hogeita hamar urte. Ez gobernuak araututa, ezpada jendeak berak: bizilagun bat baldin bageneukan gu baino urtebete zaharragoa, harixe eskatuko genion eskolako liburuak uzteko, ikasturtea hastean; eta gure ondoren beste batek erabiliko zituen gero, liburua guztiz hautsi edo ikastetxeak beste testu bat proposatu arte. Gizarteak berak alde batera utzi baldin badu mailegu informal hori, bi arrazoirengatik izan da: ongizate-maila handitu egin dela, eta liburua ondasun moduan estimatzen ikasi dugula.

Eta orain Hezkuntza Sailak legez berrezarri nahi. Ondorioei asko begiratu gabe ordea. Izan ere, ez dira gutxi, asmo hau aurrera ateraz gero, kaltetuta aterako diren arloak. Hasteko eta bat, liburu-dendak. Lehen ere zartako latza eman zien PPren gobernuak eskola-liburuen prezio librea ezarri zuenean, saltoki handien onerako, txikiek ez baitzeukaten beherapena nondik egin. Eta zer axola niri denda txikiak? pentsatuko duzu. Ba, zuri ez dakit, baina irakurketa eguneroko ohitura legez bultzatzea interesatzen zaion ororentzat oinarrizkoa beharko luke herrietako dendak bultzatzea. Honek kontrako bidea hartzen du.

Hurrengo kaltetua argitaletxeak dira, bistakoa denez. Horiek ere ez zaizkizula axola erabaki dezakezu, eskubide osoz, baina erne: euskal argitaletxeak aski larri ibili ohi dira eskolako materiala ateratzeko, gure demografiaren berezko mugak direla-eta -horretaz jabeturik sortu zituen Jaurlaritzak EIMA programak-; orain, argitaletxe batzuk arriskuan egon litezke eta beste batzuek utzi egin diezaiokete ikasliburuak ateratzeari; hala gertatuz gero, nork ziurtatuko du euskal curriculumaren irakaskuntza gutxienekoa? Nolakoak izango dira kanpoko argitaletxeetatik etorriko diren mapak, irakatsiko den historia? Pentsa pixka batean horretaz.

Sortzaileak ere ez dira libratuko: asko eta asko dira eskolako materialak sortzeko lanetan dabiltzan marrazkilari, idazle, diseinatzaileak, eta horien lana nabarmen murriztuko da. Libre zara ez zaizula inporta esateko, baina ez esan gero euskal kultura inporta zaizunik.

Kulturgintzaren sare industrial osoa ukitzeaz gainera, erabiltzaileei eurei ere ez die mesederik egingo. Ez duzula uste? Horra. Batetik, liburuetan aukera txikiagoa izango da, eta beharbada eskasagoa ere bai, merkezurrean egin beharko bailituzkete batzuek testuak. Bestetik, ikasturte osoan, egunero-egunero lan-tresna izango duen liburuan haurrak ezin badu oharrik erantsi edo azpimarrarik egin, tresna horren balio pedagogikoa gutxitu egiten da, dudarik gabe. Liburua gordetzeak eta handik denbora batera kontsultatzeak duen balioa ahaztu gabe. Nik ez nuen aukerarik izan, eta ez nieke gaurko neska-mutilei aukera hori ukatu nahi.

Orduan zer, gurasoak urtero eta haur bakoitzeko 100 euro gastatu behar? galdetuko didazu. Irakaskuntzaren doakotasunean sinesten dut nik, txikietatik unibertsitatera, eta horregatik uste dut badirela bideak: liburu guztien prezioa administrazioak bere gain hartzea, horretarako borondatea eta dirua baldin badago, eta beharra dutenentzako beka sistema bestela. Mailegua, zintzo esanda, kultura osoa pobretuko lukeen txapuza demagogikoa iruditzen baitzait.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan