![]() | Nagore Irazustabarrena2006-01-15 |
«Benetako arkitektura eskultura da» zioen Constantin Brancusi eskultore errumaniarrak. 1926an Brancusik, itsasontzitik lehenengoz Manhattan ikusi zuenean, «nire tailerra da eta!» bota omen zuen, etxe orratz multzoak Parisko tailerrean zituen eskultura geometrikoak ekarri baitzizkion gogora.
Antzeko zerbait senti dezake Guggenheim museoko bisitariak. Bilboko kale tartetik haren perfila ikustean, eskultura erraldoia ikusiko du, Hans Arp edo Vladimir Tatlinen lan bat, baina eskala izugarrian egina. Beste adibide bat Woody Allenen azken filman ikusten da behin eta berriro: Match Point-eko protagonistak Norman Fosterrek Londresen eraikitako pepino itxurako eraikinean egiten du lan; urrutitik eskultura erraldoia da eta barrutik Swiss-Re aseguru etxearen egoitza.
Arkieskultura ez da berria
Egia da arkitektura eta eskulturaren arteko nahasketa honek azken hamarkadatan bultzada handia izan duela, baina horrek ez du esan nahi kontu berria denik. Egiptoko piramideak eskultura sinple eta espresiboak dira, eraikin funerarioen funtzioa betetzeaz gain; gotikoan arkitektura eskulturara hurbildu zen forma organikoen bila; barrokoan ere fatxadak eskultura legez landu ziren. Baina bi diziplinen arteko harremana XVIII. mendetik aurrera estutu zen bereziki eta Bilboko erakusketak ordutik gaurdainoko epea du aztergai. Etienne-Louise Boullék 1784an proiektatu zuen Newtonen zenotafio berritzailetik hasita, 60 artista eta 50 arkitektoren 180 lan inguru bildu dituzte. Bidaia berezi hau kronologikoki antolatua dago 10 ataletan.
Neoklasizismotik eskala apurtzeraino
Eskala apurketa da, hain zuzen, bigarren atalaren ardatza (205 eta 206 aretoak). Bertan Brancusi errumaniarraren tailera ikus daiteke, tarteka, eskulturen ordez, etxe orratzak ipiniz, New Yorkeko World Trade Center zena kasu, modu horretan bien arteko harremana garbiago ikusteko. Brancusik berak 50eko hamarkadan Zutabe Amaigabea izeneko bere eskultura Chicagon 122 metro luzeko etxe orratz bihurtzea proposatu zuen. Eskalaren proportzionaltasuna hautsi zen horrela, handik aurrera eskulturak zein arkitekturak ez zuen zertan gizakiaren neurrira egina izan.
Espazioaren konkista
Bosgarren atala Rudolf Steiner eta Ludwig Wittgenstein pentsalariei eskaini diete. Bi filosofo ezagunek egindako lan arkitektonikoen bidez «filosofia arkitektura bihurtua» zer den ikus daiteke.
209. aretoan 50eko eta 60ko hamarkadako lanak ipini dituzte. Arkitektura eskultura bilakatuta. Eskultura arkitektura bilakatuta izenburupean, 6. atal honetan bi generoak nahasteko mende hasierako joera are nabarmenago ikusten da. Le Corbusier geometriatik urrundu zeneko Villa Savoye edo Frank Lloyd Wrighten New Yorkeko Guggenheim Museoa dira arkitektura eskultorikoaren adibide. Eskulturan aldiz ez dago hain urrun joan beharrik, Chillida baitugu 60ko hamarkadan eskultura espazio arkitektoniko bihurtzea lortu zutenen artean adibide garbienetakoa.
Eskulturak hartzen du hurrengo atal osoa (203 aretoa). Alberto Giacomettik bultzatutako iraultzaren emaitzak daude ikusgai. Giacometti hartzen da instalazio artearen aitzindaritzat. Berak bultzatuta eskulturak monumentu huts izateari utzi zion, «erabilgarri» bilakatu zen eta hiriko espazioan integratu.
Paisaia zizelkatzen
9. atalak ere badu zerikusirik paisaiarekin, azken hamarkadatan hirigintza hautsi duten obrak baititu hizpide. 60ko hamarkadatik aurrera funtzionalismotik urrundu eta mega-eskultura informalez osatutako hirigintza proiektu utopiko eta, tarteka, ez hain utopikoak burutu zituzten. 304 areto honetan pieza esanguratsuenetakoa Miquel Navarroren Harresi hiria da.
Box, blob eta kanibalismoa
Gainera, teknologia berriek blob arkitekturari eman dioten bultzadak beste eztabaida batera garamatza: garapen hori ikusita arkitektura korronte hori ez ote daitekeen eskulturaren jarraipentzat hartu. Hainbat eszeptikok dio, Rosalind Krauss arte teorikoak besteak beste, arkitektura eta eskulturaren arteko gaurko lotura «harreman arriskutsua» dela, arkitekturak xurgatu ez ezik «irentsi» egiten duela eskultura. Erakusketa honen tesia, ordea, bestelakoa da eta bisitariari kanibalismorik ez dagoela erakustea du xede: batak ez du bestea irensten, elkar elikatzen dute eta arkitektura eta eskulturaren arteko harremanak emankorra izaten jarraitzen du.