Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-09 11:13:02
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2006-01-08 -- 2022.zenb


Sortzen duen ama iraintzea festa duen herria inoiz zoriondu beharko nuenik ez nuen berehalakoan usteko. Belarriak makurtu beharrean nago, ordea, eta... bejondeinela Hondarribia!

Egoskorrak dira hondarribiar milazkak, milazkak edo tamarizak. Bere eitea, bere izakera... zutik eusten diote bere buruari. Urteak joan eta urteak etorri adarje dotorea hostaje fin eta lore finagoz jantziak azaltzen zaizkigu.

Beste milazka batzuk, Donostiakoak sonatuenak, hamletiar ezinegona bizi dute: tamarindotzat dituzte. Inoiz kazetariren batek nahasiko zituen eta... herri honetan okerretxekoak bai iraun, horregatik! Milazka sasitamarindo hauek ez direna izatera behartu nahi dira, badakizu: hiriburuan... Zuhaixka denari zuhaitz itxura eman nahi eta enbor hutsera biluztu gero, urtero.

Ondo geuretarra da milazka. Errio-bazter, urustel-ertz, duna gazi, padura... berea du ura. Ura eta gatza. Itsasozalea. Milazkak hostoetan dituen guruin berezi batzuetan gatza pilatzen du. Gero gatz hori bere itzalaren gainera isuriko du. Bera lur gazitan bizitzera jarria dago baina lur horretan konpetentzia egin nahi dionak elorrio izango du. Elorri espezie honetatik bada bai Hondarribian bezalaxe Donostian.


Errezeta behar duten botikak medikuaren agindurik gabe, hau da, errezeta ofizialik gabe, saltzen edo banatzen dituzten botikariek arau-hauste larria egingo dute, eta horrek 30.000 eurotik 90.000 eurora doan isuna ekar diezaieke. Neurri hori aurreikusten da, beste hainbat arau, xedapen eta legerekin batera, botikak eta produktu sanitarioak modu arrazionalean eta berme osoarekin erabiltzeko legearen aurreproiektuan. Eta horien guztien bitartez, botiken erabilera txarra zuzendu nahi lukete osasun-agintariek, osasun publikoaren akats nagusietako bat konpontzeko bidean.

Aurreproiektu hori onartzen bada, botikaren prezioa adierazten duen errezibo edo ordainagiria entregatuko dio botikariak gaixoari, hiritarra Gizarte Segurantzaren kargura doan gastu farmazeutiko itzelaz jabetu dadin. Ekimen horrekin urtero-urtero ia 10.000 milioi euroan baloratua dagoen faktura farmazeutikoa arindu nahi da, faktura horrek osasun-gastuen laurdena hartzen baitu.

Errezetarik gabeko botika-salmenta debekatua dago, teorian, baina legea ez da sekula bete. Gaur egun, edonork eros dezake antibiotiko bat botikan, inolako errezetarik aurkeztu gabe kasu askotan. Egoera horrek erresistentziak eragiten ditu botiken erabileraren aurrean (antibiotikoen kasuan, erresistentzien kopurua %35 inguruan dago, kasurik gehienetan erabilera txarraren eraginez). Eta, bestalde, botiken erabilera txarrak ekartzen ditu larrialdi-zerbitzuetara egiten diren bisiten %33.

Espainiako estatuan (2004. urtean 750 milioi errezeta egin ziren) helburua bikoitza da: gutxiago gastatzea, batetik, eta hobeto gastatzea, bestetik. Aurreneko helburua lortzeko bidean botika generikoen erabilera indartuko da -merkatuan 10 urte baino gehiago dituzten botiken prezioa %20 jaitsiko da, betiere botika-talde horretan generikoren bat baldin badago-. Eta bestetik, lehengai aktiboen preskripzioa bultzatu nahi da, markako botika (garestiak) errezetatu ordez, medikuak merkeena edo botika generikoa agindu dezan.

Nagore Irazustabarrena


1937ko martxoaren 27an jaio zen Donostian, baina berehala familia Urnietara joan zen bizitzera eta bertakotzat jo du beti bere burua. Opera ikasten aritu ondoren gitarrari ekin zion eta 1965ean hasi zen Ez Dok Amairun kantatzen, besteak beste bere senar izango zen Xabier Leterekin. Bost disko kaleratu zituen guztira, azkena 1974an. Kantagintza utzi eta haurrekin lanean jardun zuen: Urnietako ikastolako irakasle izan zen, Buruntza antzerki taldea sortu zuen eta haur literaturan ere aritu zen, bost liburu argitaratuz. Azken hilabeteotan Urnietako parrokiko koroa zuzendu zuen. Txikitatik izan zituen bihotz arazoengatik hil zen abenduaren 27an, 68 urte zituela.

Ondoko orrian, euskalgintzaren aldeko aldarria duzu bere hitzetan.

Pilar Iparragirre

Zein da zure liburu honen historia?
Bizitza da gauzarik handiena, zeren zure tokian jartzen zaitu. Norberak badu koherente izan nahi bat, baina gero koherentzia horiek guztiak apurtu egiten ditu bizitzak, eta horregatik da ederra, beste gauza batzuen artean. Nik uste nuen ez nuela inoiz idatziko haur eta gazte literaturan etxeko animalia bat protagonista duen ipuinik. Baina, hitzak askotan jan egin behar izaten ditugu, eta aurtengo udan, Ondarroan nengoela, ezagutu nuen txakur bat, Guti. Txakur zahar-zaharra da, han zegoen plazan, etzanda. Eta jakin nuen txakur hori joaten zela arrastreko ontzietan Gran Solera eta Irlandara-eta han mareak pasatzera. Eta behin bere ontzia desegin egin zutela, eta geratu zela langabezian. Bai txakurra eta baita arrantzaleak ere. Orduan, egunero-egunero, bai arrantzaleak eta baita txakurra ere, biltzen zirela plazara.

Eta hunkitu egin zituen horrek?
Bai! Izan ere, asko esaten zidan txakurraren pertsonaiak, nola egunero joaten zen plazara noizbait beste ontzi batean joango zen itxaropenarekin. Gainera, pentsatzen jarrita, nik uste dut arrantzalearen izaera ere hori dela.

Izaera hortaz hitz egiten al duzu liburuan?
Batik bat ez dela amore eman behar. Nire ustez nahiko erraz ematen dugu amore bizitzan. Baina bide bat aukeratu baduzu, bide horretatik jarraitu egin behar duzu. Agian ez duzu ezer lortuko, mundua erori egingo da zure aurrean, baina nik uste dut ekinaren balore hori ahaztuxea daukagula eta errekuperatzeko modukoa dela.

Unai Brea


Dario Urzay Arte Ederretan lizentziatua da. 1977 eta 1982 bitartean egin zituen ikasketak, fakultatea Sarrikon (Bilbo) zegoen garaian, Urzayk estudioa daukan lekutik oso hurbil. 1983tik 1988ra irakasle jardun zuen. Lau urte horietako azkenekoan Leioako campusean eman zituen eskolak, ordurako hara eramanda baitzegoen fakultatea. "Gero, aukera eduki nuen Londresera joateko, eta hura aukeratu. Arte hutsetik bizi nahi nuen".


Athleticen elastikoaz berba egiten hasi gura duzu, ala ez?
Berdin dit.

Kontua zera da: amorrua ematen dizu jendeak, Dario Urzay izena entzutean, 'a, bai, Athleticen elastikoa egin zuena' erantzuteak?
Hara, jende gehienak horregatik ezagutzen nau. Hura suertatu zenean gehienek ez ninduten ezagutzen, atzerrian erakusketa gehien egin duen eta curriculumik zabalenetakoa duen euskal artistetakoa izan arren. Beharbada, artistok ez garelako ezagunak.

Eta horrek berdin dizu, amorrarazten zaitu...?
Zer egingo dugu ba! Athleticena, berriz, entzute handikoa izan zen, eta harekin lotzen naute. Horrek balio izan du, gerora, batzuek nire berri eduki dezaten. Eta, bitxia bada ere, Athleticen kamisetaren historia ezagutzeko balio izan die askori, ez zekiten eta. Zeintzuk izan ziren lehenengo elastikoak: zuria, zuri-urdina... Batzuek uste zuten Athletic beti izan dela zuri-gorria.

Askok zu nor zaren jakin dute, beraz. Eta nor zara? Zelan aurkeztuko zenuke zeure burua?
Beti pentsatu izan dut artista plastikoa naizela, pintura mundutik natorrena eta neure lana pintura arloan egiten dudana gehienbat. Baina argazki, bideo eta abarrekin ere egiten dut lan. Gustuko dut gauzak asmatzea.

Idazleak baditu etxean idatzitako liburuaren hainbat kopia. Zuk lan bat saltzen baduzu, lan hori ikusteari uzten diozu. Galdutako semea edo alaba bezalakoa da?
Gogoratu naiteke artelanez, liburuetan daudelako. Eta bai, batzutan pentsatzen dut: zer patu edukiko ote zuten? Batzuetan nahiago dut haiek ez ikusi; hobe etorkizunaz arduratzea, egin beharreko hurrengoaz. Oraindik egiteke dudan lan bat dagoela iruditzen zait beti.

Hara, hori da artea, ezta?
Bai. Aurreko lanak beti uzten dit frustrazio halako bat. Ondo dago, baina,,, Bila jarraitu behar.

Eta ailega daiteke `hau da nik egin nahi nuena´ esateko unera?
Ez dakit. Gogoan dut New Yorken pare bat hilabete besterik ez neramala, larunbat batez hainbat galeria ikustera joan nintzela. Artega itzuli nintzen etxera, ez bainuen aurkitu liluratu ninduenik ezer. Hala ibili nintzen astebetez. Halako batean kalean nenbilela, zera bururatu zitzaidan: "Ikusi nahi dudan lan hori neuk egin behar dut". Ez nuen nahi nuen hura aurkituko, neuk egin behar nuen. Nire ustez, oso ibilbide pertsonala duten artistei hala gertatzen zaie: beste inon topa ezin dezaketen artelana ikusi nahi dute, eta ikusi ahal izateko beraiek egin behar dute.

Arteak berez dauka zer edo zer adierazi beharra, derrigorrezkoa da mezu sakonak ematea?
Artelana ikusleak ixten du beti. Uste dut artistak tarte bat ematen diola ikusleari, hark hausnar dezan. Norberak badaki lan jakin batetaz zer pentsatuko duten gutxi gorabehera, badaki zer erreakzio sorta egongo den. Eta sorta hori, tarte hori, zabalagoa edo murritzagoa izan daiteke. Baina azkenean, artista batek ez du ezer adierazten; zerbait eraikitzen du, beste norbaitek itxi dezan. Athleticen kamiseta horren adibide ederra da. Orrialde asko idatz liteke kamisetak jendeari aditzera ematen zionaz. Eta hori ez zen beste elastikoekin gertatzen. Inork ez du pentsatzen ea futbol kamiseta batek zerbait adierazten dion. Horrek esan nahi du kamiseta hura primeran ari zela funtzionatzen, erantzun bat sorrarazten ari zela. Erantzun eske ari zen!

Tesi ofizialtzat errotu da kamiseta ez zitzaiola ia inori gustatu. Poztu egiten zaitu San Mamesen, gaur egun oraindik, jantzita daraman jendea ikusteak?
Jakina, eta oso harro nago jende horretaz. Nire ustez, zera esaten ari dira: "Athleticzalea naiz, desberdina naiz, eta Athletic desberdina da". Athleticzaleek beste taldeen zaleekiko desberdinak direla sentitu ohi dute. Areago dira kamiseta daramatenak. Nik ez dut uste kamiseta inoren gustuko izan ez zenik, uste dut manipulazioa egon dela hor. Jende askok, gustuko izan gabe ere, berdegunean ikusi nahi zuen elastikoa epai bat eman aurretik. Baina bertsio ofiziala zabaldu zen, komunikabide batzuen laguntzaz. Nola edo hala kamiseta hura desagertzea nahi zuten.

Emadazu ahalik eta erantzunik zintzoena: elastikoaren kontu honek mesede egin dizu?
Bai, uste dut baietz. Erreakzioa sortzen duen edozer ona da. Emozio asko sortu da kamisetaren inguruan, eta denak izan dira muturrekoak. Oso harro jartzen nau, lehen esan dizudanez, San Mamesen ikusteak. "Hara horiek, potro parearekin". Orain onartuago dago, baina lehen momentuan zelaira eramaten zutenak zera esaten ari ziren: "Bost axola nitaz diotena". Nik banekien eztabaida sortuko zela, besteen desberdina izango zela, baina Athletic desberdina da. Ez litzaidake bururatuko beste talde batentzat halako diseinua egitea. Hala ere, desberdinak gara baina ez horrenbeste. Onartuak ez izateko beldurra... Hori ere bazegoen kamisetari emandako ezezkoan.

Harrezkeroztik, kirol munduan sartu zara bete-betean...
Bai, kirolari batzuk etorri zaizkit, nirekin zerbait egin nahi zutela esanez. Virginia Berasategirekin lankidetzan aritu naiz, esaterako. Eta beste kiroletatik ere hurbildu zaizkit batzuk. Ez daukat denbora gehiegirik, baina zerbait egin nahi nuke. Orain lagun eskalatzaile birekin dihardut; zerbait egiteko eskatu didate, eta horretan nabil.

Sariei dagokienez bolada onean zaude. Bi jaso dituzu orain hilabete gutxi...
Bitxia da, 1983an Gure Artea eskuratu nuenetik saririk jaso gabe nengoen. Eta bat-batean, hamabost egunean bi. Pekineko Biurtekokoa ondo egon zen, ez nuen inondik inora espero, sariak ematen zituztenik ere ez nekien, eta gainera nazioartean ezagunak diren zenbait artistarekin batera jaso nuen.

Bizitzen laguntzen dute?
Txinakoan ez zen dirurik. Arte Grafikoetako Espainiako Sari Nazionalak, berriz, bai. Azkenean, behintzat, etekinen bat aterako dut Athleticen kontu horretatik, salmentez lortu nuen guztia Virginia Berasategiri eman nion eta.

Ematen du arte garaikidea herritarrengandik urrun samar dagoela...
Ez dago ohitura handirik. Baina aldatu egingo da, Guggenheim osteko belaunaldiak ez dira Guggenheim aurrekoak bezalakoak izango, esaterako. Ohitzea da kontua. Arte garaikidea, bestalde, ez da oso gauza mediatikoa, eta telebistan ez dagoenak ez du arretarik pizten. Orain, berbarako, oso ondo dago ETB kulturaz ematen hasi den programa; bat-batean, herritarren zati batek jakin dezake zer gertatzen ari den, eta lehen ezin zuen. Hala pizten da arreta.

Amaitzeko, inoiz kalean entzun dugun esaldi maltzurra: gaur egungo margolariek hala margotzen dute ez dakitelako lehengoek bezala egiten, dagoeneko ez dago Velazquez edo Goyarik...
Nik 23 urte nituela irabazi nuen Gure Artea saria, argazki tankerako margolan bati esker, eta Ajuria Eneako horma batean neuk egindako Leizaolaren erretratu handi bat dago eskegita. Gauza batek ez dauka bestearekin zerikusirik. Arkatza eta papera hartuta giza-irudi bat egiteko gauza ez denak ere artelan interesgarria egin dezake. Norberak buruan duena margotzen du.

Pilar Iparragirre

Kukuketan
Imanol Urbieta, Kontxi Aizarna
Xirula Mirula
60 orrialde+ CDa 20 euro

Txikienekin jolasteko kantuak

Imanol Urbieta eta Kontxi Aizarnaren artean osatutako Kukuketan. Jolaserako kantak liburu-diskoa urtebetetik bi urtera arteko haurrak dituzten gurasoei dago bereziki zuzendua, nahiz eta haur horiekin lan egiten duten hezitzaileentzat ere baliagarriak izan daitezkeen. Hogeita bost kanta eskaintzen ditu denera, bere partitura eta guzti, CDan entzun daitezkeen kantak. Haurra esnatzen den momentutik hasi eta oheratzen den unera arteko momentu guztiak izan dituzte egileek kontuan kanta horiek aukeratzerakoan. Helburua ume txiki horiekin jolas egin ahal izatea da, jolas horien bitartez beren garapen intelektualean eta emozionalean lagundu ahal izateko, musuak ematean, bainatzean, barre eta negar egitean, kukuka jolastean, jaterakoan...

Nafarroa. Historiaren hariak
Bixente Serrano Izko
Euskara Kultur Elkargoa
288 orrialde

«Nafar» jendeek bizileku izandako eremuaren historia

Bixente Serrano Izkok garaiok aztertu ditu, besteak beste, Nafarroa. Historiaren hariak izenburuko liburuan: Historiaurretik hasiz euskal lurraren adina, gizakia Nafarroan, erromatarren garaia, lehen euskal estatua, VIII-X. mende arteko kasiarrak eta dinastia piriniarrak, XI. XII. mendeetako Euskal Herria, independentziaren amaieraren hasiera, Nafarroako estatu europarraren desagerpena, iraultza liberalaren aroa, Lehen Karlistaldia, Borboikoen Errestaurazioa, XX. mendeko testuingurua eta frankismo ostea eta Trantsizioa aztertu ditu. Historia osoko une ezberdinetan «nafar» izeneko jendeek bizileku propioa izan duten eremua ûzabalagoa hasieran, gero eta estuagoa mendeak igaro ahalaû hartu du bere lanaren marko gisa.

Harkaitz urdina
Junes Casenave-Harigile
Gero
104 orrialde 11 euro

Joan den mende hasierako Zuberoa

Hizkuntza klasikoen eta euskararen irakasle izateaz gainera hainbat pastoralen egile ere badugun Junes Casenave-Harigilek XX. mende hasierako Zuberoara garamatza Harkaitz urdina narrazioaren bitartez. Garai haietan jaiotzen ikusi zuen lurraldean bizi zen giroa agertzeaz bat, I. Mundu Gerrak bertako gaztediarentzat ekarri zuen sarraskia azaleratzen du egileak, etxalde bateko primuaren bizitza kontatzen duen istorio honetan. Zahartu eta hainbeste maitatu izan dituen lurrak auzokoari uztera derrigortuta dagoen unean ezagutuko du irakurleak Pette, Bazterretxea aurreko harri zabalean eserita azken aldiz, iragandako urte guztiak oroimenean dituela: bere haurtzaro eta gaztaroa, pastorala zer zen ikasi zuen aurreneko aldia, etxaldetik urrun eramango zuen gerra, Amerikara jo zuen anaia...

Gorka konpontzailea
Mitxel Murua, Julen Tokero
Elkar
36 orrialde 6,75 euro

Pirritx eta Porrotxen lagun berria

Tripako min izugarriaeen ondorioz, ebakuntza egin behar izan diote Pirritxi. Porrotx lagunari bisita egitera joango da, noski. Ospitaleko gelan ez dago Pirritx bakarrik baina, saskibaloiko uztairaino igo, goitik behera erori, eta hanka hautsi duen Gorka ere han baitago. Gorkak asko eta azkar hitz egiten du, eta gauza asko kontatuko dizkie Pirritx eta Porrotxi. Gauzak konpontzen izugarri trebea dela eta asko-asko maite dituen bi ama zoragarri dituela. Haietako bat Gorkaren ohearen alboan dago, eta barre egiten du semeari oso konpontzaile trebea dela entzuten dioenean, etxeko erlojua konpontzen saiatu zenean orratzak alderantziz ibiltzen utzi zituela, eta geroztik etxeko erlojuak atzekoz aurrera markatzen dituela orduak etortzen baitzaio burura. Porrotxek horrelako erloju bat nahi luke, ordea!

Ametsen baratza
Batzuen artean
Elea
254 orrialde 15 euro

Berrogei idazlan Sorgintxulo gaztetxearen alde

Santutxuko (Bilbo) Gazte Asanbladak Elea argitaletxearen eskutik plazaratu duen Ametsen baratza. Sorgintxulo gaztetxean ereindako berbak liburuan Euskal Herri osoko idazle andanak hartu du parte, hala nola Urtzi Urrutikoetxeak, Itxaro Bordak, Julen Gabiriak, Harkaitz Canok, Eider Rodriguezek, Ixiar Rozasek, Felipe Juaristik, Arantxa Iturbek, Lander Garrok, Tere Irastortzak, Mikel Tabernak, Maialen Lujanbiok, Juan Mari Irigoienek, Pako Aristik, Goizalde Landabasok, Kirmen Uribek, Bertol Arrietak, Paddy Rekaldek, Juan Luis Zabalak, Amets Arzallusek eta Gerardo Markuletak, besteak beste. Haiek idatzitako poema, ipuin eta artikuluen helburua, Sorgintxulorentzat dirua batzea da.

Aisia biziz
Batzuen artean
Urtxintxa Eskola
54 orrialde / 5 euro

Adierazpen plastikoaren bidezko sormena eta imajinazioa

Urtxintxa eskolak plazaratzen duen Aisia biziz aldizkariaren azken zenbakian, adierazpen plastikoa landu dute. Horretarako, Josemi Castro hezitzailea eta duela 19 urtetik Donostiako Egia auzoan arte estudioa zabalik daukan Arantxa Arratibel elkarrizketatu dituzte, besteak beste. Gainera, koloreak eta umoreak duten zerikusia, umeek egiten dituzten marrazkiak beren garapenaren isla ote diren, materialak eta teknikak ondo aukeratzeak izan dezakeen garrantzia eta beste hainbat gai jorratu dituzte.

Guti
Kirmen Uribe, Antton Olariaga
Elkar
42 orrialde 6,95 euro

Txakur arrantzale peto baten istorioa

Antton Olariagak egindako marrazkiekin osatua dago Kirmen Uribek sortutako Guti, bihotza gazte duen irakurle orori zuzendutako kontakizuna. Txakur arrantzale peto baten istorioa kontatzen zaigu bertan. Arrantzale andaluziar bat izan omen zuen txakur horrek jabe txiki-txikia zenean, baina gizonak itsasoa uztea erabaki zuenean, txakurkumea txalupan utzita egin omen zuen ospa, eta tripulazioko besteek bere egin zuten Guti. Agidanez, txakurtxoa, ondoen, Pedro sukaldariarekin konpontzen zen, eta okerren patroiarekin, beti kexuka, garraxika eta mekaguenka zebilelako. Baina Pasaiako portuan izandako ezbehar batean Gutik ontzia salbatzen lagundu zionetik, txakurra maitatzen hasi zen patroia ere. Marea askotan hartu zuen parte Gutik, barkuko beste edozein arrantzale bezala, harik eta arrantza gutxituz joan eta ugazabak desegitea erabaki zuen arte dagoeneko zahartuta zegoen barkua. Geroztik, lanik gabe gelditutako arrantzaleak herriko plazan biltzen ziren, eta txakurra ere haraxe joaten zen. Eta arrantzale izandakoek itxaropena galdu eta plazara joateari utzi ziotenean, hantxe jarraitu zuen Gutik, marea berrietara eramango zuen ontziaren zain.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan