Zer ote da lehenago errealitatea ala legea? EAEko hiru kutxa publikoen fusioaren gaian ari diren eragileen artean, bada galdera honekiko interpretazio desberdinik. Agerian da bultzada politikoak ekarri zuela kutxen azken fusio proiektua eta, berriz ere, PSOEren galga politikoak geldiarazi zuela urrian bat egitea. El Pais-ek jakinarazi duenez, Jaurlaritzako Ogasun Sailak joan den uztailean eman zien kutxetako arduradunei fusioaren ondorioz egin behar den lege aldaketaren zirriborroa, beraien ekarpenak egin ahal izateko. Lege aldaketa fusioaren aurretik egitea nahi zuten kutxek, baina, aipatu egunkariaren esanetan, Jaurlaritzak ezezkoa eman zion nahi horri eta beren haserrea jakinarazi die kutxetako arduradunei, bidalitako zirriborroak kutxen erantzunik ez duelako izan oraindik. Bestetik, PSE-EEk 2007ko udal eta foru hauteskundeak iragan arte behintzat ez omen du berriz fusiorik bultzatuko, besteak beste, Vital Kutxa tarteko, Araba saltzeari buruzko PPren salaketa erraza saihesteko.
Eusko Jaurlaritzaren 2006ko aurrekontuetan euskal politikaren garai berri bat irudikatu da. Ikusteko dago hurrengo pausoak zeintzuk izango diren, baina EAJk politika molde bati ekiten dionean urteetarako joera markatu ohi du. Egia da aurtengoa urte berezia izan daitekeela alderdien mahaia eta bakegintzaren alorrean eman daitezkeen urratsengatik, baina jelkideak argi uzten ari dira sozialistekin akordioetara iristeko borondatea. Testuinguru horretan atera zen urte bukaeran Ibarretxe plana, eta bai Egibarrek, bai lehendakariak berak hor dagoela gogorarazi dute, ez dagoela bazterreratua eta eszenatoki politikora berriz aterako dela. EBBn nagusi den sektoreari, aldiz, gutxitan entzuten zaio Ibarretxe planaz hitz egiten. EAJk bizi izan duen barne gatazkan Ibarretxek arbitro zeregina izan ei du Imaz eta Egibar zaleen artean. Duela bi urte, Batasunetik Ibarretxe Imazen sektorearekin zegoela esaten eta salatzen zen; egun, aldiz, nahiko pozik dira bakegintzaren inguruan 2005ean egin duen kudeaketarekin. Ibarretxe gertutik ezagutzen dutenek, bi sektoreen arteko arbitro lana egiten duela diote. Xabier Arzalluzek argi esan izan du EAJn badirela Ibarretxe gustura alboratuko luketenak; jeltzaleen erraiak ezagutzen dituzten zenbaiten ustez, aldiz, beste alternatiba bat nahiko luketenek gaur egun ez dute Ibarretxeren pareko ordezkorik. Ez dira berriak Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta EBBren arteko tentsioak, Agirre eta Garaikoetxea lehendakarien adibide historikoak hor dira.
Miel Anjel Elustondo
Timo Riiho (kotka, Suomi, 1950) irakaslea erraz antzean mintzo da euskaraz. "Garai batean hobeto", dio. Praktikatzeko aukera handirik ere ez du, Madrilen. Gasteizen izan zen azaroan EHUk gonbit eginik, suomieraren historia eta egoerari buruz hitzaldia egiten, euskaraz eta gaztelaniaz. Bateko Suomi eta suomiera, besteko Euskal Herria eta euskara, adarrik adar jardun genuen, txepetxa adarrean saltokako ibileran.
Suomi ala Finlandia, nola jardun behar dut?
Neuk baneki! Ez dakit. Batzuetan Suomi, besteetan Finlandia... Inork ez du Suomi hitza ezagutzen. Nik neuk ere, hitzaldia egin nuen joan den azaroan Gasteizen, eta «Finlandiako kasua» nuen jarrita izenburuan. Hori esanagatik, esan behar dut testuaren barnean zera irakurri nuela, alegia, «suomiera hizkuntza fino-hungariar bat da». Zeuei dagokizue terminologia erabakitzea. Niri, hango berri ematea dagokit, ez besterik.
Gogoan dut Eibarren zinela 1984an, Eibarko kongresuan, Euskaltzaindiak antolaturik...
Bai. Zahartuta nago... Egia da. Guztiok zahartzen gara.
... Hitzaldia egin zenuen orduan ere, eta Suomiko egoera azaldu, ondoan Txillardegi zenuela. Hitzaldi hartantxe entzun genuen lehenengo aldiz «Suomi» hitza. Eta «suomiera», jakina. Ikasi genuen.
Txillardegik ez du besterik erabiltzen.
Guk ere ikasi genizun esaten.
Hortaz, ez dago dudarik. «Suomi» eta «suomiera» hitzak erabiliko ditugu. Guk geuk ere horiexek erabiltzen ditugu.
Zer dela eta azaldu zinen Eibarko kongresu hartara? Nondik sortu zinen?
Txillardegiren kontuak. 1980an Arantzazun ari nintzen, euskara ikasten. Garai hartan ezagutu nuen Txillardegi. Handik lau urtera, Eibarko kongresua antolatu zutenean, gonbidatu egin ninduten, Txillardegi tarteko.
Euskara ikasi zenuen, beraz.
Bai, Arantzazun, baina irakasleak ez nituen fraide. Meza entzutera joaten nintzen igandeetan. Aita Gandiaga, aita Villasante, aita Lasa... denak ezagutu nituen. Orain hilda daude hirurak baina. Kontua da Suomin bizi nintzenean euskara ikasteko toki baten bila jardun nuela. Telefonoa hartu eta, azkenean, bi aukera izan nituen: Lazkao eta Arantzazu. Eta honaxe joan nintzen, Arantzazura, hiru hilabeteko ikastaroa eginez, murgiltze sisteman. Euskara besterik ez. Ulibarri euskaltegia zen antolatzaile. Harrezkero, zertxobait galdu egin dut euskara, ez dut eta praktikatzen.
Madrilen ez duzu aukera handirik.
Ez Madrilen, ez Suomin. Arantzazuko hiru hilabeteak igarota, gaztelaniaz baino hobeto mintzatzen nintzen euskaraz. Orain alderantziz da.
Hizkuntzalaritzak jarri zintuen euskararen bidean, oker ez banago.
Bai. Europako hizkuntzarik bereziena da euskara. Ez du inorekin harremanik. Misterio bat da haren jatorria. Hizkuntzalari batentzat, hori oso interesgarria da. Are gehiago, tentazio bat! Beste alde batetik, Euskal Herria bera dago. Hizkuntzarekin ikustekorik ez duen kontua, alegia...
Esan ezazu esan nahi duzuna.
Mundu guztiak ezagutzen du ETA. Eta hori ere beste misterio historiko bat zen orduan. Herri oso berezi bat, hizkuntza berezi bat zuena. Nik ez nion tentazioari eutsi. Alderantziz, Adan eta Ebak bezala egin nuen: kosk sagarrari!
Euskarak duen aditz laguntzailearen miresle zarela jakin dizut.
Zoragarria da. Euskal aditza ikaragarria da! Hizkuntzalari batentzat, zoragarria. Hori ikasteko hamar urte behar dira. Zuk txikitan ikasiko zenuen, baina arrotz batek hainbat urte behar ditu euskal aditz laguntzailea ondo ikasteko. Konplikatua da, baina zoragarria aldi berean: sistema perfektua da. Horrekin batera, euskararen arkaikotasuna ere ikaragarri maite dut. Europako historiaurrera jo behar dugu euskararen berri izateko. Berdin, gure kasuan; suomieraren kasuan, esan nahi dut, nahiz eta zuek gu baino aitzinakoago zareten. Euskara ikastea, Europako historiaurrean sartzea da. Zoragarria.
Hizkuntzalari ala arkeologo zara zu?
Hizkuntzalaria, baina hizkuntzen historiaurrea maite dut batez ere.
Nik dakidala, salbuespen zara Suomin. Alegia, euskarari zuk beste opa dionik gutxi dira bazterretan.
Askorik ez, baina bat baino gehiago bagara. Hiruzpalau aldiz eman dut euskarari buruzko ikastaroa Helsinkin. Ikasle asko nituen. Txillardegi ere bizpahiru aldiz egona da Suomin, eta nire ikastaroetan parte hartu zuela gogoratzen naiz. Orain, berriz, euskarazko eskolak laguntzen ditu Eusko Jaurlaritzak.
Eta alderantziz? Bada euskaldunik Suomiko egoeraren berri duenik?
Bai, Euskadi-Suomi elkartea ere bada. Gazteak dira, eta seme-alabak ere badituzte, euskara eta suomiera hitz egiten dutenak. Oso gauza polita da. Joseba Ossa, Joxefran Izpizua eta beste. Suomieraz ere badakite horiek.
Joxefran Izpizuak Rax Rinnekangasen narrazio bat itzuli zuen euskarara: Ilargia ihesi, oso lan ederra. Joseba Ossak eta Mia Rissanen-ek, berriz, Pello Lizarralderen Un ange passe itzuli zuten suomierara. Joseba Ossak, bestalde, Finlandiako ipuin eroa eta Inari, Laponiako lore idatzi zituen. Gutxi, baina ekinak, horratik!
Bai. Ez nekien hori dena, baina ez dira geldi egotekoak, bistan da.
Madrilen ari zara, Suomiko Institutuaren zuzendari karguan. Gaztelania ikertzera, euskararen bidetik heldu zinela irakurri dizut. Horrela al da?
Ez, ez da egia. Garai bertsuan bai, hori bai. Madrilgo unibertsitatean ari nintzen, Complutensean, Rafael Lapesa irakasle nuela. Gaztelaniaren historiari buruz hitz egin zigun sasoian, euskarak gaztelanian izan duen eragin historikoa azaldu zigun. Horren ondorioz hasi nintzen euskara aztertu eta ikasi nahian.
Nola hartzen dute Madrilen zure euskara zaletasuna?
«Nondik sortu da hau?» esanez bezala begiratzen didate. Zer edo zer arraro naiz haien arabera. Hori ez zait gustatzen. Nire lagunak jakinaren gainean daude. Badakite euskaltzale naizela. Baina, gainerakoan, ez dut aldarrika egiten. Madrilen ez dute Euskal Herria ulertzen, ezta Katalunia ere. Ez dute ulertzen, eta onartu ere ez. Ni arrotza naiz Madrilen.
«Ez dute ulertzen, eta ez dute onartzen».
Ez, madrildarrek zera nahi dute, euskaldunak eta katalanak Espainiakoak izatea. Bestalde, ez dute nahi. Nahi dute, ez dute. Kataluniako estatutua dela eta, sekulako kanpaina egiten ari dira Madrilen, hango produktuen kontra. Boikota. Kontraesan betean bizi dira: alde batetik, zuek eta katalanak espainiarrak izatea nahi dute; beste alde batetik, ez dute nahi.
Suomi herri elebiduna da, 1922az gero, oker ez banago. 1917an burujabetza aldarrikatu zuen. Handik urte betera, gerra zibila izan zen. Eta 1922an, suomiera eta suediera, biak hizkuntza ofizialtzat hartu zituen herrialdeak.
Bai. Hala da. Suomiera eta suediera, biak dira ofizial. %8 dira suedieraz hitz egiten dutenak. Ez dira suediarrak, suomitarrak baizik, baina suedieraz hitz egiten dute. Zuk bi hizkuntza ofizial esan duzu, baina gaur egun hiru dira ofizial, iparraldean saamitarrak bizi dira eta, laponiarrak. 3.000 lagun dira, gutxi gorabehera. Ezta %1 ere, baina ofiziala dute hizkuntza, duela hamar urtetik hona.
%8 dira suedieraz mintzo direnak. %1, saamitarrak. Suomiera hiztunak, gainerakoak. Hizkuntza eskubide berdinak dituzte denek.
Historiak agintzen du. Suomi, Suediako parte izan zen bostehun urtez. Gero, Errusiako parte, artean XIX. mendean, nahiz eta autonomiaduna. Suediaren presentzia historikoa hain izan da handia, oraindik ere, Suedia aldeko kostaldean suedieraz hitz egiten dute gehienek, Botniako golkoan, alegia. Artean joan den mendean, suediera izan zen hizkuntza nagusia, gizarteko arlo gehienetan: politikan, ekonomian, administrazioan, irakaskuntzan... Gaur egun ez, orain alderantziz da, suomiera da nagusi.
Estatua elebiduna den arren, udalerriak elebakar izateko modua dute Suomin.
Bai. Elebiduna da estatua, estatu osoa. Kostaldean, udalerri gehienak suomieradunak dira erabat, elebakarrak. Laurehun dira guztira. Horrekin batera, badaude beste udalerri batzuk suedieraz lan egiten dutenak: hogeita sei baino ez. Azkenik, hogeita hemezortzi udalerri elebidun dira.
Herri xeheak suomieraz hitz egiten zuen lehen ere, irakurri dudanez. Handikiek, aldiz, suedieraz.
Bai. Joan den mendearen bukaera arte, herriak suomieraz, handikiek suedieraz. Barnealdean, ordea, suomiera zen nagusi. Orain suomieraz egiten da dena. Suediera hiztunak gutxiengo dira, nahiz eta oraindik ere, aberatsek, edo aberats multzo batek, behintzat, suedieraz hitz egin. Gotorleku bat osatzen dute, eta eragin handia dute oraindik. Hala ere, esan dizut, suomieraz mintzatzen dira gehienak eta, multzo horrek ere suomieraz hitz egin du jendaurrean.
Beste maila batean, Helsinkiko Unibertsitatea elebiduna da, eta hedabideei dagokienez, suomieraz argitaratzen dira egunkariak, baina badago kazeta bat, oso egunkari inportantea, suedieraz argitaratzen dena. Telebista dela eta, bi kate ditugu, kate publikoak biak, suomieraz. Baina hemen ere, kateetako batean, suedieraz mintzatzen dira astean zenbait ordutan. Kate honetan filmak direnean, suomierazko azpitituluak daramatzate.
Diskriminaziorik bada? Suedieraz hitz egiten duen gutxiengoak sentitzen du diskriminaziorik? Horrelakorik esaten du?
Ezta batere. Duela bost urte konstituzioa aldatu zen, eta haien hizkuntza eskubideak are gehiago babestu ziren. Badiot, babesturik zeuden aurretik, baina aldaketa berria eginez gero, babestuago.
Hizkuntza uralikoa da suomiera. Txillardegiri irakurri diodanez, suomierak eta estonierak uharte linguistikoa osatzen dute.
Europan lau hizkuntza daude, indoeuropar ez direnak: euskara, batetik, eta hiru hizkuntza fino-hungariar: suomiera, estoniera eta hungariera. Estoniera eta suomiera oso antzekoak dira, esango genuke, gaztelania eta portugesa bezala.
XIX. mendean egin zen suomieraren batasuna. Kanpoko maileguak hartu beharrean, hizkuntzaren erroetara jo zenuten, hitz berriak asmatzera.
Bai, suomiera batua. Euskara batua bezala. Hitz berriak egin ziren eta sendagileek, ekonomialariek, irakasleek... hitz berriak sortu zituzten denek. Adibidez, «telefono» esan beharrean, «puhelin» esaten dugu. «Puhele»-k «hitz egin» esan nahi du. Hortik, «puhelin», hitz egiteko aparatua. Neologismoak. Hitz berriak, asmatuak, baina jendeak bereganatu dituenak.
Mikel Asurmendi
Ludger Mees 1984an heldu zen Euskal Herrira, ikertzera. 1988an Bielefeldeko Unibertsitatean aurkeztu zuen bere tesia. Haren zati bat -Nacionalismo vasco, movimiento obrero y cuestión social - gaztelaniaz argitaratuta dago. 1989an Bielefeldeko Unibertsitateko irakasle postua utzi eta EHUra etorri zen, Leioara. Euskara errektoreorde bezala burutzen ari den lana hizpide abiatu dugu solasa: «Kazetaritza fakultatean aritu naiz duela ia bi urtera arte. Orain, berriz, errektoreorde kargutik EHU erraldoia dela jabetu naiz, bere barruan unibertsitate mota ezberdinak daudela eta berauek bateratzea ikaragarrizko lana dela. Nire bizimodua erabat aldatu da, ez nuen pentsatzen horrenbestekoa izango zenik, baina gauza batzuk egin nahi izanez gero horrela behar da». Zeregin hauen artean EHUko finantziazioa azpimarratu digu: «Oraingo errektoretzak hainbat arazo jaso zuen aurrekoarengandik, horietako batzuk larriak, egun batetik bestera konpontzen ez direnak. Finantziazioa da arazo nagusi horietako bat. Pixkanaka arazoak aztertzen eta bidea zuzentzen ari gara».
Halaber eta bestalde, honelako aurreikuspena egin digu EHUren etorkizunaz: «Gure unibertsitatea Bolognako Prozesuaren arabera garatzen ari da. Izen horrekin sinaturiko hitzarmenak dioenez, 'merkatuak batzen ari badira, langileen mugikortasuna bermatuta badago', beraz, ezin dugu jarraitu orain daukagun unibertsitate sistemarekin. Hau da, Estatu bakoitzak ezin du bere unibertsitate sistemarekin jarraitu. Bolognako Prozesua Europako unibertsitateen sistema ezberdinak homologatzeko sortu zen, irakasleen tituluak baliokidetzeko, irakasleak eta ikasleak batetik bestera normaltasunez mugi daitezen».
Eraldaketa prozesu guztietan gertatu ohi bezala, gurean ere, prozesuak kezkak eta beldurrak sorrarazten dituela diosku Ludger Mees errektoreordeak: «Hori normala da, ez baitakigu zer-nolako unibertsitatea izango dugun aldaketen ondorioz. Guk aldaketa horiek kontuan hartu ditugu eta gure esku dagoen guztia egiten ari gara prozesua ahalik eta modu egokienean bideratzeko. Prozesua EHUko normalizazio eta bilakabidean ez dadin oztopoa izan konpromisoa hartu dugu, eta nire kasuan bereziki euskararen alorrean».
Ludger Mees Euskal Herrrira 1984an lanera heldu zela esan dugu, baina ez lehen aldikoz. Etorri, Gernikako familia baten etxera etorri baitzen askoz lehenago, 1973ko udan, 15 urte zituela. Frankismo garaia zen, kale giroa, jaiak, euskara eta manifestazioak gogoan ditu oraindik ere... «hasiera hartan, gure herrian gertatzen zenaz ezer gutxi ulertzen nuen». Urteen poderioz herri honen historia eta kultura bere egin ditu, baita ondo baino hobeto aztertu ere gure historia garaikidea. Euskal auziari buruzko bere jarrera agertzeko aitzakiarik ez dauka: «Demokrazian espresio guztiek zilegiak eta ordezkatuak izan behar dute. Eusko nazionalismoaren barruan ordea, ETA ez da inor ordezkatzeko inork hautatua. Ezker abertzalea da ordezkapen eskubidea duena. Gure etxeko lana ETAren bortxakeria konponbidean ezartzea da, bestela ezker abertzalearen zilegitasuna galduko da. Gainera, ETA desagertuta, -Katalunian bezala- ezker abertzaleak beste gobernu alternatiba bat sortzen lagundu lezake. EAJk ez du zergatik beti gobernuan izan beharrik». Horiek esanda, El Péndulo patriótico liburua mahai gainean dugula, EAJren historian barneratu gara.
Liburuaren III. edizioa duzue hau. Egiguzu liburuaren nondik norako gisako bat, arren.
III. edizioa aurreko bi liburuetan oinarrituta dago, baina honen azken atala berria da, honek EAJren azkeneko urteak azaltzen ditu. Aurreko bi edizioak agortuta daude, akademiko samarrak dira. Oraingoan publiko zabalarentzako edizioa egiten saiatu gara, zientifikoki landua betiere.
Historia interpretatzea ez da samurra izaten, euskal nazionalismoarena, berriz?
Feedback edo oihartzunaren aldetik, gai sentsiblea da oso, estatu mailan bereziki, abertzaletasunarekin lotzen den guztia politizatu egiten delako. Erraz agertzen da bi muturren arteko borroka ideologikoa, erraza da batzuk alde eta bestetzuk kontra jartzea. Estatua eta gizartea nahiko polarizatuta daudenez, zaila da bi muturretatik aldentzen den zerbait idaztea. Aldeko edo kontrako panfletismoan ez erortzea izan da gure asmoa. Batetik nahiz bestetik jasotzen ari garen kritikek diotenez liburuan "objektiboak" izateko nahia edota borondatea ageri da behintzat.
Analista politiko batzuek bere egin dute penduluaren teoria. Tituluak arrakasta izan du. Nork asmatua da?
Arrakasta izan du edota politikagintzan eta hedabideetan politikaren marka bihurtu da. Titulua EAJren ibilbide politiko gorabeheratsua aztertu ondoren sortu zen. Tira, Santiago de Pablok azaldu du jada sekretua: neronek asmatu nuen titulua. Zarautzetik Leioara autobusez egunero nindoala, pentsatzeko orain baino denbora gehiago nuen garaian. Péndulo patriótico hitzak EAJren historia ulertzeko gakoak dira, naziogintzaren oinarri sendoetatik hartuak dira, bere historiaren epe ezberdinetan agertzen eta mugitzen den ezaugarria da. Bi aldeetako joera bat erradikala da, existentzialista eta printzipioak defenditzen dituena. Bestea joera pragmatikoa da, helburu batzuk lortu nahi dituena, baina ehunetik ehun lortu ezinean gradualismoaren bidetik egiten duena, malgutasuna eta posibilismoaren bidetik jotzen duena. Gakoa biak elkarrekin irautea izan da. Izan ere, lehenak ez du erraz bat egiten bigarrenaren planteamenduekin: «Nire printzipioei ezin diet uko egin! Onartzen badut orain ezin ditudala helburuak lortu, uko egiten diet nolabait» diotso batek besteari.
EAJ existitu liteke gaur egun ezaugarri hauek izan gabe? Penduluaren ezaugarriak zein neurrian egin du posible alderdiak ehun urtez irautea?
Hain zuen ere, penduluaren joera erabiltzen eta mugitzen jakin duelako bihurtu da EAJ euskal alderdi zaharrena -PSOErekin batera-, handiena eta sendoena. Euskal gizarteak garai ezberdinetan eskatzen zuenari erantzuten jakin du EAJk. Jeneralean ez da oso gizarte erradikala izan, ezta oportunista ez printzipiorik gabekoa ere. Garai gehienetan gizartetik zetozkion aldarrikapenak edo desioak interpretatzen asmatu du eta horien gainean estrategia bat eraikitzen jakin du. Ibilbide honetan, printzipioen aldean geratu izan balitz, bada ziur aski alderdi minoritarioa litzateke gaur egun. Hortik datorkio arrakasta, nik uste.
EAJ nazio nortasunarekin zerikusia duen konpondu gabeko arazo baten ondorioa da. Bere funtsa baina, asmamenean oinarritua dela esan ohi da.
Nazionalismo guztietan asmakizunak egoten dira, historialari batentzat hori normala da. Niri interesatzen zaidana eta benetan aztertu behar dudana da, ea zergatik alderdi honek lortu duen daukan arrakasta. Dena asmakizun hutsa balitz, nekez ulertu edo azal liteke arrakasta hori. Adibidez, gaia ulertu aldera: Jainkoa ote dagoen ala ez, ez dakigu, zientifikoki ezin dugu frogatu: batzuek diote baietz, beste batzuek ezetz. Ordea, jakin badakigu Jainkoarengan sinesten duen jende asko dagoela. Errealitatea hori da. Historialari bezala, jainkoa dagoen edo ez dagoen kontuan hartu gabe, aztertu behar dugu errealitate hori. Euskal nazioa asmatuta dagoen? Horrek ez du horrenbesteko garrantzirik. Hemen mugimendu soziopolitiko zabala dago eta alderdi bat buruan buru, eta historialarioi bere izaera eta arrakasta aztertzea dagokigu.
Eusko Alderdi Jeltzalea. JEL: Jainkoa eta Lege zaharra. EAJk erlijioari atxikia segitzen du.
Nik EAJri kritikaren bat egitekotan, gaiari eta garaiari dagokion egokitzapena oraindik egin ez izana da. Ez du egin, adibidez eta aldeak alde, Alemaniako alderdi sozialdemokratak egin zuen marxismoaren egokitzapena. EAJk «jeltzalea» izaten segitzen du ofizialki. Behin baino gehiagotan esan dudanez, gogoeta prozesu bat zabaldu beharko luke bere izaera eguneratzeko. Hala ere, nahiz eta egokitzapen prozesu hori ez duen egin, formalki eta praktikan, penduluaren eragina ere agerikoa da erlijioaren gaian. EAJk egungo munduaren egoera eta baliabideei lotutako printzipioen aldera jo du. Teoriaz Sabinoren doktrinari jarraitzen dio, baina praktikan ez da horrela. Ez dut uste, kasu, EBBko inork Sabinoren alde arrazista defendatzen duenik.
Sabinoren bilakabide espainolista deitua EAJren baitako «pendulua»ren sorrera eta izaera hasiera kontsideratzen al da?
Bai. Horretan datza ere Sabinoren inteligentzia politikoa. Bera ez zen behartua izan hartu zuen bidea eta eboluzioa hartzera. Izan bazuen bere hasierako jarrerari eustea, hau da: «Nire herriaren askatasunaren alde hil nahi dut. Kartzelan egongo naiz eta ez dut inorekin inongo konpromisorik hartuko». Baina hori ez zen inteligentea izango. Berak hemengo gizartean eragin ekonomiko handia zeukan sektore bat zegoela ikusi zuen, nolabaiteko kontzientzia eta sentsibitate baskista zituena. Edozeinen gainetik defendatzen zuen independentismoa ez zela euskal gizartean nahikoa sustraituta ohartu zen, baita horrela jokatuz gero, alderdiak zapalkuntza gogorra jasango zuela ere, ezin izango zuela legalitatean lan egin. Aitzitik, herria aurrera eraman nahi izatera, bitarteko demokratikoen eta jendearen lana medio bide egin behar zela onartu zuen. Finean, lehenengo politika modua garatu ezin zuela ikusirik, bira egin zuen, printzipioei uko egin gabe, eta etsaiarentzat zailagoa zen bide batetik joatea hobetsi zuen, nolabait. Bera izan zen EAJren baitan pragmatismoaren bidea hartzen lehena.
Krisi garaiak bizi izandakoa da EAJ. Handienak gerra ostean eta ETA sortu ondorenean. Alabaina, zein da gakoa, demokrazia garaia iritsita gailentzeko?
Halaxe da, bai. Frankismoaren aurkako mugimenduak aztertzen badituzu, ematen du EAJk ez zuela existitzen. Batetik ETA zegoen, CCOO bestetik. Hauteskundeak burutu eta gora egin zuen. Sindikalgintzan gauza bera. CCOO berria zen, sistemaren gabeziak baliatu zituen antolatzeko. ELA, berriz, ia desagertutzat jo zen. Demokrazia garaiko hauteskunde sindikalak heldu ziren eta honek ere gora egin zuen. Horrek zerikusi handia dauka epe luzeko fideltasun eta kontzientziarekin. EAJk historia luzea dauka, frankismoa iritsi orduko bere ibilbidea oso sustraituta zegoen gizartean. EAJko izatea zerbait berezia da familian. Halaber, erbestealdian ibili garaietan, beharrak egindako alderdia da, bere eguneroko jarduna eta sinbolismoa belaunaldi batetik bestera irautea eta pasatzea lortu zuten. Fideltasun historikoa ez da bakarrik buruarekin lotzen, bihotzarekin baizik. Buruan nahiz bihotzean txertatzen diren fideltasunak ez dira koiuntura baten arabera aldatzen. Askotan, historialariok alderdi horiek gutxietsi egiten ditugu, sarritan agerian dagoena ikusten dugu soilik, baina isiltasunean eta azpikontzientean mamitzen dena, askotan ageri ez dena, identitate nazionalen gaian batez ere, oso funtsezkoa da.
EAJren idiosinkrasia euskaldun izateko moduari atxikia dago, baina Euskadi kontzeptuari gehiago Euskal Herria kontzeptuari baino. Edo ez?
Izenetan sinboloak daude, eta horiek beren bilakaera etimologikoa adierazten dute. Euskal Herria izenak askoz historia luzeago du Euskadi izenak baino, jende askok hori ez daki ordea. Lehena definizio kultural bezala ulertua eta hartua izan da, karlistek -eta Francok berak ere- erabili zutena. Sabinok «ez naiz ados eta kontzeptu politiko bat sortuko dut» esan zuen. Euskadi da herri honen lehenengo kontzeptu politikoa. Baina Sabinok ez zuen Euskadi hiru probintziek osatua zela esaten, Euskadi Euskal Herria modu politikoan ulertzen zuen. EAJk Euskal Herria historikoari nahiz politikoari eutsi egin die. Historiaren bilakabidea dela-eta, Nafarroako eta Iparraldeko errealitate historiko ezberdinak -egungo EAErekikoan- ulertu eta aztertu behar dira. Gaur egun hiru errealitate administratibo daude eta euskaldunen %80 EAEn bizi direla kontuan hartzeko datua da politika egitean. Bi estatuak kontra egoteaz gainera, EAJren ustez ezin da politika bera garatu hiru eskualdeetan.
Azkenik, liburuaren atal berrian EAJrekin kritiko zarete Lizarra-Garaziko Akordioa dela-eta.
Lizarra-Garaziko Akordioaren harian egindako kritika da, gizartearen zati bat kontuan hartu gabeko akordioa zelako. EAJk historiako beste unetan ere izan du tentazio hori. Finean, konturatu zen akordioak aurrera egiteko aukerarik ez zuela, edo kontsentsu lortzetik eta proiektu bateratua lortzeko bidetik aldentzen zela behintzat. EAJk ez du formalki «egindako akatsa onartzen duen» inongo agiririk plazaratu. Guk ez diogu ere eskatzen mea culpa egitea. Badakit alderdi batek ezin duela holakorik egin garai honetan. Edonola den ere, zeharka bada ere, autokritika batzuk egin ditu. EAJk, ildo horretan, eta ezker abertzaleak ere, Batasunak zehazkiago, Anoetako Proposamenaren bidetik onartu du nazioa ezin dela nazionalistekin bakarrik eraiki, besteak ere onartu behar direla.
Heldu da giltzarri izango ei den urtea, horrenbeste sukalde lanaren fruituak nolabait erakutsiko dituen urtea, zerbait erakusteko badago bederen. Aurrerapauso handirik ikusten ez bada ere, protagonista politiko gehientsuenek baikor jarraitzen dute publikoki. 2007ko udaberrian izango dira udal eta foru hauteskundeak, eta horrek esan nahi du aurtengo udako oporren bueltan hauteskunde kanpainari begira izango direla alderdiak, kanpaina ekinda ala ekitekotan. Ez da hainbeste geratzen, beraz, eta keinu berritzat jo daitezkeen gaietan -su-eten oso edo zatikakoak, presoak...- ez da aurrerapausorik ikusten. Ikusten dena, ordea, posizioen trinkotzea da: atentatu, presoekiko politika... Herritarren artean esperantza handiak sumatzen dira, baina esperantza hori ez da inon indarrez islatzen. Datorren larunbatean, bizi den prozesuari bultzada emango zaio, berriz ere presoen eskubideak aldarrikatuz. Prozesua elikatzeko zentzu zabal eta zehatzean orain arte deitu den mobilizazio bakarra izango da.