Jexux Mari Irazu
Kultur eta euskalgintzako militantziaz eta borondatezko lanaz ez naiz ni ezer deskubritzen hasiko, eta are gutxiago besterik gabe, gutxiesten. Errespetu eta miresmen gehixeago diet hor zintzo aritu eta emaitzak erakutsi dituztenei. Besteak beste, sentitu dut, eta aitortzen dut zenbaitzuon ibiliaren oinarrian beste batzuen lan militantea ere badagoela. Bihoa lehenbizi aitortza hori. Karaktere gutxi dauzkadanez, muinera: nork dauka gaur eguneko gizartean militantzia lana -inplikazioa, konpromisoa, borondatezko lana...- egiteko aukera erreala: teilatu baten mailegutan bakarrik hilean 600 eurotik gora behar dituen gazteak? Halako elkarteetan autonomo kontratua eta 15.000-18.000 euro (gordin) jasotzen dituenak? Edo oraindik okerrago dabilenak? Erantzuna da nahi duenak beti aurkitzen duela modua. Baina moduak eta moduak daude: 35/45 sumariokoa izatea da ederrena: astean 35 ordu eta urtean 40.000-45.000 euro fijo -familian bietako batek behintzat-. Ze, ezagutzen ditut euskalgintzan urtean zazpi kilotik gora jaso, eta erdirik jaso ez eta ordu gehixeago sartzen ari direnei kontu eske ibili berriak. Proiektuetaz eta inplikazioaz hitz egitea oso polita da, eta asko janzten du. Eta dirutaz... baina, dirua garrantzitsua al da ba? Egia da, dirua, beharrik ez duenarentzat, igoal ez da garrantzitsua.
Joxemari Agirre
Urte sasoi honetan, zehazki esateko, abenduan aurkeztu, eztabaidatu eta onartzen dira erakundeetako aurrekonturik gehienak. Beraz, garai hau aurrekontuen aroa bezala bataiatu genezake. Esate baterako, egun hauetan onartuko dira Hego Euskadiko erakundeetako aurrekontu asko eta asko: Jaurlaritzakoak, Nafarroako Gobernukoak, Foru Aldundietakoak eta Udaletxekoak. Denen artean 19.000 milioi euroko dirutza erabiliko dute, gutxi gorabehera Hego Euskal Herriko erakunde publikoek (14.500 EAEn eta 4.500 Nafarroan) haien egitasmoak aurrera eramateko, haien hauteskunde eta gobernu egitasmoak gauzatzeko, hau da, hiru bilioi pezeta baino gehiago. Dirutza hori dena Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako biztanleen artean banatuz gero, 7.000 euro tokatuko litzaioke bizilagun bakoitzari.
Aurrekontuak -omen- dira erakunde baten, gobernu baten urteko ekintza politiko garrantzitsuena bere ohiko eginkizunen artean eta egia da eztabaida dezente sortzen dutela alderdien artean, baina oso urruti geratzen dira kaleko jendeengandik.
Zoritxarrez jenderik gehienak paso egiten dio aurrekontuari, urruti geratzen zaiolako edo bere teknizismoak ulertzen ez dituelako. Komunikabideek ere gehiago azpimarratzen dute alderdien arteko liskarra, aurrekontuen muina eta edukia agertu ordez.
Hego Euskadiko erakundeen baliabide horietatik, 19.000 milioi euroko aurrekontuetatik, ia ehuneko hamarra Estatuari ordaintzen zaio, kupo gisan, baina beste guztiak hemen erabiltzen dira eta hemen erabakitzen da zertan erabili. Zenbat gastatu eta zertan gastatu erabakitzerakoan hasten dira eztabaida guztiak.
Lehenengo zenbat gastatu. Eta jakina, gastatzeko bildu egin behar da eta inori ez zaio gustatzen zergak igotzerik. Edo, bestela, maileguak eskatu, zorrak egin, baina zor handiegiak hartuz gero biharko ogia jaten ari zara eta hori ere ez da zilegi. Beraz ezinbestekoa da sarrera -zergak- eta gastuen arteko oreka bat markatzea. Batzuek diote zergak igo behar direla, batez ere batzuenak eta besteek, berriz, gastuak jaitsi behar direla, batez ere gastu sozialak. Beraz, 19.000 milioi horiek handitu daitezke zerga bidez edo mailegu bidez baina honek ere neurri bat dauka: zergak gehiegi igoz gero makineria ekonomikoa nagitzen da, desmotibatzen da eta zor handiagotan sartuz gero, biharko ogia jaten ari zara. Horregatik premiazkoa da alderdien arteko eztabaida, oreka hori bilatzeko.
Bigarren eztabaida zertan gastatzeari dagokio eta hemen ere ikuspuntu ezberdinak berehalaxe agertzen dira alderdien artean. Batzuen ustez ahaleginak eta bi egin behar dituzte erakundeek gastu arrunta eta gastu soziala mugatzeko eta inbertsioak bultzatzeko. Beste batzuek, aldiz, pentsatzen dute erakundeen egitekoa premia sozialak babestea dela eta horretan ipini behar dutela lehentasuna. Baina, hemen ere ez da dena zuri edo beltz. Hemen ere beharrezkoa da oreka egoki bat aurkitzea. Beste lurralde batzuetan bezalaxe Hego Euskal Herrian ere gora doa zerbitzu sozialen gastua eta gainera datozen urteetan ere gorako joera nabarmena izango du. Eta gure baliabideen ehuneko edo portzentaje handiagoa erabili beharko dugu babes sozialerako, sarrerak neurri berdinean hazten ez badira.
Hau dena ari dira eztabaidatzen Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Foru Aldundietan eta gure Udaletxetan eta urtean zehar agertuko dira orain hartutako erabakien ondorioak.
Eta gainera, Europako Batasunean ere negoziatu berri dute 2007-2013 bitarteko aurrekontuen oinarria. Gehiengorik ez denean negoziatu egin behar izaten da, noski. Ez dakit beste arloetan prezio politikorik dagoenik, baina aurrekontuetan bai, aurrekontuek badute haien prezioa, negoziatzeko garaian eta gehiengo osorik ez dagoenean.
Aipatu bi oreka horiek markatzen dute gizarte baten osasuna: batak gizarte sozial ezberdinen arteko ekarpena du gaitzat eta belaunaldien arteko oreka besteak, hau da, ongizate eramangarria deituko geniokeena.
Urtea joan eta urtea etorri, aurrekontuz aurrekontu gauzatzen dira egitasmo politikoak, erakundeen egitekoak. Eta zalantzarik gabe, gure baliabideak dira, gure aurrekontuak dira gure Herria eraikitzeko eta gure gizartea babesteko erremintarik baliotsuenetakoak. Herrigintza eta gizartegintza esku artean ditugun baliabidez lor daitezke, helburuak betetzeko erabiltzen direnean.
Xipri Arbelbide
Frantziako ministroetan argituenak, bai eta diputatuetan argituenetarik batek ûUMP alderdi nagusiko diputatuen burua daû salatu digute sekretua. Bai. Leku segurutik jakina dute zergatik izan diren delako nahasketa horiek denak hiri handietan hilabete batez: inmigratuetan badira poligamiak. Horra gaitz guztien iturria. Ez zen beste misteriorik.
Jes! Baina duela zenbait urte ehortzi duten Frantziako lehendakari handi hura ere ez ote zen poligamoa? Berriki entzun dut: "Zure emazteaz gain ohaide bat izatea normala da gaur egun". Poligamoa ez izatea liteke anormala beraz... europarrentzat. Beltzentzat aldiz ez iduriz, denek ezagutzen duzuen "égalité" famatuaren izenean. Beleak zozoari beltza, zioten lehenagoko zaharrek.
Eta ez naiz harritu, egundainokoan aho beteka atera digute delako identitarismo hura. Inmigratu horiek denak hiri bazterretan zokoratu dituzte, mundu zibilizatua kutsa ez dezaten. Han daude metatuak 70, batzutan 90 nazionalitate ezberdinetakoak nahasteka... eta identitarismoaz akusatuak dira. Nola mila deabru egiten duten identitarismoa horrenbeste identitaterekin? Zoazte zuek xeka! Frantziak berak baluke non zer ikasi.
Identitarismoa ez ote liteke beste aldean? Larru beltz, ile kuxkulatu edo kizkurtu, frantsesa ongi menperatzen ez duten etorkinez garbi dagoen hiri erdian? Frantsesa baita mintza dezaketen hizkuntza bakarra integratuak izan nahi baldin badute.
Sud Ouest egunkariko editorialean irakurtzen nuen berriki, kultur aniztasunaren alde direnen porrota izan dela krisi hori. Kultura bakarrera kondenatuak gara beraz. Bizkitartean euskaldunei, horiek berek erraten digute beste kulturei ireki behar dugula!
Afrikar gehienek bi edo hiru hizkuntza mintzatzen dituzte hona etorri aitzin. Euskaldunek ere bai. Mintzaira bat baino gehiagoren tokia bada gure buru-muinetan arazo izpirik gabe. Frantses identitarismoa da setiatua sentitzen beste hizkuntza bat entzutearekin bere eremuetan. Delako editorialean irakurri dugu kultur aniztasuna integrazioaren aurka doala. Hori ez ote da ghettoa? Eta euskararen heriotzarako kondena?
Frantsesa ongi mintzo, diplomatuak, eta nolaz ez dute lanik aurkitzen beltz edo ile kuxkulatuek? Hiri erdiko ghettoan ez daukate tokirik, 1914 edo 1940ko gerlan hil arabiar edo beltzen semeak izanik ere. Nor da bazterkerietan ari?
Delako egun haietan irratietatik entzun ditudan hautetsi guztiak zuriak ziren, auzapez soileraino. Ez dut Mohamed bakar bat entzun. Ez da Mohamed bihirik Legebiltzarreko diputatuetan, milioiak direlarik Frantzian. Eta Mohametiarrak dituzte bazterkeria eta identitarismoz akusatzen!
Egia da poloniar, italiar, espainol edo portugesekin arazo gutiago izan dela lehenago. Judu-kristau kultura bera daukagu eta. Afrikarrek eta turkiarrek beste kulturarik dute. Baina ez ahantz lehen horietan ere hilak izan zirela orain ahantziak diren gertakari batzuetan: hala nola 1893an 50 italiar hil zituzten eta 150 zauritu Marseilla alde haietan; lana lapurtzen ziotela akusatzen zituzten frantsesek. Garai haietako krisi ekonomikoaren hobendunak ziren. Lekuak hustu behar izan zituzten eta Italiara itzuli.
Integratuak direla? Ez naiz hain segur. Joan den egunean Benfica eta Lillen arteko futbol partida izan baita, aspaldi frantsestu portugaldarren semeak Benficarekin identifikatzen ziren... eta frantsesak Lillekin. Baina azken hau identitarismo frantsesa denaz gain, barka.
Poniatowski, Sarkozi edo Noah integratuak dira bai, baina ez ote litezke salbuespen bakarrak? Identitarismo frantsesaren estaltzeko doia.
Edorta Arana
Hasiera-hasieratik esango dut, artikuluaren izenburuarekin edota lerro-zutabe artean ageri den argazkiarekin irakurtzen segituko duzunik ziurtatzea lortu ezean, zertaz izango den jakin dezazun: euskara izaten dut gizabanako zein talde eta erakundeekin dudan harremanen kalitatea neurtzeko adierazlea. Guztietan ez bada, askotan.
Noiz eta zergatik atsegin duzun ezagutu berri bat ala aspaldikoa duzun lagunen bat, zein egoeretan zauden gustura, zerk eragiten dizun etxean bezala sentitzea eta zerekin sortzen dituzun konplizitate-sareak. Galdera horientzako erantzun bila nenbilen. Bada, nire kasuan, ehuneko ehunean ez bada ere, inguruan seguru izan, euskara bera badagoela.
Pentsatzen dudana esan barik, lagunei itaundu izan diet antzerako neurgailurik erabiltzen ote duten, kontzienteki ala ez. Erantzun zailekoa dela diote eta, handik denborara, zer ez duten atsegin esaten hasten dira: harrokeria, enpatia falta, faltsukeria, nagusikeria eta jarrera bortitzak, besteak beste.
Ados nagoela, nik ere sentipen mailan horiek oso presente ditudala eta, nahita edo barik, euskararen joku-eremuan horiexek berak aplikatzen ditudala aitortzen dut.
Euskararekiko jarreraren bidez beste balio pertsonal eta sozial batzuk neurtzeko eta alderaketak egiteko balio didala esanda gero, hona adibidetxo batzuk:
- Kaleko giroan eta gurasoen artean. Euskararen etorkizuna bermatzeko asmoa duen hizkuntza-eredura umeak bidali eta gero, nagusien artean, erdaran murgildu. Errazera egokitu. Irratien, telebisten eta egunkarien kasuan bezala, bestelako ekitaldi kulturaletan gehiengoaren eta nagusi den eredura jo, eta gaztelera ala frantsesa lehenetsi erabilera ohituretan. Euskara eskolan eta itxurakeria sozialerako elementu estetikoa izatera mugatu.
- Dendetan edo tabernetan. Euskara ulertzeko eta bezeroari zerbitzu on bat emateko moduko maila duten langileak egotea ala ez. Eta, ezezkoaren kasuetan, behintzat, euskaraz aritzen direnak deseroso senti ez daitezen ahaleginak egitea. Ez da, bakarrik, nagikeri kontua iragarki eta erakusleihoetako karteletan inon ere euskararik ez agertzea. Zer dela-eta zerbait eskatu eta tabernariak edo dendariak "zer dio honek" erdi mesprezu erdi harridura agerian duen aurpegia ikustera edo agindu garbia den, "gazteleraz" erantzunera ohitu behar dugu?.
- Erakunde politikoak eta administratiboak. Alegia, instituzioetan eta alderdi politikoetan, zenbaten kasuan pasa zaitezke atezain ala telefono-erantzulearen mailatik gora euskara erabiliz. Egin froga eta berehalaxe euskararen erabilera protokolarioa eta azalekoa agerian gelditzen da.
Antzerakoa da kiroldegi, osasun-etxe, unibertsitate, museo, komunikabide, salmenta toki handi eta abarretan dagoen egoera. Eta, EAEko kasura mugatu naizela pentsatzen duenari esango nioke, Nafarroan eta Iparraldean gauzak bere gordintasunean argiagoak direla. Bi horietan zailagoa da zurikeriatan ibiltzen denik aurkitzea, garbiago daude gauzak, larriago ere bai, noski.
Abiapuntura itzulita, adibide hauekin, nor naizen, non nagoen gustura eta nortzuk izaten ditudan bidelagun jakiteko euskara erabiltzen dudala esan nahi nuen.
Eta, honaino iritsita, beste aitorpen bat: nekatuta nago euskararen egoerak sorturiko egonezin eta tentsioekin sufritzeaz. Urte berrirako hori eskatu dut: pentsatzen eta sentitzen dudanaz aurrera egiteko gogoa eta umorea, azkenetik doble gainera. Ez naiz ni gaizki pasatzen ibiliko, deseroso sentituko ala garraztuko (Enric Larreula: Dolor de llengua, 2002) erantzun txar bat jasotzean, zerbitzuaren kalitatea bermatu beharra dagoela eskatzean, erreklamazio bat jartzerakoan edota, taldean gaudela, baten bat gazteleraren maldan behera irristatzen dela ikustean.