Euskalerria Irratiak lizentzia banaketan jarritako helegitea irabazi du
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du, 1998an, Iruņeko irratien lizentzia banaketan, Nafarroako Gobernuak gaizki jokatu zuela. Iruņeko lizentzia banaketa hartan Nafarroako Unibertsitateari eta Net 21 enpresari eman zizkieten bi lizentziak. Euskalerria Irratiak helegitea jarri zuen Nafarroako Gobernuaren kontra, irratiko kideen ustez, lehiaketa hura Euskalerria Irratiak berak irabazi baitzuen. Hamazazpi urte lizentziarik gabe lanean aritu ondoren, Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandak adierazi du ordaina eskatuko dutela urteetan lizentziarik gabe egon izanak eragindako kalteengatik.
EAJk alderdiko karguak euskalduntzeko lehen plana onartu du
2005eko urriaren 20an Ezohiko Aberri Batzarrean onartu zuten plana eta abenduan egin dute publiko. Abian jarritako planak alderdiko kideen euskalduntzeari eragingo dio, baina kanpora begira izango du irudi eraginik. EAJk plana lau urteko epealditan garatuko du eta lehen epealdia 2009ko abenduan amaituko da. Planak alderdi barruko karguak zein kargu publikoak arautu ditu. Hona euskara jakitea derrigorrezko izango duten hainbat karguren zerrenda: Eusko Legebiltzar, Nafarroako Foru Parlamentu, Kongresu eta Senatu eta Europako Parlamentuko zerrenda-buruak, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Nafarroako Foru Gobernuko presidentea, Eusko Legebiltzarraren lehendakaria, Nafarroako Gobernuko presidentea, Diputatu Nagusiak. Euskaraz jakin beharko dute baita ere hiriburuetako alkateek, Arartekoak eta EITBko zuzendariak. EBBren lehendakariak eta bost herrialde buru batzarren lehendakariek ere euskara jakin beharko dute. Eusko Jaurlaritzan gutxienez euskaldunak izango dira sailburuen %50. Euskararen planak 45 urtetik gorakoengan ez du eraginik izango, hainbat kargutan salbu.
Datozen lau urteetarako EAEko Hizkuntza Politika ezbaian
2005a amaitzear zela, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak datozen lau urteetarako lan ildoak aurkeztu zituen. Lau urteko plana aurkezteaz gain, garrantzia berezia eman zion euskararen normalizaziorako akordio soziopolitikoa lortzeari. Batasunako bozeramaile Arnaldo Otegik erantzun du ados dela Baztarrikarekin: akordio soziopolitiko berria behar dela. Otegik adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak 25-30 urteotako porrota aitortu behar du oker berak errepika ez daitezen. Otegiren ustez, akordio soziopolitikorako tresna bat badago: Kontseiluak bultzatzen duena, baina EAJk ez du bat egin Kontseiluak bultzatutako akordio soziopolitikoarekin. Batasunaren iritziz, hizkuntza politikak hiru ardatz izan behar ditu: euskararen ofizialtasuna onartzea, hizkuntza eskubideak bermatzea eta gatazkaren konponbidean euskararen eta euskaldunen eskubideak aintzat hartzea.
Daniel Udalaitz
Labein-Tecnalia zentro teknologiko pribatua da, enpresaburuen inplikazio handiz 1955ean sortu zena. Euskal Herriko zentro teknologiko handiena da, Espainiako handienetakoa eta Europan ere erreferentzia aski nabarmeneko zentroa da. Estatuan eta nazioartean, merkatuetako eta teknologietako aliantzak eta proiektuak sustatzen eta garatzen ditu, beste zentro batzuekin eta solbentziazko enpresekin. Hiru arlo hauetan aritzen da: zerbitzuetan, arazo espezifikoei aterabide zehatzak eskainiz; proiektuetan, arazoak konpontzeko neurriko aterabideak eskainiz; eta negozio berrietan, merkaturatuak izan daitezkeen produktu berriak garatuz; hau da, jabetza intelektuala ustiatuz. Industriako sektoreei dagokienez, automobilgintza, eraikuntza, lurraldeko garapena, garapen erregionala, energia, siderurgia eta abar hartzen ditu. 2004. urtearen amaian, 284 lagun, 35 bekadun eta patronatuko parte dituen 36 enpresa eta instituzio zeuzkan plantillan. Hiru egoitza dauzka Bizkaian: Derion, Zamudion eta Barakaldoko Burtzeņan. Mila bezero inguru zerbitzatzen ditu urteko, eta 2004an 20,4 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen.
Marije Fullaondo Batasuneko Bide Eginez prozesuko bozeramaileak Gara-ko elkarrizketa batean dioenez, herri eta auzoetan urtarrilaren 9tik 15era egingo da Mahai Nazional berriaren hautaketa prozesurako azken batzarra. Ezaguna denez, Mahai Nazional berria urtarrilean ezagutuko da Batasunak BECen egingo duen batzar nagusian. Ez da oraindik garaiotako keinu gisa baloratu izan, baina legez kanpokoa den Batasunak lasaitasunez eraman izan du aurrera Bat Eginez prozesua eta BECeko 21eko batzarra ere normaltasunez burutzea espero du.