Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-04 14:51:37
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2006-01-08 -- 2022.zenb

Daniel Udalaitz


Fusio Horrek, Aurrezki Kutxa euskaldunen fusio-proiektuari hedabideek emandako tratamenduak iluntzen badu ere, hogei urte baino gehiagoko ibilbidea du, azken sprinta 2002. urtetik garatu den arren. Fusionatutako mutuen arduradunek izan dituzten elkarrizketek erakundeen uztarketa bultzatu dute, talde handien sinergiaz baliatu, sektoreko gainerako taldeak baino indartsuagoak izan eta Hego Euskal Herritik kanpo lan egiteko gai izan daitezen. Dagoeneko fusionatu diren bi mutua euskaldunen presidenteek, Pakeako Jose Maria Echarrik eta BZAko Urtsa Errastek azpimarratu zutenez, abian den fusioak hirugarren toki bat zain du Arabako La Previsora mutua Gizarte Segurantzarekin dauden arazoak konpondu bezain laster taldeari batu dakion.


Hego Euskal Herriko liderra

Aipatutako fusioaren ondorioz, La Previsora kontuan hartuta, Mutualia Euskal Herriko lan-istripu eta gaixotasun profesionalen mutuen lider bihurtuko da, %35,8ko merkatu-kuota izango baitu 196 milioi euroko diru-sarrerak izateaz gain. Bi datu horiek oraindik handiagoak izango dira Arabako mutuak bat egiten duenean Mutualiarekin. Era berean, erakunde berri horrek Espainiako estatuko mutuen bederatzigarren postua izango du eta zortzigarrenera igoko da mutua arabarra onartzearekin batera.

Arabako mutuaren integraziorik gabe, Mutualiak 20.537 enpresa elkartu eta 250.000 langile babestuak dauzka -%20 Gasteizko gobernuarena da-, 25.000 autonomo izateaz gain. Mutua arabarrak bat egiterakoan, langile babestuak 280.000 baino gehiago izango dira eta enpresa elkartuak 23.000 inguru izango dira. Mutualiak 612 langile izango ditu eta kudeaketa deszentralizatua izango du. Egoitza soziala Donostian egongo da eta operatiboa Bilbon. Mutualiako lehen presindentea Urtsa Erraste izango da, eta presidenteordea Jose Maria Echarri.

Hurrengo urteetarako jarduera-plana oraindik egiteke dago. Hori dela eta, berria sortu bitartean Mutualiak enpresa fusionatuek banaka onartutako planak erabiliko ditu eta anbulategi-sarea handituko du Zarautzen, Irunen, Tolosan eta Beasainen. Horrek 1,5 milioi euroko inbertsioa eskatuko du 2007. urtera arte.


Espainiako Estatuan hazten jarraitu

Mutualiako zuzendariek lehen agerraldi publikoan adierazi zutenari jarraiki, fusionatutako mutua berri honen helburua "eredugarria izatea da, batez ere bezeroen orientazioan". Gaineratu zutenez, "zerbitzuaren kalitatea mutuaren bereizgarri izango da". Fusioaren helburua "baliabideak ugaritu eta zerbitzuak indartzeko beharrezkoa neurria lortzea" dela ziurtatu ondoren, "bokazioz handitzen jarraituko duela" esan zuten. Alde horretatik, garbi utzi zuten etorkizunean Espainiako estatuko "mutua txikiak" absorbitzeko ez dutela oztoporik izango. Prest daude zentro berriak sortzeko Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik kanpo, Pakea eta BZAko enpresa elkartu askok sukurtsalak edo lantegiak baitituzte EAEtik kanpo. Eta Mutualiaren zuzendaritzak adierazi duen bezala, "haien ondoan egon eta une oro behar dituzten zerbitzuak eskaintzea gustatuko litzaiguke".

Era berean, Mutualia berriak kostuen sinergia lortu nahi du, "mutualistei eskainitako zerbitzuen eraginkortasuna bermatzeko". Azkenik, mutua sortu berriak instituzio, enpresa eta sindikatuen arteko elkarrizketa bultzatuko du.

Daniel Udalaitz


Hego Euskal Herriko 500.000 euskaldun baino gehiagoren osasuna medikuntza pribatuaren eskuetan dago. Hegoaldeko lau herrialdeetako langileen %96,63 lan-istripu eta gaixotasun profesionalen mutuen babesean dago. Enpresok Gizarte Segurantzaren kudeaketan kolaboratzen dute eta etekin izugarria ateratzen dute horretatik. 2005. urtean bakarrik, Espainiako estatuko mutuen negozioak 8.567,6 milioi euroko aurrekontua izan zuen eta 500 milioi euroko etekinak lortuko ditu ziurrenik. Gauzak horrela, Espainian eta Euskal Herrian Gizarte Segurantza unibertsala eta doakoa izanagatik, irudika daiteke osasuna eta lan-osasuna oso negozio tentagarria izan daitekeela lan-esparru honetan diharduten enpresentzat.

Gizarte Segurantzaz gain, medikuntza pribatura jotzen dutenen kasuan, hiritar asko eta askoren kudeatzaileek negozioa egiteko eskubide osoa dute, ez baitute inolako kotizazio sozialen finantzaziorik jasotzen. Horretarako daude, hain zuzen. Negozioa egiteko. Mutuek kudeatutako eta kotizazio sozialek ordaindutako osasun-laguntzak, ordea, ez luke xede bera izan beharko. Hortaz, galdera argia da. Lan-osasuna negozio bihur liteke? Mutuek etengabe negoziorik ez dela esanagatik, behin eta berriz azalduagatik instituziook ez dutela dirua irabazteko asmorik eta etekinak euren zerbitzuen hobekuntzan inbertitzen dituztela, sindikatuen gehiengoak osasun publikoaren ezkutuko pribatizaziotzat, hau da, negoziotzat jotzen du auzia.

Egoera horretan, gogora dezagun Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan 2005. urtean lan-istripuen ondoriozko ehun heriotza baino gehiago izan direla hainbat lantokitan, eraikuntzaren arloak gehienak batzen dituen arren. Hainbat kasutan, heriotzok hildakoaren senideentzako kalte-ordain batzuk izaten dituzte. Edonola ere, langileen artean ez da soilik heriotza ageri. Badira gaixotasun profesionalak ere, askotan langile ugari erabateko ezgaitasun-egoeretara bultzatu dituztenak, ez bada heriotzara. Zehazki, 2005. urtearen azken bi hileetan hildako biren senideen aldeko bi sententzia ikusi ahal izan dira, BW enpresan urtetan egunero sufritutako amiantoaren ondorioz gaixotu eta hil baitziren langile horiek.



500.000 euskaldun baino gehiago medikuntza pribatuaz fio da

Hego Euskal Herriko bostehun mila euskaldun baino gehiagok medikuntza pribatuaren eskuetan uzten dute euren osasuna, ICEA (Aseguru-etxe eta Pentsio Funtsen arteko Ikerketa kooperatiboa) elkarteak emandako datuen arabera. Espezialitate eskatuenak traumatologia, pediatria, tokoginekologia eta oftalmologia. EAEko aseguratu guztietatik -ez dugu Nafarroako daturik-, 335.304k osasun-laguntza poliza bana kontratatua dute, 14.653k hortz-aseguru bana, beste 8.281ek gastu-itzulketa modalitatea eta 150.506k kalte-ordain eta sorospenena. Osasun-laguntzaren modalitatean ageri diren aseguratuen artean, 289.788 partikularrak dira eta 45.516 Administrazio Publikoko funtzionarioak. Aseguratuon primak Espainiako estatuaren %18,19 dira.

Seguru horien prima bolumena ia 160 milioi eurokoa da osasun-laguntzen kasuan, 361.275 euroko hortz-aseguruenean, ia 5 milioi eurokoa gastu-itzulketen kasuan eta 15 milioi baino gehiagokoa kalte-ordain eta sorospenen kasuan.

ICEAk 2005eko irailean emandako datuen arabera, Espainiako estatuko hamar enpresa liderrak, honako aseguru-etxeak ziren: Adeslas, Sanitas, Asisa, Mafre Caja Salud, DKV Seguros, Asistencia Sanitaria Colegial, Igualatorio Médico Quirúrgico, Aresa, Caser eta Fiatc. Eta merkatua hazten ari da. Azken datu eskuragarriei jarraiki, aseguruen merkatuak, osasunaren arloari dagokionez, %9,6ko hazkundea izan zuen 2003. urtetik 2004ra. Primen bolumenaren kasuan, osasun-laguntzen modalitateak izan du gorakadarik nabarmenena. 2005eko lehen hiruhilekoko datuek gorakada are nabarmenagoa egiten dute, 2004ko denbora-tarte berdineko datuak baino %9,7 handiagoak baitira aurtengoak.

Euskal herritarrek medikuntza pribatua erabiltzeko eskubide osoa dute, Gizarte Segurantza unibertsala eta doakoa izan arren. Gainera, badira Gizarte Segurantzak barne hartzen ez dituen osasun-egoera batzuk, hortzen gaia edo egoera jakin batzuetako aseguruei dagokiena, besteak beste. Edonola ere, zalantzan jar liteke lan-osasunarekin zerikusia duen guztia, funtsa publiko eta langileen kotizazio sozialei esker finantzatzen baita, jarraian ikusiko dugun bezala.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan