Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


2022. alea
2006-01-08
alde 0    kontra 0

Kukuketan

Imanol Urbieta, Kontxi Aizarna

Xirula Mirula

60 orrialde+ CDa 20 euro

Txikienekin jolasteko kantuak

Imanol Urbieta eta Kontxi Aizarnaren artean osatutako Kukuketan. Jolaserako kantak liburu-diskoa urtebetetik bi urtera arteko haurrak dituzten gurasoei dago bereziki zuzendua, nahiz eta haur horiekin lan egiten duten hezitzaileentzat ere baliagarriak izan daitezkeen. Hogeita bost kanta eskaintzen ditu denera, bere partitura eta guzti, CDan entzun daitezkeen kantak. Haurra esnatzen den momentutik hasi eta oheratzen den unera arteko momentu guztiak izan dituzte egileek kontuan kanta horiek aukeratzerakoan. Helburua ume txiki horiekin jolas egin ahal izatea da, jolas horien bitartez beren garapen intelektualean eta emozionalean lagundu ahal izateko, musuak ematean, bainatzean, barre eta negar egitean, kukuka jolastean, jaterakoan...

Nafarroa. Historiaren hariak

Bixente Serrano Izko

Euskara Kultur Elkargoa

288 orrialde

«Nafar» jendeek bizileku izandako eremuaren historia

Bixente Serrano Izkok garaiok aztertu ditu, besteak beste, Nafarroa. Historiaren hariak izenburuko liburuan: Historiaurretik hasiz euskal lurraren adina, gizakia Nafarroan, erromatarren garaia, lehen euskal estatua, VIII-X. mende arteko kasiarrak eta dinastia piriniarrak, XI. XII. mendeetako Euskal Herria, independentziaren amaieraren hasiera, Nafarroako estatu europarraren desagerpena, iraultza liberalaren aroa, Lehen Karlistaldia, Borboikoen Errestaurazioa, XX. mendeko testuingurua eta frankismo ostea eta Trantsizioa aztertu ditu. Historia osoko une ezberdinetan «nafar» izeneko jendeek bizileku propioa izan duten eremua ûzabalagoa hasieran, gero eta estuagoa mendeak igaro ahalaû hartu du bere lanaren marko gisa.

Harkaitz urdina

Junes Casenave-Harigile

Gero

104 orrialde 11 euro

Joan den mende hasierako Zuberoa

Hizkuntza klasikoen eta euskararen irakasle izateaz gainera hainbat pastoralen egile ere badugun Junes Casenave-Harigilek XX. mende hasierako Zuberoara garamatza Harkaitz urdina narrazioaren bitartez. Garai haietan jaiotzen ikusi zuen lurraldean bizi zen giroa agertzeaz bat, I. Mundu Gerrak bertako gaztediarentzat ekarri zuen sarraskia azaleratzen du egileak, etxalde bateko primuaren bizitza kontatzen duen istorio honetan. Zahartu eta hainbeste maitatu izan dituen lurrak auzokoari uztera derrigortuta dagoen unean ezagutuko du irakurleak Pette, Bazterretxea aurreko harri zabalean eserita azken aldiz, iragandako urte guztiak oroimenean dituela: bere haurtzaro eta gaztaroa, pastorala zer zen ikasi zuen aurreneko aldia, etxaldetik urrun eramango zuen gerra, Amerikara jo zuen anaia...

Gorka konpontzailea

Mitxel Murua, Julen Tokero

Elkar

36 orrialde 6,75 euro

Pirritx eta Porrotxen lagun berria

Tripako min izugarriaeen ondorioz, ebakuntza egin behar izan diote Pirritxi. Porrotx lagunari bisita egitera joango da, noski. Ospitaleko gelan ez dago Pirritx bakarrik baina, saskibaloiko uztairaino igo, goitik behera erori, eta hanka hautsi duen Gorka ere han baitago. Gorkak asko eta azkar hitz egiten du, eta gauza asko kontatuko dizkie Pirritx eta Porrotxi. Gauzak konpontzen izugarri trebea dela eta asko-asko maite dituen bi ama zoragarri dituela. Haietako bat Gorkaren ohearen alboan dago, eta barre egiten du semeari oso konpontzaile trebea dela entzuten dioenean, etxeko erlojua konpontzen saiatu zenean orratzak alderantziz ibiltzen utzi zituela, eta geroztik etxeko erlojuak atzekoz aurrera markatzen dituela orduak etortzen baitzaio burura. Porrotxek horrelako erloju bat nahi luke, ordea!

Ametsen baratza

Batzuen artean

Elea

254 orrialde 15 euro

Berrogei idazlan Sorgintxulo gaztetxearen alde

Santutxuko (Bilbo) Gazte Asanbladak Elea argitaletxearen eskutik plazaratu duen Ametsen baratza. Sorgintxulo gaztetxean ereindako berbak liburuan Euskal Herri osoko idazle andanak hartu du parte, hala nola Urtzi Urrutikoetxeak, Itxaro Bordak, Julen Gabiriak, Harkaitz Canok, Eider Rodriguezek, Ixiar Rozasek, Felipe Juaristik, Arantxa Iturbek, Lander Garrok, Tere Irastortzak, Mikel Tabernak, Maialen Lujanbiok, Juan Mari Irigoienek, Pako Aristik, Goizalde Landabasok, Kirmen Uribek, Bertol Arrietak, Paddy Rekaldek, Juan Luis Zabalak, Amets Arzallusek eta Gerardo Markuletak, besteak beste. Haiek idatzitako poema, ipuin eta artikuluen helburua, Sorgintxulorentzat dirua batzea da.

Aisia biziz

Batzuen artean

Urtxintxa Eskola

54 orrialde / 5 euro

Adierazpen plastikoaren bidezko sormena eta imajinazioa

Urtxintxa eskolak plazaratzen duen Aisia biziz aldizkariaren azken zenbakian, adierazpen plastikoa landu dute. Horretarako, Josemi Castro hezitzailea eta duela 19 urtetik Donostiako Egia auzoan arte estudioa zabalik daukan Arantxa Arratibel elkarrizketatu dituzte, besteak beste. Gainera, koloreak eta umoreak duten zerikusia, umeek egiten dituzten marrazkiak beren garapenaren isla ote diren, materialak eta teknikak ondo aukeratzeak izan dezakeen garrantzia eta beste hainbat gai jorratu dituzte.

Guti

Kirmen Uribe, Antton Olariaga

Elkar

42 orrialde 6,95 euro

Txakur arrantzale peto baten istorioa

Antton Olariagak egindako marrazkiekin osatua dago Kirmen Uribek sortutako Guti, bihotza gazte duen irakurle orori zuzendutako kontakizuna. Txakur arrantzale peto baten istorioa kontatzen zaigu bertan. Arrantzale andaluziar bat izan omen zuen txakur horrek jabe txiki-txikia zenean, baina gizonak itsasoa uztea erabaki zuenean, txakurkumea txalupan utzita egin omen zuen ospa, eta tripulazioko besteek bere egin zuten Guti. Agidanez, txakurtxoa, ondoen, Pedro sukaldariarekin konpontzen zen, eta okerren patroiarekin, beti kexuka, garraxika eta mekaguenka zebilelako. Baina Pasaiako portuan izandako ezbehar batean Gutik ontzia salbatzen lagundu zionetik, txakurra maitatzen hasi zen patroia ere. Marea askotan hartu zuen parte Gutik, barkuko beste edozein arrantzale bezala, harik eta arrantza gutxituz joan eta ugazabak desegitea erabaki zuen arte dagoeneko zahartuta zegoen barkua. Geroztik, lanik gabe gelditutako arrantzaleak herriko plazan biltzen ziren, eta txakurra ere haraxe joaten zen. Eta arrantzale izandakoek itxaropena galdu eta plazara joateari utzi ziotenean, hantxe jarraitu zuen Gutik, marea berrietara eramango zuen ontziaren zain.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2021
 
azala2020

2022 zenbakia.
2006ko urtarrilaren 08a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia