![]() | Daniel Udalaitz2005-12-25 |
2005eko datu ofizialak argitaratu gabe dauden arren, eskura ditugun beste guztiek finko baieztatzen dute urtez urte ari dela hazten Euskal Herrira datorren turista-kopurua -2001. urteaz geroztik, batik bat- eta, aurreikuspenen arabera, 2005eko ekitaldia are hobea izango dela.
Joan den abuztuko datu ofizialek argi erakusten dute ugaldu egin direla Euskal Autonomia Erkidegoan, hala bidaiarien sarrerak, nola bidaiarien ostatu-gauak. Zifra zehatzetan adierazita, 213.066 bidaiari etorri ziren EAEra, hots, 2004ko hilabete berean baino 18.000 gehiago (%9ko hazkundea, beraz); ostatu-gauetan, berriz, 471.860 erregistro ageri dira; hau da, 2004ko hilabete berean baino 47.000 gehiago (%11ko hazkundea).
2004ko datu ofizial globalei dagokienez, Hego Euskal Herrikoak baino ez dakizkigu oraingoz. Halaz guztiz, Iparraldeko datu batzuk emateko moduan gara: ostatu-gauen kasuan, %2,5 inguruko igoera ageri da 2003ko datuekin konparatuta, eta sei milioitik gorako kopurua ateratzen da guztira. Jakina denez, Ipar Euskal Herriak udan hartzen du turismoa batik bat, nahiz eta berez baduen negozioetako eta jaialdietako turismoa (Biarritzen bereziki) eta orobat sanitarioa (bainuetxeak edo termak) ia urte osoan, Kanbo udalerrian. Orain arteko horiekin batera, landetxeetako turismoa ere gorantz doa, Zuberoan eta neguan, batik bat: Hego Euskal Herriko lagun asko hartzen du lurralde horrek urte-sasoi horretan.
Bi milioi eta erdi turista
Hego Euskal Herriko bisitari-gehikuntza horrek, ez da dudarik, kontuan hartzeko moduko diru-sarrera eman dio euskal ostalaritzari, eta, aldi berean, enplegua bermatu eta gehitu du. Gaur gaurkoz datu ekonomiko zehatz hori ez dugu ezagutzen, baina, jakinez gero, hobeto ulertuko genuke zeinahi herrialderen ekonomian turismoak zer balio duen. Garrantziaren adierazgarri-edo, esan dezagun ezen turismoak 36.375 milioi euroko diru-sarrera ekarri ziola Espainiari (Hego Euskal Herria barne hartuta) 2004. urtean eta 35.047 milioi eurokoa 2003. urtean.
Turisten jatorriari dagokionez, euskal lurraldeen arteko turismoa dago alde batetik, jakina. Behin kopuru hori kenduta, Espainiako bisitariak ageri dira gailen: EAEn, 1.249.371 lagun, madrildarrak eta katalanak nagusi direla; Nafarroan, berriz, 427.000 lagun. EAEko gainerako 501.000 bisitariak atzerritarrak dira, batik bat Frantziatik eta Erresuma Batutik etorriak. Nafarroan, beste 130.000 lagunak dira turista atzerritarrak.
Gero eta hotel eta landetxe gehiago
Azpimarratzekoa da iaz zer igoera gertatu zen landetxeetako turismoan. EAEn, 2003an baino 26 establezimendu (landetxe) gehiago ageri dira, eta %10,4ko hazkundea esan nahi du. EAEko hiru lurraldeetan egin du gora landetxeetako turismoaren eskaintzak. Gipuzkoak dauka establezimendu gehien: 129. Bizkaiak 88 dauzka eta Arabak 58. Plazei dagokienez, Gipuzkoak EAEko osoaren %48a eskaintzen du, Bizkaiak %30,8a eta Arabak gainerako %21,2a. Nafarroan, 492 landetxe zeuden 2003. urtean; 2004. urtean, aldiz, 550.
Nahiz eta ez ditugun eskura Iparraldeko turismoaren datu ofizial global zehatzak, badakigu ofizialki iaz %20 hazi zela enplegua eta datu horrek berak erakusten du Euskal Herriko alde horretara turista gehiago heldu izana. Beste datu hau ere adierazgarria da: Comité Départemental du Tourisme Béarn-Pays Basque erakundeak emandako datuen arabera, ostatu-gauetan sei milioitik gorako kopurura (6.614.220) heldu zen, era guztietako establezimenduak (hotelak, erresidentziak, kanpinak, oporretako etxeak edo txaletak, pentsioak, landetxeak...) kontuan hartuta.
Iturri berak dioenez, Iparraldeko 2004ko urte turistikoa 2003koa baino zertxobait hobea izan zen, zeinetan kalterako izan baitziren Prestige ontziaren hondoratzea eta udamina. Iparraldean udako turismoa da indartsuena -uztailekoa eta abuztukoa bereziki-, baina, azkenekoetan, urte-sasoi horretaz kanpoko turismoaren konpentsazioa ere izan du; besteak beste, Baionako eta Biarritzeko negozioetako turismoak eta Kanboko termetakoek onuratu dute.
Hiriko hoteletan, 2.678.000 lagunek hartu zuten ostatu (%2ko igoera). Atzerriko bezeroek betiko neurrian erantzun zuten: amerikarren igoera apala nabaritu zen, eta Europako Iparraldekoen eta Espainiakoen jaitsiera apala, halaber. Kanpineko turismoak, aldiz, gora egin zuen %3: 1.815.000 lagun erregistratu ziren. Pentsioetako ostatu hartzean ere %3ko igoera izan zen, 2003arekin konparatuta: 90.000 lagun erregistratu ziren. Landetxeetan, 87.300 lagunek hartu zuten ostatu, eta hamar egun eman zituzten batez beste. Datu horiek, 2003koekin alderatuta, %5eko jaitsiera erakusten dute.
2004. urtean, 4.107 establezimendu turistiko zeuden Iparraldean, hotelak, erresidentziak, oporretako etxeak edo txaletak, pentsioak, etxe partikularretako logela legeztatuak, landetxeak eta abarrak kontuan hartuta, eta 50.729 plazako eskaintza zeukaten orotara. Atzerriko turistetan, Alemaniako, Herbeheretako, Belgikako, Suitzako eta Erresuma Batukoak dira nagusi. Hegoaldeko euskaldunek gero eta sarriago erabiltzen dituzte Iparraldearen barrualdeko landetxeak; Zuberoakoak, batik bat.