Turismoak gorantz segitzen du
Daniel Udalaitz
2005eko datu ofizialak argitaratu gabe dauden arren, eskura ditugun beste guztiek finko baieztatzen dute urtez urte ari dela hazten Euskal Herrira datorren turista-kopurua -2001. urteaz geroztik, batik bat- eta, aurreikuspenen arabera, 2005eko ekitaldia are hobea izango dela.
Joan den abuztuko datu ofizialek argi erakusten dute ugaldu egin direla Euskal Autonomia Erkidegoan, hala bidaiarien sarrerak, nola bidaiarien ostatu-gauak. Zifra zehatzetan adierazita, 213.066 bidaiari etorri ziren EAEra, hots, 2004ko hilabete berean baino 18.000 gehiago (%9ko hazkundea, beraz); ostatu-gauetan, berriz, 471.860 erregistro ageri dira; hau da, 2004ko hilabete berean baino 47.000 gehiago (%11ko hazkundea).
2004ko datu ofizial globalei dagokienez, Hego Euskal Herrikoak baino ez dakizkigu oraingoz. Halaz guztiz, Iparraldeko datu batzuk emateko moduan gara: ostatu-gauen kasuan, %2,5 inguruko igoera ageri da 2003ko datuekin konparatuta, eta sei milioitik gorako kopurua ateratzen da guztira. Jakina denez, Ipar Euskal Herriak udan hartzen du turismoa batik bat, nahiz eta berez baduen negozioetako eta jaialdietako turismoa (Biarritzen bereziki) eta orobat sanitarioa (bainuetxeak edo termak) ia urte osoan, Kanbo udalerrian. Orain arteko horiekin batera, landetxeetako turismoa ere gorantz doa, Zuberoan eta neguan, batik bat: Hego Euskal Herriko lagun asko hartzen du lurralde horrek urte-sasoi horretan.
Bi milioi eta erdi turista
2004. urtean, bi milioi turista baino gehiago ageri dira erregistratuak Hego Euskal Herrian: 2.464.789 lagun. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurraldeetako bisitariak 1.750.434 izan ziren hoteletako erregistroen arabera, eta kopuru horri gaineratu beharrekoa da landetxeetako turismoarena: 88.076 lagun. Gainerako turistek (626.279 lagun) Nafarroa bisitatu zuten, eta era guztietako establezimendu turistikoak baliatu zituzten. Datu ofizial horiek, zein Eustaten iturrikoak baitira EAEren kasuan eta Enpleguko Institutu Nazionalak (INEM) emanak Nafarroakoan, adierazten dute ezen iaz %10,4 hazi zela turismoa EAEko hiru lurraldeetan eta %12,3 Nafarroan.
Hego Euskal Herriko bisitari-gehikuntza horrek, ez da dudarik, kontuan hartzeko moduko diru-sarrera eman dio euskal ostalaritzari, eta, aldi berean, enplegua bermatu eta gehitu du. Gaur gaurkoz datu ekonomiko zehatz hori ez dugu ezagutzen, baina, jakinez gero, hobeto ulertuko genuke zeinahi herrialderen ekonomian turismoak zer balio duen. Garrantziaren adierazgarri-edo, esan dezagun ezen turismoak 36.375 milioi euroko diru-sarrera ekarri ziola Espainiari (Hego Euskal Herria barne hartuta) 2004. urtean eta 35.047 milioi eurokoa 2003. urtean.
Turisten jatorriari dagokionez, euskal lurraldeen arteko turismoa dago alde batetik, jakina. Behin kopuru hori kenduta, Espainiako bisitariak ageri dira gailen: EAEn, 1.249.371 lagun, madrildarrak eta katalanak nagusi direla; Nafarroan, berriz, 427.000 lagun. EAEko gainerako 501.000 bisitariak atzerritarrak dira, batik bat Frantziatik eta Erresuma Batutik etorriak. Nafarroan, beste 130.000 lagunak dira turista atzerritarrak.
Gero eta hotel eta landetxe gehiago
Euskal Herrian, urterik urte ari da handitzen turismoko hotelen eta landetxeen eskaintza, eta, ondorioz, arlo horretako enplegua ere bai. Egoera horixe ispilatzen dute EAEko nahiz Nafarroako datuek. Iaz, 1.579 establezimendu turistiko zeuden erregistratuak Hego Euskal Herrian: ostalaritzako 754 establezimendu eta 825 landetxe. Guztira, 47.311 plazako eskaintza zeukaten, eta zuzeneko 4.000 enplegu baino gehiago erregistratu zituzten. Urte berean eta EAEn, 627 establezimendu turistiko zeuden (kopuru horretan, 352 orotariko hotelak ziren), eta 19.232 plazako eskaintza eta 3.461 lagunentzako enplegua. Gainerakoetan, beste 275 establezimendu ageri ziren; hain zuzen ere, landetxeak izenekoak ziren, eta 2.461 plazako eskaintza eta 345 lagunentzako enplegua. Ekitaldi berean, 952 establezimendu turistiko zeuden Nafarroan: kopuru horrek barne hartzen zituen lurraldeko 550 landetxeak eta establezimendu guztien artean 25.618 plaza osatzen zituzten. Batez beste, 1.212 lagunentzako enplegua sortu zuten.
Azpimarratzekoa da iaz zer igoera gertatu zen landetxeetako turismoan. EAEn, 2003an baino 26 establezimendu (landetxe) gehiago ageri dira, eta %10,4ko hazkundea esan nahi du. EAEko hiru lurraldeetan egin du gora landetxeetako turismoaren eskaintzak. Gipuzkoak dauka establezimendu gehien: 129. Bizkaiak 88 dauzka eta Arabak 58. Plazei dagokienez, Gipuzkoak EAEko osoaren %48a eskaintzen du, Bizkaiak %30,8a eta Arabak gainerako %21,2a. Nafarroan, 492 landetxe zeuden 2003. urtean; 2004. urtean, aldiz, 550.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.