Kartoiz papereztutako lokalean hartu gaituzte Arima Beltzako kideek. Asebeteta daude euren hirugarren diskoarekin, Mundurako Ateak (Gaztelupeko Hotsak), aspalditik bila ari ziren soinua lortu dutelako. Mungiako Lamińa estudioan grabatu zuten pasa den abuztuan diskoan, Natxo Liberty ekoizlearekin. Eta ez dira damu bertan eta Libertyrekin grabatzeko egindako hautuaz. «Ordurarte ez zuen grabatu bertan rock klasikoa edo blues-rocka egiten zuen talderik. Ordurarte grabatu zituen taldeak entzun genituen, soinuak konbentzitu gintuen baina bagenuen zalantza hori, ea lortuko zuen gure berezitasun hori agertzea. Bera asko saiatu zen, estiloan asko sartu zen eta emaitzarekin oso-oso gustura geratu gara», diosku Jon Gurrutxaga abeslariak.
Jon Gurrutxaga ARGIAko kolaboratzaileak (ahotsa), Ińigo Araujok (baxua), Patxi Zabaletak (gitarra), Joseba Alonso Hippyk (harmonika) eta Elur Arrietak (bateria) osatzen dute taldea. Diskoa grabatzerakoan, Jon Gurrutxagak jo zuen bateria, baina zuzenekoetan Elur Arrieta arituko da bateria jole. Izan ere, bigarren diskoa plazaratu zutenetik, Gurrutxagak abeslari lanak egiten ditu bakarrik, zuzenekoak indartze aldera. Patxi Zabaleta gitarra jolea berria da taldean, Lander Trinidadek taldea utzi baitu eta beraz, bera izango da bigarren gitarra.
Bluesetik rockerantz, baina arima beltz
Taldekide guztiak, ordea, ez datoz bat bilakaera horretaz hitz egitean. «Ni ez nago ados. Arima Beltza izatez berdinak gara. Estudio desberdin batera sartu gara, produkzio gogorragoa egin dugu, eta jendeak pentsatzen du rockerako bilakaera eduki dugula, baina izatez gogortasun horregatik da», adierazi du Aitor Badiolak. Ińigo Araujo eta Jon Gurrutxagaren ustetan, ordea, izan da bilakaerarik. Bilakaera nahiko argia da Araujoren iritziz eta nabarmendu du, nahiz eta rock joera hori aurreko diskoetan hainbeste ez islatu, euren zuzenekoak oso rockeroak izan direla hasieratik. Gurrutxagak gehitu du azken diskoko produkzioa gogorragoa izateaz gain, abestiak egiteko eta borobiltzeko orduan rockeroagoak atera zaizkiela, riff indartsuekin eta lelo gogoraerrazekin. Alabaina ados agertu dira taldekide guztiak Bluesak Arima Beltzaren sustraietan jarraitzen duela esaterakoan.
Maitasunetik hasi eta Irakeraino
Ate baten aurrean ageri dira taldekideak CDaren azal zuri-beltzean, diskoaren Mundurako Ateak izenburua irudikatzen. Munduko, Elgoibarreko nahiz eguneroko kontuak darabiltza Arima Beltzak diskoko hamaika abestien letretan: Irakeko gerra, gurasoen etxea uzten duen eta bakarrik bizitzen jartzen den gaztea, makina erremintako langileak, euskararen biziraupena, maitasuna... Abesti batzuk batuan eta beste batzuk elgoibartarrez kantatzen dituzte. «Guk elgoibartarrez egiten dugu berba gure artean eta nahiz eta musika munduan ohitura egon batuaz kantatzeko, guri bietan irteten zaigu. Gaueko Txanda abestian makina erremintaz hitz egiten dugu, oso gai gertukoa da, oso elgoibartarra eta nik uste entzuleak gertutasun hori lortzeko hala behar zuela», aipatu du Gurrutxagak. Azken aldian geroz eta talde gehiagok kantatzen dutela euren euskalkian nabarmendu du Araujo baxu joleak eta honako arrazoiak argudiatu: «Batuan abesten duzunean ezberdin geratzen da, pixka bat artifizial. Zurea den gauza bat abesten zaude, baina zuk hitz egiten ez duzun era batean. Abestia entzutean ez duzu zure sentitzen».
Zuzeneko akustikoak ere bai
Kontzertu akustikoak ere emateko asmoa badute. Lehen froga Elgoibarko kultur etxean egin zuten eta pozik geratu ziren. Eszenatokia aproposa denean, esperientzia errepikatuko dute.
Azken boladan kexuak entzun dira kontzertuetan jende gutxi biltzen delako. Araujoren hitzetan, «kontzertu asko jo ditugu, asko eta asko taberna zuloetan, lau katu zeudela eta ez dugu ezetzik esan sekula. Ez zaigu inporta izan gainera. Beti egon gara prest jotzeko. Gainera kontzertuak ematen leku piloa ezagutzen duzu». «Askotan jendea ez da agian gu ikustera etorri baina gelditu egin da, eta hori da garrantzitsua», gaineratu du Gurrutxagak. Badiolak jendea oso erosoa dela nabarmendu du, kontzertua parean tokatzen ez bazaio, ez dela mugitzen.
Bluesak ba al du lekurik?
![]() |
|
||||
2021 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa