Buru eta txapelen errekorra
Estitxu Eizagirre
Hitzari lotuta pasatu zuten igandea 13.000 buruk BECen, eta oraindik kontatu gabe dauden milaka begi-belarrik telebistaren aurrean. Literatur ekitaldi handienak Andoni Egaņa bertsoaren historiako txapeldunena egin zuen, laugarrena jantzita.
Zer magia du bertsoak, irudiaren gizartean hainbeste jende egun osoz hitzaren haritik zintzilik izateko? Elkartasun olatua nabarmen harrotu zen BECen. Egun horretako txanpainaren azpian ur asko mugitzen dituen lana agerian utzi zuen Txapelketak. Oholtza gaineko zazpi bertsolari bertso-eskolen fruitu dira. Eta zazpi herrialdeetako zazpi bertso ikaslek eman zioten saria zortzigarren geratu zen Jon Maiari. Bertso eskolako belaunaldiak Andoni Egaņari lepora egindako bigarren saltoa izan zen igandekoa, Iturriagak zorroztuta eraman baitzituen armak. Baina txapela lehengo buruan geratu zen eta geroztik Egaņa da txapelik gehien duen bertsolaria. Laugarren txapel honen eskaintzarekin Gabonetako opariren bat erosi beharraz libratu zituen bere saiokideak:
Lazkao Txiki ta seme-alabak
aipatuak daude bapo
andrea ejem, maite det baina
ahal dela oholtzatik kanpo
erditu gintun harek hain xuxen
doble sufritzen dulako
aurten aitaren baimenarekin
amaz gogora beharko
ama bakarra omen da baina
gu zortzion amentzako.
Puntaren puntan
"Arrastoa uzteaģ, oharkabean ez pasatzea omen da finalista ororen helburu. Hori lortu izanaren satisfazioa izan dezakete zortziek, denek utzi baitzuten gogoan hartzeko moduko alerik.
Goizeko saio osoa exibiziotan eman zuten, besteak beste Iturriagak, Egaņak eta Maialenek, azken honek kantatu zuenez, hiru zenbat hiru diren azalduz. Arratsaldean lehenengo biek eutsi zioten olatu horri, eta Egaņak azken txanpan hegan egitea ere lortu zuen bertso batzuetan.
Bertsolariek eta entzuleek saio bana bizi dute, inondik ere. Hirugarren egin zuen Maialenek goizetik oso atzean ikusi zuen bere burua. Hasierako agurra kantatu orduko leher eginda sentitu omen zen. Hala ere, giroa lehertu zuen alerik utzi zuen.
Iturriagak, ejem, gozatuz gozarazi zuen goiz eta arratsalde, eta inork gutxik egiten dakiena berak bakarrik egiten duen moduan biribildu zuen, urtebetetze egunaren gaian (ikus koadroa): pertsonaia patetiko bat sortu eta lehen pertsonan kantatuz agerian uztea pertsonaia horren absurdotasuna.
Beste bertsolarien lana ere ez dugu puska batean ahaztuko: Sustraik punta puntako puntazoak puntada finez josi zituen. Mendiluzek bere genesia bertsotan utzi zion azalduta semeari. Ametsek publikoa poltxikoratu zuen bere bertsokera inteligente eta oholtza gaineko jarrera humanoarekin. Eta Elortzaren eta Maiaren bertsokerek bakoitzak bere jarraitzaileak dituela ikusi zen, puntutan neurtu ezin bada ere.
Agur Donostiako Belodromoari
"BECtekada" definitu zuen Elortzak agurretik 13.000 entzulek sortutako paisaia. Desafio handia eta azierto handiagoa egin du pauso horrekin Bertsozale Elkarteak. 2001ean Belodromoan baino 5.000 entzule gehiago inguratu, eta inguratutakoei inoiz baino baldintza erosoagoak eskaini dizkie: areto bildu eta beroa, bazkaltzeko jangelak, parking-a...
Bertsolaritzari berari dagokion balioa eman dio BECeko manifestazio kulturalak. Berriro Donostian jokatuko bada finala, beste tratu bat eman beharko diote Txapelketari bertako erakundeek. Kultur ekitaldi gutxi dago baldintzak exijitzeko moduan.
Txapelketak oinarritik zaintzen duen lurraldetasunari eutsiz, aurrera begira finala beste herrialdeetara eramatea planteatzeko aukera ere eman du BECtekadak. finala ikusteko mugitzeko prest dago jendea.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.