Astekaria

 Kultura 

Buru eta txapelen errekorra

Hitzari lotuta pasatu zuten igandea 13.000 buruk BECen, eta oraindik kontatu gabe dauden milaka begi-belarrik telebistaren aurrean. Literatur ekitaldi handienak Andoni Egaña bertsoaren historiako txapeldunena egin zuen, laugarrena jantzita.

Estitxu Eizagirre

Estitxu Eizagirre


2021. alea
2005-12-25
alde 0    kontra 0

Zer magia du bertsoak, irudiaren gizartean hainbeste jende egun osoz hitzaren haritik zintzilik izateko? Elkartasun olatua nabarmen harrotu zen BECen. Egun horretako txanpainaren azpian ur asko mugitzen dituen lana agerian utzi zuen Txapelketak. Oholtza gaineko zazpi bertsolari bertso-eskolen fruitu dira. Eta zazpi herrialdeetako zazpi bertso ikaslek eman zioten saria zortzigarren geratu zen Jon Maiari. Bertso eskolako belaunaldiak Andoni Egañari lepora egindako bigarren saltoa izan zen igandekoa, Iturriagak zorroztuta eraman baitzituen armak. Baina txapela lehengo buruan geratu zen eta geroztik Egaña da txapelik gehien duen bertsolaria. Laugarren txapel honen eskaintzarekin Gabonetako opariren bat erosi beharraz libratu zituen bere saiokideak:

Lazkao Txiki ta seme-alabak

aipatuak daude bapo

andrea ejem, maite det baina

ahal dela oholtzatik kanpo

erditu gintun harek hain xuxen

doble sufritzen dulako

aurten aitaren baimenarekin

amaz gogora beharko

ama bakarra omen da baina

gu zortzion amentzako.

Puntaren puntan

"Arrastoa uztea», oharkabean ez pasatzea omen da finalista ororen helburu. Hori lortu izanaren satisfazioa izan dezakete zortziek, denek utzi baitzuten gogoan hartzeko moduko alerik.

Goizeko saio osoa exibiziotan eman zuten, besteak beste Iturriagak, Egañak eta Maialenek, azken honek kantatu zuenez, hiru zenbat hiru diren azalduz. Arratsaldean lehenengo biek eutsi zioten olatu horri, eta Egañak azken txanpan hegan egitea ere lortu zuen bertso batzuetan.

Bertsolariek eta entzuleek saio bana bizi dute, inondik ere. Hirugarren egin zuen Maialenek goizetik oso atzean ikusi zuen bere burua. Hasierako agurra kantatu orduko leher eginda sentitu omen zen. Hala ere, giroa lehertu zuen alerik utzi zuen.

Iturriagak, ejem, gozatuz gozarazi zuen goiz eta arratsalde, eta inork gutxik egiten dakiena berak bakarrik egiten duen moduan biribildu zuen, urtebetetze egunaren gaian (ikus koadroa): pertsonaia patetiko bat sortu eta lehen pertsonan kantatuz agerian uztea pertsonaia horren absurdotasuna.

Beste bertsolarien lana ere ez dugu puska batean ahaztuko: Sustraik punta puntako puntazoak puntada finez josi zituen. Mendiluzek bere genesia bertsotan utzi zion azalduta semeari. Ametsek publikoa poltxikoratu zuen bere bertsokera inteligente eta oholtza gaineko jarrera humanoarekin. Eta Elortzaren eta Maiaren bertsokerek bakoitzak bere jarraitzaileak dituela ikusi zen, puntutan neurtu ezin bada ere.

Agur Donostiako Belodromoari

"BECtekada" definitu zuen Elortzak agurretik 13.000 entzulek sortutako paisaia. Desafio handia eta azierto handiagoa egin du pauso horrekin Bertsozale Elkarteak. 2001ean Belodromoan baino 5.000 entzule gehiago inguratu, eta inguratutakoei inoiz baino baldintza erosoagoak eskaini dizkie: areto bildu eta beroa, bazkaltzeko jangelak, parking-a...

Bertsolaritzari berari dagokion balioa eman dio BECeko manifestazio kulturalak. Berriro Donostian jokatuko bada finala, beste tratu bat eman beharko diote Txapelketari bertako erakundeek. Kultur ekitaldi gutxi dago baldintzak exijitzeko moduan.

Txapelketak oinarritik zaintzen duen lurraldetasunari eutsiz, aurrera begira finala beste herrialdeetara eramatea planteatzeko aukera ere eman du BECtekadak. finala ikusteko mugitzeko prest dago jendea.

Sailkapena

Andoni Egaña 1.796,5

Unai Iturriaga 1.746


Maialen Lujanbio 1.206,5

Amets Arzallus 1.206,5

Igor Elortza 1.174

Sustrai Colina 1.171,5

Aitor Mendiluze 1.156

Jon Maia 1.156


Itsasoaren zabala

Olatuka aritu zen publikoa puntuaketak entzuteko zain zegoela. Lehia girotik baino festatik gehiago zuen seinale. Sari banaketan, kasik bertsolari bakoitzarekin jarri zen zutik, ia erritual bihurtuz. Bertso gosez zirenek, asetu ederra hartu zuten, onetik gainera.


Gaiak

Txapelketa osoan zehar zoriondu dute bertsolariek gai jartzaile taldearen lana. Finalean era guztietako gaiak entzun ziren eta asko izan ziren egoera bakarrik jartzen zutenak, bertsolariak nahi zuen bidetik tira zezan. Puntuak jartzerakoan sumatu zen zer findua, «zu» errimako bat baino gehiago jarri baitzen -ez da erantzuteko errimarik maiteena-, eta jarritako azkenak, «honi erantzun eta / eser zaitez lasai» puntuak, ez zuen askorik aportatzen. Badirudi kartzelako gaia oso libre utziz gero, kasu honetan «aspaldiko partez, bi begiak busti zaizkizu», bertsolariek txapelketari kantatzera jotzen dutela, testuinguru hain indartsutik irtetea zaila izaki.


Distira batzuk




Kartzela: Bederatziko txikian bertsoa osatzeko hitza-gaia: Aulkia.


Andoni Egaña:

Atsedena hartzea

ez degu kalteko

eta hori lortzen da

bera tarteko

aulkia gauza ona da

bila joateko

nahiz aspaldian hemen

gu gauzkan menpeko

hainbat ikusteko

edo erosteko

Ikean bai lepo

desberdinak seko

baina ezetz txikirik

behiak jeizteko



Gaia: Urtebetetzea duzu gaur. Eguna aurrera doa, eta oraindik ez zaitu inork zoriondu.


Unai Iturriaga:

Badaukat familia bat

familia bat itzela

lagun koadrila bat ere

falta zait haien epela

prestatu dut telefono

gorritxo batekin gela

zigarro bat piztu eta

itxoingo diet horrela

baina denbora badoa

ta tristezia umela

negar egiteko gogoz

urtebetetze krudela

uste nun baten batentzat

garrantzitsua nintzela

neuk ere ez nien deitu

izorratu daitezela



Ez dut hotsik bat aditzen

ez telefono ez flauta

ez zorionak zuri ta

ezta Iturriaga aupa!

normala ere izan leike

nolakoa naizen pentsauta

lagunentzako sekula

ez naiz izan kriston mauka

euren kontura bizi naiz

egunero taupa-taupa

baten eta bestearen

nobia sarri dut hauta

akaso hargatik ez daude

zoriontzeko prestauta

baina gaur egun jendeak

errukirik ere ez dauka


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2020
 
azala2019

2021 zenbakia.
2005ko abenduaren 25a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia