Jakoba Errekondo
Zeolitak, grekoko "zeo" irekin eta "litos" harria, mineral bereziak dira. Era askotakoak daude baina denen ezaugarri nabarmenena hutsunez beteriko armazoi tankerako egitura izatea da. Batik bat aluminioa, silizioa, oxigenoa, hidrogenoa eta zenbait ur molekulaz osaturiko egiturak alegia. Belaki antzeko hutsunezko egitura honek zeolitak haien gisako lanetara bideratzea ekarri du: iragazki, likido xurgatzaile eta emaile...
Batean eta bestean toki ugaritan ari da zeoliten ustiapena ikertzen, tartean Argentinako La Platako Unibertsitatean, non nekazaritzara ekar ditzakeen onurak topatzen saio mordoa egiten ari diren. Agronomoak, geologoak eta kimikariak elkarrekin ari dira, etorkizunean txanpon iturri oparoa izan daitekeelakoaren itxaropenarekin.
Oraingoz bi bide jorratzen ari dira: ura eta ongarriak aurreztea. Lurrak bere egitura fisikoa eta kimikoa medio, urari eta elikagaiei eusteko gaitasun jakin bat du. Gaitasun hori gainditzeko adinako ura eta elikagaiak gehitzen bazaizkio lurrari, ezin eutsiko ditu bere baitan, ur eta jaki erreuxak alde egin eta landarearentzako alfer alferrik galduz. Landareak elikatzen diren lurrean zeolita nahasten badugu lur horretan hutsune gehiago izango da eta ur molekulak eta nitrogenoa, karea, magnesioa eta tankerako landareen jakiak bertan eutsiko dira. Aurkikuntza zientifiko handien eran hau ere umekeria txepel bat dirudien hutsunearen erabilera honetatik dator.
Landareen lurra urez edo ongarriz aberasten dugunean, lorontzia bezala soroa, tartean zeolita izaki, landareek luzaroago izango dituzte eskuera biak, lurrak eta landareek behar ahala askatuko baititu. Errusian eta Kuban zeolita naturalak badarabiltzate, Europa aberatsean sintesi kimikoz sortzen dira, zailago eta garestiago, bere gisako lana egiten duten ordezkoak. Gu bai txoro! Txina, Kuba, Japonia, Bulgaria, AEB, Errusia, Hungaria, Hegoafrika eta Italia dira zeolita ekoizle nagusiak.
Jabier Agirre
Iazko ikasturtean Gosari kardio-osasungarria ekimenaren V. edizioa egin zen Gipuzkoako gaztetxoen artean, eta 1.300 neska-mutikorekin egindako ikerketaren emaitzak oraintxe kaleratu dituzte, aurtengo kanpaina iragartzearekin batera.
Inkesta erraldoi horrek adierazten duenez, 7tik 10 urtera bitarteko haur gipuzkoarren %58k opilak hartzen ditu noizean behin euren gosarian, eta portzentaje hori %66ra igotzen da, 11-13 urteko gaztetxoen artean. Opil horiek industrialak dira, noski.
Ogia hartzen da 7-10 urteko umeen gosarian %63an, eta %74 kasutan, berriz, 11-13 urte bitarteko neska-mutikoetan. Esnea eta kakaoa dira 7 urtetik 13 urtera bitarteko gaztetxoen gosarian ia beti presente dauden osagaiak: gosarien %97,3an esnea eta gosarien %90,6an kakaoa. Adin-tarte berean, jogurtak datoz ondoren, %68k hartzen baititu.
Fruta, aitzitik, umeen %48,6ren gosarian baino ez da hartzen, eta horren aurretik dago olioa, %58k hartzen baitute olioa euren gosarietako osagai bezala -beste lurralderen batetik ekarritako ohitura, ezbairik gabe, baina inkestek egia badiote gure artean dezente errotu dena-.
Aurreko urteetan bezala, Euskal Herriko Ogigileen Federazioak eta Bihotz Bizi izeneko Gaixotasun Kardiobaskularren Prebentziorako Elkarteak jarri dute martxan aurten ere Gipuzkoako eskola-umeentzako Gosari Kardio-osasungarriaren Kanpaina. Zer da gosari kardio-osasungarria? Esnekiak, fruta eta zerealak batera kontsumituz, egun osoko kaloria-kopuruaren %15 bere gain hartuko duen otordu guztiz garrantzitsua, eta ez kasu askotan gertatu ohi den bezala, korrika eta presaka, ia itsumustuan, hartzen den kafesne edo esne txokolatedun katilukada. Ondo dago eskola-umeetan ohitura osasungarriak ereitea, baina gurasook ez badiegu seme-alabei irakaspen praktikorik ematen, jai dugu!
Joxerra Aizpurua
Berotegi-efektua eta hegazti-gripea
Urtean zehar artikulu mordoxka idazten dugu ingurumenari buruz: ozono-zuloa, berotegi-efektua, Poloen urtzea eta abar. Aurten lehen aldiz idatzi dugu hegazti-gripeari buruz eta hitz eman genuen urtea amaitu baino lehen datu gehiago emango genituela.
Dena den harrigarria izan daiteke ingurumeneko gaia eta osasunari buruzkoa elkarrekin aztertzea eta are harrigarriagoa oraindik "Ekonomia" izenburupean kokatzea guztia.
Orain hogei urte idatzi genuen lehen aldiz ozono-zuloari buruz eta orduz geroztik makina bat elkarrizketa izan ditugu gai horretaz eta antzekoez. Hogei urte igaro ondoren, ezin uka arazo ekologiko garrantzizkoen atarian gaudenik, baina sakon-sakonean arazo ekonomiko baten aurrean gaude; ekonomiak eragin baitzuen hainbat gasen superprodukzioa eta ekonomiak oztopatzen baitu soluzioen bilaketa.
Hegazti-gripean antzeko faktoreak detektatu ditugu. Aipatu gripea ez da berria, baina hegaztien hazkunde azkarrerako erabiltzen diren elementu kimikoekin gripeak gizakiarengana igarotzeko bidea egin du. Egoera larria izan daiteke, baina egun ez da larria. Larriena hegazti eta txertoen alorrean azaleratutako ekonomia da, hau izango baita edozein soluziorako oztopoa edo bidea.
Ingurumenarekin bezala hegaztiekin gertatuko dena ezin asmatu, baina bitartean autodefentsa antolatu dezakegu. Gizabanakoak kontzientzia ekologikoa izugarri haztea lortu da azken bi hamarkadetan eta horren eraginez hurrengo hamarkadetan ekonomian eragina izango duelakoan gaude, hau da, gizakiaren ohitura-aldaketek ekonomiaren aldaketa eragin dezakete eta berrogeita hamar-ehun urtera egun baino kalte txikiagoa egingo diogu ingurumenari. Baina bidean hainbat espezie eta hainbat ekosistema galduko dira, itsasertz desagertuko dira eta sarraski naturalen ondorioz milioika pertsona hilko da.
Hegazti-gripearekin antzeko prozesua gertatuko delakoan gaude. Hobe esanda, animaliengandik gizakiarengana, orohar, gero eta gaixotasun gehiago igarotzeko arriskua dago, baina mende honen amaieran agian oso kontrolatuta izango ditugu gaixotasun-bide horiek; bidean milioika pertsona eta animalia hilko dira gaixotasunak medio. Gai honetan ere, gure autodefentsa antola dezakegu eta hori animalia hurbilekoen kontsumotik dator eta hobe, gure lagun batek zioen bezala, animaliak zenbat eta luzaroago bizi, eta ez jaio eta handik hilabete batzuetara hiltegira eramanda hainbat medizina eta hormonekin gizendu eta hazi ondoren.
Beraz, irakurle, inoiz baino gehiago gizakiaren barruko sena erabili behar dugu. Dena den, seguru datorren urtea ere oparoa izango dela artikulu honetan aipatu ditugun berriei dagokienez.
Urte berri on.