Estitxu Eizagirre
Hitzari lotuta pasatu zuten igandea 13.000 buruk BECen, eta oraindik kontatu gabe dauden milaka begi-belarrik telebistaren aurrean. Literatur ekitaldi handienak Andoni Egańa bertsoaren historiako txapeldunena egin zuen, laugarrena jantzita.
guztia irakurri
Zure umea omen da Larru Haizetara antzerki lana. Aitaren harrotasuna?
Bai, ume guztiak maite ditugu, nahiz eta modu batekoak edo bestekoak atera. Hau oraindik txikiegia da eta ez dakigu nondik aterako den, baina itxura ona dauka.
Nolakoak izan dira bere lehenengo pausoak?
Egia esan, txikia izan arren asko ibili da. Duela gutxi estreinatu genuen, hilabete eta erdi edo izango da. Honezkero emanaldi nahikotxo egin ditugu eta uste dut eskatu diguten toki guztietan pozik ateratzen direla. Nik uste dut ibilbide luzea izango duela obrak.
Bikoteatroa izateak bere abantailak eta desabantailak izango ditu.
Printzipioz abantaila gehiago ikusten dizkiot. Oso erosoa da. Biren artean konpontzea errazagoa da. Formatu malgua egitea ahalbideratzen du, toki askotan egin ahal delako. Bai taberna txiki batean zein antzoki handi batean. Eta iraupena ere bermatuta dago. Normalean muntaia handietan, aktore asko behar izaten diren muntaietan obraren bizitza laburragoa da, jendea sakabanatu egiten delako. Gure kasuan errazagoa da antzezlanari eustea.
Aurreko lanak ikusita badirudi formatu txikia gustuko duzuela. Zer da bilatzen duzuena?
Ez nuke esango formatu txikikoa denik. Esango nuke formatu malgukoa dela. Guk toki guztietara iristea bilatzen dugu. Nik bestelako lanak ere egiten ditut eta erdaraz ere idazten ditut gidoiak. Edo bi hizkuntzetan. Kasu honetan Ez Dok Hirun egiten duguna euskaraz sortua dago eta ez hori bakarrik, euskara du tresna. Euskararekin jokatzen dugu eta euskara da protagonistetako bat. Euskararen bueltan ari gara denbora guztian. Orduan itzuli ezinak dira, euskaraz bakarrik egin ahal dugu. Orduan gure ikusleria Euskal Herrira murriztuta dago. Nola toki askotara iritsi nahi dugun, ez dugu formatu handia egin nahi, edo hobeto esanda, antzokietara bakarrik iristen den formatu finkoa.
Hainbeste denbora Mikel Martinezekin, ez al duzue bikote krisirik izan?
Badakigu gure aisia eta gure lana banatzen. Ondo konpontzen gara. Egia esan, eszenatokian nik uste badaukagula kimika berezi bat. Eta bizitza normalean oso ondo konpontzen gara. Ez dugu arazorik izaten.
Zuen arrakasta elkarrizketetan al dago?
Bai, gure umorea hitzezkoa da batez ere. Hitza elkarrizketetan oinarrituta dago. Ezagutzen gaituztenek badakite zein estilo daukagun. Nik esango nuke estilo berezia daukagula, gurea. Hainbeste urtetan, denborarekin, moldatzen joan dena. Elkarrizketa arinak eta zorrotzak eta umore... landua.
Zuek ez omen zaudete sexuarekin obsesionatuta. Gainontzeko euskaldunak bai?
Hori da gure jokoa. Hori da guk planteatzen duguna. Gu ez gaudela sexuarekin obsesionatuta eta euskaldunak bai. Azken finean, excusatio non petita, accusatio manifesta. Obran zehar argi geratzen da guztiz obsesionatuta gaudela sexuarekin eta ez hori bakarrik, baita nahiko frustratuta ere.
Eta euskararekin obsesionatuta al zaudete?
Ez. Ez dakit zergatik izango den. Nik pentsatzen dut euskaldun berriak izateak badaukala bere eragina. Nik uste dut ikuspuntu ikonoklasta batetik begiratzen diogula euskarari. Errespetuarekin, baina errespeturik gabe ere bai. Beldurrik gabe. Aurreiritziak eta jarrera maiestatikoak alde batera utzita, beldurrik gabe erasotzen diogu euskarari. Esango nuke nolabaiteko bilbotarrak izatean badagoela urruntasun bat ere. Ez urruntasun afektiboa baizik urruntasun linguistikoa. Horrek ematen digu distantzia txiki bat euskara umore tresna bihurtzeko, umorerako aitzaki bihurtzea euskara bera.
Larru Haizetara antzerki lanaren arabera euskarari sexua dario zirrikitu guztietatik.
Badakizu, ezintasunak askotan obsesioa dakar. Ikertzaile askok esaten dute orain arte euskaraz alfabetatu eta idatzi dutenak mendetan eta mendetan apaizak izan direla. Gure eskuetara iritsi den euskarak falta hori du. Falta duenak hutsune hori obsesio bihurtzen du. Guk brometan esaten dugu euskarari sexua dariola zirrikitu guztietatik. Guk hori agerian uzten dugu ikuskizunean.
Euskaldunak, infinituraino iritsi arren, sekula gurutzatzen ez diren linea paraleloak dira zuen esanetan.
Bai hori lege bat da: la ley de vascos comunicantes, eskolan ikasten genuena. Azken finean topiko bat hartzen dugu, baina topiko hori ez dago egiatik oso urrun. Komunikatzeko ez gara oso iaioak.
Disgustua ere hartu dugu batek baino gehiagok. Euskal kantek ez omen dute ligatzeko balio.
Gu galtzaile moduan agertzen gara eszenatokira. Galtzen duena eta arazo bat daukana beti saiatzen da bere arazoaren erruduna topatzen. Eta normalean erruduna beti topatzen dugu kanpoan. Ez gure baitan. Guk, egia esan, festibaletara joaten ginenean ez genuen batere ligatzen. Horren ondorioa zein da? Euskal kantek ez dutela ligatzeko balio. Inoiz ez dugu onartuko gu garela balio ez dugunak.
Larru Haizetara terapia moduan antolatu duzue. Terapia horrek eraginik izan al du?
Ez diogu galdetu publikoari gure ikuskizuna ikusi eta gero zenbateraino hobetu diren bere harreman sexual edo afektiboak. Gure kasuan berdin jarraitzen dugu, egia esan. Beharbada pozago. Oso gustura antzezten dugulako. Guk antzezten dugunean oso ondo pasatzen dugu eta guretzako benetako terapia da.
Publikoarekin komunikatzea ere gustuko duzue.
Bai. Gure espektakuluetan ez dugu laugarren horma erabiltzen. Publikoaren eta antzezleen artean dagoen horma apurtzen dugu. Publikoarekin zuzenean harremanetan jartzen gara. Publikoari hitz egiten diogu. Ez da garai batean modan zegoen ohitura niretzat gogaikarri samarra: publikoa parte hartzera behartzea. Publikoa ikustera doa. Alde horretatik lasai egon daitezke. Ikusteagatik pagatzen dute eta guk lan egiteagatik. Ez eurek lan egiteagatik. Baina guri gustatzen zaigu publikoarekin harreman zuzena izatea ikuskizun mota hauetan eta umore estilo honetarako.
Terapia hasi berria da. Beste terapiarik bai buruan?
Oraintxe bertan erditu gara eta normalean ama erditu berriek badaukate ez dakit zenbat denborako geldialdia. Guk oraindik ez dugu ezer egingo. Beno, buruan bueltaka bai, baina oraindik gauza konkreturik ez.
Zure umearekin bakarrik ez, besteen umeekin ere bazabiltza.
Bai. Mikelekin batera, Euskera sencilloaren manifiestoa lanaz aparte Atxagaren Lezio berri bat ostrukari buruz daukagu esku artean. Eta Jokin Oregiren Ezin dut egia esan lanean ere parte hartzen dut. Gurea estreinatu eta handik gutxira estreinatu zen Oregirena. Eta biekin nabil. Bai, familia ugaria da nirea.
Amaitzeko lan apur bat emango dizut. Zeuk animatu beharko duzu jendea Larru Haizetara ikustera joateko.
Animatu baino gehiago mehatxu egingo diet. Damutuko zaizue joaten ez bazarete.
Katixa Garate
Kartoiz papereztutako lokalean hartu gaituzte Arima Beltzako kideek. Asebeteta daude euren hirugarren diskoarekin, Mundurako Ateak (Gaztelupeko Hotsak), aspalditik bila ari ziren soinua lortu dutelako. Mungiako Lamińa estudioan grabatu zuten pasa den abuztuan diskoan, Natxo Liberty ekoizlearekin. Eta ez dira damu bertan eta Libertyrekin grabatzeko egindako hautuaz. «Ordurarte ez zuen grabatu bertan rock klasikoa edo blues-rocka egiten zuen talderik. Ordurarte grabatu zituen taldeak entzun genituen, soinuak konbentzitu gintuen baina bagenuen zalantza hori, ea lortuko zuen gure berezitasun hori agertzea. Bera asko saiatu zen, estiloan asko sartu zen eta emaitzarekin oso-oso gustura geratu gara», diosku Jon Gurrutxaga abeslariak.
Jon Gurrutxaga ARGIAko kolaboratzaileak (ahotsa), Ińigo Araujok (baxua), Patxi Zabaletak (gitarra), Joseba Alonso Hippyk (harmonika) eta Elur Arrietak (bateria) osatzen dute taldea. Diskoa grabatzerakoan, Jon Gurrutxagak jo zuen bateria, baina zuzenekoetan Elur Arrieta arituko da bateria jole. Izan ere, bigarren diskoa plazaratu zutenetik, Gurrutxagak abeslari lanak egiten ditu bakarrik, zuzenekoak indartze aldera. Patxi Zabaleta gitarra jolea berria da taldean, Lander Trinidadek taldea utzi baitu eta beraz, bera izango da bigarren gitarra.
Bluesetik rockerantz, baina arima beltz
Bluesarekiko maitasunak eraman zituen Aitor Badiola eta Jon Gurrutxaga Arima Beltza sortzera. 1997an hasi zuen ibilbidea taldeak eta hiru disko plazaratu ditu: Arima Beltza (2000), Blues sustraia (2002) eta Mundurako Ateak (2005). Beste taldekideak rocketik eta heavytik zetozen eta blues eta rocka uztartu zituzten. Hirugarren diskoan hamaika kantu bildu dituzte, eta aurrekoetan baino gehiago hurbildu dira rockera eta hard rockera, bluesari muzin egin gabe.
Taldekide guztiak, ordea, ez datoz bat bilakaera horretaz hitz egitean. «Ni ez nago ados. Arima Beltza izatez berdinak gara. Estudio desberdin batera sartu gara, produkzio gogorragoa egin dugu, eta jendeak pentsatzen du rockerako bilakaera eduki dugula, baina izatez gogortasun horregatik da», adierazi du Aitor Badiolak. Ińigo Araujo eta Jon Gurrutxagaren ustetan, ordea, izan da bilakaerarik. Bilakaera nahiko argia da Araujoren iritziz eta nabarmendu du, nahiz eta rock joera hori aurreko diskoetan hainbeste ez islatu, euren zuzenekoak oso rockeroak izan direla hasieratik. Gurrutxagak gehitu du azken diskoko produkzioa gogorragoa izateaz gain, abestiak egiteko eta borobiltzeko orduan rockeroagoak atera zaizkiela, riff indartsuekin eta lelo gogoraerrazekin. Alabaina ados agertu dira taldekide guztiak Bluesak Arima Beltzaren sustraietan jarraitzen duela esaterakoan.
Maitasunetik hasi eta Irakeraino
Ate baten aurrean ageri dira taldekideak CDaren azal zuri-beltzean, diskoaren Mundurako Ateak izenburua irudikatzen. Munduko, Elgoibarreko nahiz eguneroko kontuak darabiltza Arima Beltzak diskoko hamaika abestien letretan: Irakeko gerra, gurasoen etxea uzten duen eta bakarrik bizitzen jartzen den gaztea, makina erremintako langileak, euskararen biziraupena, maitasuna... Abesti batzuk batuan eta beste batzuk elgoibartarrez kantatzen dituzte. «Guk elgoibartarrez egiten dugu berba gure artean eta nahiz eta musika munduan ohitura egon batuaz kantatzeko, guri bietan irteten zaigu. Gaueko Txanda abestian makina erremintaz hitz egiten dugu, oso gai gertukoa da, oso elgoibartarra eta nik uste entzuleak gertutasun hori lortzeko hala behar zuela», aipatu du Gurrutxagak. Azken aldian geroz eta talde gehiagok kantatzen dutela euren euskalkian nabarmendu du Araujo baxu joleak eta honako arrazoiak argudiatu: «Batuan abesten duzunean ezberdin geratzen da, pixka bat artifizial. Zurea den gauza bat abesten zaude, baina zuk hitz egiten ez duzun era batean. Abestia entzutean ez duzu zure sentitzen».
Zuzeneko akustikoak ere bai
Dagoeneko hasiak dira diskoa zuzenekoetan aurkezten eta harrera beroa izan dutela esan digute. «Lehen lerroan zeuden entzuleek letrak zekizkiten Lasarten emandako kontzertuan. Nahiko bitxia da, orain dela gutxi atera dugu-eta diskoa. Eta ez zekiten irratian jartzen duten abestia, beste batzuk baizik», esan digu Araujok.
Kontzertu akustikoak ere emateko asmoa badute. Lehen froga Elgoibarko kultur etxean egin zuten eta pozik geratu ziren. Eszenatokia aproposa denean, esperientzia errepikatuko dute.
Azken boladan kexuak entzun dira kontzertuetan jende gutxi biltzen delako. Araujoren hitzetan, «kontzertu asko jo ditugu, asko eta asko taberna zuloetan, lau katu zeudela eta ez dugu ezetzik esan sekula. Ez zaigu inporta izan gainera. Beti egon gara prest jotzeko. Gainera kontzertuak ematen leku piloa ezagutzen duzu». «Askotan jendea ez da agian gu ikustera etorri baina gelditu egin da, eta hori da garrantzitsua», gaineratu du Gurrutxagak. Badiolak jendea oso erosoa dela nabarmendu du, kontzertua parean tokatzen ez bazaio, ez dela mugitzen.
Bluesak ba al du lekurik?
Bluesa zabalpen txikiko musika estiloa da Euskal Herrian. Blues kontzertu gutxi izaten da eta dauden gehienak blues eta jazz jaialdietan. Zizurkilen,Getxon, Bilboko Palladium aretoan eta Elorrion egiten diren jaialdiak nabarmendu dizkigute Arima Beltzakoek eta horietan dutela aukera bluesaz gozatzeko, bai entzule gisa, bai musikari gisa, horietan kontzertua emateko parada izan baitute. Blues kontzertuak ematea ez da erraza, hori izan liteke blues talde gutxi egotearen beste arrazoi bat: «Jaialdietatik kanpo, urtean zehar kontzertu gutxi egoten da. Herriko jaietan, esaterako, zaila da blues kontzertu bat egotea». Arima beltza dutenek Elgoibarko taldearen kontzertuetako ateak, behintzat, zabalik dauzkate.
Pilar Iparragirre
Zer eskaintzen duzu Note booken?
Noizbait okurritu zitzaidan, nahi gabe, ea Libreta horiko poemak liburuarekin hasita, Gauza txikien liburuarekin jarraitu eta honekin amaitutako trilogia bat ez ote dudan egin. Aurrenekoan, gure bizitza azaldu nuen. Gauza txikien liburuan, dudarik gabe, nik bizitutakoak, pentsatutakoak, sufritutakoak... Eta Note booken, nire ustez, zuek da, gizartea; zuek, mundutarrok, nola zaudeten, nola ikusten zaituztedan nik.
Nola azalduko zenuke bere mamia?
Pare bat bereizgarrirekin. Batetik, teknika aldetik inoiz egin ez nuen gauza berezi bat egin dut: neurri bat eta bera jartzea testu guztiei. Alegia, folio batean sartu behar zuen nik esan nahi nuen guztiak. Zergatik? Folioa, niretzat, gauza miresgarria izan delako beti, elur egin berria bezalakoxea. Eta uste dudalako askotan pentsamenduari jarri behar zaiola neurria. Hau da, nirea, esan nahi dudanaren eta hitzek jartzen dutenaren artean dagoen aldea murrizteko ahalegina izan da. Gauzen funtsa atera eta soberakinak alde batera uzteko eginahala.
Eta bigarren bereizgarria?
Gizartean ematen ari diren aldaketekin-eta, oso lotuta egoten da literaturaren itxura eta mamia ere. Gizarte hau, azken urteotan ikuskizunaren gizarte bihurtu da nolabait, ekarri duelako denbora pasaraztea meritu bihurtzea. Alegia, hemen inportanteena ez aspertzea bihurtu da, denbora erraz pasatzea. Nire lan hau, literatura estilo horren aurkako aldarria ere bada pixka bat.
Pilar Iparragirre
Gorbeiako haizea
Gontzal Mendibil
Keinu
322 orrialde
19 euro
Gontzal Mendibilen lehen nobela
Duela gutxi hil zaion aitari zuzendu zaio Gontzal Mendibil idatzi duen Gorbeiako haizea estreinako eleberrian. Narrazioan zehar, ordea, hiru belaunaldiren bizitzako pasadizioak azaltzen ditu: bere aitonarena, betirako joan berri zaion aitarena eta Gontzal Mendibilena berarena ere, Zeanuri eta Gorbeia aldeko herrien eta herritarren bizipenekin batera. Barruko sentimenduak agertarazi nahi izan ditu zeanuritarrak lan honetan, aitari esateko gogoa izan bai, baina sekula esatea erabaki ez zuen gauza haiek guztiak. Eta horretarako, bizitza eta heriotza, denbora eta memoria, adiskidetasuna eta maitasuna, kultura eta politika, 1936ko Gerrak utzitako mina, aitite Adolforen burutazioak eta beste ekarri ditu kontura, inoiz ahaztu nahi ez lituzkeen gertaerak.
Pentsaera basatia
Claude Lévi-Strauss
Gaiak
414 orrialde
Lévi-Strauss totemismoaren atzean ezkutatzen den logikaz
Claude Lévi-Strauss antropologia modernoaren sortzaile eta mugimendu estrukturalistaren aitzindaria izan zen. Pentsaera basatia lanean, pentsamendu greziarra sortu baino askoz lehenago existitu zen totemismoaren atzean ezkutatzen den logika ikertzen du, eta mundu garatuaren maila berean jartzen. Antzinako gizarte haiek unibertsoa sistema holistiko eta organiko gisa ikusten zuten. Zientzia modernoak, ordea, beste maila estrategiko batera zuzendutako sistema logiko bat sortu zuen, eta antzinako mundu hura suntsitu egin zuen. Claude Lévi-Straussek aintzinako gizarte "hotz" eta agrafo haien logika ikertzen du batik bat Pentsaera basatian, baina gaur egungo gizarte "beroek" sortutakoarekin alderatuta.
Idoiaren agenda/ Gariren agenda
Fernando Morillo
Ikastolen Konfederazioa/ Elea
76+50 orrialde
12 euro
Bi agendaz osatutako gazte nobela
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta Elea argitaletxeak elkarrekin kaleratu duten Fernando Morilloren liburu honek egitura bikoitza du, neska-mutil biren isileko agendaz osatua baitago. Gazteei zuzendutako lana da eta, jakina, gazteak dira protagonistak: Etxean istilu franko dituen neskatoa -Idoia-, huraxe zeharo liluratu duen 26 urteko morroi misteriotsua -Jon Idoiarentzat/Jagoba Garirentzat-, eta azken honen lagun den marrazkilari gaztea. Hiruron arteko harreman korapilatsuan sentimenduak, gezurrak eta kontraesanak dira nagusi. Idoiak aspalditik zuen amaren etxetik alde egiteko nahia; etxea bilatu eta halaxe egingo zuen, bere neba txikiarengatik kezkaturik egongo ez balitz. Jon ezagutu eta bere biltegira eraman zuzenean, pozik zegoen neska, baina halako batean Jon desagertu egingo da.
Etecé
Batzuen artean
Amasté Comunicación
82 orrialde
Etecé 15-17 urteko nerabeen bila
Bilboko Amasték kaleratzen duen Etecé aldizkariak bere azken zenbakian dio aldizkari berri bat egiteko jende bila dabilela. Baldintzak hauxek dira: 15-17 urte arteko gazteak izatea, edo nerabe hauekin harreman asko izatea. Beraz, jakinaren gainean zaudete. Bestelakoan, beti bezala berri ugari dakartza: Love & Rockets, La Cúpula, Gomer eta bestek egindako komikien gainekoak; Madrilen ospatutako Cinemadi buruzkoak; hil arte Rolling Stones taldeko partaide izan zen Brian Jones musikariaren bizitzaren gainean egin duten filmaz diotena; Anariren Zebra diskoaz, The Decemberists taldearen Picaresquez, Makalaren Hondartzan CDaz eta beste albumez azaldutakoa; Nafarroako Ertz taldeak eta Greziako Electrographek elkarrekin Artelekuren laguntzarekin sortutako egitasmoa...
Munduko
hamar ipuin
Carmen Ibarlucea Paredes
Gatuzain
144 orrialde
10 euro
Norberaren eta besteen heziketarako lagungarri
Maien zibilizazioak utzitako ipuin batetik hasita, Tanzaniako lurraldeetan bizi den wagogo herriko kontakizuna, Beningo fon herrikoa, Txilen eta Argentinan kokaturik dauden maputxeena, hinduen istorio bat, islandiar jatorria duen beste bat, Nigerian eta Burkina Fason kontatzen diren ipuin bi eta Ozeania aldetik datorkigun Papua Ginea Berriako istorioa bildu ditu Munduko hamar ipuin. Norberaren eta besteen heziketarako lagungarri izenburuko liburuan Carmen Ibarlucea Paredesek, herri horien guztien filosofiaren hazia geuregana hurbiltzeko asmoz. Hala ere, haien ikuspuntu sozial arkaikoak gaur egun guk ditugun beste balore batzuei eraso egiten dietenean, gurera egokitu ditu biltzaileak.
No
Patxi Salaberri
Pamiela
78 orrialde / 12,60 euro
Emakumearen begiradatik sortutako poemak
Androginoaren mitoaren itzalpean sorturiko poema liburua da Patxi Salaberri Muńoak izenpetzen duen No (Poema akrilikoak). Izan ere, egileak azpimarratzen duenez, poema hauek gizon bat dute artifize, baina emakumea egilea, asko eta asko emakume baten begiradatik adieraziak izan direlako. Liburuan agertzen diren hogeita hamazazpi poemak, ezaugarri gisa, badute bitalismotik, eta baita nihilismo gorrienetik ere. Eta errealitate diskriminatzailea agertzen dute, itxaropenari zirrikiturik uztea ahaztu gabe.
Note book
Pako Aristi
Erein
160 orrialde
15,01 euro
Pako Aristiren azken gogoetak eta fikzioa
Kazetari ikuspegia, fikzioa eta poesia erabili ditu Pako Aristik Note book deritzan bere azkeneko gogoeta eta narrazioen bilduma osatzerakoan. Neoliberalismo ekonomikoan murgildurik dagoen mundu honetan jaiotzetik hil arte gabiltzanon joan-etorria dute ardatz nagusi liburuan biltzen dituen hirurogeita hamabost piezek. Saioa, nobela, ipuinak, haur literatura eta poesia landu dituen Urrestillan sortutako egile honen aburuz, hiru mailako banaketa soziala, aberats, klase ertain eta langileena bitara murriztu da gaur egun, kontsumitzeko gai direnen eta ez direnen artean. Eta Pako Aristik irudipena du mundu honek ez duela konponbiderik izango dirua irabaztea ondo ikusten dugun bitartean, diru asko edukitzeak bizitzako ateak ixten dizkiolako daukanari, eta ez daukanari bizitzeko aukera guztiak galarazten dizkiolako. Beraz, aberastasunari mugarik jarri ezean, munduko miseriak mugagabe hazten jarraituko duela ondorioztatzen du, eta horregatik bakarrik nahiko luke azken lan honetan jarri dituen hitzak milioika aldiz fotokopiatuak izatea, dirua irabaztea ederra dela sinetsarazi digun publizitate astunaren muga guztiak gaindi ditzaten.