Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-12-25 -- 2021.zenb

PSOEren eta EAJren barrenak hobeto ezagutzen diren medio eta analistetatik biziki ondo baloratu da EAEko aurrekontuen inguruan jeltzale eta sozialisten artean lortutako akordioa. Harreman berriaren ibilbidean ematen den beste urrats bat da eta ez nolanahikoa. EAJk Zapateroren Gobernuaren aurrekontuak sostengatu ondoren etorritako erantzuna da, Euskal Y proiektuaren inguruan lortutako akordioak itxi duena. Baina Euskal Herrian azken hilabeteetan ematen ari diren elkarrizketa sakonak ere izango dute zerikusirik akordioan, analistek aditzera ematen dutenagatik, aurrekontu batzuetatik haratago. Zapateroren Gobernua ere seguruenik lasaiago egongo da 2006koari begira. Ez da oharkabean pasatu ezker abertzaletik akordioari egin zaion kritika moldea, garai batzuetako zorroztasunetik oso urruti. Kontua da negoziazioaren hiruki ospetsuan bi erpin akordioak islatzen ari direla gizartera begira, baina ez dela berdin gertatzen ari hirugarren erpinarekiko, edo ez behintzat modu publikoan.


Nafarroako gobernuak euskaltegiekiko duen diru laguntza publikoen politika salatzeko manifestazioa hastear ziren Iruñeko udal plazan hilaren 17an. Arrazoi eta, batez ere, eskubide osoz egindako salaketa. Eta Iruñean gisa honetako irudiak oraindik oso ohikoak badira ere, ez da erraz ohitzen halako bilkurak -eta beste asko- beren tresna guztiekin erasorako prest diren polizia nazionalez inguratuak ikustera.

Kike Amonarriz


Azaroko hiru goizetan bildu ginen ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako euskara irakasleak, Ttakun Euskara Elkarteko, Euskara Zerbitzuko eta Berritzeguneko ordezkariak, Andoni Egaña eta lerro hauek idazten dituena, ahozkotasunaz eta gazteen behar komunikatiboez eta jarrerez hitz egiteko.

Iñaki Arruti, Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuburuaren sarrerak garbi azaldu zuen ikastaroa antolatzeko arrazoi nagusia: «Lasarte-Oriako gazte gehienek euskaraz ikasten dute, baina gehienek ez dute euskara erabili ohi. Gaitasuna ere mugatua dute askok eta ez dira gutxi jarrera axolagabea dutenak eta kontrakoa ere bai hainbatek. Horregatik da garrantzitsua elkarrekin hausnarketa bideratzea, kezkak konpartitzea, eta aurrera begira, bidera daitezkeen ekimen posibleak elkarrekin arakatzea».


Oso ikasle tipologia desberdinak

Ikastaroan bildutako irakasleek hainbat datu eta hausnarketa mahairatu zuten. Horien artean, deigarrienak eta beste herri batzuetako esperientziekin alderatzeko interesgarrienak aipatuko ditugu.

Hasteko eta ezagupenari dagokionez, ikastetxeen eta, kasu batzuetan, baita gelen artean ere, dauden desberdintasun handiak nabarmendu behar dira. Bileretara etorritako Bigarren Hezkuntzako 8 irakasleetatik 3k aitortu zuten, beren ikasleen artean gehienak jatorriz erdaldunak direla eta euskaraz zailtasunez mintzatzen direla. Aitzitik, beste 3k zioten beren ikasle gehienek euskaraz ongi dakitela eta hitz egiteko joera dutela. Gutxiengoa da ordea, maila formalean nahiz kolokialean euskara ongi menderatzen duena; irakasle bakarrak zituen ikasle gehienak tipologia honetan. Gehiago dira euskaraz jakin eta erdarara jotzen dutenak.

Lasarte-Oriako irakasle hauen iritziz, ikasle gehienek, edo ez dakite ondo, edo erabilera formaletan ongi moldatu arren, kolokialean hutsune handiak dituzte.


Ikasleak mutu

Bigarren Hezkuntzan ikasleak mutu hezten dira. Horregatik, inork gutxik jarri zuen zalantzan, hitz egiteko zailtasunei aurre egiteko modurik egokiena ahozkotasuna lantzea denik. Baina hori baieztatu bezain laster, irakasleek teoriatik praktikarako jauzia emateko dituzten zailtasunak nabarmendu zituzten, eta ahozkotasunaren plan osoa landu eta materiala sortu beharra lehenetsi.

Bertaratutako irakasle guztiek adierazi zuten, aldez edo moldez, ahozko frogak egin eta baloratzen dituztela, sistematikoki ez izan arren. Ahozkotasunean sakondu eta adierazkortasunari garrantzia ematekotan, irakasle gehienen ustez, ezinbestekoa litzateke programazioan tarte batzuk sartzea ahozko adierazkortasuna lantzeko, helburuak, eta abar mailakatzea, eta balorazio sistema irizpide argiez adostea, ikasleei helburuak zeintzuk diren jakinaraziz.


Jarrerak nola landu

Jarrerak lantzeko testuliburuek betetzen duten egitekoaren inguruan, berriz, oso iritzi kontrajarriak azaldu ziren -seguruenik, bakoitzak darabiltzan testuliburuen araberakoak-. Nolanahi ere, gehiago izan ziren, testuliburuak ez direla ez egokiak ez motibagarriak defendatzen zutenak, tresna egokiak zirela ziotenak baino, motibazioak eta hausnarketa soziolinguistikoa ez baitira apenas jorratzen testuliburuotan. Horregatik erdiek baino gehiagok, testuliburuek dakartena lantzeaz gain, gai hauek osatu egiten dituztela aitortu zuten.

Garbi geratu zen baita ere, ikasleen artean aldeko jarrera nagusi zela, nahiz eta horien artean gehiago izan erdararako joera dutenak euskaraz aritzen direnak baino. Bestalde, esanguratsua da jarrera epelean edo aurkakoan daudenen kopurua. Bi irakasleren ustez, jarrera horietan dago beren ikasleen erdia edo gehiago, eta beste biren ustez, beren ikasleen %35 inguru.

Ikasleen kontrako jarrera edo jarrera epela eragiten duten faktoreen artean, honako hauek nabarmendu zituzten irakasleek: familia (lehen) hizkuntza, euskaraz hitz egiteko erraztasuna, gizartearen ohiturak (giroa, ereduak), beharrik eza, prestigio falta eta euskararen irudi soziala.

Eta aspektu horiekin batera, baita ideologikoagoak ere; gaur egun euskaldun izatea zer den ez dagoela garbi, euskara abertzaletasunarekin identifikatzen dela, eta identitateak markatzen duela neurri handian euskararen erabilera. Errebeldia ere aipatu zen; errebeldia euskararekiko eta autoritatearekiko.

Lasarte-Orian, jarrerak eta motibazioa hobetze aldera berariaz jorratu diren modulu eta programa berezien balorazio positiboa egin zuten irakasle guztiek, baina eduki horiek guztiak ohiko programazioaren barnean txertatu behar zirela adierazi zuten.

Datu objektibo eta subjektibo horiek azaldu ondoren, beraz, garbi geratu zen, euskalduntze prozesuak aurrerapen nabarmenak egin baditu ere, nabarmenak direla ere, ageri diren hutsuneak. Gaur egun erabiltzen diren testuliburuak, oro har, ez dira oso erabilgarriak hutsune horiek betetzeko eta irakasleak beren kasa moldatzen dira.

Horiek horrela, hausnarketa egunok, aspektu horiek lantzeko abian jarri beharreko lan-prozeduraren hasiera besterik ez direla izan sinestuta bukatu genituen gehienok.

Mikel Asurmendi


18/98 auzia euskal herritarrak inoiz epaitu dituen prozesu handiena da. Haika-Segiren prozesua ezagutu dugu berriki, eta duela 35 urte Burgosko prozesu historikoa ezagutu genuen. Alabaina, 18/98 auzia -Segiren auziaren ezaugarri antzeko batzuk dituena- ezin da inola ere Burgosko prozesuarekin alderatu. Epaiketa hartan akusatuei ETAko militante gisa ekintza armatu batean parte izana leporatzen zitzaien eta horregatik izan ziren epaituak. Oraingoan aldiz, ez da ekintza armatu edo egite kriminal bat epaitzen, ideologia abertzale independentistarekin identifikatzen dituzten hainbat mugimendu sozial eta politiko baizik. Horregatik berarengatik ETArekin lotzen dituztenak: «Bi auziak zeharo ezberdinak dira. Alabaina, Burgosko epaiketa herri honen historian inflexio puntua izan zen, eta hau ere halaxe izatea gustatuko litzaidake», adierazi digu Jose Mari Elosua abokatuak.

Epaiketako fiskala -Haika-Segiren auziko- Enrique Molina da. Sumarioaren instrukzioan Baltasar Garzonekin lankidetzan aritutakoa hasieratik. Epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalaren Madrilgo Casa del Campo areto berezian burutzen ari da iragan azaroaz geroztik.


Zazpi urte pasa behar izan zuten epaiketa hasi orduko, eta epaiketa gutxieneko oinarririk gabe hasi zen. Lagunduko al diguzu auzi honen historia ulertzen eta kokatzen, mesedez.
Sumarioaren lehen agerpena 1998ko maiatz aldean izan zen, orduan egin zen lehen operatibo poliziala. Ikerketa askoz lehenago hasi zen ordea, diligentziak 1997koak baitira. Datu hori operatiboaren berri izatean baieztatu genuen-eta. Sumarioaren oinarria ordea, beste diligentzia batzuetan oinarrituta dago: 75/89 sumarioan. Beraz esan daiteke formalki ere ikerketa 1989an hasi zela. Diligentzia hauek (75/89) Garzonen «almazen» bat dira. Garzoni, iraganean, ETAren inguruko informazioa pilatzea interesgarria iruditu zitzaion, une klabeetan operatibo polizialak abiatu ahal izateko. 18/98 sumarioaren abiapuntua interbentzio telefoniko batzuetan datza. Telefono interbentzio horiek lehen aipaturiko 75/89 diligentzietan erabaki ziren. Beraz, hauek ez badira eransten 18/98 sumariora ezin daiteke ezagutu interbentzioen legalitatea: ondo edo gaizki eginak zeuden, legea errespetatuz edo bortxatuz eginak ziren, eta abar. Hori jakitea behar-beharrezkoa da, gaizki eginak baleude 18/98 prozesu guztia baliogabe gera daitekeelako. Diligentzia horien garrantzia kontuan hartuta, ikerketan zehar defentsak hainbat aldiz eskatua zuen 75/89 diligentziak 18/98 sumariora eransteko. Erantzuna ezetza izan da. Defentsak, epaiketarako ere, diligentzia horiek sumarioari eranstea eskatu du. Baietza jaso dugu, baina ia bi hilabete pasa arren epaiketa hasi zenetik ez dira erantsi.

Frogak eta ikerkuntzaren diligentziak erantsiko diren esperantzarik ba al duzue?
Bai, lehen aipaturiko diligentzia horiek eta defentsak eskatu dituen hainbat froga dokumental ziur asko iritsiko dira, baina berandu erantsiko dira. Eta horiek defentsa eskubideak bermatu ahal izateko derrigorrezkoak dira. Epaiketa hasten denean, froga guztiak tribunalaren eta parte-hartzaile guztien esku egotea ezinbestekoa da. Adibidez, nire defendatu bati jatorriz ETArena den dokumentu bat erabili izana leporatzen bazaio, nik akusatuaren galdeketarako dokumentua behar dut derrigorrez. Akusatuak ematen dizkidan erantzunek baldintzatuko baitute itaunketa guztia. Hori ukatu egin zaigu. Dokumentu horiek gabe egin daitekeen galdeketa guztiz ezberdina da, galdeketa murriztua da. Epaileek dokumentuak ez direla beharrezkoak erantzun digute: «Jarrai ezazue galdeketarekin eta dokumentuak edo dena delako frogak sumarioari eransten zaizkionean ikusiko dugu zer gertatzen den», dioskute. Babes falta nabarmena da.

Zein hitzez barnebilduko zenuke auzi edota epaiketa honen tesia?
Epaiketan Garzonen tesiak eragin du. Epaile honek, sumarioa abiatu aurretik, tesia publiko egin zuen liburu entzutetsu baten hitzaurrean. Epaiketa eta ikerketa hasi orduko honela kaleratu da bere tesia: «ETA fenomeno konplexua da, ez dira bakarrik komando armatuak. Alderdi politikoak eta masa mugimenduak dira, ETA populazio erreferentea da... Hartara, poliziaren norabide bakarreko interpretazio partziala eginez, Garzonek ETAren historia partzial eta subjektibo bat egin du -errealitatearekin bat ez datorrena- eta interpretazio horretaz baliatuz -berari iruditzen zaion modura- sumarioa antolatu. ETA, erakunde armatua izateaz gain, fenomenologia soziala dela dio. Norabide horretan, ETArekin baino ETAren postulatu eta helburuekin ustez bat datozen herri erakunde eta elkarte akusatu hauek -hainbat politikarik ETAren entornotzat jotzen zutenak- orain ETA bera direla dio.


18/98 auzia Garzonen gehiegikeria baten ondorioa dela zabaldu da han-hemenka. Besterik ez?
Hori baino gehiago da, jakina. Faktore asko elkarganatu dira: bat, Garzonen gehiegikeria, protagonismoa eta handinahikeria agerikoa izan da prozesuan nahiz hedabideetan. Bi, "fenomenologia terrorista" zigortzen duen legedia berezia da eta legedi horren interpretazio zabal baten bidez -"ez-legezko" interpretazio zabala- jokabide terrorista tipikoak ez direnak integratzeko aukera ematen du. Hiru, interpretazio hori egiten ari diren Auzitegiak, gainera, Auzitegi bereziak dira, instrumentalizazio politikorako auzitegirik egokienak. Lau, hori horrela izanik, testuinguru politiko zehatz batean abiatzen dira operatiboak -PP Espainiako Gobernuan zela- "mugarik gabeko borroka antiterrorista" gauzatzeko ideiak babes politiko izugarria zegoen testuinguruan... Faktore hauek guztiak, eta ziur aski beste batzuk baliatu dituzte prozesua aurrera eramateko.

Nola baloratzen duzu epaimahaiaren orain arteko lana?
Epaimahaia oso gaizki eramaten ari da epaiketa. Berau osatzen duten hiru magistratuetatik -Angela Murillo, Martinez de Salinas eta Nicolas Poveda- lehen biak dezente samar ezagutzen ditugu. Murillo eta Martinez de Salinas aspaldikoak dira Auzitegi Nazionalean. Poveda berria da, hilabete batzuk besterik ez daramatza, baina, itxura batez, bera da epaiketaren eredua ezartzen ari den magistratua. Presidentea Angela Murillo anderea da, alabaina Poveda da etengabe keinuka ari dena, oharrak pasatzen... Uste osoa daukagu bera dela epaiketaren nondik norakoak bideratzen dituena. Gainera, Poveda zuzenbide prozesal nahiz penalean hasiberria da, eta abokatuok ez dugu epaile jantzitzat jotzen. Tira, beste biak ere ez ditugu ondo jantzitzat jotzen eremu honetan aritzeko. Halaber, Angela ez da orain arte ezagutu dugun epaile bera. Auzitegi Nazionalean izan ditugun harremanetan ez da epaiketa honetan agertzen ari den bezain autoritarioa, atseginagoa baizik, nahiz epaietan bere gogortasuna agerian utzi duen. Epaitegietan ere formak gordetzen badaki eta harrituta gaude bere jokaeraz. Baliteke presionatua izatea bere ahalmen eskasarengatik, zuzenbide prozesala ez baitu ondo menperatzen.

Beste arlo batera etorriz. Zer iritzi duzu epaiketari begiraleak egiten ari zaizkion jarraipenez?
Zoritxarrez begiraleen presentzia oso murritza da, nik neuk arlo horretan egiten ari denaz dezepzio pixka bat badaukat. Nire konbikzioa da berme prozesalen bortxaketa oso nabarmenak ematen ari direla. Hori guztia aditzera emateko pertsona inpartzialak falta direla iruditzen zait. Epaiketan parte hartzen ari garen edonor bortxaketak salatzen baditugu, gure sinesgarritasuna zalantzan jar daiteke. Horregatik prozesua kanpotik ikusiko dutenen presentzia derrigorrezkoa da. Ziur gaude edozein begiralek arrazoi emango digula. Nolanahi ere, epaiketa hasi zenean elkargo katalan bateko ordezkariak egon ziren. Elkargo hori Europako elkarte batean federatuta dago eta talde horren ordezkatzaileak baziren, baita Madrilgo ALAkoak ere (Abokatu Libreen Elkargoa). Hurrengo sesioetan begirale gehiago ere egon da. Hala ere, begirale gehiago behar dugu eta arlo hori lantzen ari gara uneon. Duela egun batzuk Eusko Jaurlaritzan egon ginen, begiraleen presentzia ezinbestekoa dela esatera bertaratu ginen. Lan bera egiten ari gara nazioarteko hainbat forotan: Alemanian, Bruselan... Baina oso zaila da inor ekartzea. Guk geure kasa begirale kualifikatu horiek ekartzea, bidaia eta estantzia ordaintzea oso garestia da. Eusko Jaurlaritzak berak finantzatuko balitu, etor litezke. Hori da Eusko Jaurlaritzari eskatu dioguna. Oraingoz ez dugu erantzun baikorrik jaso.

Argudio juridikorik ezean, epaia aldagai politikoen eraginpean egon daitekeela esaten da. Nola eragin dezake PSOEren Gobernuak erabakian? Auzitegi Nazionalak eragin ahal dezake auziaren bilakaeran?
Bai, noski. Bide organikoak badira hori horrela izateko. Estatuak fiskalaren jarreran eragin dezake, fiskalaren jarrera erabakitzailea da, baina ez guztiz erabakigarria. Fiskaltza organo hierarkikoa da, behekoak goikoari obedientzia zor dio eta fiskaltzaren gorenean dagoen fiskal burua Gobernuak izendatua dagoenez, Gobernuak jardunbidea bideratzeko agindu diezaioke. Honek aukera legala dauka Gobernuaren agindua betearazteko. Baina, uneon, ez Auzitegi Nazionala bakarrik, baizik eta Botere Judizialaren Kontseilua, Auzitegi Gorena eta Auzitegi Konstituzionala PPk Aznarren garaian jarritako «pieza» edo eragile erabakigarriez osatuta daude. Uneon, horiek guztiak "eragile" berebizikoak dira ebazpena emateko orduan. Egoera hau kontuan izanik borondate politikoa ez da nahikoa prozesuaren bukaera nolakoa izango den baldintzatzeko.

Orduan, zerbait aldatu al da PSOE Espainiako Gobernuan egonda edo ezer gutxi?
Prozesu honetan zehar eta orain arte behintzat, ez da Espainiako Gobernuaren jarreran aldaketarik nabarmendu. Fiskaltzak PPren Gobernu garaian zuen jarrera berari eusten dio. Jarrera aldaketarik balego ordea, ezin ahaztu, esan bezala, botere judiziala PPren garaiko "pieza" garrantzizkoez osatua dagoela eta botere honek orain arte erakutsitako jarrera PSOEren borondate politikoari, itxuraz behintzat, muzin egiten diola. Adierazgarri izan daiteke Arnaldo Otegiren aurka egiteko botere judizialak agertu duen grina. Gobernuaren edozein borondate mota erabat zapuztu dezake organo judizialak.

18/98 auziak balizko bake eta normalizazio prozesuan eragin dezake, edo aitzitik, epaiak prozesuan?
Bake prozesuak aurrera egiten badu eta pauso kualitatiboak ematen badira, ez dut zalantzarik, eragin baikorra izango du sumario honen norabidean. Alderantziz, sumario hau ondo edo gaizki bukatzeak ez du eraginik izango ezker abertzaleak bake prozesuarekiko duen jarreran. Ezker abertzaleak bere jomugak beste puntu batzuetan jarriak dituela esango nuke, eta erabakiak ez duela eragingo. Edozein baldintzatan ezker abertzaleak bakearen aldeko apustuari eutsiko dio. Baina hori nire ikuspuntua besterik ez da.

Auzitegi Gorenak Segi "erakunde ez terroristatzat" jo izanari ezarritako helegitea ebatzi behar du oraindik ere. Erabakiak eragingo ote du epaiketa honen erabakian?
Erabakigarria izan daiteke Segiren prozesuan nahiz honetan. Izan ere, Auzitegi Gorenak, besteak beste, borroka armatua praktikatzen ez duten pertsonek elkarte terrorista osa dezaketen edo ez erabaki behar baitu behin betiko. Haika-Segiren auziko epaimahaiak «ez dela erakunde terrorista» ebatzi du, ez dagoela harreman zuzenik ETA eta Segiren artean. Beraz ezin da katalogatu erakunde terrorista bezala. Auzitegi Gorenak lehen instantzian emandako epaia baieztatzen badu eta auzi honetan irakurketa berdina egiten bada, akusazioen larritasunen aurrean pauso bat izango da, baina ez nahikoa. Kriterio hori baieztatzen bada, epaituak diren elkarteak ez dira elkarte terroristatzat hartuko, baina bai ezlegezkotzat. Hori, esan bezala, akusazioen larritasuna kontuan hartuta pauso bat litzateke, baina ez da nahikoa izango, 18/98 sumarioan epaitzen diren elkarte eta talde guztiak eta beren aktibitateak guztiz legitimoak direlako.

Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten alderdi eta gizarte eragileek beste urrats bat eman eta Aberri Egunerako eratua nahiko lukete konponbiderako mahaia. EAJ eta Ezker Batua kenduta, hor dira Lizarra-Garaziko Akordioan ziren indarrak. Oraingoan, aldiz, testuingurua aldatu da eta akordio hau hiruki ezagunean ematen ari den elkarrizketa prozesuaren inguruan ari da itzulinguruka, prozesua Euskal Herriaren ezagutza eta erabaki gaitasunean zentratzeko ahaleginean. Batasunak ere uda hasieran aipatu zuen Bilbon Aberri Egunerako eratua nahiko lukeela alderdien arteko elkarrizketa mahaia. Denak adierazten du, beraz, datozen bizpahiru hilabeteak giltzarri izango direla bai ETA eta Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaia osatze aldera eta, beraz, ondoren osatu beharko litzatekeen alderdien elkarrizketa mahaiari begira. Tartean dago, urtarrilaren amaieran, Batasunaren Bide Eginez prozesuaren bukaera eta ondoren, seguruenik, izango da elkarrizketa prozesuaren egoera zertan den hobeto ikusteko aukerarik.

Azken bospasei urteetan argi ikusi da Estatu espainiarrak ezker abertzaleko gune desberdinen aurka erabilitako zigor ekonomikoaren latigoa. Auzitegi Nazionaletik behin eta berriz eskatutako diru berme guztiz neurriz kanpokoak horren lekuko. 18/98ko auzipetu guztiak epaiketak irauten duen egun guztietan Madrilen mantenduz, Estatua argi ari da erakusten bere autoritatearen klabe errepresiboa, bestela nekez uler daiteke auziperatuekin eramaten ari den politika. Joseba Azkarraga sailburuak jakinarazi du epaiketa bideo konferentziaz egiteko aukera eskatu duela. Baiezkoa keinu bat litzateke, baina orain arteko jarrera ikusita baikortasunerako aukerak ere ez dira handiak.

Daniel Udalaitz


2005eko datu ofizialak argitaratu gabe dauden arren, eskura ditugun beste guztiek finko baieztatzen dute urtez urte ari dela hazten Euskal Herrira datorren turista-kopurua -2001. urteaz geroztik, batik bat- eta, aurreikuspenen arabera, 2005eko ekitaldia are hobea izango dela.

Joan den abuztuko datu ofizialek argi erakusten dute ugaldu egin direla Euskal Autonomia Erkidegoan, hala bidaiarien sarrerak, nola bidaiarien ostatu-gauak. Zifra zehatzetan adierazita, 213.066 bidaiari etorri ziren EAEra, hots, 2004ko hilabete berean baino 18.000 gehiago (%9ko hazkundea, beraz); ostatu-gauetan, berriz, 471.860 erregistro ageri dira; hau da, 2004ko hilabete berean baino 47.000 gehiago (%11ko hazkundea).

2004ko datu ofizial globalei dagokienez, Hego Euskal Herrikoak baino ez dakizkigu oraingoz. Halaz guztiz, Iparraldeko datu batzuk emateko moduan gara: ostatu-gauen kasuan, %2,5 inguruko igoera ageri da 2003ko datuekin konparatuta, eta sei milioitik gorako kopurua ateratzen da guztira. Jakina denez, Ipar Euskal Herriak udan hartzen du turismoa batik bat, nahiz eta berez baduen negozioetako eta jaialdietako turismoa (Biarritzen bereziki) eta orobat sanitarioa (bainuetxeak edo termak) ia urte osoan, Kanbo udalerrian. Orain arteko horiekin batera, landetxeetako turismoa ere gorantz doa, Zuberoan eta neguan, batik bat: Hego Euskal Herriko lagun asko hartzen du lurralde horrek urte-sasoi horretan.


Bi milioi eta erdi turista

2004. urtean, bi milioi turista baino gehiago ageri dira erregistratuak Hego Euskal Herrian: 2.464.789 lagun. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurraldeetako bisitariak 1.750.434 izan ziren hoteletako erregistroen arabera, eta kopuru horri gaineratu beharrekoa da landetxeetako turismoarena: 88.076 lagun. Gainerako turistek (626.279 lagun) Nafarroa bisitatu zuten, eta era guztietako establezimendu turistikoak baliatu zituzten. Datu ofizial horiek, zein Eustaten iturrikoak baitira EAEren kasuan eta Enpleguko Institutu Nazionalak (INEM) emanak Nafarroakoan, adierazten dute ezen iaz %10,4 hazi zela turismoa EAEko hiru lurraldeetan eta %12,3 Nafarroan.

Hego Euskal Herriko bisitari-gehikuntza horrek, ez da dudarik, kontuan hartzeko moduko diru-sarrera eman dio euskal ostalaritzari, eta, aldi berean, enplegua bermatu eta gehitu du. Gaur gaurkoz datu ekonomiko zehatz hori ez dugu ezagutzen, baina, jakinez gero, hobeto ulertuko genuke zeinahi herrialderen ekonomian turismoak zer balio duen. Garrantziaren adierazgarri-edo, esan dezagun ezen turismoak 36.375 milioi euroko diru-sarrera ekarri ziola Espainiari (Hego Euskal Herria barne hartuta) 2004. urtean eta 35.047 milioi eurokoa 2003. urtean.

Turisten jatorriari dagokionez, euskal lurraldeen arteko turismoa dago alde batetik, jakina. Behin kopuru hori kenduta, Espainiako bisitariak ageri dira gailen: EAEn, 1.249.371 lagun, madrildarrak eta katalanak nagusi direla; Nafarroan, berriz, 427.000 lagun. EAEko gainerako 501.000 bisitariak atzerritarrak dira, batik bat Frantziatik eta Erresuma Batutik etorriak. Nafarroan, beste 130.000 lagunak dira turista atzerritarrak.



Gero eta hotel eta landetxe gehiago

Euskal Herrian, urterik urte ari da handitzen turismoko hotelen eta landetxeen eskaintza, eta, ondorioz, arlo horretako enplegua ere bai. Egoera horixe ispilatzen dute EAEko nahiz Nafarroako datuek. Iaz, 1.579 establezimendu turistiko zeuden erregistratuak Hego Euskal Herrian: ostalaritzako 754 establezimendu eta 825 landetxe. Guztira, 47.311 plazako eskaintza zeukaten, eta zuzeneko 4.000 enplegu baino gehiago erregistratu zituzten. Urte berean eta EAEn, 627 establezimendu turistiko zeuden (kopuru horretan, 352 orotariko hotelak ziren), eta 19.232 plazako eskaintza eta 3.461 lagunentzako enplegua. Gainerakoetan, beste 275 establezimendu ageri ziren; hain zuzen ere, landetxeak izenekoak ziren, eta 2.461 plazako eskaintza eta 345 lagunentzako enplegua. Ekitaldi berean, 952 establezimendu turistiko zeuden Nafarroan: kopuru horrek barne hartzen zituen lurraldeko 550 landetxeak eta establezimendu guztien artean 25.618 plaza osatzen zituzten. Batez beste, 1.212 lagunentzako enplegua sortu zuten.

Azpimarratzekoa da iaz zer igoera gertatu zen landetxeetako turismoan. EAEn, 2003an baino 26 establezimendu (landetxe) gehiago ageri dira, eta %10,4ko hazkundea esan nahi du. EAEko hiru lurraldeetan egin du gora landetxeetako turismoaren eskaintzak. Gipuzkoak dauka establezimendu gehien: 129. Bizkaiak 88 dauzka eta Arabak 58. Plazei dagokienez, Gipuzkoak EAEko osoaren %48a eskaintzen du, Bizkaiak %30,8a eta Arabak gainerako %21,2a. Nafarroan, 492 landetxe zeuden 2003. urtean; 2004. urtean, aldiz, 550.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan