Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-12-25 -- 2021.zenb

Katixa Garate


Durangoko ajea pasatakoan

Aurreko urteetan baino jende gutxiago izan da aurten Durangoko Azokan eta horrenbestez aurreko urteetan baino disko, liburu eta bestelako produktu gutxiago saldu da. Baliteke bi zubi egokitu direlako izatea, baina baliteke bestelako arrazoiak egotea tarteko. Auskalo. Dena den, Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteak adierazi duenez, helburua bete dute: "Gure asmoa ez baita urtero errekor matematikoak gainditzea, euskal kulturaren erakustokia eta topalekua antolatzea baizik". Azokaren egunak ikerketa egiteko baliatu ditu Gerediagak, bisitarien profila eta ohiturak ezagutze aldera, baina oraindik ez ditu aurkeztu. Urtarrilean edo otsailean argitaletxe eta diskoetxeekin bilera egingo dute, hurrengo urteko Azoka hobeto antolatzeko. Indartzen segitzeko.

Espai Catalunya Topalekua Donostian

Euskal Herrian bizi diren hainbat katalanek eta Kataluniarekin harreman estua duten hainbat euskaldunek Asociación Spai Catalunya Topalekua elkartea sortu dute. Donostiako Federico García Lorca pasealekuan dute egoitza eta euskaldunen eta katalanen topaleku izan dadin sortu dute. Tarragonan jaiotako Gorka Knörr da elkarteko presidentea, Joxean Larrañaga Urko abeslaria presidenteordea eta Bartzelonan jaiotako eta Donostian bizi den Cristina Lage idazkari eta kudeatzailea. Toni Strubell kazetaria, Txiki Begiristain eta Jose Mari Bakero futbol jokalari ohiak eta Josep Piera medikua dira elkartearen ehun bazkideetako batzuk. Lokala jatetxe kate baten jabe den Via Fora enpresak kudeatuko du. Egoitzak jatetxea eta taberna izango du eta horrez gain, ekitaldi eta bileretarako gelak. Makina bat ekitaldi iragarri dituzte: haurrentzako txokoa, 65 urtetik gorakoen gunea, kontzertuak, katalan eta euskara ikastaroak...

Testuliburuen mailegutza egitasmoa dela-eta, editoreak kexu

Testuliburuak doako izan daitezen, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri nahi duen mailegutza sistema indarrean jartzen bada, sektorearentzat hondamena ekarriko duela adierazi dute Euskadiko Editoreen Elkarteak eta Euskal Editoreen Elkarteak. Doakotasunaren kontra ez daudela esan dute, bai ordea, mailegutza sistemaren kontra, argitaletxetik hasi eta salmenta punturik txikieneraino, kate osoari kalte egingo diola uste baitute. Editoreak kexu dira egitasmoa osatzeko ez direlako behar beste aintzat hartuak izan. Bi alternatiba proposatu dituzte editoreek: familiei laguntza zuzenak ematea eta liburuetan gastatutako dirua errenta aitorpenetik kentzea.

MEM jaialdia Bilbon

Diziplina anitzeko Musica Ex Machina (MEM) nazioarteko jaialdiak ekitaldi andana antolatu ditu Bilbon, laugarren urtez. Abangoardiako musika, dantza, zinema eta bestelako adierazpenei egingo die leku hilaren 30a bitartean, punk espiritua eta teknologia berriak uztartuta, antolatzaileek diotenez. Félix Fernández bideoartista galiziarraren eta Felipe Uribarri pintorearen lanak ikus ahal izango dira Pulimentos del Norte enpresan, Andrés Blasco Ramos Valentziako musikariak eta Annabelle Bonnery dantzari frantsesak kontzertuaren eta performancearen artean dagoen saioa eskainiko dute, soinu ikuskizuna eskainiko du Frantziako Gast Fall taldeak bost automobil erabilita...

Entzun! aldizkariak 10 urte

Musika talde eta bakarlariei egindako elkarrizketak, diskoen aipamenak, musika estiloei buruzko dosierrak, kontzertu kronikak, kontzertuen agenda... eskaintzen ditu bi hilabetean behin kaleratzen den Entzun! euskarazko aldizkariak. Zailtasunak zailtasun, hamar urteko bidea egin du eta sasoiko dago. Horren adibide da kalean den 46. zenbaki mamitsua. Iaz bezala, euskal taldeen bideoklipen bilduma plazaratu du musika bihilabetekariak: Euskal bideoklipen bilduma 2. Besteak beste, Captain Nemo, Lor eta Motorsex taldeen lanak batu dituzte.

Haurrentzako musika

Haurrei zuzendutako disko ugari argitaratu dira azken aldian. Hirusta diskoetxeak abesti tradizionalak biltzen dituen Herri kanta ttikiak kaleratu du. Elkarrek haurren loa laguntzeko Lotarako kantak bilduma eta herri txikietako eskolen festarako apailatu duen Gure mundu txikitik lana plazaratu ditu. Mara-mara diskoetxe berriak Nire gorputza diskoa argitaratu du eta Ereinek Urrezko giltza disko-liburua. Eta gehiago ere badira.

Juan Kruz Lakasta

Ai, hau gauaren zoragarria, Jesus jaio da Baluarten! Ekialdeko Errege Magoek play station-a, mp3-a eta, jakina, corticoleak oparitu dizkiote.

Iruñeko Corte Ingles zabaldu berriak jaiotza paratu du haren eraikinaren aitzinean, Baluarteko plazan. Azalera handiko saltokiaren ekimenak Yolanda Barcina alkate anderearen baimena erdietsi du. Olentzeroren segizioen antolatzaileei, aldiz, udal aginte taldeak hamaika traba jarri dizkie azken hiru urteotan: bermeak, isunak, diru laguntzarik eza.

Baluarte kultur gunea zein haren aitzineko plaza Patxi Mangado arkitektoak diseinaturikoak dira. Lanok oso eztabaidatuak izan dira, besteak beste, Mangadok adierazi zuelako ez zuela plaza herritarrek erabiltzerik nahi, plaza hutsik nahi zuela eraikinaren azpimarra moduan. Horrexegatik baliatu zuen zoladura gisara galtzada-harri lakarra: ezerosoa izan zedin, inork ez zezan zapal. Neroni hori guztiori arkitektoaren handinahikeria begitantzen zait. Plazak, berez, izatez, herritarren topaleku dira eta behar dute izan. Halere, krudelkeria iruditzen zait Mangadoren nahia hori izanda, haren enparantza Cortylandia bilakatzea, Corte Inglesen haurren adoktrinazio gune karrankari. Krudelkeria Mangadorentzat, eta adar jotzea gainontzeko iruindarrontzat, herritar guztion plaza publikoa erakunde pribatu baten esku utzi baitute, haren erabilpen guztiz interesatua egin dezan.

Egunotan, arratsaldero, ehunka lagun hurbiltzen dira Corte Inglesen jaiotzara. Iruñeko gizarte mugimenduen indarra mitifikaturik dutenek pentsa lezakete protesta egiteko dela. Tamalez, ez da hala. Ez dira betiko garai onenak. Iruindarrok haien seme-alabak jaiotzaren aurrera eramaten dituzte, Corte Inglesek haurtxoon burmuin osatugabeetan betiko graba ditzan mantra kontsumistak: "Cortylandia vamos todos a jugar, Cortylandia alegria en todo el mundo, Cortylandia lalalalala la Navidad...". Haurrak, gurasoak ez bezala, azkarrak dira. Berehala barneratzen dute irakaspena: Eguberriak=Erosketak Corte Inglesen. Gero, umeak Alde Zaharreko karriketan ikusten dituzu, lelo kontsumistak uluka errepikatzen begirada aztoragarri batez, Village of the damned pelikulako haur albino ikaragarri haiek balira bezala: "Cortylandia lalalalalalal!". Epaileek haur guztion gurasoei seme-alaben gaineko agintea kendu beharko liekete.

Egun Corte Inglesena den orubea garai batean zerbitzuetarako orubea zen, hirigintza planaren arabera. Han zen egitekoa Nafarroako Liburutegi Nagusia. Baina, izendapena aldatuta, Udalak Corte Inglesi saldu zion. Orubearen enkantean Isidoro Alvarezen enpresak besterik ez zuen parte hartu. Metro koadro bakoitzeko, 106.000 pezeta ordaindu zituen, nahiz eta Iruñeko erdigunean erabilpen komertzialerako metro koadroa batez beste 700.000 pezetan ordaintzen ari zen. Lur sailak 26.000 koadro zituen. Eraikinak hirigintza planak baimendurikoa baino solairu bat gehiago dauka. Baimenik gabe, lur publikoan egin dituzte lurrazpiko aparkalekurako sarrera maldak. Adituen ikerketen arabera, Corte Inglesen ondorioz Iruñeko denda ertain eta txikiak 130.000 milioi irabaztetik 100.000 milioiko etekinak izatera pasako dira. Horren ondorioz, 500 denda itxiko dituzte, eta 1.800 lanpostu desagertuko dira.

Ustel kiratsa sekulakoa da. Baina ez dirudi inor jabetzen denik. Edo, behintzat, ez dirudi inori axola zaionik. Gazte iruindar kementsu zenbaitek Corte Inglesen aurkako protestaldietara deitu dute, baina lau katuk besterik ez dute haietan parte hartu. Besteok Gazte Solairuan egonen ziren. Edo Koprofagia eskaintza bereziak profitatzen. Borrokarik garrantzitsuena irabazten ari dira: eguneroko bizimoduarena. Eta ez gara jabetzen ari. Ez zaigu axola. Gure jateko modua, edatekoa, zinemara joatekoa, parranda egitekoa, lagunekin egotekoa, besteekin harremanak izatekoa aldatzen ari da, aldarazten ari dira. Eta ez gara deus egiten ari.

Haiek, aldiz, bai, badakite borroka garrantzitsua, erabakigarria jokatzen ari dela, eta sekulakoak eta bi egiten ari dira irabazi ahal izateko. Auzo bizietako dinamika ezerosoak hiltzeko. Elkartasun sareak sortzen dituen bizimodua zapuzteko. Herritar kontsumista otzanak lortzeko. Azken urteotan, Iruñerrian, azalera handiko saltokiak bata bestearen atzetik zabaldu dituzte. Corte Ingles egin aurretik, Nafarroako Merkataritza Ganbarak zioen Foru Erkidegoan bazirela milioi bat herritarren beharrak asetzeko aski merkataritza gune erraldoi. Eta erresuma zaharrean milioi erdi lagun besterik ez gara bizi. Hori bai, iduriko luke milioi batek adina kontsumitzeko prest gaudela. Badakit idazki panfletario samarra atera zaidala. Kontua da kiskalita nagoela. Beraz, amaiera, are panfletarioagoa izanen da: zutik lurrean kondenatu zaren... Dedio, ezin oroitu nola segitzen duen. Mantra buruan sartuta daukat: Cortylandia lalalalalala!

Jon Enparantza

Urrunduak, sakabanatuak eta atzerriratuak ditugu euskal preso politikoak: 674 euskal herritar 88 kartzeletan. 674 ziega Euskal Herritik, batez beste, 724 kilometrora. Deportatuak bestalde, haietatik %2,2 baizik ez baita gure herrian aurkitzen.

Atzera pausoa kartzeletan. Komunikatzeko oztopoak, are euskaraz denean. Munduko edozein ikaslek EHUn ikasteko aukera du eta euskal presoei debekatzen zaie. Osasun asistentzia txantaje hutsa. Erredentzioak eta baldintzapeko askatasuna, legezko bahiketa. Bizi-arteko zigorra indarrean.

Senideak mugarik gabe presionatzen dira. Etxekoa giltzapean ikusteaz gain, hilero, batez beste, 1.728 eurokoa da gastua; aurten, 72 senide eta lagunek 28 istripu larri izan dituzte. Azken bi urteotako 5 hildakoak kartzela politikak hil ditu. 20 dira hildako presoak eta 16 senitartekoak «bergizarteratze» eta sakabanaketa politiken ondorioz.

Mendeku soila ez da. Mendekua bada, ezinak, inpotentziak, zeken eta anker jokatzera bultzatzen dituenean. Senideak umiliatu edo baraualdi betean, funtzionarioak egunero bon apetit esatean. Baina hau, estatu politika planifikatua da. Sufrimenduan oinarritua.

Askatasuna da tribunalek murriztu dezaketena. Aldiz, beste eskubide guztiak zanpatu eta urratzen ditu kartzela politikak. Edozein egoera politikotan, zuzenbidezko estatuaren itzalean errespetatu beharrekoak urratzen dira, gatazkaren aldeko apustua egiten delako. Presoen izaera politikoa ukatuz, gatazkaren izaera politikoa ere lausotu nahi delako. Eta presoak erasotuz mugimendu abertzalea kateatu.

Presoekiko jazarpen bereziaren erakusle dira datuok, haien izaera agerian uzten duena, eta sobera gogor eta onartezin den errealitate arruntari gehigarri. Koste humano izugarriaren alboan aldiz, porrota dute emaitza. Helburu politikoetan porrot egin dutelako.

Dagozkien eskubideen jabe Euskal Herrira lehenbailehen ekar daitezen aldarrikatu dute presoek, beren estatus politikoa ezagutuz. Hala egin berri dugu Ibaetako foroan bildu garen hainbat eta hainbat agente sozial eta politikok.

Kartzela politika errotik aldatu beharra dute. Edozein kasutan, baina areago, konflikto politikoari prozesu demokratiko batetik heldu nahi bazaio. Dagozkien eskubideak errespetatu eta euskal herritar guztiekin batera balizko prozesuan parte hartzeko aukera eta askatasuna bermatu behar dute. Kartzela politika konfliktoaren parametroetatik at kokatu eta euskal presoak instrumentalizatzeari utzi.

Atzera pausoa diogu, ordea. Inboluzioa Espainian eta Frantzian. Zergatia da sakon aztertu beharko genukeena. Iraganeko politikaren segida soila? PP lasai izateko ala etorkizunari begirako aurreikuspena? Konponbidean aurrera joan ahala presoen bidez prozesua bera baldintzatu asmotan? Eta Frantzia, probokatzen eta egoera berriaren aurrean kokatzen?

Gobernuek halako bahitu poltsa bat egiteko tentaldia izan lezakete, euskal gizarteak oso gertutik jarraitu beharko duena ordea. Izan ere, konponbide prozesua gorputza hartzen joango den heinean, jakin behar baitute preso guztiek etxerako bidea hartuko dutela. Marko berri batean, inposaketarako tresneria judizial eta polizial guztia desaktibatuta, amnistia eman beharko delako.

Edozein gisaz, azken 30 urteotan aldaketa politikoa eragiteko protagonista izan direnei ahotsa ematea ezinbestekoa da. Prozesu politikoaren aktibo bat izan nahi duela esan du EPPKk, ez dela prozesuari begirako zama bilakatuko. Eta, arrazoiak sobera izan arren, aurrebaldintzarik ez du jarri.

Herrietan, kalean presoen eskubideen alde indarrak biltzea, presioa goratzea oso inportantea da une politiko honetan. Presoen egoera ez da inongo mahaian konponduko herri presiorik nahikoa ez badago. Presio sozial eta politiko gorena egin beharra dago, haien eskubideen alde aritzea, konfliktoaren soluzioaren alde lan egitea baita. Kartzela politika bertan behera geratu eta presoen eskubide guztiak bermatu behar dira, ezinbestez.

Ziega zuloko isiltasunera kondenatu dituzte. Haien ahotsa entzun behar dugu euskal gizartearen ahotsarekin bat eginez.

Joxemari Iturralde

Ez dakit nork egin dituen halako zenbaketa bitxiak, baina irakurri berri dut orain bertan badirela munduan hamabost erlijio ezberdin. Eta hamabost erlijio nagusi horiek badituztela hainbat bariante edo aldaera munduan zehar barreiatuta. Aldi berean, aldaera erlijioso horiek bereizi egiten omen dira, ibai zabalak hainbeste ibaitxo edo errekatan egin ohi duen modura segidan beste hainbeste ubide edo ur korronte txikiago osatzeko, hainbat sinesmen, errito edo ohitura ezberdinetan txertatuta amaitzeko. Jakina denez hemendik hainbeste gerra, txikizio, istilu, liskar eta haserre bizi sortu dira mendeetan zehar, beti ere norbaitek uste zuelako bere erlijio hori auzokoarena baino hobea zela, bere jainkoa aldamenekoarena baino jainkoago zela eta, beraz, bide txarretik atera eta bide onera ekarri beharrean zegoela hain galdurik zebilen arima erratu hori. Hau horrela betidanik izan da eta, beldur naiz, urte edo mende mordo batean horrela izaten jarraituko duela dirudi.

Azkenaldi honetan Espainiako estatuan kristoren istiluak -eta agian inoiz baino zilegiago izan daiteke orain esamolde hori hemen erabiltzea- ari dira erlijioa gora eta erlijioa behera, bereziki ikastetxeetan izan behar duen leku eta garrantziaz mintzatzerakoan. Eliza eta eskuinekoak batetik eta besteak bestetik jo eta fuego ari dira nor aterako den irabazle. Azken inkestek diote, gainera, Euskadin eta Katalunian gero eta gazte gutxiagok ikasten duela Erlijioa, asignatura moduan, ikastetxeetan. Badirudi hemen ia inork ez duela horrelako gauzarik estudiatu nahi. Esan beharrik ere ez dago, hemen Erlijioaz eztabaidatzen dutenean esan nahi da erlijio katolikoaz ari direla, Erroman bizi den aita santuari obeditzen dion horri buruz. (Lehengo batean irratian eztabaidatzen zuten ea zergatik kontu horietan sinesten ez duen batek deitu behar dion "aita santua" beste lekuetan "papa" edo "pope" deitzen zaion pertsonari horri, kontuan izanda askorentzat santu baino beste edozein gauza seguruago izango denean. Eta proposatzen zuen euskaraz beste izen bat asmatzea Erromako pertsonaia horrentzat).

Europako iparraldetik lagun eta ezagun batzuk etorri zaizkit bisitan herrira. Zine munduan daude sartuta eta horietako bat, zine zuzendari daniarra eta hona inoiz etorri gabea, harrituta geratu da hemen omen dugun maila altuarekin. Eta hori esatean orokorrean ari zen, bizi-kalitatea, kultura maila, hizkuntzekiko begiramena... Hurrengo egunean bazkaltzeko bildu gara Tolosako jatetxe batean beste zine zuzendari horietako bat, Bernardo Atxaga eta hirurok. Gai sakonetan murgildu baino lehen hiruron familiei egin diegu errepaso txiki bat eta ikusi dugu denok dauzkagula adin ezberdineko alabak, denak zerbait ikasten. Orduan esan digu zine zuzendari horrek bere alaba zaharrena unibertsitatean estudiatzen ari den karrera zein den. Oso modan omen dago gainera Europako iparraldean karrera hori eta laster batean zabalduko omen da guregana: Erlijioa! Atxagak eta biok ezin harrituago begiratu diogu elkarri pentsatuz gure artean: "Horixe bai ederra! Gure alaba, moja!" Berehalaxe argitu digu ordea gure lagunak alaba ez zaiola moja sartu, eta ez duela sartzeko asmorik ere. Erlijio karrera horrek etorkizun handia omen dauka, bereziki politikagintzarekin lotuta, beste kulturetatik datozen munduak hobe ulertzearren. Jende asko kolokatzen omen da gobernu eta parlamentuetan, aholkulari eta aditu gisa, beste nazioekin harremanetan aritzeko, nazioarteko erakundetan lan egiteko...

"Zuek lasai -esan digu azkenik gure lagunak- moda hori hona ere berehalaxe etorriko da eta! Ikusiko duzue". Atxaga eta biok isilik geratu gara pentsatzen ea moda berri horrek gure alabak harrapatuko dituen ala ez unibertsitatera joateko unea iristen zaienean.

Imanol Alvarez

Elizari buruz luzaroan berriro ez idazteko agindua eman nion nire buruari, bestela gai bakarreko obsesoaren irudia emateko arrisku bizian nengoke eta. Alferrik! Errua, halere, ez da erabat nirea, zentzugabeko gurpil zoroan gero eta abiadura handiagoan -aldapan behera, esan ohi denez- doan elizaren hierarkiarena baizik.

Ezaguna da elizgizonen -eta emakumeen, paradoxikoa gerta badaiteke ere- misoginia, hala nola beraien sexufobia. Hegoaldeko bikote legeak eta Madrilen umeak adoptatu zein ezkontzeko eskubidea onartzearen ondorioz, eliza katolikoak egin duen burrunbak nahiko agerian utzi du eliza ofizialaren homofobia ere norainokoa den.

Kontu horiek guztiak, zenbaiti beste denbora batekoak eta barregarri iruditu arren, duda barik txiki gelditu dira azken boutadearen berri izan eta gero: eliza katolikoak, beraren marka guztiak hautsiz, gay direnak apaiztegietan ez onartzea erabaki berri du.

Egia esan, horren argi eta ozenki esatera ausartuko ez zirela uste banuen ere, ez nau gehiegi harritu, ondo baino hobeto ezagutzen bainuen Ratzingerren pentsamoldea, besteak beste, Fedearen Dotrinarako Kongregazioko -antzinako Inkisizioaren gaur egungo izena- buru izan den urte mordoan erakutsitakoagatik. Erakunde hori temati ibili da beti gayon kontra. Adibidez, "homosexualok" ez genukeela irakasle edota kirol monitore izan behar esan zuela gogoratzea baino ez dugu.

Haien gutxi gorabeherako esanetan, sexu aferetarako gizonezkoak nahiago dituen gizonak ez dauzka bi sexuetako lagunekin aritzeko beharrezkoak diren heldutasun eta oreka emozionala. Nire galdera da, emakumezkoak nahiago dituenak ba al ditu bi sexuetako lagunekin aritzeko beharrezko diren heldutasun eta oreka horiek? Are gehiago, ustez inolako esperientzia sexualik ez omen daukanak heldutasun eta oreka horiek edukitzea posible al da?

Beste zalantza bat ere badaukat, ustez batere sexualitaterik ez daukana, nola jakingo ote dute gay den ala ez?

Ageriko zentzugabekeria hori lau haizetara eta harro esateko zertan oinarritzen diren jakin gura nuke. Gainera, boutadea ez da hor amaitzen. Geroago komentatzen dute, infinituki miserikordiosoak direnez-edo, ustezko gayak apaiztegian onartuak izan daitezkeela, beti ere ondoko hiru baldintzok betez gero.

1. Ezin dute homosexualitatea praktikatu eta "arazoa" gaindituta eduki behar dute gutxienez hiru urte lehenagotik -heterosexualitatea praktika al dezakete?-.

2. Ezin dute izan sakonean erroturiko joera homosexualik -zer ote da hori? Lumaz ari badira, zozoak beleari ipurbeltz, gona eta pamela horiekin!-.

3. Ezin diote gay kultura delakoari lagundu (?).

Edozelan ere, norbere aukera sexualaz galdetze hutsa debekatzen da indarrean dagoen legerian eta, areago, horren arabera inor diskriminatzea. Berriz ere, enegarren aldiz, elizak legea hausten du eta, dirudienez, fiskal nagusiak ez dauka inolako asmorik auzipean jartzeko.

Astakeria nolabait justifikatu nahian plazaratutako testuan pertsona homosexualak begirunez eta sentiberatasunez onartu behar direla esaten dute eta diskriminazio injustu oro saihestu behar direla. Hor dago gakoa: diskriminazio batzuk, antza, justuak izan daitezke. Haiek dira, noski, zeintzuk bai eta zeintzuk ez erabakitzen dutenak. Bai azal lodia, gero!

Aitortu beharrean gaude, halere, honela dena askoz hobeto ulertzen dela. Azken batean, Katiximak argi baino argiago esaten baldin badu gerra eta heriotza-zigorra onargarriak izan daitezkeela kasu batzuetan, nola ez da izango zilegi, bada, diskriminazio ñimiño bat. Azken batean diskriminazioz ez da inor hiltzen, kalte kolateralez ez bada, jakina.

Hasieran aipatu bezala, esan gabe doa eliza beti ibili dela garaiz kanpo, garaian baino dezente atzerago esan nahi dut, aurrerapen zientifiko zein sozial guztien kontra ekin duelarik. Zeruarekin eta infernuarekin batera beraiek asmaturiko linboa, egunetako hausnarketa sakonen ondorioz, dagoeneko ez dela existitzen erabaki dutelako izango ez balitz, lasai eta erraz asko amaituko nuke nire artikulutxoa elizgizonak linboan daudela esanez. Orain ezin.

Hau frustrazioa! Hau kezka transzendentala! Nora joango ote dira hemendik aurrera inolako errurik gabe bataiatu barik hiltzen diren umeak? Non ote daude gure elizgizonak bezala ezer gutxiz enteratzen ez direnak?

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan