Katixa Garate
Gospel egunak
Gabonak gertu dira eta urtero bezala, egunotan, gospel musika entzuteko abagunea izango da herri ugaritan. Donostiako Kursaal jauregian, abenduaren 16tik 18ra egingo dira Gabonetako VII. Gospel Kontzertuak eta Brown Sisters, The Black Heritage Choir: The Sound of Gospel eta The New York Concert Choir abesbatzek eskainiko dituzte emanaldiak. Azken bi talde horiek Iruñeko Baluarten ere entzun ahal izango dira abenduaren 20tik 22ra bitartean, Northern Kentucky Brotherhood Singers taldearekin batera. Bilbon, Barakaldon eta Irunen gospel kontzertu gehiago izango da.
Animalien eskulturak Bilbon
Zapelatzak, zaldiak, katuak, kanguroak, errinozeronteak... Askotariko animalien eskulturak ikus daitezke Bilboko BBK erakusketa areto nagusian, urtarrilaren 17a arte. XX. mendeko berrogeita hamar artisten lanak jarri dituzte XX. mendeko arka erakusketan. Picasso, César, Dalí, Giacometti, Arp, Owczarek, Fiori eta Miró artistenak, esaterako. Materialei dagokienez, buztinez, egurrez, harriz, burdinaz eta brontzez eginiko piezak daude. Erakusketan dauden eskulturek gutxi dute errealistatik, forma eta bolumenekin egiten dute jolas.
Arabako komikilariak Interneten
www.crashcomic.com webgunea aurkeztu dute Atiza marrazkilari elkarteak eta Gasteizko Crash Comic jaialdiak, azken hogeita bost urteetan Araban komikigintzaren inguruan egindako lana biltzeko asmoz. Bertan Arabako hogei komikilariren informazioa (Alvarez Rabo, Mauro Entrialgo, Mikel Valverde, Santi Orue, Pirata...), eta, batzuk desagertu diren arren, urteotan lan eskerga egindako argitaletxe (Ikusager, Saure...), aldizkari (
Araba Saudita,
Octopus,
TMEO, eta komiki denden (Totem, Zuloa...) erreferentziak bildu dituzte. Dokumentatuta gera daitezen.
Juan Mari Lekuonari, agur
Juan Mari Lekuona poeta, ikertzaile, apaiz eta euskaltzalea pasa den abenduaren 5ean zendu zen Donostian, 78 urte zituela. Manuel Lekuona ahozko tradizioaren ikerlari ospetsuaren iloba zenak letretarako zaletasuna agertu zuen gazte zela eta hari eutsi zion bizi osoan. XX. mendeko euskal poeta nabarmenetakoa dugu. 1966an Mindura gaur lehen poema liburua argitaratu zuen, poesia existentzial-sozialean sakonduz eta gerora beste hiru poemategi plazaratu zituen. Hala, 1979an eta 1990ean Euskadi saria jaso zuen. Saiakerak eta biografiak ere idatzi zituen Deustuko Unibertsitatean irakasle aritutako eta Euskaltzaindiako Literatura Batzordeko arduradun izandako euskaltzain osoak.
www.nabarra.com
Nabarra kultura eta gizarte hilabetekariak
webgunea paratu du sarean. Aldizkariaren eduki batzuk irakur daitezke bertan. Hilabetekariko albiste, erreportaje eta elkarrizketa guztiak irakurtzeko, ordea, aldizkariaren harpidedun izan behar da. Aurrera begira, atal berriak gehitu nahi dizkiote webguneari
Nabarrako arduradunek, besteak beste, paperean argitaratu ez dituzten iritzi eta erreportajeak, foroa, kultur ekitaldien agenda...
Ortzai antzerki eskola.
Antzerki Eskola zabaldu du Iker Ortiz de Zarate aktoreak Gasteizen. Urtetan Ingalaterra eta Espainian arte dramatikoa ikasten eta aktore lanetan aritu da eta Euskal Herrian antzerkia ikasteko aukera gutxi dagoela-eta, Ortzai sortu du. Interpretazioa, ahotsa, mugimendua eta antzerkiaren historia ikasten dituzte Ortzaiko ikasleek.
Jon Maia Soriak Riomundo eleberria plazaratu du Txalapartaren eskutik. Euskal Herrira lan egin eta bizitzera etorritako bere familiaren historia kontatu du nobelan, soriatarrena. 1936ko Gerratik hasi eta 80ko hamarkada bitarte.
Txalo antzerki taldearen Erreleboa antzezlanak irabazi du aurtengo Azpeitiko Antzerki Topaketen saria. Ernesto Caballerok idatzitako Erreleboako rol nagusiak Iker Galarza eta Joseba Usabiaga aktore gazteek jokatzen dituzte, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. 1985ean soldaduska Algecirasen egin zuten bi gazte euskaldunen istorioa da.
Skalariak talde nafarrak bosgarren diskoa du kalean: Luz rebelde (BOA). 60ko eta 70eko hamarkadetako ska doinuak, folka eta punka entzun daitezke bertan. Abenduaren 22an Txilera joango dira diskoa zuzenean aurkeztera.
Gotzon Hermosillak Ramones, familia maitagarria liburua plazaratu du Gaztelupeko hotsak diskoetxearen Bosgarren haria bildumaren baitan. Jon Eskisabel, Asier Leoz eta Paddy Rekaldek Itoiz, hari xingle bat, Public Enemy beltzegi, indartsuegi eta The Clash, punk, rock'n'roll & reggae matxinada plazaratu dituzte, hurrenez hurren. Musika taldeez euskaraz ere irakurri ahal izateko.
Alex de la Iglesia film berria errodatzen hasiko da udaberrian, Oxforden (Ingalaterra). Guillermo Martínezen Los crimenes de Oxford (Oxfordeko hilketak) nobela egokituko du pantaila handirako.
Xabier Montoiak azken hogei urteetan idatzitako hainbat poema berridatzi eta bildu ditu Bingo (Pamiela) poesia liburuan. Anfetamiña lehen liburutik hasi eta argitaratu gabeko Udazkena Berlinen sortarainokoak.
Pablo Sánchez aktoreak honakoa esan zion Diario de Noticias de Navarrari: «Nafarroa estreinaldien herria da. Dozena bat emanaldira iristen ez diren obra ugari estreinatzen dira. Energia asko eta oso ona dago, baina ez dut argi ondo bideraturik dagoenik».
Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Pedro Pablo Arrinda Gerediagako kideak Garan: «Urtero argi gelditzen da gero eta liburu gehiago argitaratzen direla euskaraz. Hala ere, galdetzekoa da zer-nolako eragina daukan irakurleengan datu horrek, hau da, zenbatek irakurtzen dute erositako liburua? Durango ez al da bihurtu, besterik gabe, marketina egiteko erakustoki aproposa hedabideen eraginagatik?».
Claude Iruretagoiena Berrian: «Euskal dantzak ez du berritu beharrik. Gauza zaharrak zahar geldituko dira, hori ondarea deitzen da. Eta gauza berriak sortuko dira, sortu behar badira. Nik ez dut dantza tradizionala dantzatzen duen bati dantza garaikidea dantzarazteko pretentsiorik. Beharbada, izatekoz, bere dantza beste era batez adierazteko pistak emanen dizkiot».
Carlos Gilek kritikariez Berrian: «Faxista asko dago ezkutupean. Hildako kultura bat nahi dutenak, hildako gizartea nahi dutena. Antzerki eskasa nahi dute, jendea antzerkira joatea barre egitera bakarrik, eta hemen ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzea, eta kritika ez egotea, eta Eusko Jaurlaritzak primeran egiten duela esatea, denok bizi garelako Jaurlaritzaren bularretik.».