Unai Brea
David barbero kazetari eta dramaturgoak antzezlanez besterik ere idazten du, eta ez soilik ETBn duen lanaren kariaz. Bera da, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako arte eszeniko eskola ofiziala eskatzen duen agiri baten egilea. Baina Barbero ez dabil bakarrik, aldarrikapenak antzerki munduko kide askoren babesa dauka eta: "Denbora luzea da talde bat eskola hori eskatzen dabilela; funtsean aktore, zuzendari, egile eta teknikari elkarteetako ordezkariak gara. Banako batzuk batu zaizkigu, eta baita antzerki eskola pribatu batzuk ere, beste batzuk eskariarekin guztiz bat ez datozen arren".
Arte eszeniko eskola da izena, eta adjektiboak goi mailako eta ofizial. Garrantzitsua da horien esangura azaltzea, Barberoren iritziz: "Ofizial izateak ikasketa horiek aitorpena izatea esan nahi du, titulu bat alegia, maila bertsuko ikasketek dutenaren parekoa. Eta goi mailakoa diogunean, eskola horrek unibertsitate mailako tituluaren baliokidea eman behar lukeela esan nahi dugu". Batzuek uste dute eskola horrek unibertsitate barruan egon behar lukeela, eta beste batzuek ez, baina denek diote lehentasunezkoa dela.
Pribatuak ez omen dira nahikoa
"Begi bistakoa da antzerki eskola ofiziala behar dela -dio Ttanttaka konpainiako zuzendari Fernando Bernuesek-; inork ez luke pentsatuko kazetaritza edo biologia eskolak egin behar ez direnik. Antzezpena, zuzendaritza eta abar ere lanbide dira, beraz ez da normala horietarako goi mailako eskolarik ez egotea". Euskal Herrian badira antzerki eskola pribatuak -Bernues bera zuzendaritzako kidea da Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean-, baina horiek ezin dituzte ase sektoreak dituen premiak, eskola ofiziala eskatzen dutenen esanetan.
Ricardo Padilla Nexo Teatro konpainiako zuzendaria eta Bilbon eratu den antzerki talde plataformako bozeramaleetako bat da. Haren ustez, "egia da eskola batzuek hutsune bat betetzen dutela, baina haiek ere ez daukate bitartekorik benetako arte dramatiko ikastetxe bat sortzeko: ikasle asko har dezakeen ikastetxe bat, gaur egun Europako joerekin bat datozen irakasleekin. Eskola pribatu horien lana txalogarria da, baina maila batera arteko hezkuntza baino ezin dute eskaini. Gero, gehiago ikasi gura duenak Madrilera edo Bartzelonara alde egin behar du". Padillak aipatu "erbestea" da eskola ofiziala eskatzen dutenen argudio sendoetako bat. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Bordelerainokoa da erbeste hori.
Ospe kontuak
Aktore izan nahi duen euskal herritar askok jotzen du kanpora, hemen ez dagoen aitortza ofizialaren bila. Antzerki munduan denak datoz bat tituluek ez dutela hain garrantzi handia lan egiteko orduan, baina bai ikasle baten prestakuntza maila aitortzerakoan. "Guk badakigu kalitatezko eskola baten irudia ematen dugula -azaldu digu Fuen Onrubiak, Nafarroako Antzerki Eskolako (NAE) zuzendari akademikoak- baina titulu ezaren oztopoa daukagu; ez da berdin hemen ikastea edo Madrilgo RESADen, esaterako".
NAE hogeigarren urteurrena ospatzen ari da orain, eta 48 ikasle dauzka araututako irakaskuntzako hiru mailetan. "LOGSEren arabera egindako ikasketa-plana daukagu", diosku Onrubiak. Aspaldi eskatu zioten Nafarroako Gobernuari eskola ofizial bihurtzea, baina orain arte ez dute nahi hori bete.
Ofizialtasunerako baldintzak
Nafarroako Hezkuntza Sailaren ustez, ordea, NAEk ez ditu ofizialtasuna eskuratzeko baldintzak betetzen. Baldintza horiek, gaur egun, LOGSEk ezartzen ditu, eta onartzeko zorian den Espainiako hezkuntza lege berriak ez du aldaketarik ekarriko alde horretatik. Besteak beste, lau urteko ikasketak eman behar dira, eta gutxienez 90 ikasle eduki. Gainera, hiru adar desberdinetako ikasketak eskaini behar ditu titulu ofizialak eman nahi dituen ikastetxeak: Eszena Zuzendaritza eta Dramaturgia, Eszenografia eta Antzezpena. Gaur egun, Nafarroako Antzerki Eskolak, Euskal Herriko gehienek bezala, antzezpena baino ez du jorratzen. Gainerakoan, hutsunea eskerga da.
Getxoko Antzerki Eskola da hutsune hori zertxobait betetzen duen eskoletako bat, antzezpenaz gain argiztapen eta soinu teknikariak ere hezten baititu. "Alde horretatik oso onuragarria izango litzateke eskola ofiziala, antzezpenetik kanpo ia ezer ez baitago", dio Aintza Uriarte bertako zuzendaritzako kideak, "baina gainerakoan ez nago hain seguru. Beharrezkoa dela? Ez da baztergarria, jakina, baina zalantzak dauzkat une egokian gaudenik ere. Saiakerak izan dira -80ko hamarkadaren hasieran Donostian sei urtez jardun zuen Antzerti eskolaz ari da Uriarte-, baina porrot egin dute. Edozelan, Eusko Jaurlaritzaren esku dago eskola ofiziala sortzea".
"Bestelako lehentasunak"
Uriarteren berbetan, eskola ofizialaren proiektua badago Jaurlaritzaren Kultura Saileko plangintzan, eta haiei dagokie hori gauzatzeko momentua hautatzea. Alabaina, Kultura Sailaren asmoek ez omen dute horrenbesteko garrantzia, Hezkuntzari baitagokio eskolak sortzea. Eta sail horretako iturriek gehiegi sakondu gabe adierazi digutenez, une honetan bestelako lehentasunak daude.
Eskola ofizialaren sorrerak kalte egingo lieke eskola pribatuei? Ez luke hala izan behar, gurekin hitz egin duten gehienen ustez. Madril eta Bartzelonako adibideei so egitea aski da horretaz jabetzeko, David Barberok agertu duenez: "Han aspaldidanik daude eskola ofizialak, eta pribatuak ez dira horregatik desagertu. Aitzitik, eskola pribatuek ematen dute ofizialetan sartzeko behar den prestakuntza berezia. Eskola ofiziala sortzeak, zerbait eragitekotan, pribatuek beste bide batzuk jorratzea eragingo luke".
Pilar Iparragirre
Zer eskaintzen duzue lan honetan?
Euskal Herriko hezkuntzaren, ikasleriaren eta ikasle mugimenduaren historia. Esan liteke, halaber, kronika liburua ere badela, hainbat eta hainbat ikasle belaunaldiren ametsen eta ekintzen berri ematen duen heinean.
Nortzuk izan dira euskal ikasleak?
Urtetan, euskal burgesiaren seme-alabak, gurasoen negozioak kudeatzeko beharrezko ezagutzak eskuratzearren kolegio pribatu eta unibertsitateetara bidaliak izaten zirenak. Ikasiak ziren, baita ere, funtzionari, mediku eta abokatuak nahiz ospe handiko eta poltsa handiagoko sektore sozialak. Azkenik, garaiko hezkuntza sistemak egituratu eta orokortu zirenean, ikasle sartu ziren euskal langileen seme-alabak ere bai. Euskal ikasleria, oro har hartuta, subjektu aktiboa izan da gure herriko bizitza kulturalean, sozialean eta politikoan.
Helburu zehatzik ba al du zuen lanak?
Ikasle mugimenduaren historia oparoa biltzen saiatu gara. Guk dakigula, horrelako ahalegina egiten den lehenengo aldia da eta, zalantzarik gabe, ahalegin berrien bidez osatu beharko da. Guk gaur, hemen, historia idatziko dugu izan zen Ikasle Abertzaleak taldeak 2004ko azaroak 17 inguruan antolatutako kanpainan erabili zuen leloa. Zuzen zebiltzan. Izan ere, zer da Historia, pertsonek, egunez egun, sortzen dituzten istorioen bilduma baino? Guri, istorio asko geratu zaizkigu kontatzeke, jende askoren hitzak aipatzeke. Eta horiek ere ikasle mugimenduaren historia osatzen dute, eta, gainera, amaitu ez den historia da.
Pilar Iparragirre
Ezker hanka falta zuen
Lutxo Egia
Susa
104 orrialde 12 euro
Herren baten irakaspen zuzenak
Hiru neska-mutil neraberi bizitzan lizentziatzeko aukera eskaini zien Iñaki Gerenak, Hierro egunkarian ezer gutxiren truk Sestaoko River futbol taldearen kronika paregabeak idazten zituen herrenak. Eta haren bitartez ikasi zuten gazteek inguruan zeukatena preziatzen: meategien mundua, ontziolena, portukoa, eta baita taberna berezi batekoa ere. Iñaki Gerenak River taldea maite zuen, eta bere entrenatzailea, grebetako istiluak diseinatzeko hainbeste dohain zituen Boli; herrenak, zinez, begi bat izaten zuelako berdegunean eta bestea ontziolan. Eta erregutu egin ohi zien gazteei portuari begiratzeko aurrelarien zartakoei eskaintzen zieten arreta berdinaz, ailegatuko zelako eguna Santurtzitik Bilborako distantzia garabi eta zamaketariek ebatziko ez zutena.
Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria
Gorka Moreno, Xabier Kerexeta
Udako Euskal Unibertsitatea
224 orrialde
15 euro
Eztabaida eta solasaldia bultzatu nahi dituen artikulu bilduma
Irungo eta Hondarribiko alardeetan azken urte hauetan izan diren gertaerak aztertu eta gai honen inguruan gogoeta egitea eta auzia azaltzeko dauden faktore eta arrazoi sakonak ikertzea eta plazaratzea helburu dituen liburu hau hainbat egilek idatzitako artikuluez osatua dago. Gaia lantzeko hainbat ikuspegi hartu dituzte kontuan, hala nola antropologia, historia, soziologia, zuzenbidea eta komunikabideen tratamendua, adibidez. Gorka Moreno Márquezek eta Xabier Kerexeta Errok egin dituzten ekarpenez gainera, Margaret Bullenek, Mercedes Tranchek, Garikoitz Lekuonak, Edurne Irigoienek eta Anjel Lertxundik osatutako lan sakonak ere aurkitu ahal daitezke bertan.
Behinola
Batzuen artean
Galtzagorri Elkartea
64 orrialde 6 euro
Bazen behin beldurra
Haur eta gazte literatura lantzen dituen Galtzagorri elkarteko aldizkari honen 11. zenbakiak, besteak beste, beldurraren gaineko monografiko oso bat plazaratu du, J.A. Telletxearen marrazkiekin apainduta. Aldizkariaren atarian Agustin Fernández Paz idazle galiziarrari elkarrizketa egin eta gero, Rai Bueno kontalariak Grimm anaien ipuin bati eginiko bertsioa ipini dute. Jarraian, Manu Lopezek beldurrezko gazteentzako bi libururen artean eginiko konparaketa dator, hain zuzen ere, Agustin Fernandez Perezen Aire negro eta Miren Agur Meaberen Itsaslabarreko etxea eleberrien artean eginiko konparaketa. Juan Carlos Alonso psikologoak, berriz, beldurrezko ipuinek haurrengan eragin ona ala txarra duten aztertzen du bere lanean. Eta Itziar Zubizarretak Adur, adur, ez naiz hire beldur aurkezten digu.
Idatz & Mintz
Batzuen artean
Diseinu Editoriala
56 orrialde 8 euro
Literatur lanen sorta oparoa
Jabier Kalzakortak bi lan berezi idatzi ditu Idatz & Mintzen azken alean. Lehenengoan, 1891ko irailean Iurretan ospatu ziren Euskal lore jokoetan Balbino Garita-Onaindia abade durangarrak aurkeztu zuen Doniel Gaba ipuinaren nondik norakoak eskaintzen ditu, ipuina bera eskaini aurretik. Bigarrengoan, Borthirigarai edo 'Apez beltza'ren k(h)antorea izenburukoan, apez beltz baten heriotza lehen pertsonan emateaz gain hiltzailearen heriotza urkamendian iragartzen duen balada agertzen du, izan dituen aldaera ugariak gogoratzeaz batera. Lan mamitsu horiez aparte, Miren Agur Meabek bere esker ona agertuz Pere Salinas pintoreari idatzitako gutuna, Lourdes Unzuetak osatutako Telonerak, telonerak beti, kantuan eta beste idazlan asko aurkituko ditu Idatz & Mintz honen irakurleak.
Familia bazkaria
Goscinny & Sempé
Elkar
244 orrialde 12,20 euro
Nikolas Txikiren historia ezezagun gehiago
Nikolas Txikiren historia ezezagunak 2 honetan, amonaren urtebetetze egunean Nikolasen familia osoak jatetxe batean gozatu -eta kakaztu- egin ohi duen bazkarian aurkituko ditugu mutikoa eta bereak. Koro Navarro eta Josu Zabaletaren artean euskaratutako Nikolas Txiki mutikoaren eta haren familia, lagun eta etsaien gaineko istorio umoretsu hauek hamabi urtetik aurrera dauzkaten irakurleei zuzenduak daude. Nikolas Txiki bihurria René Goscinnyk sortu eta Jean-Jacques Sempék marraztutako pertsonaia da. Liburuan, mutikoak hainbat egoeratan dituen eta besteei pasarazten dizkien estuasunen inguruko kontakizunez gainera, bere sortzaileen biografiak ere jasota daude.
Astebeteko kontuak
Yolanda Arrieta
Aizkorri
48 orrialde / 5,50 euro
Astebetean gauza asko gerta daitezke
Lehen irakurleentzat Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak idatzi duen kontakizun honetako protagonista neskato bat da, eta aste oso baten zehar gertatzen zaizkionak agertzen ditu. Adibidez, astelehenean bazkaltzeko babarrunak izango dituela jakingo du eta horrek ez du oso umore onean jarriko, berak babarrunak ez dituelako batere gustuko. Asteartean, galtzak janztera derrigortuko dute etxekoek, berak gona eramatea nahi duenean, eta horrela joango zaizkio kontuak, igandea iritsi arte. Huraxe bai egun ona!
Ikasi eta irauli
Batzuen artean
Txalaparta
342 orrialde 16 euro
Euskal ikasle mugimenduaren historia
Mikel Zabala historiagilea, Sabino Ormazabal kazetaria eta urte askotan ikasle mugimenduko arduraduna izan den Igor Arroyo bildu eta hiruron artean osatutako Ikasi eta irauli. Euskal ikasle mugimenduaren historia lanaren ekarpen nagusia orain arte sekula jaso gabeko historiaren bilakaeraren sintesia eskaintzea da. Duela 500 urteko ikasleen portaerak ulertezin samarrak gerta daitezke gaur egungo aldarrikapenen zurrunbilotik begiratuta, baina, egileen iritiz, egungo egoerara iristeko haiek ere nahitaezkoak izan ziren. Horregatik, Mikel Zabalak Erdi Arotik hasi eta XVII. mendearen azken urteetaraino hedatzen den garai luzean arakatu du ezer baino lehen, 1936ko Gerraraino doan tartearen ezaugarriak azaldu aurretik. Sabino Ormazabalek, berriz, Gerra ondorengo garaietatik hasiz berrogeita hamar urtetan ikasle erakundeetan erresistentzia nola joan zen osatzen kontatzen du; eta Igor Arroyok 80ko hamarkadatik aurrera eman diren atzerapauso eta aurrerapausoen berri ematen du. Liburuak, gainera, eranskin oso interesgarriak biltzen ditu: Euzko Ikasleen Batzarrak izandako lau kongresuetakoak, adibidez, eta 1259tik gaur arteko datu esanguratsuenen kronologia.