Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-12-18 -- 2020.zenb

Agurtzane Intxaurraga ( antzerkilaria)


Bilbon jarri ziguten zita Euskalduna Jauregian: Europa: arte eszenikoen topagunea. Izenburuak ez zuen aitzakiarik. Heltzen joan ginen neurrian, ordea, gure aurpegiek ez zuten askorik adierazten. Sinesgaitz beharbada? Honelako topaguneetan teoriak gainditzen dira bata bestearen atzetik, baina arte eszenikoen errealitatea egunero bizi dugunok, hitzak sarri askotan bidean geratzen direla badakigu. Ondo jakin ere.

Ohiturari jarraituz, kongresuko motxila eta paperak jaso, eta, ezagunak agurtu ondoren, martxan jarri ginen.

Hiru ataletan zegoen banatuta lan egitaraua. Lehenengoa, Work-shop edo azokak; bigarrena, work-case edo ikuskizunen hogei minutuko aurkezpen guneak -honi buruz hitz bakarra: porrota; antolaketaren aldetik ez zitzaion inolaz ere eskatzen zuen arreta eskaini-; eta azkenik biltzarrak, zeinetan egunero lau ponentzia edo gehiago aurkezten ziren.

Ponentziak: zenbat hitz bata bestearen atzetik. Guztien helburua Europara hurbiltzea izan zen. Han zer egiten den ezagutu, nola bideratzen den kultura aztertu. Hitz haiek guztiak entzun eta gero, munduaren bestaldean sentitu ginen, ordea. Nahiz eta kanpoko hizlarien hitzaldiak ulertzeko itzultzaileak izan, haiena, Europako herrialde nagusiena batez ere, beste hizkuntza bat dela ikusi genuen atoan. Alemanian, Ingalaterran, Frantzian bertan, edo Flandesen, besteak beste, kultura ulertzeko duten modua zeharo desberdina da hemengoarekin alderatuz; artea aisiarako eta denbora-pasarako jarduera baino gehiago, hazte pertsonalerako eta enplegurako faktore moduan ulertzen dutela kontatzen ziguten. Hitz egin ziguten babes eta mezenasgoei buruz ere. Iaz Alemania izan omen da aitzindari 255 milioi euroko zenbatekoarekin, bigarren Italia 205'7 milioirekin. Hori zenbat da pezetatan? Egin kontuak! Beste hizkuntza batean ari gara, zalantzarik gabe, denok hitz egin beharko genukeena, hala ere.

Datua: Espainiako Estatuko biztanleen %30ak -umeak barne- arte eszeniko motaren bat ikusteko ohitura omen du. Hazkunde pertsonalaren eta enplegu faktorearen bidean asko geratzen zaigu, ez? %70. Zur eta lur entzuten jarraitu genuen. Aretoa beteta egon zen hiru egunetan.

Ez horrenbeste work-shoparena. Hangoa errealitate gordina baitzen: saltzailea eta eroslea aurrez aurre. Lehenak berea erostera animatzeko eta besteak... Besteak hilabete bukaeran soldata finkoa jasotzen duen horrek, diru arazoaz hitz egiten zigun: aurrekontu txikia zuela eta gurea garestiegia zela, arraro xamarra jendearentzat? Besteena bezalakoa? Dramatikoegia? Arinegia? Eta amaitzeko: aurreraxeago hitz egingo genuela.

Eta jarraituko dugu hitz egiten, nahi beste. Noiz ordea aurrera egiteko?

Esceniumek zerbaiterako balio izan badigu, hemen oraindik zenbat dugun egiteko konturatzeko izan da. Ezin dira planak bata bestearen atzetik egin, egiten diren kasuetan, eta gero bulegoko apaletan gorde sitsak jateraino. Ezin da arte eszenikoen etorkizuna gure eskuetan bakarrik utzi, instituzioak duela hogei urteko aurrekontuekin jolasten ari diren bitartean. Ezin da onartu, gero eta maizago gertatzen ari den bezala, programazioak errentagarritasunaren alde berdinak edo bateratuak izatea. Ezin zaigu publiko eskasaren zama gainean jarri.

Guztion lana da egoera kaxkar honi irtenbide bat bilatzea. Kanpoko kasuen gaineko azterketak ongi daude ideiak eta proiektuak geureganatzeko, baina, azken batean, gu guztiok aurkitu behar ditugu irtenbideak, sistemaz barruko jarreratik eta honek eztabaida, akordioa eta azkenik konpromisoa eskatzen du.

Errealitatearen analisia egin eta posible den etorkizuna irudikatu eta lortzeari begira lan egin, konpromisoz.

Martin Aranburu


Euskal gatazkan nazioartearen aipamena egiten da askotan. Nazioartea esaten dugunean argitu beharreko puntuak bi dira nire aburuz: zer edo zein da nazioartea eta zertarako nazioartea.

Euskal gatazkarekiko, nazioarteko komunitatearen funtzioak bi dira nagusiki: lehendabizikoa bultzada eta bigarrena bermea. Lehendabizikoa, hots bultzadarena, bake prozesua piztear dagoeneko unean ikusten dut nik. Oinarrizko ideia bat ulertu behar dugu funtzio hori bere osotasunean ulertu ahal izateko: bake prozesua aktibatu egingo da, baldin eta bertako protagonista nagusiek -eta nagusiak azpimarratu nahi nituzke-, negoziazio eta elkarrizketa prozesu bati hasiera eman nahi badiote. Abiapuntu hori asumiturik onartu beharreko beste abiapuntu bat bada: eragile guztiek mugimenduetan hasi baino lehenago mahaiaren beste aldean egongo denaren benetako borondatearen bermeak behar izaten dituzte. Ezinezkoa da Euskal Herriko kasuan protagonista izango diren gobernu, alderdi edo erakunde armatuek mugimendurik egitea, baldin eta elkarrekiko konfiantza gutxieneko bat ez badago. Horixe da nazioartearen bultzadaren papera. Zuzeneko protagonismorik gabe, aktore desberdinei "bestearen" borondate politikoaz konfiantza sortzea eta areagotzea.

Eta bermeak? Gure herrian bi negoziazio prozesu nagusi izan ditugu azken urteotan. Aljerian ETAk eta PSOEk burututakoak porrot egin zuen. Baita Lizarra-Garaziko Akordio garaian ETAren eta alderdi abertzaleen artean burututakoak ere. Formula bakarra geratzen da hortaz: aktore guztien artekoa. Bide horretan arriskuak asko badira ere, ekidingarria den arrisku bat badago: itunen interpretazio desberdinarena aktoreen partetik. Arrisku handia da hori, eta ezinbestekoa da akordioak aldatuak ez izatea. Aspektu hauen eta antzekoen inguruko adostasunak emango badira aktore desberdinak interpretazio berdina adosten dutelako izanen da. Hortxe dago nazioartearen bermeetako bat.

Egin beharrekoa argituta errazagoa da nork egin behar duen ulertzea. Zer esanik ez, lehenengo funtzioa bete ahal izateko, aktore desberdinentzat fidagarri edo konfiantzazko diren nazioarteko aktoreetaz ari naiz. Batzuen kasuan erakundeak izango dira, beste batzuen kasuan pertsona konkretuak edo alderdi politikoak. Irlandar kasuarekin egingo dut parekatzea: IRA eta Downing Street-en arteko konfidantza hutsa zen momentuan, elkarrekiko konfidantza kate politiko desberdinak eraikitzea posible izan zen: IRA-Sinn Feinn, Sinn Feinn-SDLP, SDLP-Laboristak, Laboristak-Downing Street. Gure kasuan aktore desberdinek "lagunak" dituztenez, lagun horien arteko erlazioa ematea da garrantzitsua.

Bigarren funtziorako planteamenduak apur bat desberdina behar du izan, hain zuzen, berme funtzioa bete ahal izateko guztiek onartutako nazioarteko aktoreak izan behar dira, bake prozesuaren negoziaketan momenturen batean debatitutako eta adostutako kontua delarik. Amankomunean jarri behar dira aktore horiek, negoziaketa mahaian dauden alde desberdinek onartuak izango direlarik. Guztien konfidantzarekin bakarrik bete dezakete ondo ematen zaien funtzioa.

Denok espero dugun unera hurbiltzen gaituzte urrats hauek: konponbiderako mahaia eratuta eta lanean egongo denerako unera. Urteetan zain egon gareneko argazkia. Mahai bat, non aktore desberdinak eserita egongo diren negoziaketa luze bati ekiteko gogoarekin. Zaila, baina ahal dugun leku guztietan eta ahal dugun pertsona guztiekin saiatuko gara.

Jose Luis Alvarez Enparantza 'txillardegi'

1839ko abuztuaren 31n, koartelik gabeko gerla odoltsu gupidagabeak zazpi urtez jo eta ke Hego Euskal Herria erabat txikituta utzi ondoren, Espartero eta Maroto bi jeneral okupatzaileek elkarri "besarkada" famatu hura eman eta Bergararen izena daraman Akordioa sinatu zuten. Alegia:

Art. 1 - Se confirman los fueros de las Provincias Vascongadas y de Navarra, sin perjuicio de la unidad constitucional de la Monarquía.
Art. 2 - El Gobierno, tan pronto como la oportunidad lo permita, y oyendo antes a las Provincias Vascongadas y a Navarra, propondrá a las Cortes la modificación indispensable que en los mencionados fueros reclame el interés de las mismas, conciliado con el general de la Nación y la Constitución de la Monarquía.


166 urte pasa ondoren ere, hizkuntza hori ez da oso zaharkitua. Baina gaurko euskal herritarrek hobeki adituko dute bi artikulu horien mamia gaur egungo mintzaeraz ari bagara. Alegia:

Art.1 - Se confirman las autonomías de las Provincias Vascongadas y de Navarra, sin perjuicio de la unidad de España.
Art.2 - El Gobierno Central , tras oír (pero sin la menor intención de respetar la voz de las institucionales regiones correspondientes; actuando siempre dentro de la imprescindible transversalidad, y conciliando las peculiaridades locales con el interés general de La Nación Española y la intangibilidad de su Sacro-Santa Constitución), procederá sin demora alguna a las indispensables modificaciones de los textos autonómicos.


* * *

Lehenengo Karlistada amaitzerakoan, Madrilek gauza bat somatu zuen: Foruaren ezabaketa inposatzea irentsi ezina gertatuko zela gure herrian, lodiegi, kontra-ko-eztarrian trabatuta itogarri, eta berriro gerla pizteko adinakoa. Eta bi urratsetan jokatzea erabaki zuen.

Latinezko divide et impera ezaguna hertsiki erabiliz, Espartero jeneral "demokrata"ren aginduz -Duque de la Victoria baitzen gerlako garailea-, Nafarroaren "integratzetik" hastea hautatu zuen. Eta horrela, 1841eko abuztuaren 16an Ley Paccionada deritzona jarri zuen indarrean, inorekin itundu edo "paktatu" gabe, jakina, disimulu handiz, hori bai, "Foru" hitza han eta hemen atxikiz, zozoak desbideratzeko. Erreinua zena, Nafarroa Erresuma, probintzia arrunt bihurtuz. Iruñeko Gorteak desagertu ziren, Foru Diputazioa Diputación Provincial bilakatu zen, soldadutza premiazko betekizun bihurtu, Ebroko Aduanak Bidasoara aldatu ziren, eta abar. Iruñean zegoen Erregeordea korregidore izango zen aurrerakoan.

Eta bigarren pausua emateko unearen zain zegoen Madril. Bigarren Karlistadaren amaia izan zen muga. Euskaldun karlistak berriro militarki zapalduta, eta Hego Euskal Herria bigarren aldiz desegina, 1876ko uztailaren 21ean "integratuta" gelditu ziren hiru Probintzia Vascongadoak. Hauetan ere soldadutza inposatu, "Foru" hitza mamigabetu eta honi zegokion burujabetza ukatzen eta ezabatzen hasi.

* * *

1839/1876 urteetako kondaira ezin hitsago eta ezin argitsuagoa izan da geroko -eta gaurko- espainiar politika bideak konprenitzeko: "Zati ezak eta agindu egingo duk".

Bai batzordeak Madrilek errezibitzerakoan, bai aldaketen abiaduran, beti bi molde. Nafarroarekin A, Vascongadekin B. Nafarrekin gaur, Vascongadoekin bihar. Nafarroarekin zakar, Vascongadoekin leun. Edo alderantziz. Laurekin batera jokatu Madrilek? Sekula ez. Betidanik eta beti bitara. Eta 2005 honetan ere, berdin. Karikatura zehatz bat: Miguel Sanz.

Are euskararen alorrean ere, Vascongadetan lege bat, Nafarroan beste bat. 1937an, Bizkaia eta Gipuzkoa: provincias traidoras. Nafarroa eta Araba: provincias leales.

Itsu batek ere ikusten du gaur Euskal Herria emergentzi egoeran dagoela; eta bloke espainola (PSOE + PP) eraso betean ari dela: 18/98, Egunkaria, Batasuna legetik at, eta mila bider abar. Betikoan gaude: oinaztarrak eta ganboatarrak nagusi. Bapo! Hala ere, ez da gaurko kontua bide argia batzuek ikusi izana. Hona hemen Pedro Egaña arabarrak 1844an esan zuena: "No debe haber carlistas ni liberales, moderados ni exaltados, sino fueristas; o lo que es lo mismo, buenos y leales vascongados. Cuando un pueblo está amenazado de perder su nacionalidad, es mal ciudadano el que predica la división". Orain dela 161 urte mintzo!

Gure herriak autodeterminatzeko eskubidea du, eta denok dakigu: bai guk, abertzaleok; bai eurek, gure naziotasuna galtzea nahi dutenek. Abertzaleok bat.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan