Manu Agirre gose greban braille sisteman euskaraz zer irakurri ez dagoelako
Durangoko Liburu eta Disko Azoka aukeratu du Manu Agirre itsuak aldarrikapen zaharra berritzeko: itsuen hizkuntz eskubideak errespetatzeko, euskaraz braille sisteman ez dagoelako irakurtzerik. Itsuen hizkuntz eskubideen urraketa, askotan, salatu du Manu Agirrek eta berak azaldu duenez, alderdi politikoek, EAEko Hizkuntza Politikako arduradunek, arartekoek, HABEk eta ONCEk, besteren artean, eskaeraren berri izan dute. Eskaerek fruiturik eman ez dutenez, abenduaren 3an hasi zuen baraualdi eta itxialdi mugagabea Durangoko AEK-ko Abarrak euskaltegian. Manu Agirrek berak aitortu du azken hogei urteotan konpondu ez dena egun batzuetan bideratzeko itxaropenik ez duela.
Arrasatekoa ez da izan Guridiren El Caseríoren euskarazko lehen emanaldia
Atal honetan bertan, 2016. zenbakian, irakurleoi azaldu genizuen, Guridiren El Caserío zarzuela euskaraz lehen aldiz entzuteko aukera izango genuela Arrasaten. Irakurleok adierazi diguzuen moduan, ez da egia El Caserío obra euskaraz lehen aldiz taularatu dela (abenduaren 10ean eta 11n). Bildutako informazioaren arabera, Esteban Astarloa baritono bizkaitarrak El Caserío (Sasibil baserria) obra euskarara itzuli zuen eta bera aritu zen kantari euskaraz taularatu zutenean. Esteban Astarloa Santi pertsonaia izan zen eta Lina Huarte bere emaztea Ana Mary pertsonaia. Astarloa baritonoa Madrilera joan zen bizitzera eta han obra itzuli eta gutxienez Bilboko Campos antzokian eta Madrileko Teatro Monumental-en taularatu zuten El Caserío. Madrileko euskal etxeko El Orfeón Vasco abesbatza aritu zen kantari bi emanaldietan. Kantatzeari utzi zionean, Esteban Astarloa, euskara klaseak ematen hasi zen Madrileko batzokian. Beraz, Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak antzeztu duen obra ez da euskarazko lehen bertsioa izan, baina okerra zuzentzeko asmoz eta inori meriturik kentzeko nahirik gabe, jakin ezazue asteburu honetan, hilaren 16an eta 17an, Arrasateko Amaia Antzokian Guridiren El Caserío euskaraz entzuteko aukera izango duzuela.
Demoek, urtarrilean, tren geltokietako zuzendariarekin hitz egitea izango dute
Abenduaren 11n, Demoek Baionako tren geltokian protesta ekitaldia egin zuten beste behin. SNCF enpresak tren zerbitzuetan euskara onartzea eskatzen dute. Hilaren 11n, Akitaniako geltokietako zuzendari berriarekin hitzordua jartzea eskatu zuten eta baita lortu ere. Urtarrilaren hasieran Akitaniako ordezkariarekin hitz egiteko moduan izango direla adierazi zien poliziak. Euskarak tren geltokietan lekurik ez duela beste behin ere ikusi zuten Demoek. Baionakoan berritze lanak egiten ari dira eta billeteak saltzen dituzten leihatiletako langileek zein hizkuntzatan hitz egiteko gai diren jakiteko txartelak dituzte leihatilan. Demoek euskaraz dakien langilea topatu zuten, baina leihatilan ingelesa eta gaztelania badakizkiela jartzen zuen, euskara dakienaren arrastorik ez.
Daniel Udalaitz
Sener (egoitza soziala Bizkaiko Negurin dauka), Espainiako ingeniaritzako lehen enpresa izan zen. 1956an eratu zuten eta ontzi ingeniaritzako proiektuak egiten hasi zen. Orain, ingeniaritzan, industria aeroespazialean, energian eta ingurumenean aritzen da eta mundu osoan dauzka delegazioak. Enrike Sendagorta ingeniariak fundatu zuen eta harengandik datorkio Sener izena. Itsas ondoko semea izanda, berehala jabetu zen Negurik izan zezakeen potentzialaz, eta lau urte baino gutxiagoan era guztietako itsasontzien ingeniaritza gauzatu zuen: kostakoena, atunontziena, kargaontziena, frigorifikoena... 20 ontzi baino gehiagorena. 1960an, arlo espazialera hedatu zen Senerren jarduna, fundatzailearen anaia Manuel Sendagorta ingeniari aeronautikoaren eskutik. 1963an, ehun langile zeuzkan eta ontzigintzan, siderurgian, arlo kimikoan eta petrokimikoan ziharduten, findegietako eta nuklearretako proiektu garrantzitsuetan parte hartuz. Sener 1970ean sartu zen bete-betean arlo espazialean. Besteak beste, Europako Espazio Agentziaren (ESA) lehiaketa bat irabazi zuen Suedian misilak proiektatzeko dorrea eraikitzeko. 1989an, komunikazioetara eta elektronikara hedatu zuen aktibitatea. ITP euskal enpresa aeronautikoan, kapitalaren parte garrantzitsua da.
Xabier Letona
Politikara egoera berezian egin zenuen jauzi Herritarren Zerrendarekin, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Zer utzi zizun esperientzia hark?
Politika munduan inoiz ibili gabea nintzen eta sekulako jauzia zen HZn ekitea. Zaila egin zitzaidan, batez ere publikoaren aurrean egin beharreko agerraldiengatik. Aldi berean oso ibilbide polita izan zen, batez ere osatu genuen taldean oso kimika ona zegoelako. Jendearen erantzuna ere izugarria izan zen.
Hilabete falta da Bide Eginez prozesua amaitzeko. Zein da orain arteko ibilbideaz egiten duzuen balorazioa?
Oso positiboa, batez ere kontuan hartuta Batasuna ilegalizazio egoeran dagoela hegoaldean. Ehunka herri batzar egiten ari dira, milaka pertsona parte hartzen ari da guztiz publiko eta irekiak diren batzarretan eta ilegalizazioak porrot egin duela frogatu da.
Bitxia da ilegalizazioan dagoen alderdi batek halako prozesu bat eramaten ari den moduan eraman ahal izatea. Tolerantzia maila bat ere badago.
Hasieratik adierazi genuen prozesua normaltasunean eraman nahi genuela. Batasunak buelta eman dio ilegalizazioaren egoerari eta oraingoz normaltasun osoz ari gara prozesu honekin.
Subjektu politikoari dagokionez, erabaki subjektua Euskal Herria dela, baina berau lortze bidean, egun diren errealitate administratiboak kontuan hartu behar direla esan duzue eta horrek eman du zeresanik. Zer esan nahi du egungo errealitate horiek kontuan hartzeak?
Gure egoera errealaren azterketatik herri eraikuntzaren bidean aurrera egitea. Duela hamar urte pentsaezina zen egungo egoeran izatea. Ezker abertzaleak utzi du agerian egungo marko politiko honen agorpena, eta aldaketaren beharra sortu du euskal gizartean. Subjektu politikoa Euskal Herria da eta estrategia ere bat eta bakarra. Euskal Herriaren egungo errealitatea kontuan hartzen dugu, baina berau gainditzeko. Euskalduntzearekin bezala da, helburua Donostia eta Tafalla euskalduntzea da, baina biak euskalduntzeko ezin dugu leku beretik abiatu, hasteko Donostian euskara ofiziala da eta Tafallan ez. Zer esan nahi du horrek? Helburu bera izanik, berau lortzeko jokamolde desberdina erabili beharko dela leku bakoitzean.
Egin dezagun ariketa bat: alderdien mahaia eratzen da eta erabaki subjektuaren gaia ateratzen da. Joko arauen finkatze horretan, onargarria litzateke planteatzea gaur egun Euskal Herria egon badagoela eta egun hiru erabaki gune dituela?
Mahai horretan onartu beharrekoa da Euskal Herria izan badela eta euskal herritarrek nahi duten antolaketa mota erabakitzeko eskubidea dutela. Horixe besterik ez.
Baina HBk, eta Batasunak ere orain arte, historikoki defendatu izan duena da Euskal Herria erabaki subjektu bakarra dela eta herri moduan erabaki behar duela. Onargarria al da egun herri horrek hiru erabaki gune dituela?
Onargarria dena da herri honek gatazka bat pairatzen duela bi estatuekin eta gatazka bakar hori konponbidean jarriko duen mahaia antolatu behar dela, oinarri bat kontuan hartuz: guztiok euskal herritarren erabakia errespetatuko dugula. Hortik aurrera herri honek zer nolako ibilbidea egin behar duen, zer nolako barne antolaketa izango duen... hori guztia eragile guztien artean adostu beharrekoa da.
Mahai horretan negoziazio bat emango litzateke eta Batasunak bere proposamena eramango luke, galdera honen mamia zen ea subjektuaren erabaki ahalmena gaur egun diren esparrutan zatitu daitekeen.
Hori mahaia eratzen denean ikusi beharko da. Bertan dauden alderdien artean hitzarmen politikoa adostu beharko da eta horrek markatuko du zer motatako ibilbidea egingo den. Batasunaren postura argia da: erabaki ahalmena Euskal Herriak dauka.
Egin dezagun ariketa berdina balizko kontsultarekin. Nolakoa izan daiteke kontsulta hori?
Oso urrutira zoaz, oraindik ere ez baita onartu Euskal Herria badela eta erabakitzeko eskubidea duela. Duen eskubidea errespetatu eta bermatzen zaionean, orduan ikusiko da zer motako galderak egin behar diren.
Baina Batasunaren ustez zer izan daiteke gaur egun onargarria?
Euskal herritarrok erabakitzen duguna, horixe, besterik ez.
Gaur egun nahiko onartua da oso zaila litzatekeela kontsulta bakarra eta aldi berean egitea Euskal Herri osoan.
Onartuko balitz Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela, zergatik ez? Hori lortzeko, estatuak egoera horretara eraman beharko ditugu herritarrok, ez baitut uste estatuek beren borondatez onartuko dutela euskal herritarron hitza eta erabakia.
Batasunak errealista ikusten du hori etorkizun hurbil batean egin ahal izatea?
Nahiko genuke. Orain, dena den, hori lortzeko oinarriak jartzen ari gara. Oraindik mahaiaren oinarria ere finkatuta ez dagoen honetan, halakoekin aurreratzea gehiegizkoa da.
Lizarra-Garaziko garaian ezker abertzalean kontsulta bakarraz hitz egiten zen, Euskal Herri osorako eratu beharreko legebiltzarraz... Pentsatu behar da halakoak beste garai bateko planteamenduak direla?
Ez, ez dira beste garai bateko kontuak. Guk ideia berberekin jarraitzen dugu, baina gauza bat da Batasunak Bide Eginezen zer proiektu proposatzen duen, eta beste bat euskal herritarrok zer erabakitzen dugun. Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea aitortzen zaioenean beste marko berri batean izango gara, marko demokratikoan, eta orduan garatu ahal izango du Batasunak bere proiektua.
Gaur egungo marko politikoan Hegoaldean bi autonomia estatutu daude eta Iparraldean ez da bertako erakunderik. Marko berriari begira, epe ertainera nola irudikatzen duzue berau?
Bide Eginezen lau urterako proposamenak egiten ditugu eta gure proposamena da egungo egituraketa instituzionala Euskal Herriaren eraikuntzaren zerbitzura jartzea: Nafarroako eta Gasteizko legebiltzarrak, diputazioak... Iparraldean instituzionalizazio propioa lortzea proposatzen dugu, bertan gaur egun jadanik eskatzen ari den moduan. Marko berria aterako da ateratzen denean, bitartean, dauden eragin gune guztiak berau sortzera bideratu behar dira. Akats izugarria litzateke ziklo autonomikoa berritzea eta geunden bezala geratzea.
Nazio eraikuntzaren estrategia da beste ardatzetako bat eta diozue malgua eta egokitua izan behar duela. Horrek iradokitzen du aurretik ez dela horrela izan?
Ez. Orain arte nazio eraikuntzan eman ditugun urratsak handiak baina sakabanatuak izan dira, gauza asko egin dira, baina ez da estrategia bateratu bat izan. Une honetan eskubideen gainean eraikitzen ari gara estrategia hori. Lehentasunezko zazpi eremu definitu ditugu nazio eraikuntzan: naziotasuna, emakumea, gazteak, emigrazioa, hizkuntza, hezkuntza eta sozio-ekonomia. Datozen hilabeteetan, Bide Eginez medio, arlo hauek ikuspegi estrategikotik definituko ditugu. Eta estrategia hau malgua izango da, ez delako gauza bera hizkuntza politika Aian edo Oreretan. Eta irekia izango da, herri eraikuntzan ari diren guztien ekarpenak jaso eta bildu nahi ditugulako.
Nazio eraikuntza eta eraldaketa sozialarekin batera beste kontzeptu bat indarrez berreskuratzen da, negoziazioarena.
Aljerreko garaian Estatuarekin negoziazio saio bat izan zen, baina horrek eman zuena eman zuen, Estatuak ez zuelako negoziazio borondaterik. Estrategiaren moldaketa izan zen orduan ezker abertzalean, bi ikuspegitik: batetik, Estatuarekin negoziatu behar zuena ez zen ezker abertzalea, Euskal Herria baizik, eta herri gisa negoziatzeko lehenbizi herrian bertan eman behar da elkarrizketa eta adostasuna. Lizarra-Garazirena ahalegin berriaren lehen saioa izan zen. Horrek ere eman zuen eman zuena, baina bidea hori zela ikusi zen. Eta ondoren sortu zen, Batasunarentzat erreferentziala den Nazio Garapenerako Biltzarra.
Udalbiltzari garrantzi handia ematen diozue. Adibidez: "Euskal Herriaren eraikuntzan jartzen diren aktibo politikoen mintzakide instituzionala izan behar du Udalbiltzak". Horren garrantzitsua izanik deigarria da ez aipatzea bizi duen zatiketa, berrosatzearen helburua...
Guretzat Udalbiltza bakarra da. Egia da zatiketa bat izan zela, baina Nazio Garapenerako Biltzarretik bateratzea bideratzeko saioa egiten ari da. Euskal Herri mailako instituzio bakarra daukagu eta urratsak eman behar dira benetako batasun hori erdiesteko.
Hori da bitxia, zeuk ematen diozu garrantzia Udalbiltzaren batasunari, baina txostenetan ez da halakorik aipatzen eta garatzen.
Oso garrantzitsua da, bai eta bidea egiten ari da.
Txostenen arabera, ezkertiar eta abertzaleen batasuna Batasunaren inguruan egituratu behar da. Ez dirudi halako planteamenduekin Batasunan ez dauden sektore ezkertiar eta abertzaleak erakartzea samurra izango denik: AB, Aralar, Zutik, Batzarre, ELAko jendea...
Ezkertiar eta abertzaleen erreferente nagusia izan nahi du Batasunak eta horretarako ate guztiak zabalik ditu; norabide horretan sektore desberdinekin hitz egiten ari gara eta hitz egingo dugu. Ate guztiak zabalik daude, baina guk diogu datozen lau urteetan gure ahalegina gure egituratzearen inguruan egingo dugula eta gure proiektu politikoa ezkertiar eta abertzale guztientzat erakargarri egin eta guztion bilgune izateko ahaleginak egingo ditugula.
Erresuma Batutik kanpo torturaz lortutako testigantzek ez dutela baliorik ebatzi du bertako epaileen erabakigune gorenak. Ebazpena pozarren hartu izan da nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeetan, 2001az geroztik eta batez ere AEBen jokaera medio, torturaren erabileraren zilegitasuna bide egiten ari baitzen nazioarteko justiziaren pentsamoldean. Plano teorikoan garrantzi handiko erabakia da epaile britainiarrena, plano praktikoan ezer gutxi suposatzen du: «terrorismoaren aurkako gurutzadan» AEBek eskuak guztiz libre dituzte era guztietako demasiak egiteko. Baina aldi berean, ezaguna eta bitxia da Bushen lege aholkulariak nola prestatzen ari diren lehendakaria gerra krimen eta halako balizko akusazioetatik babesteko sare juridiko sendoa.