Asier AgirresarobeMuskilda Tellabide2005-12-11 |
Enkarterri kostaldeko Arena hondartzako aparkalekutik ekin diogu bizikleta ibilbideari. Mahai eta eserlekuz atondutako duna ingurutik igaro ondoren hondarretara jaitsi gara, bizikleta soinean, metro batzuk oinez egin eta metalezko zubitik Barbadun itsasadarra zeharkatu asmoz. Jende andana egon ohi da bertan uda partean, eguzkia hartzen eta paseatzen. Ez oso urrun baina, Petronor birfindegiaren biltegi erraldoiak eta sugarra darien hainbat tximinia erraldoi ageri da, paisaiaren edertasunarekin kontraste bortitza eginez.
Cobaron auzora burdinbidetik
Muņatones gaztelua setiatua
Behin Pobeņara iritsita, Bariko San Nikolas parrokia aurretik eta A-8 autopistaren azpitik pasatuta Muskizko San Julianera iritsi gara. Barbadun ibaia zeharkatu dugu berriro eta petrokimikaren ertzetik, Muskizko Arena hondartza eta San Juan lotzen dituen bidegorritik azken horretara iritsi gara. Hementxe dago Muņatones gaztelua eta Salazartarren gaztelua haren alboan. Baina Erdi Aroan, padurek inguratzen bazuten, egun Petronor findegi erraldoiak hiru aldetatik inguratzen du gaztelua, lantegi barruan baitago eta lantegiko bi sarrerak gainditu beharra dago haraino iristeko.
Galdames, meatze-burdinbiderik luzeena
Industrigunea ezkerrean utzi, El Campo auzoa pasatu eta asfaltodun bide estutik gora, Galdamesko burdinbidearekin egin dugu topo. Trenbide horretatik behera jarraitu dugu ondoren, lau bat kilometrotan Abanto-Zierbena udalerriko Gallartara iristeko.
Inguruko meatze-burdinbideetan luzeena zen Galdameskoa. 22 kilometroko ibilbide bihurgunetsuarekin, ibai-adarreko ezkerraldeko herriak (Sestao eta Portugalete) Enkarterrietako Atxuriagako meatzeekin (Galdames udalerria) lotzen zituen, Trianoko mendiak sigi-saga inguratuz. Bilbao River Cantabrian Railway konpainiak eraiki zuen bigarren karlistaldiaren ondoren (1876), burdingaia garraiatzeko. Baina burdin meatokiak, ez ziren nonbait hain aberatsak eta burdinbideak ez zuen arrakasta handirik eduki. Egoerari aurre egin ahal izateko, burdingaiaz gain, bidaiariak eramaten hasi zen, harik eta 1969an betiko itxi zuten arte.
Meatzeen museoa Gallartan
Portugaletetik abiatu, eta Ortuella eta Gallartatik pasaz, Muskizko Arena hondartzaraino doan bidegorria hartu dugu ibilbidearen azken zatia egiteko. Errepidepetik lehenik eta A-8 autopistapetik ondoren, Carcedo ibarrean behera, oinezkoentzat eta txirrindularientzat soilik den bidetik Arenako hondartzara heldu gara, nekatu samar, baina ikusi eta ezagututakoarekin aseta.
Barbadun ibaiaren itsasoratzetik gertu, paduraz inguratutako itsasadarreko tontorrean zegoen gaztelua. Erromatarren garaitik mearen garraiorako leku estrategikoa zen, hor itsasoratzen baitzuten ateratako burdina. XIV. mendean kaia omen zegoen Muņatones eraikinetik hurbil eta itsasgorak gazteluaren oinetaraino eramaten zuen itsas maila. Orain berriz, gaztelua Petronor enpresaren birfindegiaren lurretan dago. Sortu zenetik enpresak bere ikur hartu du gaztelua. Horren lekuko, Petronorren logotipoan dorre luze bat agertzen da, Petronor izenaren "P"a osatzen lagunduz.
Nahiz eta gazteluak izen hori izan, inoiz ez da Muņatones sendiaren egoitza izan. Dorretxea gaur duen itxuraz, XIV. mendean, Salazar sendiaren aginduz eraiki zen, zaharragoa zen dorretxe xumeagoa harresiz guztiz inguratuz. Horrela, dorretxea inguruko eraikin pribatu sendoena bilakatu eta Salazar-Muņatones sendiaren botere eta ondasun guztien erdigune bihurtu zen. XVI. mendearen hasieran utzi zuten Salazartarrek gaztelua, handik oso gertu beste jauregi bat eraiki baitzuten. Utzian utzi, XVII. mendearen bukaeran dorre nagusiaren egurrezko barrualdea erori zen.
1944an gaztelua eta jauregia Monumentu Historiko izendatu zituzten. 1949an Bizkaiko Foru Aldundiak erosi eta berritu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak Espainiako estatuaren esku utzi zuen jauregia, honek ostatu bihur zezan. Orain, ordea, Petronor enpresaren bulego batzuk daude bertan.
Mende erdia iraun duten zabaltze eta berrikuntza lanen ondorioz, Muņatonesko gaztelua eraikuntza multzo sendoa da gaur egun. Dorre nagusi bat eta inguruan bi harresi lerro ditu. Dorre nagusia orubearen erdian dago, 25 metro ditu eta oina laukizuzen formakoa da. Dituen almenak deigarriak dira. Egun, ez da jatorrizko egurrezko egituraren ezpalik txikiena ere ageri. Bi harresi horietan ahulena kanpokoa da. Kanpokoa 1,20 metro lodi da, eta lau izkinetan bost metroko diametroa duten dorre zilindrikoak ditu eta bi sarrera. Barrualdeko harresia, kanpokoa baino sendoagoa da, 2,80 metroko lodiera, eta, 7,50 metroko garaiera baitu. Sarrera-ate bakarra du, eta bakar horren gainean Butroi, Muņatones eta Salazar leinuen armarriak daude.
Arkitektura aipagarria duten beste hainbat dorretxe nahiz jauregi ugari dago inguruotan: Menereako dorretxea, Santelicesko dorretxea, El Pobaleko dorretxea, Montaņoko dorretxea, Salazartarren jauregia, Treto, Alvarado, Lavalle, Llanera, Villar jauregiak...
Muskiztik Sopuerta eta Galdames bidean, Barbadun ibaiertzean dago El Pobal burdinola, izen bereko dorretxe eta zubi erromanikoaren alboan. Salazartarrek eraiki zuten burdinola XVI. mendearen hasieran. Egun ia ez dago garai hartako arrastorik, izan ere, denboran zehar aldaketa ugari izan ditu olak, produkzio beharrei erantzun eta siderurgia tradizionalaren krisiari aurre egiteko.
XVIII. mendean izan zuen garairik gorena eta garai hartan tailerra handitu eta presa, ubidea eta antepara berreraiki ziren. Dena den, egun ikus ditzakegun eraikin eta makina gehienak (sutegia, ikaztegiak, harrizko hauspoak, mailua edo ingudea) XIX. mendearen amaierakoak dira. Aldaketa hauek guztiak eginda ere, mundu teknologiko berrian iraun ezinik, amore eman eta 1965ean itxi egin zen burdinola.
Burdinolaren inguruan, produkzio-sarea zegoen antolatuta. Dorretxe itxura zuen olagizonen etxebizitzak, artoa eta garia xehatzeko bi ardatzeko errotak, ogitarako labeak, baratzeak eta egurra eta ikatza lortzeko mendiek osatzen zuten sare hori. Egun urte osoan zabalik dagoen museoa da. Telefonoa: 629 271 516.