Marino Goñi: «Oraingo musikariek denari diote beldurra»


2005eko abenduaren 11n
Familian arnastu zenuen musika txikitatik. Baina musika ikasketarik egin al zenuen?
Nik Irudiaren Zientziak ikasi nituen Madrilen. Frankismo bukaerako garai aztoratu hartan ikastea egokitu zitzaidan. Kaosa erabatekoa zen. Lehenengo urte ia osoa egon ginen greban eta bigarrenaren erdia ere bai. Goizetan unibertsitatean denbora alferrik galtzen nuen eta arratsaldetan, unibertsitatetik atera eta anaiarekin irratira lanera joaten nintzenean, ikasi egiten nuen. Horregatik esan dut beti nire irakasleak ez direla inoiz izan unibertsitatekoak, baizik eta beste zenbait pertsona, zeinetara hurbildu izan naizen bizitzan zehar beraiengandik ikasteko. Gehiago ikasi nuen Madrileko Radio Popularren unibertsitatera joaten baino. 19 urte nituen, Iruñetik nentorren eta "hasiberria" nintzen, eta irratian gauza asko egiten ari zen jendea ezagutu nuen.
Musikan autodidakta naiz erabat. Nire anaiek solfeoa ikasi zuten, baina gurasoek ez zuten lortu nik ezer ikasterik. Nire musikari buruzko oinarrizko ezagutzak horixe besterik ez dira, oinarrizko ezagutzak. Musikaz ikasi dudana ikusten, entzuten, praktikatzen... ikasi dut.

Madriletik bueltan, irratia utzi, Soñua estudioetan sartu eta bertan Soñua Nafarrock zigilua sortu zenuen. Gero Oihuka, Gor... gelditu gabe ibili zara...
Orain konturatzen naiz 25 urte edo daramadala gelditu ere egin gabe. Jarraipen logikoa izan da. Honelako lanetan, ez duzu inoiz hastapenean zuk nahi duzuna edukitzen eta beti saiatu behar duzu zure lana ahalik eta gustuenen egiten. Soñuaren katalogoa, niri pertsonalki, ez zitzaidan interesatzen eta horregatik rocka egin ahal izateko Soñua Nafarrock zigilua sortu genuen. Barricada, La Polla eta Hertzainak bezalako taldeekin osatutako katalogoa egin eta arrakasta handia izan zuen, eta bat batean, ordura arte Soñuako ildo nagusia izan zen folka ahaztuta geratu zen. Soñuan diru asko irabazten genuen, baina asko gastatzen genuen aldi berean, ez genekien administratzen. Penagarriak ginen. Eta azkenean bazkideekin izan nituen desadostasunak zirela eta, Zabaltzen-era hurbildu nintzen. Zabaltzen-en barruan Soñuaren ibilbideari jarraipena emango zion Oihuka zigilu berria sortzea egokitu zitzaidan. Barricada Madrilera joan zen, baina Hertzainak adibidez, Oihukara itzuli zen, berdina gertatu zen La Pollarekin; Tijuana in blue, Delirium Tremens eta Potatorekin ere grabatu genuen, beste batzuen artean. Oihuka 1986tik 1990a arte euskal rockaren erreferentea izan zen, orduan ia ez baikenuen konpetentziarik. Diskoak produzitu, baloreak deskubritu, grabatu, komertzializatu... nahi nituen nik, baina horretarako enpresa bat sortu behar izanik gabe. Kudeaketak gainditu egiten nau. Eta Oihukan hilabetero bilerak genituen emaitzen inguruan azalpenak emateko. "Etxe Santua" beti izan da emaitzen %100 eskatzekoa. Urtean zehar hamar disko ateratzen bazenituen, eta horietatik zortzik irabaziak sortzen bazituzten, baina beste bi eskas bazebiltzan, beti bi horiek gogoratzen zizkizuten. Niri lan egiteko modu hura ez zitzaidan atsegin. Gor sortu genuen eta dena askoz hobeto joan zen. Beti sinetsi dut autonomian. Uste dut zenbat eta askatasun gehiago eman jendeari, orduan eta sortzaileagoa dela. Baina noski, askatasun horrek duen arriskua da, posible dela jendeak ezer ez egitea edo dena gaizki egitea.

Euskal Rock Erradikalaren sortzaileetakoa zara. Tuterako OTANen aurkako kontzertuan egon zinen, bertan sortu zen RRVa. Zer oroitzapen dituzu kontzertu hartaz?
Hura ez da errepikatu. 25 urte ondoren, ezin da pentsatu Tuteran horrelako kontzerturik egin daitekeenik. Konspiratzaile batzuk ginela dut gogoan, beti geunden buruari bueltak ematen egoera iraultzeko modua aurkitu nahian. Zerbeza artean gauza asko pentsatzen genuen eta bururatu zitzaigunetako bat Euskal Rock Erradikalarena izan zen. Jende askok kritikatu nau -eta gaitu- horregatik, kristorenak esan dituzte guregatik. Ez zait batere axola, oso harro nago, letra larriekin, termino hori sortzeaz. Zergatik? Garai haietan inork ez zuelako pentsatzen Espainiako Estatuko "periferiatik" ezer interesgarririk irits zitekeenik, Madrilek dena betetzen zuelako. 1980-82 bitartean etengabe ari ginen bonbardaketa bat jasotzen Mobida Madrileñoaren aldetik, Alaska gora Alaska behera, eta musikan bigarren mailako hiritartzat hartzen gintuzten. Hark piloa izorratzen gintuen. Rock Erradikala ez genuen guk sortu, sortuta zegoen, existitzen zen, eta edozein kontzertutan ikusten zen. Tuterara joan ginenerako hamaika kontzertutan ibiliak ginen, talde asko eta kontzertu asko zeudelako garai hartan. Eta hari zabaltzeko modua aurkitu behar genion, ezagun egiteko modua. Euskal Rock Erradikalarena otu zitzaigun, eta manifestu eta guzti atera zen Eginen. Harria bota eta segituan 18 bueltatu zizkiguten. Bitxia da: zuk ez duzu ezer egiten, eta zerbait egiten duzunean, leku guztietatik etsaiak ateratzen zaizkizu. Gure lurraldean bertan egon ziren kritikorik zorrotzenak. Noski, gustatu izango zitzaien beraiei mugimendu hura bultzatzea, baina ez zitzaienez bururatu edo ez zirenez ausartu, kritikatu egin zuten. Beste gauza bat da jendeari gustatuko zitzaiola Euskal Rock Erradikala era batekoa edo bestekoa izatea.
Guk politikoei, eta batez ere ezker abertzaleari, eskura jarri genion mugimendua erabil zezaten, uste genuelako norbaitek mugimendu horri probetxua atera behar bazion hori herri honetako jende progresista izan behar zela, gu ere talde horren parte ginelako. Beraz, ez ditut onartzen hura diskoak saltzeko muntaia bat zela dioten horrelako kritika orokorrak. Noski diskoak saldu genituela etiketa hori sortu genuenetik aurrera, baina ez genituen horregatik saldu: saldu genituen taldeak onak zirelako.

Mugimenduaren barruan ez zineten autozentsuratzen, eta bazegoen letra erreakzionarioak egiten zituen talderik. Arazorik izan al zenuten?
Ez ziren inoiz oso arazo larriak izan. Euskal Rock Erradikaleko jendea ez ginen karneteko militanteak. Nahasketa handiak zeuden gure artean: anarkismoa, akratismoa eta ezker abertzale erradikalaren artean mugitzen ginen. Ildo batean kokatzetik ihes egiten genuen. Ezker abertzaleko jende batek txiki-txiki egin gintuen ez genituelako euren ideiak guztiz onartzen. Ez genituen onartu eta ez ditugu onartzen. Erabat oinarrizkoa iruditzen zait musikariek autonomia mantentzea, eta berdin enpresa eta diskoetxeek. Beste aldetik, zentsura geneukan Estatuaren aldetik. Baina ez genuen inoiz arazorik izan, hain zuzen ere, ez zigutelako inolako garrantzirik ematen. Gobernuak ez zigun ez ezagutzen ez kontuan hartzen. Ezta poliziak ere. Aztertu beharko litzateke zergatik ez gintuzten kontuan hartu eta zergatik hasi den askoz beranduago eskuin erreakzionarioa, gobernua gure aurka jartzen. Ez zen inoiz inor kartzelara joan letrak egiteagatik, baina zenbait kontzertu debekatu ziren, eta zentsurari dagokionez, ordutik Radio 3k euskal taldeak ahaztu egiten ditu, oso salbuespen gutxirekin. Mirespenaren eta gorrotoaren arteko nahasketa da haiena. Begiratzen gaituzte, egiten duguna arretaz jarraitzen dute baina aldi berean ez dute onartu nahi.

Euskal Rock Erradikaleko ordezkariak, kideak, oso azkar bizi izan ziren. Hurrengo hilabetean zer egingo zuten pentsatu ere egin gabe. Eta asko bidean geratu dira...
Bai, Evaristok halaxe esaten du.

Zuri jende asko geratu al zaizu?
Noski. Jende piloa: nire emaztea, lagun asko eta ezagunak ere bai. Baina garai haietan denoi gertatu zitzaigun, ez bakarrik musikariei. Oraingo edozein gauza orduko garaikoekin alderatzen baduzu, beti oso lighta irudituko zaizu. Baita musika mailan ere. Garai berezia izan zen. Baina egia da ere 80ko hamarkadarekin mito handi bat egin dela Euskal Herrian batez ere, eta ez dut mito hori sortzen lagundu nahi. Norbaitek ikerketa serio bat egin nahi badu gertatu zenaz, gustatuko litzaidake aztertzea zergatik 80ko hamarkadan Euskal Herrira heroina sartu zen moduan sartu zen; zergatik Euskal Herrian kantautoreak defendatzen zituen belaunaldi zaharrak hainbeste erasotzen zigun guri, zergatik belaunaldi zaharrak esaten zuen "makarradarekin ez goaz inora", behin batek niri esan zidan bezala. "Zure auzoko gazteak dira 'makarrada' egiten ari direnak eta zure bando berean daude; imajinatu bestean egon izan balira" pentsatzen nuen nik. Ulertu ezin asko egon zen. Bestalde, 80ko hamarkadan langabezia izugarria zen. 30 urtetik beherako %80-%90ak ez zuen lanik egiten. Nik lehenengo irratian, estudioan, diskoak egiten... lan egin nuen, baina nire lagun taldeko inork ez zuen lanik egiten. Ondorioz, droga sal-erosketa askoz gehiago zegoen, lapurreta gehiago, okupazioak... Poliziak langabezian zegoen jendea edota drogara engantxatuta zegoena erabiltzen zuen informazioa eskuratu ahal izateko. Eta horretaz gutxi hitz egin izan da. Hori dena oso lotuta zihoan lagunak hiltzearekin. Eta beste batzuk kartzelan bukatzearekin. Ez zen kasuala.

Guzti hartaz kontziente zinen zu une hartan...
Bai, horretaz kontziente ginen. Borroka egiteko zituen gogo guztiekin, bazenekien galdu egingo zen belaunaldi bat zela hura, ez zuelako aukerarik. Batzuk lortzen zuten bere aitaren tailerrean ordu batzuk sartu ahal izatea. Baina jendea normalean kalean zegoen. Eta kalean, denetik zegoen. Nik orduan ia 30 urte nituen, ikuspegi orokorragoa nuen eta beldur handia ematen zidan inguruan nuen guztiak; baina pentsa 17-18 urte zituztenak! Oraindik entzuten ditut grazia handia egiten didaten istorioak. Adibidez, Iruñeko lau punky Bartzelonara kontzertu bat ikustera dirurik gabe joan zireneko hura. Trenean ordaindu gabe sartu, Bartzelonan lo egin edo ez lo egin, kontzertua ikusi ordaindu gabe, eta bueltatu ziren. Iruñera iritsi eta jendeak galdetzen zien: "Non izan zarete?" "Bartzelonan", haiek. "Eta ze dirurekin?", "Ezer gabe, ezer gabe joan gara". Hori gaur egun pentsaezina da. Zergatik egiten zuten? Kristoren parranda gogoa zutelako, eta aukerarik ez. Eta drogara engantxatu eta azkenean poliziaren konfidente bihurtzearena ez zen kasu isolatua izan. Kartzelara jotzera joan eta gertatu zitzaigun han aurkitzea hori guztia pasa zuen laguna. Kartzelan zegoen, konfidente izateari utzi zionean sartu zutelako. Horregatik diot gustatuko litzaidakeela norbaitek ikerketa soziologiko serio bat egitea garai hari buruz. Baina baita artistikoa ere: Donosti Sound-ak ez zigun ondare artistikorik utzi. Rock Erradikalak bai ordea, garai hartan bizitzen zenaren isla zelako.

Gor-eko arduraduna zara, diskoen produktore... beti musikari artean zabiltza. Alderik badago lehenagoko eta oraingo musikarien artean?
Bai, asko. Oraingoek prestakuntza handiagoa dute. Euskal Rock Erradikalaren garaian, ezagupen musikalak zituena salbuespena zen. Hori alde batetik ona da eta bestetik txarra. Arte diziplina guztietan jakina den bezala, teknikak artea hil dezake. Baina teknikarik ez baduzu, ezinezkoa izango da barruan duzuna ateratzea.
Oraingo musikariak askoz prestatuagoak daude, eta kristoren ekipoak dituzte. Lehen dena partekatzen zuten. Orain dena dute. Horrez gain, belaunaldi berriak beldurtiagoak dira, denari beldurra diote, liskarretan sartzeari, adibidez. Diskoak grabatzen dituztenean beraien irudiarengatik arduratuta daude. Asko autozentsuratzen dira. Agian beldurrean jaio den belaunaldia delako. Jende eskarmentatu asko dago garai hauetan, baita musikarien artean ere. Salbuespenak daude baina orokorrean horrela da. Arrakasta izateko zehatz-mehatz zer egin behar den galdetzera etortzen zaizkizu. Eta nik erantzuten diet ez dudala ideiarik: "Zuk egin behar duzu hori. Zuk bilatu, zure arazoa delako". Belaunaldi honetako seme-alabek badute ezaugarri hori: ipurdia jartzen dute ostikoa emateko. Bada, nik ez dizut ostikoa eman nahi, joan zaitez zu, antolatu ezazu zuk, ikus ezazu zerorrek... Ez dago formularik! Jendeak galdetzen duenean ea zergatik orain musika ikuskizunek ez duten lehenago zuten indarra nik horri egozten diot errua, ez dakit gurasoen errua den, aurreko belaunaldiarena den edo zeinena.

Zu ibiltzen zara talde berriak kontzertuz kontzertu aurkitzen eta iristen zaizkizun maketak baloratzen... Nola daki batek zer den ona eta zer txarra?
Ez daukat ideiarik ere. Intuizioa izango da. Urte asko musikan daramaten musikariei entzun izan diet ordu asko egon behar duzula arrantzan, arrain bat harrapatzeko. Nik honi ordu asko eskaintzen diot, eta ez dit batere esfortzurik eskatzen. Urtean 500 maketa entzun behar dituzu batek zure interesa piztu dezan. Eta kontzertuekin berdin. Nik kontzertu asko ikusten ditut, eta gero eta gehiago; egia esan, asko atsegin ditut. Baina maketena tortura bat da.

Zergatik?
Begira, nik utzi izan dizkiet musikariei maketak entzuteko. Hamar maketa pasa eta bueltan ekartzen dizkidatenean, galdetzen diet: "Zer, gehiago nahi al dituzu entzun?". Eta inork ez du errepikatu nahi. Jendeak uste du maketak entzutea pagotxa dela. Baina maketa gehienak beldurgarriak dira. Eta kontzertu erraldoiak berdin: Ez dezatela antolatu bost talde berrirekin kontzertu bat! Talde berri bakar bat jar dezatela! Eta gainera espero dute diskoetxekook eta kazetariak joatea bost talde berri horiek ikustera oso onak direlako. Bada, ez. Nik nahikoa kontzertu ikusten ditut bestela ere. Maketekin gauza bera. Nik jada maketa nahikoa entzuten ditut. Maketen bitartez talde berri gutxi aurkitzen dira. Eta gainera maketa guztiak entzun egiten diren arren, ez dira arreta berarekin entzuten. Orain talde batzuen managmenta ere eramaten dugu, eta kontzertuetara taldeekin joatea egokitzen zait. Beraz, kontzertu pila daramatzat aurten, 60 bat edo. Inoiz joango ez zinatekeen kontzertuetara joaten asko ikasten da. Konturatzen zara talde batzuei, onak izanik ere, ez diegula batere kasurik egin, ezta diskoetxeok ere. Diskoetxeek arazo hori izan dugu askotan, barreratik ikustearena. Gehiago mugitu beharko ginateke. Normalean taldeak lagunen bidez, musikaz dakien norbaiten bidez, edo gehienetan kasualitate baten bidez aurkitzen dituzu. Gero talde bat fitxatzean zein itxura duen ikustea gustatzen zait, argazkian itxura ona izanik ere, zuzenean zozo batzuk izan daitezke-eta.

Fuletamol, Motos, Balerdi Balerdi eta orain gutxi Peiremans-en ere jo duzu. Zergatik erabaki zenuen beste musikariak deskubritu eta arrakasta lortzen laguntzea zerorrek musikari bezala arrakasta lortzea baino?
Ez dakit ziur. Musikan ohikoa den gaixotasuna dudalako lehenik: egiten dudan ezerk ez nau asebetetzen. Ni besteekin oso kritikoa naiz, baina nire buruarekin naiz kritikoen. Eta seguru aski ez nuke nik grabatu dudan ia ezer defendatuko. Ni ez naiz musikari handi bat, erdipurdikoa baizik. Hala uste dut behintzat. Bestalde, musikari oso onak bilatu baino nahiago izan dut lagunekin jotzea. Beti pentsatu dut ondo pasatzeko zerbait zela. Emazteak esaten zidan batzuetan: "Oraintxe estudioan grabatzetik zatoz eta gitarra jotzen jartzen zara hor, ez al zara aspertzen?". "Bada, ez, orain ari naiz ondo pasatzen, estudiotik kokoteraino eginda nator eta!". Nik parte hartu dudan taldeek ez dute ia inoiz arrakastarik izan. Beti ez onartuak izan dira, eta ez dira boom handiak izan.
Zure musika egiteko denbora eta lasaitasuna behar dituzu, eta ez egotea aldi berean beste zerbait egiten. Nik ez dut hori inoiz izan, baina ez naiz errenditu oraindik e! Uste dut erretiratzen naizenean, talde bat egingo dudala... Bizitza guztia honetan daramat, jende guztiarekin gauzak egin ditut eta oraindik ez dut harro sentiaraziko nauen fundamentuzko ezer egin. Egingo dut!

ETBk rockari beldurra diola diozu. Zergatik izan beharko lioke beldurra bada?
Oso agerikoa da, beldurra ematen die. Esaten dute ez dela errentagarria, ez duela interesik -interes gehiago izango du bada txantxen saio horrek! Edo Mr Beanek, gizajoak!-. Ni beligerantea naiz. Egin dezatela ordu erdi edo ordubeteko hemengo musikari buruzko saio bat astean. Betetzeko edukirik ez dagoela diote. Nola ezetz! Euskadi Gaztea hasi zenean, orain 15 urte, gaztelaniaz eta euskaraz egiten zen. Azkenean gaztelaniazkoa kendu egin behar izan zuten. Euskal rockaren munduan denboran zehar luzatu zen Euskadi Gaztearen alde edo kontra egon eztabaida. Ni hasieratik egon naiz Euskadi Gaztearen alde, garrantzitsua iruditzen zitzaidalako. Eta egunen batean, gauzak ondo eginez gero eta azkarrak izanez gero, euskaraz izango zela eta edukiaren %70-80 Euskal Herrian eginiko musika izango zela esaten nuen nik. Jendeak Espainiako multinazionalen bazka izango zela esaten zidan. Hamabost urte pasa dira eta desagertu da erdarazko Euskadi Gaztea, eta gainera edukiaren %60-70 hemen eginiko musikan oinarritzen da. Nik uste dut dezente lortu dugula, gezurra dirudi! Bada, Euskadi Gaztearekin lortu den gauza bera lortu behar da ETBrekin. Baina ez Euskal Kanturik Onena bezalako saioak eginda. Ez dezatela kopiatu Tele5, kopiatu dezatela Galesko telebista, telebista katalana, Kanadako telebista,... gauza asko daude ikusteko T5 ez direnak. EKO oso saio interesgarria da orain; baina orain bi urte aurkeztu izan bazenu euskal kanturik onena aukeratzeko saio bat esango zizuten hori ez zitzaiola inori interesatzen. Azkenean, amore eman dute, eta ETBn horrelako saioak egitera ausartu dira baina oraindik jarraitzen dute esaten rocka "makarrada" bat dela eta ezin dutela bertan atera. Bitxia da, zeren gainera rock talde erradikalenak dira kultura saioetan ateratzen ari direnak egun. Nola izan liteke hori? Nik uste arazo serioa dutela. ETBri ez zaio rocka gustatzen eta gainera eskizofrenia handi bat dute: badirudi ETBren hartzailea 14-15 urterekin bukatu eta 35-40 urtetik gora hasten dela. Tarteko jendea, mugitu ohi dena, ez zaie interesatzen. Arazo politiko garbi baten aurrean gaude. Sor daitezkeen edukiei beldurra diete. Bada, egin dezatela lightagoa, ez dute zertan saio "borroka" bat egin beharrik. Baina egin dezatela, eta utz ditzatela tontakeriak!

Herri txiki batean bizi zara, Erason. Eta bertako alkate zara. Hor ere kudeaketa eramaten duzu beraz. Zein dira zure lanak alkate bezala?
Bai, 30 biztanle inguruko herria da, denoi egokitzen zaigu, eta 16 urte daramatzat bertan, beraz, orain bi urte tokatu egin zitzaidan alkate izatea. Gaur goizean adibidez, herri-basoetako pago sorta baten behin betiko entrega sinatu behar izan dut. Herri-baso izugarria dugu, haritzez eta pagoz beteta. Nekazaritzan edo basoan lan egin izan duen jendea urtetan aurrera doa, eta ia inor ez dago basoan pinu entresaka bat egiteko, adibidez. Baserria, nekazaritza eta laborantzaren mundua abiadura handian doa beherantz. Baina, aldiz, mantentzen ditugu batzarrea, auzolana... eta horrelako tradizioak. Herri txikiei hemengo musikari bezala gertatzen baitzaie: inork ez die laguntzen, berak atera behar du bizitza. Normalean, lehen, mendiko zura ateratzetik bizi ziren horrelako herriak. Baina jada ez dago, inork ez duelako nahi, ez da inor etortzen enkanteetara. Nik uste dut hemendik aurrera multinazionalak sartuko direla horretan ere. Ez daukagu finantzatzeko modurik. Eta beti gabiltza diruz eskas. Adibidez, kanposantua konpondu nahi genuen. Ni ateoa naiz, baina kanposantua konpondu beharra daukat. Bada, azkenean kreditua eskatu eta zorretan sartu behar izan genuen kanposantua berritzeko. Nafarroako Gobernuari, noski, berdin-berdin zaio. Uste dut denok eman beharko genituzkeela lau urte gizartearentzako zerbitzuak eginez, jende guztiak exigitu egiten baitu, baina inork ez du bere aldetik ezer jartzen.

Kontzertu asko egiten al dira Erason?
Ez, orain ez dira egiten. Kontzertu onak egin izan dira, baina orain, gazteek nahiago dute karaokea jarri herrikoentzat. Kontzertua antolatzen bada kanpoko jendea etortzen da eta herrikook alde batera geratzen gara. Lehengo urtean jaietako gauean igoal igaro genituen 3 ordu karaokearekin. Oso dibertigarria izan zen. Nire herriko jende gaztea oso ona da.

Zure alaba ere musika munduan saiakerak egiten hasia da. Zer irudituko litzaizuke rock taldea sortu eta asteburu oro kontzertuak emango balitu?
Ondo irudituko litzaidake, baldin eta hori baldin bada berak nahi duena. Agian ez du rock banda bat egin nahi, baizik eta trikiti taldea, edota musika klasikoko taldea. Asko errespetatzen dugu elkar, berak beti errespetatu du nik egindakoa eta nik ere bai berak egin duena. Alabak asko balio du musikarako, baina hori esatea aitaren maitasuna da. Barregarria da nik esatea.

Bateraezinak dira familia izatea eta bizitza musikari eskaintzea?
Zaila da. Nik oso gaizki pasa nuen nire alaba txikia zen urteetan. Rock musikari askok beraien bizitza pertsonalean arazo asko dituzte horregatik: zaila delako beti etxetik kanpo egotea parrandak eta beste egiten eta aldi berean familia bizitza eramatea, batez ere, aita edo ama zarenean. Gogoratzen naiz goizeko zazpietan etxera etorri eta ohera sartzen nintzenean, alaba goizeko zortzi eta erdietan etortzen zitzaidala, "aita-aita!!" esanez. Ea zuk nola kontatzen diozun oraintxe iritsi zarela parrandatik. Hori ez da bizitza! Oso gaizki pasa nuen, eta ni aita izan nintzen garaian, nire ingurukoak baino zaharragoa nintzenez, besteek ez zuten seme-alabarik. Orain beraiekin topo egiten dut eta barregura ematen dit, zeren nire alabak orain 20 urte ditu eta nik nahi dudana egin dezaket, baina beraiek seme-alabei lotuta daude.

Rockaren eta orokorrean musikaren alorrean zabiltzaten gehienak lagunak izan zinetelako eta zaretelako ez da ia kritikarik izan. Lagun onek ez al dizkiote elkarri gauzak aurpegira esaten?
Zenbait afaritan grabagailua jarriko bazenu, harrituta geratuko zinateke. Baina betikoa da, nolabaiteko korporatibismoa badago eta horrek egiten du jendeak kritikarik ez egitea inguru batetik kanpora. Nik beti esaten dut, urteen poderioz honetaz guztiaz atera dudana ezagutu dudan jendea dela eta oraindik beraiekin nolabaiteko laguntasuna mantentzen dut. Adibidez, beti geratzen zaizu harreman oso estua gau batean logela edo ohea konpartitu zenuen harekin.
Nik musika kritika espezializatua bota izan dut faltan. Irakurtzen duzu atzerriko musika aldizkari bateko kritika bat eta esaten duzu: "Gustatuko litzaidake niri ere horrelako kritika bat egitea, nahiz eta diskoa gaizki jarri, baina esan diezadatela zergatik". Musika kritika hemen beti literatur estiloan egin izan da. Kritika musikala egiten dutenak oso intuitiboak dira. Eta oraingo kritika aurreiritziengatik asko eramaten uzten da. Zeinek zer esan duen arabera, hori esaten dute kritikak idazten dituztenek. Badira beti ahaztuak diren batzuk; eta beste batzuk beti goraipatuak direnak arrazoirik gabe. Azken horiek egindako akatsei buruz ez du inork inoiz ezer esaten, gerta daitekeenagatik.

Zeintzuez ari zara, adibidez?
Begi-bistakoa da. Begiratu ingurura. Adibide bat jarriko dizut, agian nirekin haserretuko da, baina... Mikel Laboa diskoa grabatzen ari da orain. Bere diskoa, grabatu aurretik ere, arrakastatsua da. Imajinatu Mikel Laboari burua joaten zaiola eta narraskeria bat den diskoa egiten duela. Zein ausartuko da esaten Laboaren diskoa narraskeria dela? Inor ez, zeren Laboa Jainkoa da eta ukiezina da. Eta gehiago esatera ausartuko nintzateke: ea zeinek duen nahikoa maila eta kategoria Laboaren disko bat kritikatzeko. Zeinek dio Mikel Laboaren diskoa "kaka bat" dela? Nork esaten duen arabera, ez zaio arretarik jartzen batere, edo arrazoia izan dezakeela pentsatzen da. Kritika espezializatua izatea zintzilik dugun gaia da. Futbol partida bat kritikatzen denean jende guztiak daki zerbait esaten! Musikan musikaz konkretuki kritika egingo luketenak beharko lirateke, eta ez hainbeste taldearen irudiaz, baizik eta diskoaz.

Musika zure bizitza izan da, zein musika jarriko zenioke zure bizitzari?
Denetarik jarriko nioke, beti oso eklektikoa izan naizelako: zartzuela eta besteren bat kenduta, dena gustatzen zait. Musika pila bat dago nire bizitzako sentsazioei lotuta daukadana. Musika hori guztia jarriko nioke. Esan diezazuket zein kantarekin nagoen oraintxe bertan harrapatuta. Hori asko gertatzen zait: abesti bat buruan sartu eta ezin bertatik atera, egun batean alde egiten duen arte. Orain Paco Ibañezen Palabras para Julia abestiarekin gertatzen zait. Alabak Julia du izena. Abesti hori izugarri gustatzen zait eta azken hilabeteetan gertatzen zaidan guztirako balio dit. Baina seguru aski abesti honek alde egingo du gero eta beste bat etorriko da. Beti dira abestiak, abestiak, abestiak...

Goñi-Oloriz sagak jarraitzen du
«Bai amaren aldetik bai aitaren aldetik artista familiakoak gara gu. Aitak ohiko lan bat zuen eta ama etxeko andrea zen, baina aita artista zen txirula jotzen. Amak oso ondo abesten zuen eta antzerkia asko gustatzen zitzaion. Familiak herentzia hori jaso du eta bai Goñitarren adarrean bai Oloriztarrenean musikari ugari daude: Maximo Oloriz, nire lehengusua, Iruñeko Ganbera Abesbatzan eta Orfeoian ibili da. Nire anaiak ere musika munduan dabiltza: Jose Marik adibidez musika muntatzaile lan egin du urte askoan eta Onda saria ere jaso du; orain 30 urte-edo hasi zen Joaquin Luckyrekin batera lan egiten. Urte askoan batera lan egin zuten eta gero bereizi egin ziren. Bera izan zen nire irakaslea eta familian profesionalki musikara dedikatzen lehena. Gor-en nire beste bi anaiek egiten dute lan. Zazpi gara eta orokorrean, anaia guztiek egiten dute musikarekin harremana duen zerbait. Uste dut sagak jarraitu egingo duela: iloba abeslaria da eta alabak ere saiakerak egiten ditu... ».

Neskek ez dute bateriarik jotzen
«Ez dut inoiz jakin zergatik diren rock musikari gehienak gizonak. Neska talde bat ikusten dudan bakoitzean pentsatzen dut: 'Ez du asko iraungo, arrazoiren batengatik edo bestearengatik!'. Gaur egun ia lanbide guztietan daude emakumeak. Baina honetan, azken 25 urte hauetan, ia ez da ezer aldatu. Galdera da zergatik dauden hain gutxi eta gainera zergatik daudenean beti postu berdinean, zeren beti dira abeslariak edo teklatua jotzen dutenak. Ez dut bateria jotzen duen neskarik ezagutu".

Gurutzeak
"Kudeaketak gainditu egiten nau. Baina, egin egiten dut, denoi pasatzen zaigu, bakoitzak bere gurutzeak daramatza! Gauza bera gertatzen zait euskararekin: 20 urte daramatzat euskara ikasten eta oraindik ez naiz gai euskaraz elkarrizketa bat egiteko. Beti pentsatzen dut: Noiz lortuko dut ikastea! Bada, begira, gauza bera kudeaketarekin!".

Liskarrak
«Lehenengo mailako taldeak izan diren batzuk, lehenengo diskoa grabatu zutenean elkarren oso lagunak ziren, baina bigarrenean tontakeria batengatik adiskidetu ezin ziren etsaiak bihurtu ziren. Artisten munduan oso ohikoak dira jelosiak, paranoiak, mesfidantzak eta abar, eta horiei arrakasta eta droga gehitzen badiezu emaitza hori da. Garai haietan gainera droga asko zegoen, eta denok droga asko kontsumitzen genuen. Zuk norbaitekin izan dezakezu liskar bat une jakin batean, eta hortik bi urtera hurbildu eta gauzak konpondu. Ni ausartuko nintzateke esatera lan egin dudan talde guztiekin izan dudala liskarren bat".

Demokraziarik ez
"Balerdi Balerdirekin talde bat egiterakoan ez dudala demokrazian sinesten konturatu nintzen, eta hori da demokrazian sinesten ez dudan leku bakarrenetakoa. Talde batek pertsona bakar baten ideia izan behar du, edo bikote batena. Bikoteko borrokak, batak besteari duen onena ateratzeak ere funtzionatu dezake. Balerdi Balerdi Toño Muro nire lagunaren ideia izan zen».

Nortasun agiria
Marino Goñi Burlatan jaio zen 1951ean. Madrilera joan zen Irudiaren Zientziak ikastera. Titulurik gabe itzuli zen arren, Madrileko Radio Popularren izandako esperientziak ireki zion musika ogibide izateko bidea. Iruñeko irratira leku-aldaketa eskatu zuen 1977an. Irratitik Soñuara, handik Oihuka eta Gor-era. 25 urte baino gehiago darama lanean: La Polla Records, Hertzainak, Barricada... bezalako taldeen zabaltzaile eta Euskal Rock Erradikalaren sortzaileetako bat da. Gor-eko buru da orain. Kudeaketa lanaz kexu da, baina aldi berean bere herriko alkate da, batzarrean hala erabaki zelako. Musikak zoratzen du baina erretiratzeko gogoz dago. Alarguna da eta bere alabak, Juliak, 20 urte ditu.

Rock Erradikala ez da bukatu
"Ez dakigu zehazki noiz amaitu zen mugimendua. Nik askotan pentsatzen dut ez dela amaitu, zeren Euskal Herrian badaude gune batzuk non oraindik Euskal Rock Erradikala sortzen duten. Bilboko Ezkerraldeak adibidez, espiritu berezia du, bertako gaztetxeek xarma handia dute. Nafarroan, oraindik geratzen dira Sakanako herriak eta Iruñeko zenbait auzo, baina asko galdu da. Beno, galdu ez, jendea aldatu egin da. Hala ere herri honen inteligentsiak hainbeste iraindu zuen gaztetxeetako punk hura, existitu egiten da eta egiazkoa da. Eta oraindik erabat bihotzetik ateratzen da. Istorio honen guztiaren oinarria da hori, bihotz pixka bat jartzea. Bestela ez du zentzurik».

Abestia gauza serioa
"Abesti bat kantatzea oso gauza serioa da. Musikak ez du gizartea aldatuko. Baina pertsona baten pentsatzeko modua alda dezake. Zuk abesti bat entzun eta esan dezakezu: 'Horrek dioen hori da niri gertatzen zaidana eta begira nola asmatzen duen azken bertsoan, beraz, nire bizitzari aplikatu beharko diot...!'".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Rock Erradikala
2022-09-23 | ARGIA
Hertzainak taldea agertokietara igoko da berriz, agur esateko

‘Azkena gure alde’ izeneko azken bira egingo dute taldeko Gari, Josu Zabala eta Txanpik. Irailaren 29an emango dute xehetasun gehiago.


Uda gehiagorik ez reggeatoi euskaldunik gabe

Udako jai ibilbidea bukatu da, eta jende askok bere gorputza astindu du reggeatoiaren erritmora. Dantza horiek hauspotu dituen abestietako bat ere ez da euskaraz izan.


Iñigo Muguruza hil da

Iñigo Muguruza Irungo musikaria ostegun honetan hil da. Esklerosi anizkoitza zeukan eta gaixotasun hori dela-eta eszenatokiak utzi zituen 2015ean.


Garik eta Josu Zabalak bigarren kontzertu bat ere emango dute Hertzainak taldearen errepertorioarekin

Asteazken honetan iragarri dutenez, Garik eta Josu Zabalak bi kontzertu emango dituzte Hertzainak taldearen errepertorioa joz. Irailaren 26an Bilboko Euskalduna jauregian ematekoak diren kontzerturako sarrera guztiak agortu ondoren, irailaren 25ean beste zita bat jarri dute 80ko... [+]


2019-07-01 | Hala Bedi
Josu Zabalak eta Garik Hertzainak taldearen 38. urteurrena ospatzeko kontzertua iragarri dute

Kontzertua irailean izango da eta Hertzainak taldearen sei diskoetako abestiak joko dituzte eskainiko duten kontzertu "errepikaezinean".


Eguneraketa berriak daude