Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-12-11 -- 2019.zenb

Jakoba Errekondo


Duela hiru bat mila urte inoizko idazle onenetakotzat dugun Homero itsuak idatzi zuen Odiseoren Odisea ederrean garai hartako fruitu garrantzitsuenak ziren pikoa, mahatsa eta olibaren ondoan gehien aipatzen duena madaria da. Madaria edo udarea edo txermena edo makatza... Odiseo atsekabetua azaldu nahi duenean malkoak isurtzeko madariondo garai baten azpian jartzen du eta odiseatik etxera bueltatuta Laertes aitak ezagutzen ez duenean bera dela adierazteko froga gisa umetan oparitu zizkion hamahiru madariondoak aipatzen dizkio.
Pliniok "zaharrak"(23-79) bere Naturalis historia entzikopledia monumentalean (37 liburu) ederki deskribatzen ditu madariak eta Venus maitasunaren jainkosaren fruitua dela dio.
Eurasia osoan barreiatuta ezagutu ditugu madariondoak, makatzak edo basokoak ordea. Madari handiak ematen dituzten madariondo barietateak Asiako mendebaldeko kultura zaharretatik datoz eta grekoek eta erromatarrek hedatu zituzten bere agindupeko lurretan. Ordura arte ia aurrez egosita soilik jan zitezkeen (alemanek holzbirne deitzen dietenak, egurrezko madariak) madari makatz zakar zikoitzak besterik ezagutzen ez ziren geurea bezalako lurretan, madari handi gozo usaintsu mamitsu urtsuak azkar asko hedatu alajainena!
Hedakuntza hau ez da apaldu. Hibridatzen eta saltzen erraza den fruitua izaki barietate andana sortu da milaka urte hauetan. Sagarrarekin batera fruitu arbolarik zabalduena da. Geurean «dela» beharrean, «zela» esan behar dugu. Aspaldi ez dela baserri, etxeondo, baratza guztietan madariondoak baziren, atzeraxeago bagoaz sagastien aldamenean madaridiak edo madariagak ziren eta sagardoa bezala madariardoa egiten zen. Egun, nork landatzen du madariondoren bat? Tokitan gaude! Uda erdian hasi eta negu-negura arte freskoak badirenez, edan madariak...

Jabier Agirre

Argaltzeko kirurgiara jotzeko asmotan dauden obesoek agian bi aldiz pentsatu beharko lukete. Izan ere, era horretako operazioek arrisku ugari dituzte, Washington Unibertsitateko kirurgialaria den David Flumm-ek adierazi berri duenez. 1997-2002 denboraldian AEBetan argaltzeko operazio kirurgiko bat jasan zuten 16.000 paziente aztertu zituen, eta ikerketak frogatu duenez, ebakuntza egin eta urtebetera paziente askok konplikazio handiak omen zituzten -desnutrizioa, infekzioak eta hesteetako nahiz behazuneko arazoak-. Baina hori guztia baino okerragoa dena, kasu askotan heriotza agertzen zen, baita adinez gazteak ziren pertsonetan ere.
Datuak hortxe daude: 35-40 urteko pazienteetan, heriotza-tasa %5 baino handiagoa izan zen gizonezkoetan, eta ia %3koa emakumeen artean. Ikertutako pazienteetatik, %2 operazioaren ondorengo hilabetean hil zen, %3 inguru aurreneko hiruhilekoan eta ia %5 urtebeteko epean. Oro har esateko, arriskua handiagoa zen gizonezkoen kasuan, eta bikoiztu egiten zen pazienteak 65 urtetik gorakoak zirenean.
David Flummen iritziz, obesitatearen kontrako kirurgiaren segurtasunari buruz aurrez egindako ikerketa gehienek %1etik behera kokatzen zuten heriotza-arriskua. Baina hori ulertzeko, pentsatu behar da txosten horietan "kirurgialari onenen emaitzarik onenak bakarrik biltzen zirela". Azterketa berri hau errealagoa da, eta pisua galtzeko azken modu gisa horrelako ebakuntzen asmotan dauden pertsonek abisutzat hartu beharko lukete.
Dena den, eta ikerketak agerian jarritako kezka inola ere alboratu gabe, kontuan hartu beharra dago obesoen bizi-kalitatea nahiko hondatua dagoela. Eta pertsona horiek ibiltzeko, beren lanbidea egiteko edo hegazkinean bidaiatzeko zailtasunak dituzten arren, ondo ulertu beharko lukete obesitatearen kontrako kirurgia ez dela prozedura kosmetikoa, bere indikazio jakinak, eta bere arriskuak ere argi eta garbi finkatuak dituen prozedura medikoa baizik. Eta beste edozein ebakuntza kirurgikotan bezala, zerbitzua eskaintzen duen profesionalaren kalitatea ere baloratu beharreko faktorea dela.

Joxerra Aizpurua


Planeten sorrerari buruzko arrastoak

Ikertzaileak aspalditik ari dira planeten sorrera ezagutu nahian, Lurra baino zaharragoak diren meteoritoak aztertuz.

Londreseko Imperial Collegeko ikerlarien arabera, planeta eta meteoritoetako elementu lurrunkorren ihesa da gure eguzki-sisteman suertatu zen lehenetariko gauza. "Lurruntasuna gutxitzea" da beraz, ikertzaileek segitzen duten arrastoa ez bakarrik gure planeta-sisteman, baita beste batzuetan ere.

Ondorio hau atera ahal izateko ikertzaileek Lurra hauts zelarik jada existitzen ziren meteoritoak aztertu dituzte.

Lurra eta gainerako planetak sortzeko ia segurutzat jotzen zen espazioan hautsa eta gasa zegoela eta hauen elkarrekintzetatik sortu zirela planetak, baina susmoa zena orain baieztatze-bidean jarri da.

Ildo horretan ikertzaileentzat baliagarrien diren meteoritoak Lurrera erori eta berehala aztertzen direnak dira, zeren eta Lurreko atmosferarekin kutsatzeko denbora gutxi izan baitute. Hortaz, oraingoz hogei meteorito inguru baino ez dira aztertu, gainerakoak ikerketarako ez baitira fidagarritzat hartzen.


Panpatik izpi kosmikoak behatzen

Argentinako Mendoza probintzian, Andeen oinean, CNRS erakundeak zabaldu berri du munduan handiena den izpi kosmikoen behatokia.

Izpi kosmikoek etengabe jotzen dute gure Lurra. Victor Hess fisikaria izan zen 1912an izpi kosmikoen berri eman zuen lehena eta orduz geroztik partikula kargatu hauen konposizioak misterio izaten segitzen du. Energia-maila txikikoak direla eta supernoben, hots, izar erraldoien leherketatik sortu direla ere ezaguna da.

Pierre Auger deituriko behategian bi bide erabiltzen dituzte izpi kosmikoen ibilbidea detektatzeko. Batetik, izpiak atmosferan sartzean arrastoa uzten du eta arrasto hau teleskopio fluoreszenteen bidez detekta daiteke; bestetik 12 tonako ur andeletan hodi fotobiderkatzaileak dituzte, uretan zehar igarotzen den partikularik txikiena detektatzeko gai direnak.

Dauden 24 teleskopioek eta 1.600 ur-detektagailuek 3.000 kilometro koadroko eremua okupatzen dute, hau da, Arabaren tamainako lur-eremua. Proiektu hau 15 herrialderen artean finantzatzen ari dira, baina ez da hemen amaitzen sustatzaileen asmoa, 2007an AEBetako Coloradon beste behatoki bat eraiki nahi baitute. Zergatik bada hainbeste interes izpi-mota hauekiko?

Alor asko izan daiteke ikerketa hauetatik ateratako onuren hartzaile, baina batez ere medikuntzan egungo sistemak ailegatzen ez diren lekuetara ailegatzerik izan daitekeela uste da: erradiografiek, ekografiek eta abarrek ematen dutena baino ikusmen zehatzagoa eta garbiagoa lortu baitaiteke, adibidez.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan